- 08 Otsaila 2018
Tolosaldeko EH Bilduko kide eta hautesiek, tartean ziren besteak beste, Ibarra, Zizurkil, Asteasu, Lizartza, Anoeta, Berastegi edota Orendaingo alkateak, Tolosaldea Bus enpresako langileek abiatutako gerabaren inguruko irakurketa plazaratzeko agerraldia egin zuten Ibarran. Aste honetan zehar, Tolosaldeko EH Bilduko kideak hainbat alditan (eta herri ezberdinetan) elkartu dira langileen ordezkariekin eta lehen eskutik jaso dute enpresako zuzendaritzaren jokabidearen berri eta egoera horren aurrean langileek grebaren bidez zabaldu dituzten aldarrikapen eta eskaera nagusien berri. Amasa Villabonan astearte arratsaldean izan zen bilera langileekin.
Tolosaldea Bus enpresako langileak Tolosan egindako protesta elkarretaratze batean
Hau da Tolosaldeko EH Bilduk egindako agerraldiaren bidez publikoki zabaldu duen oharra:
Tolosaldea buseko langileen grebaren inguruko irakurketa:
Azken asteetan, puri-purian ditugu Tolosaldean lan gatazkak. Osasungintza eta garraioaren alorrean, esaterako.
Zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten hurbileko sektore hauetan, hilabeteak daramatzate langileak lan baldintza duinak aldarrikatzen, enpresa buruei negoziazio mahaian eseri daitezen eskatzen. Eskaerei, enpresak muzin egin die.
Gutxienekoak, lortu ezinda, greba egunei ekin diete langileek.
Egoera honetan, tartean diru publikoa, gu guztion dirua egonik, EH Bilduko kideok, ezinbestekoa ikusi dugu ordezkari publikoon bitartekaritza.
Gaurkoan, Tolosaldeko EH Bilduko ordezkariok, Tolosaldea Bus enpresako langileekin bildu berritan, irakurketa hau helarazi nahi dugu.
Gai honetan, alderdi politiko ezberdinak eta eragile asko, norabide berera zuzenduta gaudela agerian dago, langileek eskatzen dituzten baldintzak sektore bereko beste langileengana hurbiltzen hasteko pausuak, dira eta; beraz, zubi lanak egitea dagokigu Tolosaldeko Ehbilduko alkate eta hautetsioi.
Zerbitzu publikoen defentsa, eta bertako langileen lan baldintzen defentsa egunerokoan, oinarritzat ditugulako.
Honegatik, eskaera zehatz hauek helarazi nahi dizkiogu publikoki Marisol Garmendia, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatuari, eta Tolosaldea Buseko zuzendaritzari:
1.- Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, bitartekari lanak egin ditzala, zerbitzuaren ardura duen enpresari, negoziazio mahaiean esertzeko eskatuta.
2.- Legeak diolako, greba egunetan eman ez diren zerbitzuak ez ordaintzeko eskatzen diogu, Mugikortasun departamentuari.
3.- Indarrean dauden Tolosaldeko autobus zerbitzuko pleguak, zorrotz aztertu eta betearazi ditzala eskatzen dugu, zerbitzuak dituen gabeziak konpondu asmoz.
3.- Tolosaldea Buseko zuzendaritzari negoziazio mahaian esertzea eskatzen diogu, denon artean Tolosaldeko herritarrentzat ahal den zerbitzu hoberena bermatu asmoz.
EH Bilduk, beti egingo du zerbitzu publiko onenaren alde eta baita bertako langileen baldintza duinen alde. Doakie greban dauden Tolosaldea Buseko langileei gure babesik sakonena.
Kalitatezko zerbitzuak, eta bertako langileen lan baldintza duinak denon borroka baitira.


