Beñat Iguaran, Amaia Agirre, Oihana Iguaran eta Ander Goikoetxea bertsolariek eta Aritz Garin (epaile lanetan aritu da) eta Iñaki Otaegik (gai jartzailea) osatzen dute Amasa-Villabonako "Am...ona" taldea. Gipuzkoako herriarteko txapelketako kanporaketa guztiak gainditu ondoren, hilaren 27an Azpeitian izango den final handirako sailkatzea lortu zuten, pasa den larunbatean Bergaran izandako finalaurrekoan Gabiriako taldeari gailendu ostean. 

Beste finalaurrekoan Zizurkil eta Asteasuko bertsolariek osatutako "Karidadeko benta" taldeak lortu zuen finalerako txartela eta bereaz, Aiztondoko derbia izango da Gipuzkoako Herriarteko finalean. Gure bailarako bertsolariak punta-puntan ditugu.

Esan bezala, maiatzaren 27an izango da finala Azpeitiko Izarraitz frontoian, 17:30ean. Finalaren ostean afaria izango da Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko finalerako eta ondorengo afarirako sarrerak salgai daude Bertsosarrerak atarian. 


Herriko eta Aiztondoko bertsolariak zoriondu nahi ditugu egindako lan bikainagatik eta erakutsi duten gaitasunagatik. Gipuzkoako herriarteko txapelketarako finalera sailkatzea ez dago edonoren esku eta Amasa Villabonako eta Zizurkil-Asteasuko taldeak bertan izatea albiste oso pozgarria da. Azkenik, bertsozale guztiei eta Amasa Villabonako herritarrei dei egiten diegu Azpeitiko final handian bertsolariak animatzera joan daitezen. Guk billabonatar bezala, Am...ona taldearen alde egiten dugu. Aupa Am...ona!!!