- 24 Uztaila 2019
Ezaguna da Onddo Gazte Asanbladak Santioak medio, egun Gaztetxea dagoen eraikinean burutzekoak zituen ekimenak Pilotari Kaleko bigarren zenbakian dagoen lokalean burutuko dituela.
Aldaketa honen kausa Kale Nagusiko bizilagun batek jarritako salaketan datza. Duela urte askotxotik datorren afera da honakoa. Gaztetxeko ekimenek (kontzertuek bereziki) sortzen duten soinua dela eta salaketa judiziala, Arartekoaren aurreko salaketa eta udaletxean hainbat eskari sartu ditu bizilagun honek, soinuak atseden hartzea eragozten diola argudiatuz.
Prozesua judizializaturik egonda eta Kale Nagusia 38ko lokalak kontzertuak burutzeko bete behar dituen baldintza minimoak ez dituela betetzen ikusiz (soinua, segurtasuna…) Udal Gobernu berriak behin behineko irtenbide bat topatu du Gazte Asanbladak bere festetako ekimenak aurrera eraman eta era berean bizilagun honen kexari erantzuteko. Irtenbide honek Pilotari 2ko bizilagunen jarrera ulerkorra izan du.
Txalotzekoa da Udal Gobernuak, Gazte Asanbladak eta bizilagunek erakutsi duten prestutasuna eta eraginkortasuna, baina egoera ikusirik Amasa-Villabonako EH Bilduk behin-behineko konponbideetatik haratago, konponbide iraunkor baterako lanketa burutu nahi du Onddo Gazte Asanbladarekin eta bizilagunekin batera. Gazteek euren ekimenak aurrera eramateko gune autogestionatuak izatea positiboki baloratzen dugu, herriarentzat onuragarriak direla deritzogu,baina gune hauek baldintza minimo batzuk bete behar dituzte inguruko bizilagunen atseden eskubidea errespetatu eta bizikidetza egoki bat garatzeko.
Bi printzipio horiei jarraiki irailetik aurrera konponbide iraunkorra ekarriko duen prozesua gidatuko dugu.