- 27 Apirila 2018
Ostegunean, "La manada" izenez ezagutu den auziaren epaia ezagutu zen egun berean, haserrea eta amorrua zabaldu ziren herritarren artean. Nabarmena da 5 gizonen artean emakume bakar bati Iruñeako portal hartan egindakoa abusua baino gehiago dela, bortxaketa argia, eta Nafarroako auzitegiko emandako epaiak errealitate hori ez onartzeak sumin guztiz logikoa eragin du jendartean.
Aiztondoko Mugimendu Feministak elkarretaratze zaratatsurako deia egin zuen 20:00etarako Villabonako Malkar plazan eta jendetza batu zen mobilizaziora. 20 bat minutuz, txistu eta kazerola soinuek hartu zuten plaza osoa eta "ez da abusua, bortxaketa baizik!" ohiuekin amaitu zen protesta.

EH Bildutik argi eta garbi esan nahi dugu sententzia hau indarkeria judiziala dela. Emakumeenganako indarkeriari garrantzia kentzea indarkeria patriarkalaren parte da. Eta, beste behin, agerian geratu da Espainiako justizia sistemak ere oinarri matxista nabarmena duela. Injustizia lotsagarri honen aurrean ordea, herri duin bat ikusi dugu, horrelako albisteen aurrean geldirik egon beharrean, errekazionatzen jakin duena eta masiboki kaleetara irten dena. Beste behin mugimendu feministak lekzio edo eredu bikaina eman du. Gure herria bat eginda eta elkartasunez kalera atera da berriro, jendarte osoarentzat eta batez ere emakumeentzat iraingarria den sententzia hau salatzera. Horrela, denok bat eginik Euskal Herria berria eta hobea eraiki dezakegu eta horixe da egin behar duguna.


