Kaixo denoi. Kontaketa hau egitea erabaki dut, pasa den igandeko egun historikoan Katalunian egoterik izan ez zenuten herritarrek guk bertatik bertara bizi izan genuena ezagutzeko aukera izan dezazuen, askotan manipulatzen eta egia ezkutatzen duten komunikabideen (gehienbat espainiar komunikabideen) filtrotik pasa gabe.

Duela aste batzuk Udalbiltzak, Euskal Herri osoko hautetsiak biltzen dituen instituzio bakarrak, urriaren 1eko erreferenduma bertatik bertara ikusteko aukera eskaini zigun eta nik joatea erabaki nuen Amasa Villabonako EH Bilduko zinegotzien ordezkari gisa. Udalbiltzak Katalunia osoko 800dik gora udalerri biltzen dituen AMI (Associació de Municipis per la Independencia) erakundearekin egindako hitzarmenari esker, Euskal Herriko hautetsiok erreferendumean "nazioarteko bisitari" gisa aritzeko lana (ohorea esango nuke nik) eduki genuen. Guztira 100 hautetsi inguru joan ginen Euskal Herritik eta beste hainbat naziotako hautetsiak ere (Suitza, Quebec, Alemania, Eskozia, Kroazia...) gurekin batera izan genituen lan bera egiteko.

Larunbat arratsaldean heldu ginen Bartzelonara eta erdialdean, Catalunya plazatik gertu dagoen Bartzelonako Ateneu-ra jo genuen. Bertan 18:00etan AMI erakundearen harrera jaso behar genuen. Behar bezala akreditatu eta paperak jaso ondoren, Ateneu-ko aretoan AMI-ko kideek hurrengo eguneko erreferendumean egin beharrekoa azaldu ziguten. Guztira 40-50 hautetsiz osatutako 4 talde osatu ziren eta talde bakoitza Kataluniako lurralde batera joango zen; Girona hiriburua, Bartzelona-Girona kostaldea, barrualdea (Manresa, Vic) eta Bartzelona hiria. Niri Bartzelonan geratzea tokatu zitzaidan eta gure nazioarteko bisitari taldeak egin beharreko lana eta ibilbidea (zein hautestoki bisitatuko genituen etab.) azaldu zizkiguten hainbat hizkuntzatan. Harrera ekitaldiaren ondoren, Kataluniako produktuak (cava, "coca" boiloa eta bertako enbutidoak) dastatzeko aukera izan genuen Ateneu-ko patio dotorean.

DK LP0eW4AAVVdh

AMI-ko arduradunak nazioarteko hautesioi azalpenak ematen Ateneu-ko harrera ekitaldian

Harrera ekitaldia eta ondorengo luntxa amaitu ondoren, Bartzelona erdialdeko kaleetara irten ginen buelta bat ematera. Mundu guztiak zekien hurrengo eguna historikoa zela eta iluntzean urduritasuna eta zalantza antzematen zen, bai gure artean eta baita herritar gehienen artean ere. Zer gertatuko da bihar? bozkatu ahal izango dugu? zalantza eta kezka ziren nagusi. Alde zaharrean bokadilo bat afaltzen ari ginela, 22:00ak jo zituen eta kazerolada hasi zen hirian! jende asko etxeko balkoietara irten zen eta burrunbada nagusitu zen kaleetan. Kazerolada amaitu eta gure albergera jo genuen lo egitera, bagenekien hurrengo eguna luzea izango zela eta.


Iritsi zen U-1a, erreferendumaren igande historikoa! Goizean goiz jaiki, dutxatu, kafea hartu eta 7:30etarako Gracia auzoko Fontana metro geltokian elkartu ginen Bartzelonan gertzea tokatu zitzaigun nazioarteko bisitarien 40 lagun inguruko taldea, AMI-ko gure arduradunekin. Euria ari zuen Bartzelonan, euskaldunok xirimiria bertaraino eraman genuela zirudien. Metro geltokitik oso gertu, eraikin baten aurrealdean jende ugari pilatuta eta errepidean zutik ikusi genuen, hautestoki bat zen! zehazki Gran de Gracia caleko "CEF. Centre d`Estudis Financiers"-en kokatutako hautestokia. Bertara inguratu ginen eta jendea urduri ikus zitekeen, bazekiten Polizia eta Guardia Zibilak portuko itsasontzietatik irtenda zeudela edozein momentutan ager zitezkeela eskola indarrez itxi eta papeletak eta hautestontziak eramatera. Gure akreditazioa ikustean jendea eskerrak ematera gerturatu zitzaigun "gracias por estar aquí" esanez eta batzuk txaloka ere hasi zitzaizkigun. Mossoen auto bat gerturatu zen eta une batez tentsioak gora egin zuen. Mossoek errepidea ez zegoela itxita eta mesedez autoak pasatzen uzteko eta jendea errepide erditik kentzeko eskatu zuten. Jendeak berehala errepidea libre utzi zuen eta Mossoek alde egin zuten, jendeak txaloka agurtu zituen.

