Pasa den larunbat goizean, Onddo Gazte Asanbladako hainbat gazte Oria ibaiaren ertzeetan murgildu eta bertan pilatuta zegoen zaborra kentzen aritu ziren. Ibai ertzean zabor eta zikinkeria ugarirekin egin zuten topo (plastikoak, burniak, gurpil zaharrak...) eta garbiketa lan handia egin behar izan zuten. Hala ere irrifartsu eta pozik ikusi genituen gazteak, ondo egindako lanarekin harro. Izan ere, ekintza honen bidez zaborra ibai ertzetik ateratzeaz gain, herritarrak kontzientziatzea zen helburua, oraindik ere ibaiarekiko begirune gutxi dagoelako eta askok babestu beharreko inguru natural gisa ikusi beharrean, edozer bota daitekeen estolda bezala ikusten dutelako. Ekimen hau Gazte Asanbladaren urteurreneko ekimenen artean kokatzen da.


EH Bildutik beti babestuko ditugu horrelako ekintzak, gure ingurune naturalari erabateko errespetua zor diogu eta Oria ibaia eta bere ibaiertza ere babestu eta zaindu beharreko espazio naturalak dira. Azken hamarkadetan ibaiko kutsadura asko murriztu den arren, oraindik praktika desegoki ugari izaten dira (adibidez ibai ertzak plastikoz eta jendeak botatako zikinkeriaz beteta egoten jarraitzen dute) eta horri aurre egiteko kontzientziazio lanarekin jarraitu behar da. Beraz, guztiz bat egiten dugu Onddo Gazte Asanbladak aurrera eramandako iniziatiba honekin eta bere helburuekin.