Herritarrek bizi-baldintza duinak lortzeko lan asko dago egiteko eta greba zein mobilizazioak beharrezkoak izango dira aurrera urratsak eman nahi baldin baditugu.

EH Bilduk urtarrilaren 30eko greba orokorrean aktiboki parte hartuko du. Horrela adierazi zuen prentsaurrekoan Asier Iza metaleko langileak eta Sestaoko EH Bilduko zinegotziak.

“Bat egiten dugu urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Kartak deitutako grebarekin. Arrazoiak badaude. Prekarietatearen aurrean, bizi-baldintza duinak aldarrikatzen ditugu. Urtarrilaren 30ean kalera aterako gara erabaki politikoen erdigunean bizitza jartzeko eta hauek ez egoteko elite ekonomikoen interesen menpe. Kalean izango gara herri duin batean, bizitza duin bat aldarrikatzeko”, adierazi zuen EH Bilduko ordezkariak.

Izak gogoratu du oraindik asko dagoela egiteko bizi-baldintza duin batzuk lortzeko. “Jaurlaritzaren arabera probreziak ehuneko 46 igo da Euskal Autonomia Erkidegoan azkeneko urteetan eta 200.000 pertsona pobrezia arriskuan daude; pentsionisten erosteko ahalmenak %6 egin du behera, sinatzen diren kontratuen %92 behin-behinekoak dira edo, Sestao bezala, %18ko langabezi-tasa daukaten guneak ditugu. Agerikoa da badaudela arrazoiak Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak deitutako greba orokorrean parte hartzeko”.

EH Bilduren ustez, unea heldu da prekarietatean oinarritutako sistema bati erantzuteko eta, bizi-baldintzak erdigunean jarriz, haien herritarrak zaintzen eta babesten dituen herri baten alde egiteko.


Amasa-Villabonako EH Bildutik greba deialdiarekin bat egitez gain, urtarrilaren 30ean antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu nahi dugu. Garratzitsua izango da kaleak lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko aldarriz betetzea eta boteredunei kalean tinko eta indartsu gaudela erakustea. 

Hauek dira Amasa-Villabona ditugun mobilizazio deialdiak:

IMG 20200127 WA0008

Bestalde, EH Bilduko udal-taldeak grebaren aldeko ebazpen edo mozio bat aurkeztu du udalean, eta Tokiko Gobernu Batzordean onartua izan zen, EH Bilduren aldeko hiru botorekin, EAJ-PNVko ordezkariaren abstentzioarekin eta PSEko zinegotziaren kontrako bozka bakarrarekin. Mozio honetan, Amasa-Villabonako EH Bilduk bere egiten ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak eta Pentsionisten mugimenduak adostutako Aldarrikapen Taula.

Hau da hitzez-hitz udalean onartua izan den mozioaren edukia:

LAN, PENTSIO ETA BIZITZA DUINA

URTARRILAK 30, GREBA OROKORRA

Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba babesteko ebazpen proposamena.

ZIOA:

Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu zuten, prozesu parte hartzaile baten bidez. Geroztik, eskubide horien aldeko ekintzak antolatu ditu.

Bestetik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen; bide horretan, pentsioen eremuaz gaindi, modu zabalagoan “planto” egiteko beharra plazaratu dute, euren aldarrietatik harago joateko asmoz.

Orain, aipatu planteamenduaren haritik, mugimendu bien arteko konfluentzia gertatu da, pentsiodunen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren artekoa, alegia, lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokari aurre egiteko.

Konbentzimendu hirukoitz batek batu ditu: batetik, pentsioena denon afera dela, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa dela; azkenik, eskubide sozialak bermatu behar direla. Finean, bestelako eredu sozial eta produktiboa eraiki behar dugu, bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emateko.

Ezarriak dituen ardatz nagusiekin bat egiten dugu, alegia: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka zein jendartearen beharren araberako antolakuntza (lehen sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea...).

Horregatik, Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Adarrikapen Taularekin bat eginda, ondorengo ebazpen proposamena aurkezten dugu.

EBAZPEN PROPOSAMENA

Horiek horrela, Amasa-Villabonako Udalak:

1. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko grebari atxikimendua adierazi nahi dio.

2. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba egin ahal izateko erraztasunak eskainiko dizkie erakundeko langileei.

3. Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Adarrikapen Taularekin bat egiten du, eta horregatik:

1. Madrilen osatuko den Gobernuari eskatzen dio:

▪ 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsioen murrizketak indargabetzea.
▪ Zapateroren (PSOE) eta Raxoiren (PP) lan erreformak bertan behera uztea.
▪ Presazko izaeraz, Gizarte Segurantzaren eta Enplegurako Politika Pasiboen gaineko eskumenak transferitzea.

2. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die:

▪ 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko neurriak presazko izaeraz ezar ditzatela.

▪ Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko neurriak abiarazi ditzatela.
▪ Estatu mailako hitzarmenen gainetik, hitzarmen kolektiboen ultraktibitate mugagabea eta herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenesteko sustapen lana egin dezatela.
▪ Lanera bizirik itzultzeko eskubidea bermatzea.
▪ Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europako Batasunekoekin parekatu arte, eta lan istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza planak abiatzea.
▪ Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren aldeko neurriak abiaraztea.

3. Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuari eskatzen die:

▪ Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala eta pentsio arrakala amaitzeko neurri zehatzak aktibatu ditzatela.

▪ Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioetako iruzurra zigortzea.
▪ Soldata gutxitu gabe lanaldia 35 ordura jaisteko neurriak abiaraztzea.
▪ Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
▪ Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.
▪ Kontratazioan, sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
▪ Klausula sozialak ezartzea administrazioko kontratazio guztietan.

4. Amasa-Villabonako Udalean adostutako ebazpen hau Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Euskal Herriko Karta Sozialari helaraziko zaie.


AMASA-VILLABONAKO EH BILDU UDAL TALDEA