DLB6ZIJWkAAXyYD Bartzelonako Gran de Gracia caleko "CEF. Centre d`Estudis Financiers"-en kanpoaldea jendez beteta eguna argitu aurretik

Hautestoki hau atzean utzi eta programatuta genuen ibilbideko lehen eskolara abiatu ginen, oso gertu zegoen Gracia-ko "Vedrunes" eskola publikora. Eskolara gerturatu ginenean, sarrera zegoen kalea jendez gainezka ikusi genuen, goizeko 8:00ak inguru ziren eta euria egiten jarraitzen zuen. Hemen ere lepotik zintzilik generaman gure "nazioarteko bisitari" kredentziala ikustean jendea eskerrak ematen eta txaloka hasi zitzaigun eta baita ezaguna egin den "Votarem!", "Votarem!" ohiuka ere. Momentu benetan zirraragarria. Herritarrak ondo prestatuta zeuden, karpa txiki bat montatu zuten eta bertan kafea, gailetak, ura etab. hartu zezakeen edonork.

DLB 1VmWAAARFzm Gracia-ko "Vedrunes" eskola publikorako sarrera kalea 8:00ak inguruan

Gure asmoa hauteslekuen prestaketa nola egiten zen ikustea eta hauteslekuen irekiera momentuan bertan egotea zen. Eskola barrura sartzen utzi ziguten eta bozka emateko lekua prest zegoen dagoeneko. Bertan ziren Generalitat-eko logoa zuten hautestontzi edo urna ezagunak eta baita espainiar estatuko segurtasun indarrek bereganatu nahi izan zituzten bozkatzeko papeleta ofizial mordoa ere. Minutu batzuk beranduago mahaietan egotea tokatu zitzaien herritarrak eta alderdi ezberdinetako ahaldun eta ikuskatzaileak bertara sartu eta mahaiak ofizialki osatuta geratu ziren. Estatuak ez zuen bere helburua lortu, Kataluniako autodeterminazio erreferenduma prest zegoen eta egin egingo zen!

DLCG2urX0AA2lHG

 

DLCG0nyXcAEuolI

 

DLCGyd XkAAZ1e4

Vedrunes eskola publikoko hautestokia erabat prest zegoen 8:15etarako.

Hauteslekuen irekiera ordua iritsi zen, goizeko 9:00ak ziren. Baina eskolako ateak itxita jarraitzen zuten eta herritarrek ezin zuten bozkatzera sartu. Zer gertatzen zen? ba Generalitat-ak erreferendumerako prestatutako programa informatikoari eraso egin ziotela estatuko segurtasun indarrek. Programa ezin zen martxan jarri eta egoera horretan bozkak ezingo ziren behar bezala erregistratu. Minutuak aurrera zihoazen bitartean, kezka eta ezinegona geroz eta nabarmenago ikusten zen hautestokian zeuden arduradunen artean. Bazekiten hori gertatu zitekeela eta estatuaren eraso zibernetikoari erantzuna emateko prest zeuden; bolondres gisa gerturatutako informatikoak arazoa konpontzen saiatzen ari ziren buru-belarri. Bitartean kalean "Votarem!, Votarem!" ohiuak.

