Bixente Beldarrain Berakoetxea, Zizurkilgo iheslari politiko ohia, gaitz larri baten ondorioz joan zaigu, bere bizilekua zuen Hendaian. Bixentek egia esan ez du bizitza xamurra izan azken hamarkada hauetan, Joxe Arregi lagunarekin batera bere sorterritik ihes egin behar izan zuen 1979 urte hartaz geroztik. Jakina, inpotentzia handia sentituko zuen bi urte beranduago, 1981eko otsailaren 13an, Joxe laguna Madrilgo polizia-etxe batean torturaz erail zutela jakin zuen unean. Bera ere, beste zazpi euskaldunekin batera, polizia frantsesaren sarekada batean atxilotua izan zen 1990ean, berehalakoan aske utzi bazuten ere. Eta jarraian frantziar estatuak hainbat urtez Nantesen eduki zuen konfinatua, beste hainbat errefuxiaturekin batera 1995ean konfinamendua hautsi eta Baionara itzuli zen arte. Iheslari moduan emandako urte guzti horietan bizitako une alai edo tristeak Arantxarekin konpartitu zituen guztiak, beti bere alboan izan zuen neskalagunarekin.

Lehen egunetik herrimina sentituagatik ere, duela 3 urte arte ez zen itzuli Bixente bere jaioterrira, 37 urte beranduago hain zuzen. Etortzen zenean ordea, ez zen batere eroso egoten, ostera ere estatuaren errepresioaren jomugan egon zitekeenaren kezkaz edo beldurrez. Horregatik, Lapurdi zuen bere bizileku. Baina irailaren 15ean bere errautsak Zizurkilera iritsiko dira eta jaiotzen ikusi zuten lurrek emango diote betirako atseden. Goian bego Bixente.

 

Bixente Beldarrain Berakoetxea 1