GuraSOSek deituta milaka pertsonak manifestazioa egin zuten igande eguerdian Donostiako kaleetan. Zubietako erraustegiaren gatazkari irtenbide adostu bat topatzeko eskatu dute.

“Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna besterik ez! Sin conflicto. La solución es el acuerdo” lemapean, 10.000 pertsona baino gehiago bildu dira eta manifestazioa historikotzat jo dute.

Antolatzaileak oroitarazi dute lanen inguruko azken erabakia Gipuzkoako Aldundiak duen arren, legea, eta batez ere, herritarren nahia errespetatu behar dutela. GuraSOS plataformako kide Joseba Belaustegik irtenbidearen aldeko deia egin dio aldundiari: “Irtenbide hori adostua, kontsentsuzkoa eta iraunkorra izan dadin eskatzen dugu. Eta batez ere, urte asko irauten ari den eta gizartea bereizten hari den gatazkari irtenbidea ematea”.

manifa2

Donostiako Bulebarra jendez gainezka GuraSOSen manifestazioaren amaieran

Manifestazio amaieran, GuraSOSeko lehendakari Joxe Mari Izetak aldarrikatu du Gipuzkoako etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea dutela, eta aldundiari galdera zuzena bota dio: “Zergatik ez duzue martxan jarri parte-hartze prozesua?”.

Bestalde, aldundiari ohartarazi diote Europar Batasuneko legediaren arabera sei urtetik behin berritu behar dela hondakinen inguruko legedia, eta arlo horretan Gipuzkoan "berandu" dabiltzala.


Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu GuraSOS plataformak eta milaka gipuzkoarrek kalean egin dituzten aldarrikapen eta eskaerekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiari Zubietako erraustegiaren lanak geldiaraztea eskatzen diogu. Bada garaia honakinen kudeaketa publikoaren afera iskanbila politiko-mediatikotik ateratzeko eta gaia behar bezala objetiboki aztertuz, erabakiak modu adostu eta garden baten bidez hartzeko. GuraSOSek aldarrikatzen duen herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela uste dugu eta Donostiko manifestazio jendetsuak zer pentsa eman beharko lieke kosta hala kosta erraustegia eraiki nahian dabiltzan EAJ eta PSEko ordezkari politikoei. Oso argi geratzen ari da EAJ eta PSEk politika egiteko duten moduan herritarren parte hartzeak ez duela lekurik, soilik interesatzen zaienean eta euren helburu politikoak lortzeko baliagarria zaienean aldarrikatzen dute herritarren hitza.

EH Bildutik erraustegiaren inposaketaren aurkako lanean sakontzeko deia egin nahi diogu Gipuzkoako gizarteari, oraindik garaiz gaude gure seme alaben osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarria eta ekonomikoki gipuzkoarrontzat hipoteka galanta izango den azpiegitura hau gelditzeko.