10:00ak pasatxo zirenean, ospakizun ohiuak entzun genituen, arazoa konpontzea lortu zuten eta erreferendumeko programa informatikoa martxan zegoen azkenean!!! Jendearen aurpegiak bapatean aldatu ziren, kopetilun egotetik, pozez zoratzen egotera pasa zen jendea instant batean. Kanpoan zain zegoen jende uholdea ere segituan ohartu zen arazoa konpontzea lortu zela eta txaloka hasi ziren. Denborarik galdu gabe, eskolako ate nagusia zabaldu egin zen eta lehen herritarrak sartzen hasi ziren. Lehen bozkatzaileak ateraino gerturatzen eta ilada pasatzen utzi zitzaien gizon emakume nagusiak, aitona eta amonak izan ziren. Piskanaka eta modu oso ordenatuan pasatzen zen jendea (ez zuten ate handia guztiz zabaldu nahi, polizia edo guardia zibila etortzearen beldur baitziren) eta eskolatik aulkiak ere atera ziren pertsona helduak eseri eta hankak deskantsa zitzaten. Bozka ematera sartzerakoan jendearen aurpegietan emozioa eta poza nabari ziren eta batzuk negarrez ere sartzen ziren eskolara. 90 urte inguru izango zituen amona batek duela hilabete batzuk hildako bere senarrak une historiko hura ez bizi izanak penatzen zuela esan zigun, bizitza osoan horrelako momentu batekin amets egin ondoren. Momentu horiek guretzat ere hunkigarriak izan ziren, mota eta adin guztietako jendeak, herritar normal-normalak, erreferendumarekiko erakusten zuten inplikazio emozionala sentitzeak gu ere hunkitu gintuen. Kataluniako jendeak bozkatu egin nahi zuen bere indar eta gogo guztiarekin, horixe bakarrik, bozkatu nahi zuten! Domokraziaren festa hasi zen!    

Momentu gozo horiek ordea, garraztu egin ziren sare sozialetatik, whatsapp-etik eta irratietatik iristen hasi ziren albiste, irudi eta bideoek Kataluiniako leku askotan gertatzen ari zena ikusarazi zigutenean. Espainiar Polizia eta Guardia Zibila jendea erasotzen ari zen bozka eman nahi hutsagatik! eta zenbait tokitan eskolak itxi eta hautestontziak lapurtu zituzten. A ze demokratak! Lotsagarria! Aurpegi ilunak eta amorru hitzak nagusitzen hasi ziren jendearen artean. 

AMIko arduradunek guretzat aurrikusi zuten ibilbidea erabat aldatu beharrean aurkitu ginen orduan. Hasiera batean Badalonako udaletxean bertako alkatearekin zita bat genuen, ondoren pare bat eskola bisitatzeko asmoarekin. Baina Badalonatik deitu ziguten polizia hainbat eskoletara sartzen ari zela eta egoera oso zaila zela esanez. Ondorioz gu bertara ez joatea gomendatu ziguten. 

Zer egin orduan? Vedrunes eskolan jendea normaltasunez bozkatzen ari zela egiaztatu ondoren, gure taldea Gracia auzoan gertu genituen beste eskola batzuetara joatea erabaki genuen. Gure asmoa ahalik eta hautesleku gehien bisitatzea zen eta Vedrunes atzean utzi eta 300bat metrora zegoen insitutu batetara abiatu ginen. Ez dakit zehazki zein institutu zen baina bertan ere sekulako jende-iladak zeuden bozkatzeko zain. Hemen ere hurbildu eta nortzuk ginen azaldu genienean, jendea txaloka hasi zitzaigun eta bereziki momentu goxoa bizi izan nuen andre batek besarkatu ninduenenan "por favor, contar lo que de verdad está ocurriendo aquí" esanez.  

DLC1RxkWsAEzG K

Aipatu dudan institutuko kanpoaldea jendez gainezka

DLC1OMZWkAA6aHO

Bozka emateko zain zegoen jendeak ilada oso luzeak osatu zituen, eta hau bezalko ilada ugari ikusi genituen.

