- 01 Ekaina 2017
Errauste plantaren eta espetxe berriaren aurka egindako martxara erruz batu zen jendea larunbatean Zubietan. Obretarako atondu dituzten orubeetan sartzea lortu zuten manifestariek.
Hiru zutabetan banatuta martxak abiatu ziren Zubietako plazatik mendi aldera; helburua errauste planta eta makrokartzela egiteko erabili nahi dituzten orubeetara heltzea zen, bi egitasmo horien kontra jende asko ari da mugitzen Gipuzkoa osoan. Ofizialki errauste plantaren lanak abian dira hilaren 10etik, eta martxarekin protesten oihartzuna ozendu egin nahi izan zuten aurka dauden herri mugimenduko taldeek. Erraustegiaren Kontrako Mugimenduak deituta, azpiegituraren kontrako aldarrikapen eguna izan zen atzo Zubietan, eta arratsaldean Gipuzkoa Zutik mugimenduko kideek hartu nahi izan zuten lekukoa martxarekin. Eta segida izan zuen deiak. Martxak jendetsuak izan ziren eta obretako orubeetara heldu ziren. «Biziaren alde» daudela oroitarazteko keinuak egin zituzten han; makina batzuk pintatu egin zituzten, eta egitasmoaren arabera aurki porlan izango diren orubeak, haziz bete zituzten: «Arbolak haz daitezen. Biziaren sinbolo». Batez ere, irudia lortu zuten: zinetan indartsua. Buzo zuriz eta ileordez mozorrotutako jende talde handi obrak egingo diren tokian: protestan. Kea sorrarazteko suziriak ere piztu zituzten, errauste plantatik irtengo den kea irudikatzen. Orube horien goiko aldean jende asko egon zen obretan sartu zirenei sostengua ematen; txaloak, oihuak eta irrintziak izan ziren.
Tentsio uneak ere izan ziren ertzainekin, baina bakanak. Hori bai; drone bat etenik gabe ibili zen jendea zelatatzen. Gipuzkoa Zutik mugimenduko eledun batek, oso pozik zeudela onartu zuen atzo Zubietan, dena amaitu zenean: «Gaurkoa, bere handitasunean eta bere txikitasunean garaipen bat izan da». Antzeko ekintza gehiago izan daitezkeela esan zuen: «Bidea ikasi dugu».
Martxak deigarriak izan ziren. Hiru zutabetan banatuta jendea, zidorretan, mendiz. Mozorrotuta, festa giroa lehenetsi nahi izan zuten antolatzaileek, eta jende askok egin zien kasu horretan. Adin askotako jendea batu zen. Ume eta adinekoak baziren tartean. Jende ezaguna ere bazen. Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkidea esaterako. Familia giroan joan zen martxara, eta lanak hasita badaude ere, gera daitezkeela nabarmendu zuen EH Bilduko kideak: «Iruzur galanta da», ohartarazi zuen. Gipuzkoan birziklatze tasa hobera ari dela aintzat hartuta, erraustearen aldeko hautuari ez dio zentzurik ikusten. «Bi motibo besterik ezin daitezke egon horren atzean: egoskorkeria, edo interes ekonomikoak». Hain zuzen ere, egitasmoaren inguruko urrats asko «ilunak» izan direla deitoratu zuen. Proiektua «oso hasieran» dagoela uste du, eta oraindik egon daitekeela modua gerarazteko.
Zutabeek bat egin zuten tokian, Iñaki Usabiaga. 81 urte, eta martxan parte hartu zuen: sasoiko. «Zoragarri atera da dena, oso ongi; gazteek zuhurtzia handiz antolatu dute». Ezin, hala ere, gaiak sorrarazten dion mingostasuna bazterrean utzi. Urte asko dira borrokan, eta periodikoa leitzean gaiaren inguruan ikusten dituen absentziek, esaterako, ernegazioa eragiten diote. Ozen adierazi nahi du: «Esplikatu ezinekoa da nola ez zaion estaldura handiagoa ematen gai honi». Behin martxa amaituta, Zubietan, bi andrazko buzo zuriak eranzten: Ana Egaña eta Lurdes Lizaso. «Zestoatik gatoz». Gipuzkoako udalerri horretan ere —zehazki herriko harrobian— hondakinak biltzeko azpiegitura bat ipintzea proposatu zuten lehengo legealdian, eta egitasmo horren harira, gaia gertukoa zaie. Hondakinen kudeaketa lehen lerroko gaitzat dute, eta errausteak ekar ditzakeen arriskuen berri badute. «Gu horren aurka gaude». Esperantza dute: gera daitekeela esan du Egañak. «Masa mugitu behar da. Masa mugitzen bada, kasu egin beharko dute erakundeek».

Erraustegia egin nahi duten gunerako martxaren irudia, jendea ahoa estaltzeko maskarekin joan zen.
Martxaren inguruko oihartzuna mundu zabalean hedatu nahi izan zuten antolatzaileek —ez alferrik, Resistzubieta traola hautatu zuten sare sozialetan zabaltzeko—, eta mundu berri baten alde eraldaketa prozesuetan ari diren elkarte eta mugimendu gehiago ere erakarri zituzten protestara. Gasteizko Errekaleor auzoko ordezkariak izan ziren, esaterako, martxan parte hartzen, Eleak mugimendukoak, Fracking Ez taldekoak, Tosu Bizirik-ekoak... Obretarako atondutako orubeetatik alde egin aurretik, horietan bi arrasto utzi zituzten: Ez onartu erraustegia dioen pankarta, eta Mozal legearen aurka egiteko erabiltzen den ikurra. Protesta egin zuten tartean, makrokartzelaren aurkako pankartak ere zabaldu zituzten han batu zirenek.


