Pasa den ostegunean Sofia Tato billabonatarraren hilketaren berria zabaldu zenetik, pena, samin eta amorru sentimenak nagusitu ziren gure herriko jendearen artean. Berehala Sofiaren senide eta lagunei babesa, elkartasuna eta gertutasuna adierazteaz gain, hilketa matxista nazkagarri honen aurrean herri erantzun sendo bat artikulatu beharra zegoen, dudarik gabe.

Herriko Onddo Gazte Asanbladaren baitan elkartzen diren dozenaka gazte feministek hartu zuten herri erantzuna bideratzeko iniziatiba eta ostiralerako gaitzespen edo protesta mobilizazioak deitu zituzten: 18:30etan manifestazioa Malkar plazatik eta 19:00etan elkarretaratzea Errebote plazan.

Ostegunean bertan, EH Bilduko zinegotziak alkatetzarekin bildu ziren eta Villabonako udalak adostutako Adierazpen Instituzional bat kaleratzea eta ostiralerako deituta zeuden aipatutako mobilizazioekin bat egitea erabaki zen. 

Gauzak horrela, ehunka herritar batu ziren ostiral arratsaldeko mobilizazioetara eta herri mugimendu feministak, administrazio publikoek eta herritarrek bat eginda, erantzun sendo eta eredugarria eman genion oraingoan oso gertutik bizitzea egokitu zaigun erailketa matxista berri honi. Malkar plazatik abiatutako manifestazioaren pankartan "Matxismoak hiltzen gaitu, parean gaituzue!" leloa irakur zitekeen eta "gora borroka feminista!", "patriarkatuari sua!" edota "erasorik ez, erantzunik gabe!" ohiuak entzun ziren, herriko gazte feministek momentu gogor horietan sentitzen zuten amorruaren adierazgarri.

Manifestazioa plazara iritsi zenean hasi zen elkarretaratze isila. Bertan zeuden erakunde ezberdinetako hainbat politikari eta ordezkari, eta ehunka herritarrekin batera oso ozen entzuten zen isiltasun sentikor batean murgildu zen plaza.

001 plaza jendea

Minutu gutxi batzuetako ixiltasuna txalo zaparrada batekin amaitu zen eta ondoren bi emakumek hartu zuten hitza mobilizazioa antolatu zuten gazte feministen ordezkari bezala, irakurketa bat partekatzeko. Besteak beste "Komunikabide batzuetan Sofia hil egin dela diote, baina hori ez da egia, hil egin dute, hil egiten gaituzte, matxismoak hiltzen gaitu!", "Indarkeria eta eraso matxistak gizarte heteropatriarkalaren ondorio latzenak besterik ez dira eta beraz, ez dira kasualitatez gertatzen" eta "nazkatuta gaude!" esan zuten. Hitzartzea bukatzean plazan bilduta zeuden herritarren aldetik txalo zaparrada handi bat jaso zuten.


EH Bildutik Amasa Villabonako herriak emandako erantzuna oso positiboki baloratzen dugu. Beste behin, billabonatarrok modu eredugarri batean, lasaitasunez baina tinko, indarkeria matxistaren aurrean inolako tolerantziarik ez dugula izango erakutsi dugu. Bestalde, gure babesa adierazi nahi diogu herriko mugimendu feministari eta zoriondu ere egin nahi ditugu indarkeria matxistaren kontrako mobilizazioak antolatzeko erakutsi duten gaitasunagatik.