Pasa den astean Villabonako Kale Berrian bizi den bizilagun batek Papelera del Oria enpresak egindako isurketa baten bideo bat zintzilikatu zuen sare sozialetan eta ordu gutxitan izugarri zabaldu zen herritarren artean. Bideoak milaka ikustaldi izan zituen eta alarma piztu zen herritar askoren artean.

Hori dela eta, Eguzki talde ekologistak gertakari honen inguruko oharra kaleratu zuen: 

"Oria ibaian isurketa bat izan da Asteasu erreka Oriara isurtzen den lekuan, Zizurkil eta Amasa-Villabona artean. Guk astea aurrera joan ahala jakin badugu ere, isurketa astelehenean gertatu zen. Jakin dugunez, isurketa kaltzio karbonatozkoa (CaCO3) izan da zeina gai oso ohikoa den paper fabriketan, papera leundu eta sendotasuna emateko. Gai arriskutsua gerta daiteke, beti ere kontzentrazioaren arabera, eta kasu honetan ez dirudi arrainik hil duenik.

Jakin orduko, harremanetan jarri gara Ura Agentzia eta beste zenbait instituzioekin. Egun ziurtatzeko moduan gaude Oriako paper fabrikatik egin dela isurketa, dirudienez balbula batek huts egin dielako. Ikusgarria izan bada ere, zorionez ez dirudi gertakari oso larria izan denik. Hala ere, Eguzkikook adi jarraituko dugu gaia zertan bukatzen den jakiteko eta egoerak hala eskatuko balu, beharrezko neurriak martxan jartzea eskatzeko.

Dena dela, gertakari honek argi uzten du, enpresa hau eta bere gisakoak, hau da, aspaldian eraikitakoak eta gai kutsakorrak egunerokotasunean behar dituztenak, ez dutela behar bezalako azpiegiturarik halako arazoei (enpresaren bertsioaren arabera) aurre egiteko. Horregatik enpresari berari halako egoerak edo larriagoak errepika ez daitezen beharrezko neurriak lehenbailehen hartzea eskatzen diogu. Ura Agentziari berriz, fauna eta landarediaren, hala nola, ura nahiz ibaien kalitatea bermatzeko, egoera bertsuan dauden enpresa edo lantegiei beharrezko prebentzio neurriak eskatzea exijitzen diogu.

Bukatzeko, herritarrei ere, halako gertakarien aurrean ahalik eta azkarren abisua emateko eskatzen diogu. Isurketa gertatzen den unean laginak hartzen ez badira, kasu askotan, oso zaila izaten baita arduraduna nor izan den jakitea. Horretarako 112 telefonora, Ertzaintzara (Ingurumen sail bat dauka), udaltzain edo talde ekologistongana jo dezakete."


EH Bilduko kideok bideoa argitaratu bezain pronto izan genuen isurketa horren berri eta gertakariaren inguruko informazioa bildu beharra zegoela erabaki genuen. Irudietan ikusten zen isurketa inola ere larria ez zela jakin genuenean, gaia bere horretan uztea erabaki genuen. Hala ere, Eguzkik bere oharrean aipatu duen bezalaxe, edozein herritarrek horrelako gertakariak (edo ingurumenean kalteak eragin ditzakeen edozein gertakari) ikusi edo antzematen baditu, salatu eta informatzea eskatzen diogu. Oria ibaira botatako isurketa kasu honetan, Kale Berriko herritar aski ezagun honek bideoan grabatu eta publikatzeko eman duen urratsa txalotu nahi dugu. Gure ingurumena kutsatua izan ez dadin, herritarrok adi egotea eta salatzea da berme bakarra.

Gai honekin lotuta, badakigu Zizurkileko ibaiaren aldean dagoen Papelera del Oria S.A. enpresaren jarduerak sortzen duen kiratsa dela eta, herritar askok udalari neurriak hartzeko eskaera egin diotela beste behin ere. EH Bildutik informazioa bildu dugu eta arazoa identifikatuta dago. Badakigu zerk sortzen duen Villabona eta Zizurkilgo zonalde zabalak hartzen dituen kirats hori: Papelera enpresaren araztegiak edo depuradorak. Kontua da ez dela batere erraza kirats horren kontrako neurri eraginkorrak hartzea, araztegia ezinbesteko azpiegitura bat baita. Hala ere, gaiari jarraipen estua egingo diogu eta arazo honi irtenbide eraginkor bat bilatzeko lanean jarraituko dugu.