Instututu hori atzean utzi eta Bartzelona erdialdera abiatu ginen euri gero eta indartsuagoari aurre eginez. AMIkoek hurrengo geltokia Ensanche bezala ezaguna den auzoan dagoen Generalitat-eko Turismo egoitza nagusia izango zela zehaztu zuten. Eraikin oso handi eta dotorea da, Bartzelonako goi klaseko auzo batean kokatua eta barrualdean lorategiak eta argazki esposaketa bat ikusi genituen. Esan zigutenez auzo hori soziologia aldetik ez zen sekula bereziki independentista izan eta garai bateko Convergencia y Unió alderdiak irabazten omen zituen beti hauteskundeak. Baina beste behin hauteslekura iristeko ilada luzeak ikusi genituen. Bertako bizilagun batek esan zigun iladan zeudenetako asko independentista "berriak" direla, auzo horretako jende asko duela gutxi heldu omen zen independentzia beste irtenbiderik ez zegoelakoaren ondoriora. Hautestontziak zeuden aretora sartzeko garaian, telefonoak "hegazkin modura" jartzea eskatu ziguten, izan ere, bertan zeuden arduradun eta alderdietako behatzaileak berriro programa informatikoa edo internet konexioa galtzearen beldur ziren. 

DLDFQmsW4AEq9Mw

 

DLDFNRzWkAAG4XO

Generalitateko Turismo egoitzan, jendea iladan eta normaltasunez bozkatzen

AMI-ko arduradunarekin hitz egin eta hurrengo hauteslekura abiatu ginen, zehazki Provença kaleko Maragall institutura (Diagonaletik oso hurbil). Institutura iritsi aurretik sekulako ilada ikusi genuen, egun guztian ikusi ahal izan genuen luzeena. Eraikin osoari buelta ematen zion bozkatzeko irrikitan zeuden herritarrek osatutako ilada lodiak. Motel bazen ere, jendea bozkatzen ari zen eta tarteka bozka eman ondoren kalera ateratzen zen norbaiten ohiuak entzuten ziren "em votat!!!". Bertan berriz ere txaloka hartu gintuzten eta bertako jende ugarirekin hitz egiteko aukera izan genuen. Jendea emozioz gainezka zegoen, historikoa zen zerbaiten partaide sentitzen ziren. Bazekiten handia egiten ari zirela, egun hori inflexio puntu garrantzitsua izango zela, ez zegoela atzera bueltarik "Catalunya se va!" zioten. 

DLDMaopXUAE4aSY

Maragal Institutuaren kanpoaldea jendez gainezka.

Hau izan zen nazioarteko bisitari gisa AMI-ko antolakuntzarekin eta nazioarteko beste hainbat lagunekin batera egin genuen azken bisita. Denak elkar agurtu ginen eta Euskal Herritik joandako kuadrila bat batu eta bazkaltzera joan ginen. 

Ofizialki egin beharreko lana bukatu bagenuen ere, argi geneukan arratsaldean ere hautestoki gehiago bisitatu nahi genituela. Katalunia plaza aldera abiatu ginen eta bertan mundu osotik etorritako komunikabideen kamioi eta karpak ikusi ahal izan genituen. Argi zegoen mundu osoa zegoela Katalunian gertatzen ari zenari begira. Ondoren Bartzelonako zonalde ezagunetatik pasatu ginen; Ranblak, Saint Jaume plaza, Katedrala... beti bezala turista mordo bat zebilen kaleetan, gertatzen ari zenaz konturatu ere egiten ez ziren "giri" tipikoak, sangria edan eta edozein lekutan argazkiak ateratzen. Bartzelonaren partidua ikus zitekeen tabernetako telebistetan, dakizuen bezala, gertatzen ari zenagatik harmailak hutsik zeuden Camp Nou-n. 

Azkenean topatu ahal izan genuen alde zaharreko auzo Gotikoan zegoen hautesleku bat, Cervantes eskola publikoa. Eskolaren atzeko aldea zegoen kaletik pasa ginen eta jende ugari zegoen ate handi baten inguruan, polizia edo guardia zibila etorriz gero, atzetik sartu ez zitezen. Esan behar dut antolakuntza izugarria ikusi genuela, jendea edozertarako prest zegoen, ateak babesteko, iladan zeudenei kafea, ura edota jatekoa emateko, inguruan poliziak ikusten bazituzten abisua emateko... egundokoa zen.

DLEQMCdW0AAKqaM   Cervantes eskolako atzeko atea babesten ari zen jendea

Ondoren eskola honetako sarrera nagusia dagoen kalera joan ginen eta bertan beste behin jendetza izugarria ikusi genuen. Jendeak polizia edo guardia zibila arratsaldeko azken orduan etor zitezkeela pentsatzen zuen, denek ikusi zituzten Kataluniako hainbat lekutan gertatzen ari zen errepresioaren irudiak eta indar errepresiboak etorri eta hautestontziak botoz beteta zeudenean lapurtzearen beldur ziren. Mossoen auto bat gerturatu zen eskolara eta tentsioak gora egin zuen. Bi agente ziren eta hautesleku horretako arduraduna nor zen galdetu zutenean, ahots bakar batez erantzun zuen jendeak: "Tots!, Tots!!" (denok!). Orduan Mossoek buelta erdia eman eta alde egin zuten jendearen txaloen artean. 

