Bizi guztia lanean eman eta gero, ordaindua edo ez, kotizatuta edo ez, erretiroa hartzerako garaian pertsona guztiek duintasuna merezi dutela uste dute Tolosaldean sortu berri duten jubilatuen eta pentsiodunen elkarteko kideek. Gipuzkoa mailako Duintasuna elkartearen haritik sortutako taldea da eta beste hainbat herritan sortutako elkarteekin batera egiten dute lan, Gipuzkoako Adineko Elkarteen Plataformako kide ere badirelarik.

Pasa den ostegunean egin zuten elkartearen aurkezpena, Tolosan, eta euren helburu nagusiak lau direla adierazi zuten: adineko eskubideak defendatzea; herri zein lurralde mailan adinekoen beharrei buruzko azterlanak egitea; euren errealitatea ezagutarazteko azterlan horien berri ematea; eta adinekoen egoera hobetzeko hainbat talde zein plataformetan parte hartzea. Era berean,Gipuzkoako Foru Aldundiari Gipuzkoako Adinekoen Foru Kontseilua martxan jarri dezala eskatu diotela jakinarazi zuten, baina oraindik erantzunik jaso gabe jarraitzen dutela.
Pentsiodunen eta jubilatuen elkartearen barruan, emakumeek protagonismo berezia dute gainera, eta taldearen barruan emakume taldea ere badago. Horiek horrela hiru dira lantzen dituzten gaiak: pentsioak, menpekotasuna eta fiskalitatea.

Taldea irekia dela esan du Nekane Berriotxoak eta aurrerantzean hainbat ekintza antolatzeko asmoa dutela. Lehena hitzaldi bat izango da. Maiatzaren 31n izango da, 18:00etan, Tolosako kultur etxean, eta Bizkaiko taldeko kide batek eskainiko du. Ostegunero 17:00etan Emeterio Arrese kalean dagoen, zentro sozialeko hirugarren solairuan biltzen dira, eta elkartean parte hartu nahi dutenei bertaratzeko deia egin diete.

Duintasuna elkarteko kideak anitzak direla nabarmendu dute eta norbanakoekin batera daudela LAB, ELA eta ESK sindikatuak.

Datozen hilabete eta urteetan honakoak izango dira Tolosaldeko zein Gipuzkoako Duintasuna taldearen helburuen zerrenda:

Duintasuna:

Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea.
Eusko Jaurlaritzari pentsiodunen Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eguneratu dezala, baina Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren igoera bera erabilita, hau da, legeak ezarritako %8a aplikatuta.
Progretsibitatea: Fiskalitatea progresibo baten aldekoak dira, pertsona heldu eta pentsionisten eskubide guztiak bermatzeko, hala beste herritar ororenak.
Segurtasun sistema eta babes soziala:

Osasun babesaren eskubidea, publikoa, kalitatezkoa eta doakoa izatea. Berrordainketarik (Copago bezala ezagutzen dena) gabe.
Laguntza geriatrikoa oinarrizko osasun sarean ematea.
Etxebizitzak:

Egokitutakoak. Etxeak eta hauetarako sarbideak egokitzeko administrazio publikoaren laguntzak.
Pentsioak bertatik kudeatu:

Kotizazioak zaindu eta geroko kudeaketa behar bezala egiteko erarik egokiena bertatik egiten dena dela diote. «Hemen kotizatu dugu, hemen bizi gara eta hemen bermatu nahi ditugu gure pentsioak eta babes sozialaren sistema bat, gure gobernu propio batean oinarrituta». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lortutako 71.724 sinadura aurkeztu dizkiote jada, Eusko Jaurlaritzari Gizarte Segurantza sistema propioa eskatuz.
Parte hartzea:

Adinekoei dagozkien gaietan euren iritzia aintzat hartzeko eskubidea dutela diote.
Pertsona Heldu eta Pentsionisten Babes Sozialerako politika publikoek haien onespena izan behar dutela aldarrikatzen dute.


Amasa Villabonako EH Bildutik ongi etorria eman nahi diogu Duintasuna jubilatu eta pentsiodunen elkarteari eta Tolosaldean ere elkartea sortu izana albiste positibotzat hartzen dugu. Bat egiten dugu elkarte honek mahai gainean jarri dituen helburu eta eskaerekin (guzti-guztiekin gainera) eta jubilatu eta pentsiodunek merezi duten bizitza duina izateko ezinbesteko baldintzak direla uste dugu. Duintasuna elkarteak egin duen bezala, EH Bildutik ere Gipuzkoako Adinekoen Foru Kontseilua martxan jartzea eskatzen diogu PNV-PSOEk gobernatzen duten Diputazioari.