- 13 Iraila 2019
Amasa-Villabona ez da 6000 biztanlera iristen eta esan genezake beraz, ez dela gurea herri oso handia. Baina uste dugu nahiko gustura bizi garela bertan; neurrikoak ikusten ditugula herriaren tamaina eta bertan topa ditzakegun zerbitzuak, jakina, non hobetu beti egongo bada ere. Genion bezala herri handia ez, baina aldiz, bai oso bizia eta dinamikoa. Datorren asteburu hau ikusi besterik ez dago.
Asteburuaren lehen platera ostiral arratsaldean bertan etorriko zaigu, 50 kilometroko munduko txapelketan garaipena eskuratu duen Iraitz Arrospide korrikalariari Errebote plazan 19:00tan egingo zaion omenaldiarekin. Bertan uztartuko dira Iraitzi herriak erakutsiko dion esker ona, gainontzeko korrikalariekiko begirunea, urtez urte lasterketa herrikoiak antolatzen dabiltzan Zunbeltzeko kideei errekonozimendua eta euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena. Eta aurretik, 18:30ean, 12 urtez beherakoentzat haur krosa antolatua dago.
Larunbata goizean Irrintzi elkarteak urtero Zubimusu ikastolaren egoitza azpian antolatzen duen azoka bereziaren txanda izango da. 35 postu inguru jarriko dituzte eta nahi adina pintxo eta edari izango da bertan. Azokaren barruan Aiztondoko elkarteen arteko Isats Gisatuaren lehiaketa izango da, aurtengoan hogeitalaugarrenez, eta zortzi elkartek hartuko dute parte. Iaz Behar Zanak irabazi zuen eta ea aurtengoan nork.
Arratsaldean berriz, Txakolin eguna izango dugu Amasan. 16:30ean herri kirol saioa izango da Zizurkil eta Amasa taldeen arteko desafioarekin. Ondoren, Irene Caminos trialeko txirrindulariak erakustaldia egingo du. Eta behin 18:00ak iritsi eta gero, Getariko txakolinaren izendapeneko txakolin guztiak dastatzeko aukera izango da.
Eta asteburua borobiltzeko igandean beste bi aukera ditugu. Goizean, Enrique Abril txapelketako errebote partidua herriko plazan. Eta arratsaldean berriz, Gipuzkoako Bertsolari txapelketako lehen kanporaketako saioetako bat burutuko da Gurea Antzokian. Lehiatuko diren sei bertsolarien artean Beñat Iguaran herriko bertsolaria egongo da.