EH Bilduk PSEri dei egin dio autogobernua eguneratzeko ponentzian erabakitze eskubidea aldarrikatzen duen gehiengo politikoarekin bat egiteko.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi berriak Espainia nazioen nazioa dela onartuz azken boladan egin dituen adierazpenen harira, Maddalen Iriartek PSEri gogorarazi dio gaur Legebiltzarrean naziotasuna onartzeak erabakitze eskubidea onartzea dakarrela berez, eta dei egin dio autogobernua eguneratzeko ponentzian euskal jendartearen erabakitze eskubidea aldarrikatzen duen gehiengo politikoarekin bat egiteko, estatus politiko berria adostearren. “Nazio bat existitzen dela onartzen baduzue, halabeharrez onartu behar duzue bertako herritarrek izan behar duten erabakitzeko eskubidea”.

Hala ere, EH Bilduko bozeramaileak PSEren jokabidearekin ez duela konfiantzarik aitortu du, nazio kulturala bezalako eufemismoak erabiltzen dituelako “betiko jakobinismoa ezkutatzeko” eta “Legebiltzar honetan gehiengoak aldarrikatu dugunari muzin egiteko”. Horri jarraituz, PSEri gogorarazi dio haren alderdikideak UPN, PP, Vox eta Falangearekin batera atera direla manifestazioan Iruñean.