Zehazki Sabadell bankuak bezeroen zorrak putre funtsei oso merke saltzen dizkiela salatu dute Kaleratzeak STOP plataformako kideek eta hainbat bizilagunek, Sabadell banketxearen sukurtsal baten aurrean egindako elkarretaratze eta prentsaurrekoan.

Banku horrek bezeroen zorrak putre funtsei saltzea gogor salatu dute eta bezero errenteriar baten kasua azaldu dute adibide gisa. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, “bezero, kontsumitzaile eta autonomoen zorren pakete kopuru handiak putre funtsei oso merke saltzeko politika ari da aurrera eramaten Sabadell banketxea”. Eskaera zehatza egin diote, putre funtsei zorrak saltzen dizkien prezio bera jartzea zorra kitatzeko errenteriako bizilagunari, “putre funts horien baldintza beretan erosteko aukera bera nahi dugu Joxeanentzat, eta oraintxe bertan nahi dugu”.

Putre funtsek zorrak erosten dituzte, euren balioaren azpitik, gero zordunari ahal bezainbeste diru ateratzeko. Ez dute bulegorik, eta oso zaila da eurekin negoziatzea edo protesta egitea. Zordunaren gainean presio handia eragiten dute.

Sabadell banketxea “herritar zintzoekin” gogorra eta zorrotza den bitartean, mailegu paketeak saltzen dizkiela “sozietate piratei” gaineratu dute: “Salmenta hauek kopuru barregarrien truke egiten ditu, zordunek ordaindu ahalko lituzketen kopuruengatik, aukera balute. Nola saldu diezaioke banku honek zor bat bere balioaren %5agatik putre funts bati eta ez dio eskaintza bera egiten errenterian bizi den Joxean herritarrari?”.

kaleratzeak stop SABADELL1

Kaleratzeak STOP plataformak argitaratu duen protesta kartela