- 04 Ekaina 2018
Pasa den maiatzaren 30an EH Bilduren Barne Hauteskunde Prozesuaren Jarraipen Batzordeak, Gipuzkoako Hauteskunde Batzordearen ziurtagiria jasota, Juan Karlos Izagirreren hautagaitza izendatu zuen. Beraz, Gipuzkoan Foru Hauteskundeetarako zerrenda buru gisa hautagaitza bakarra aurkeztu denez, Gipuzkoan EH Bilduk izango duen hautagaia Juan Karlos Izagirre izango dela ofizialki jakinarazi zen. Momentu honetatik aurrera, Izagirre bera, Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeko kide izango da eta Foru hauteskundeetarako zerrendaren osaketan parte hartuko du. Zerrenda osoa, EH Bilduko kideek eta elkarrekin.ehbildu.eus helbidean izena eman duten gipuzkoarren artean erabakiko da bozketa bidez.
Pertsona langilea eta herrikoia
Juan Karlos Izagirre Hortelano (Igeldo, 1963), Donostiako alkate izan zen 2011-2015 legealdian eta orduztik bere ofizioan, mediku gisa jarraitu du lanean, betiere, aktualitate politikoa gertutik jarraituz. Familia medikua da Errenterian eta Sahararekin Lankidetza proiektuetan aktiboki kolaboratzen du.
Amasa Villabonako EH Bildutik ongi etorria ematen diogu Juan Karlos Izagirreren hautagaitzari eta EH Bildu berriro ere Gipuzkoako lehen indarra izan dadin lan egingo dugula berresten dugu. Juankar gure lagun eta kidearekin, helburu hori lortzeko pertsona egokia dugula sinetsita gaude eta pertsonetatik aratago, ziur gaude Gipuzkoarako proiektu eta egitasmo onenak mahai gainean jarriz, herriz herri EH Bildu indartsuagoa eraikiko dugula. Herritarrekin eskuz esku, Gipuzkoa hobetzeko lan egiteko prest gaude, jende prestatua eta egokia dugu horretarako eta gure baloreei segiz, Gipuzkoa justu, solidario, garden, jasangarri, anitz, parte hartzaile, alai eta jatorra egingo dugu!