IMG 20171001 184337

Cervantes eskolako sarrera nagusia, bertatik sartzen zen jedea bozkatzera

20:00ak gero eta gertuago zeuden eta herritar ugari gerturatu ziren erresistentzia egiteko prest, kaleak jendez gainezka egin arte. Oraindik bozka eman ez eta arratsaldeko azken orduan bozkatzera zihoazen herritarrek, beren NANa eskuan hartu eta ikusteko moduan erakusten zuten. Orduan eskolako sarreraren babeserako zeuden pertsonak pasabidea egiten zieten. Momentu ahaztezinak. Nik eskola barrura sartzeko aukera ere izan nuen, lepoan zintzilik nuen nazioarteko bisitari txartela erakutsi eta jendeak barrura sartzen lagundu zidan. Eskola barrura sartu eta atentzioa deitu zidan lehen gauza, erreferendumaren antolaketa lanean zebilen jendearen artean, Espainiako selekzioko kamiseta zeraman pertsona bat zegoela izan zen. ERC alderdiko ikuskatzaile bati galdetu nion ea gizon horrek zer egiten zuen eta hauxe erantzun zidan "este nos está ayundando, es español, pero es demócrata". 

Orduan Carme Forcadell Kataluniako Parlament-eko presidentea iritsi zen bertara. Erreferendumeko mahaietan edo ikuskatzaile lanetan zegoen jendeak txalo zaparrada handi batekin agurtu zuen Forcadell andrea eta denek argazki edo selfi bat atera nahi zuten berarekin. Nabarmena da oso pertsona maitatua dela. Jende askok burujabetza prozesua aurrera eraman duten politikariak estimu handian ditu, leku gehienetan politikariak fama oso eskasa hartu duten garai hauetan, harrigarria da Katalunian jendeak politikari independentistei dien miresmena. "Los políticos han cumplido con el mandato de la gente, no nos han defraudado y por eso les aplaudimos" esan zidan bertako herritar batek.

IMG 20171001 195221

Instant batez Carme Forcadell-ekin egoteko aukera izan nuen.

20:00ak gainean genituen eta bapatean pare bat gazte etorri ziren korrika, ondoko kalean polizia nazionala zegoela esanez. Tentsioak gora egin zuen. Denek zekiten zer egin behar zen: erresistentzia pasiboa, modu baketsuan baina tinko eutsiz. Eskolako lehen solairuko balkoitik horixe bera azpimarratu zuten eta jendea poliziaren etorrera bortitzerako prestatzen hasi zen, gu ere urduritu ginen, zer gertatuko ote zen? normala den bezala, kolpatuak izateko beldur zen jendea eta gu ere berdin geunden. Minutuak aurrera egiten zuten eta ez zen poliziarik ageri, herritar batzuk inguruko kaleetatik zabaldu ziren poliziak non zeuden ikusteko eta ez zituzten ikusi. Uff, alarma faltsua izan zen, eskerrak! 

Iritsi zen hauteslekuak isteko momentua eta bapatean bozka ematera zihoazen azken pertsonak agertu ziren NANa eskuan zutela. Azken pertsona sartzera zihoanean, eskolako ate nagusian segurtasun lanetan zebilen arduradunak geratu egin zuen. Porra estensible edo zabalgarri horietako bat zeraman eta polizia zela pentsatuz indarka geldiarazi zuen. Orduan gizonak, ahaztuko ez dudan zerbait ohiukatu zuen: "Soy Mosso, acabo de salir de trabajar y quiero votar!!!" hori entzutean jendea ero moduan txaloka hasi zen eta Mosso d`Escuadra agente hura izan zen eskola horretan bozka eman zuen azken pertsona. 20:00etara isteko azken segundoak iritsi ziren eta kalean zegoen jende uholdeak atzera kontaketa egin zuen ohiuka eta aho batez. 20:00etan puntuan eskolako atea itxi zuten txalo artean. Izugarria izan zen, benetan zirraragarria!  

