Amasa-Villabonako II. BTT martxan parte hartu duten txirrindulariak nola iritsi diren ikusita, edonork esango luke mendian ziren lokatz guztiak biltzen ibili direla, iazkoaren moduan. Izan ere, gaur euri kontu handiegirik ez dute izan, baina azken egunetan egindakoak ibilbideko hainbat zati asko lokaztu ditu eta horrek oraindik ere gogorragoa egin du BTT martxa hau. Txirrindulariak herriko plazara iritsi direnean ikusi ahal izan denez ordea, giro adeitsu eta paregabea izan dute elkarren artean.


Bi ibilbide zeuden aukeran, Belabieta eta Loatzo mendien inguruan, bata 38 kilometrokoa eta 1400 metroko igoera metatuarekin, eta 1000 metroko desnibela zuen 28 kilometrokoa bestea. Amasa-Villabonako martxa honetan ez da sailkapenik hartzen, soilik bizikletaz eta mendiaz gozatzeko asmoz egiten denez, ez baitzaio lehia izaerarik ematen. Halere eta soilik bigarren urtea izanagatik ere, bere lekutxoa hartzen hasia da dagoeneko gure herrian egiten den martxa honek, gaurkoan iaz baino parte hartzaile gehiago izan baitira, ia 200 guztira.


BTT martxaren harira plaza bertan antolatu den haurrentzako yinkana izan da aurten berritasuna. Harrera txukuna izan du honek ere, bi dozena haur baino gehiago izan baitira bizikleta hartzera animatu diren haurrak. Herriko bizitzari honelako ekarpena egiteagatik gure esker ona adierazi nahi genieke antolatzaileei, babesleei eta parte hartzaile guztiei; bereziki Irrintzi elkarteari eta baita bere babesean aritu den lagun talde osoari. Zorionak.

 

71561040 2535055306517719 6196246865789321216 n