- 07 Urria 2019
Atzokoan Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa ospatu zen Zarautzen "Nik, hi, hura... Ikastola mundura!" lelopean. 2020 urteko Kilometroak berezia izango da, Zarautzen Kilometroak ulertu eta jorratzeko era bat amaitu da; Amasa-Villabonan eta Zizurkilen festa berbera aurrera eramateko eredu berria martxan jarriko da. Neurriz txikiagoa, egun batekoa baino urte guztikoa, kontsumora baino partehartzera bideratuagoa, baina beti bezain herritarra.
Ikastolak Frankismoko urte ilunetan herritik herriarentzat sortu ziren. Ezinezkoa zena egi bihurtu zuten guraso eta langile askoren konpromisoarekin. Bere argi-ilunekin Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat eginiko hezkuntza eredua euskalduna sortu zuten. Egun ikastolek zein eskolek, euren ezaugarri propioekin, euskararen normalizazioari zein nazio eraikuntzari ekarpen izugarria egiten diote.
Egungo hezkuntza eredu ezberdinek askotan gatazka eta eztabaida ez oso eraikitzaileak ekarri dituzte beraiekin. EH Bildutik Euskal Hezkuntza Sistema Nazional Publiko eta Komunitario baten aldeko hautua egina dugu. Desio dugun Hezkuntza Sistema horretara iristeko ikastolak eta eskolak ezinbestekoak dira. Bakoitzak bere bidetik pixkanaka baina etenik gabe eredu honetarako pausu irmoak ematea beharrezkoa da. Kilometroak 2020 hezkuntza eredu euskalduna, nazionala eta herritarra garatzeko egitasmoa da. Bejondeizuela eta animo guztioi!