Ondoren, kontaketa hasi zen. Gu eskola kanpoan geratu ginen, datuen zain kalean zeuden ehunka herritarren artean murgilduta. Kontaketa luze joan zen, ordu betetik gora iraun zuen (azken mahaieko emaitza falta omen zen) baina bapatean eskolako balkoitik kontaketa amaitu zela esan zuten eta hautestoki horretako emaitzak bota ziztuzten. 4.000tik gora bozka egon ziren eta baiezkoak irabazi zuen nabarmen. Baiezko bozken kopuru zehatza esan zutenean, jendea "i! inda! Independencia!!!" ohiuka hasi zen. Eta amaiera gisa, eskolako ateak zabaldu ziren eta hustutako hautestontzi edo urna famatuak jendearen artera atera zituzten. Eromena izan zen, jendea emozioz gainezka zegoen, bazekiten beren herriak, Kataluniak, oztopo eta errepresio guztiaren gainetik sekulako lezio demokratikoa eman zuela eta harro zeuden. Gu ere hunkituta geunden, ez daukat momentu horiek deskribatzeko hitzik.

IMG 20171001 WA0020

Hautestontziarekin argazkia ere atera ahal izan nuen, talde berean geunden Leitzako eta Lizartzako zinegotziekin batera.

Auzo Gotikoko Cervantes eskola atzean utzi eta Katalunia plazara abiatu ginen. Bertan ANC (Assenblea Nacional Catalana) elkarteak pantaila erraldoi bat ezarri zuen Katalunia osoko kontaketa ofiziala zuzenean jarraitzeko. Milaka lagun zeuden bertan eta jai-giroa zen nagusi. Nagusi ziren Kataluniako eta baiezkoaren aldeko ANCko banderak, Galizia, Sardinia, Eskozia, Quebec eta beste hainbat naziotako banderekin nahasten ziren eta jakina, ikurriñak eta Nafarroako banderak ere ikusi genituen. Kontaketa orokorrak ere luze jo zuen, oso luze, goizean goiztik kalean eta eskoletan egon ondoren jedearen aurpegietan nekea nabari zen eta gu ere oso nekatuta geunden. Plazan gazteak ziren nagusi eta esan bezala festa giroa zegoen.

IMG 20171001 234552

Katalunia plazan pantaila erraldoian TV3-eko irudiak ikusten, erreferendumeko datuen zain.

Gaueko ia ordubietan, Generalitateko bozeramailea den Jordi Turull jauna komunikabideen aurrera irten zen eta orduan bota zituen Generalitatat bildu ahal izan zituen datuak. Baiezko bozkak 2 milioitik gora izan zirela entzutean, Katalunia plazan zegoen jendea txaloka eta saltoka hasi zen, lurrean eserita zeudenak berriro zutik jarriz. Momentu hunkigarria hau ere. Pantaila erraldoian "Hola! Nou País" jarri zuenean, bazirudien une hartan bertan independentzia eskuratu zuela Kataluniak.

Horrelaxe bukatu zen egun historiko hura, irakurri ahal izan duzuen bezala zorte handia eduki genuen, egun osoan ez baikenuen polizia edo guardia zibilaren "bisitarik" jaso. Zoritxarrez askok ez zuten zorte bera izan eta indar errepresiboen ekinbide bortitz eta kriminalaren ondorioz ehunka izan ziren zaurituak Katalunia osoan. Doakie nire elkartasun eta maitasun guztia. Animo!

Igandean Kataluniako herriak demokrazia eta duintasun erakustaldia egin zuen eta aldi berean espainiar gobernua lotsagarri geratu zen mundu osoaren aurrean. Bozka eman nahi zuen jende baketsua erasoz, espainiar estatuaren izaera autoritario eta antidemokratikoa ageri agerian gelditu zen beste behin. Nik ondorio hau atera nuen: Espainiak Katalunia galdu du. Kataluniako herritarren gehiengoak dagoeneko deskonektatu du Espainiarekin eta horrek ez dauka atzera bueltarik. 

ZORIONAK KATALUNIA!!!

 

 

Xabat Laborde Etxabe

Amasa Villabonako EH Bilduko zinegotzia