- 03 Maiatza 2017
Villabonako Oriamendi auzoko bizilagunek, gaur egungoek eta garai batean bertan bizi izandakoek, 60. urteurrena ospatzeko festa egin zuten pasa den astelehenean.
Ezin zuen bestela izan. Langile auzo batek, Maiatzaren Lehena, langileen nazioarteko eguna aukeratu zuen bere 60. urteurrena ospatzeko. Goizean goizetik oroitzapenak, nostalgia, barreak eta harrotasuna tartekatu ziren Oriamendira gerturatutako bizilagunen artean. Villabonako zabalkundea ekarri zuen lehen auzoko bizilagun izatearen harrotasuna bizi bizirik dago.
Eguneko ekitaldi nagusia Gurea zinema aretoan izan zen. Arantxi Padilla kazetari eta auzotarren ondorengoa izan zen aurkezle lanak egin zituena. Jai eta ospakizun egun berezi hau antolatzen ibili den taldeko lagunak oholtza gainera igo ziren eta poza adierazi zuten egindako deiak izandako erantzun zabalagatik. Bereziki omendu nahi izan zituzten 80 urtetik gorako auzokideak. Guztira 44 pertsona kontatu zituzten antolatzaileek eta horietako asko bertan izan ziren. Euretako bakoitzaren izena zeraman zapia oparitu zieten antolatzaile taldeko kideek.
Gurea antzokia txiki geratu zen eguneko ekitaldi nagusian
Oinargi dantza taldekoek ere parte hartu zuten, dantza emanaldi dotorea eskeiniz eta ondoren Maite Izagirre Villabonako alkateak hartu zuen hitza (udalak jai hau antolatzeko diru-laguntza emateko, ezinbesteko baldintza gisa ezarri zuen alkateak ekitaldian hitz egitea). Alkatearen hitzak entzun ondoren, auzoko 60 urteak laburbiltzen dituzten irudiak ikusi ahal izan ziren, antolatzaileek osatutako ikus-entzunezko dotore batean.
Txalo eta malko artean amaitu zen ekitaldia eta auzotik itzulia egin ondoren, Olaederra kiroldegian batu ziren Oriamendin bizi diren edo bizi izan diren auzotarrak. 250 lagun baino gehiago, oroitzapenak berrituz eta ondorengo belaunaldiei transmitituz.

Olaederran egin zen bazkarian 250 lagunetik gora elkartu ziren
Bazkarian giro zoragarria izan zuten eta amaieran jende asko dantzan egitera ere animatu zen. Arratsaldean herriko kaleetan giro berezia nabari zen, Oriamendiko zapiarekin zebilen jendeak kaleak "hartu" zituen. Egun borobila izan zen eta zalantzarik gabe askorentzat ahaztezina izango da Oriamendi auzoaren 60. urteurreneko jaia ospatu zen 2017ko maiatzaren lehena.
Amasa Villabonako EH Bildutik, ospakizun egun hau posible izan zedin, bolondres gisa, auzolanean eta elkarlanean aritu diren herritarrek egindako lana goraipatu nahi dugu. Zorionak eta eskerrik asko guztioi! Antolaketan aritu den Oriamendiko auzokide eta auzokide ohiek osatutako talde zabal eta anitzak, lan izugarria egin du azken hilabeteetan eta hor dago emaitza, jai egun jendetsua eta giro zoragarria. Asko pozten gaitu ospakizunak izan duen arrakastak.
Bestalde, jai egun honek elkarbizitza normalitzatzeko erakutsi duen gaitasuna azpimarratu nahi dugu. Pentsakera, ideologia eta bizitza ibilbide oso ezberdinak izan dituzten auzokideak, inolako arazorik gabe eta jai giro partekatu batean elkartu izana, aurrera urrats esanguratsua da gure herriko elkarbizitzan. Zentzu horretan Oriamendiko auzokideen jokabidea benetan erdugarria izan da.


