- 11 Ekaina 2018
Pasa den igandeko giza katea izugarria izan zen, 175.000 euskal herritarrok, herri honek bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu genuen Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituen giza kate erraldoia osatuz. 175.000 pertsona!!! Ziur aski, Euskal Herriaren historian izan den mobilizaziorik jendetsuena. Igandeko giza kate arrakastatsuarekin, erabakitzeko eskubidearen aldarria berriro ere erdigune sozial eta politikoan kokatzea lortu du Gure Esku Dago herri mugimenduak eta parte hartu genuen milaka herritarrek.
Amasa billabonatarrak Mendaron
Gure herriko ehunka pertsona elkartu ginen Mendaro herriaren sarreran kokatuta zegoen giza katearen 59. kilometroan. Goizeko 9:00etarako 4 autobus (horietako bat bi pisukoa) irten ziren Olaederra kiroldegitik eta asko izan ziren Mendarora beren autoetan joan ziren herritarrak ere. Aiztondoko herritarrekin batera denak Mendaroko plazan elkartu ginen eta pintxo batzuk jan eta eztarria bustitzeko tartea hartu ondoren, 59. kilometrora abiatu ginen. Kostata izan bazen ere, antolakuntzan lanean aritu ziren herritar bolondresen lanari esker, 59. kilometroa betetzea lortu genuen. Beraz, amasa billabonatarrok gure hondar aletxoa jarri genuen giza kate historiko honetan. Herrira bueltan jendea pozik eta harro zegoen.
EH Bildutik ere gure zoriona eta harrostasuna agertu nahi dugu giza kateak arrakasta izugarria izan zuelako. Herritarren erantzun masiboari esker, erabakitzeko eskubidea berriro ere indar handiz kokatu da eztabaidaren erdigunean eta hori pozik egotekoa da. Gure Esku Dago-ren aspaldiko leloak sekula baino gaurkotasun handiagoa hartu du: Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da!
Aiztondoko kilometroen irudiak Aiurri-ren eskutik: https://www.youtube.com/watch?time_continue=112&v=3riiTplE-SU
ARGAZKIAK: