Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkuran, Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak EAJ-PP akordioaren B aldea ipini du mahai gainean, euskal herritarrei ekarriko dizkien kalteak, eta Legebiltzarraren gehiengoak bat egin du salaketa horrekin.

EH Bilduren mozio bati jarraituz, Legebiltzarrak EAJk eta PPk Madrilen hitzartu dituzten Rajoyren aurrekontuak gaitzetsi ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrentzat kaltegarriak izango direla argudiatuta. EAJ-PP itunaren muina ezagutu bezain laster EH Bilduk ohartarazi zuen akordio horrek euskal jendarteari ekarriko dizkion kalteez, eta gaur Legebiltzarrak berak bere egin du salaketa hori.

Ustelkerian zeharo murgilduta dagoen alderdi eta gobernu baten aurrekontuak babestu ez ezik, oso ondorio larriak izango dituzten politika zehatzak ere babestu ditu EAJk, salatu du Larraitz Ugartek. “Aurrekontu horiek txarrak dira espainiar Estatuko langile klaseentzat eta txarrak dira euskal herritarrontzat, txarrak gure pentsioak geroz eta eskasagoak direlako, txarrak gure lan harremanetarako eta negoziazio kolektiboaren desaktibazioarengatik lan baldintzak okertu direlako, txarrak zerbitzu publikoaren desegitea dakartelako.... Aurrekontu horiek ez diote herri honetako errealitate sozioekonomikoari erantzuten, eta pentsioen kasuan, esaterako, nabarmen ikusten da hori”.

EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du EAJk PPrekin hitzartu dituen aurrekontuek, besteak beste, “Rajoyren austeritate politika eta murrizketak sendotuko dituztela, sektore publikoa eta zerbitzu publikoak desegiten jarraitzeko; lan erreformak ekarri duen prekarietateari eta langileen erosteko ahalmenaren jaitsierari segida emango die eta pentsioek lotsagarriak izaten jarraituko dute; EAJ horren guztiaren konplize bihurtu da PPri eman dion babesarekin”.

Esan bezala, Gasteizko Legebiltzarrak EAJren babesa jasoko duen PPren aurrekontuak gaitzesi ditu, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSEren aldeko botoekin. Berriz ere EAJ PPrekin bakarrik geratu da, argi utziz eskuineko bi alderdi hauek gauza asko dituztela amankomunean eta diru publikoa nora eta zertarako bideratu behar den erabakitzeko orduan oso erraz jartzen direla ados