Pasa den asteartean Soziolinguistika Klusterrak Villabonan egindako euskararen kale erabileraren neurketaren emaitzak aurkeztu ziren udalean. 2016ko urrian eta azaroan Villabonako kaleetan egindako neurketaren datu esanguratsuenak aurkeztuko dizkizuegu jarraian.

KALE ERABILERA DATU OROKORRAK:

Euskara: %36,2. Gaztelania: %60. Beste hizkuntzak: %3,8.

grafikoa 1

 

EUSKARAREN KALE ERABILERAREN EBOLUZIOA:

Grafikoa2

2011n egindako azken neurketarekin alderatuta, kale erabilerak nabarmen egin du behera 2011n euskararen erabileraren datua %43,8koa izan baitzen. Beraz, azken 5 urteetan euskararen erabilerak %7,6ko beherakada izan du. Datu honekin 2003. urtetik 2011ra luzatzen zen gorantzako joerarekin aputzen da. Aipagarria da 2001. urtean euskararen erabilera%48,8koa zela erakusten digun datua, hala ere esan behar da orduko neurketan lagin txikiagoa erabili zela eta ondorioz datu horrek fidagarritasun maila txikiagoa duela (seguruenik 2001ean errealitatean zegoen euskararen erabilera baina datu altuagoa eman zuen neurketak).  

ADINAREN ARABERAKO EUSKARAREN KALE ERABILERA:

Grafikoa3

Adinaren araberako datu hauek ongi baloratzeko, beharrezkoa da haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak zein urte kopururen arabera sailkatzen diren jakitea: Haurrak: 0-14 urte. Gazteak: 15-24 urte. Helduak: 25-64 urte. Adinekoak 65 urtetik gora. Azken urteetako joera mantenduz, haurrak eta gazteak dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Datu hau erabat lotuta dago euskararen ezagutzarekin, jakina denez haur eta gazteen artean euskararen ezagutza askoz handiagoa da helduen eta adinekoen artean baino. 

ADINAREN ARABERAKO EUSKARAREN KALE ERABILERAREN EBOLUZIOA:

Garfikoa4

Zalantzarik gabe, taula honetan ikus daitekeen haur eta gazteen euskararen kale erabileraren eboluzioa da 2016ko kale neurketa honek eskaintzen duen daturik kezkagarriena. 2011ko datuak oso positiboak izan zirela jakinik ere, haur eta gazteen erabileraren beherakada oso handia izan da. Gazteen datua bereziki esanguratsua da, %41,6ko datuak azken hamarkadatako kale erabilerarik eskasena erakusten baitu, 2011tik %33ko beherakada izan delarik. Haurren erabileran ere beherakada nabarmena izan da baina %55,5eko datu hori 2003an edo 2006an izandako datuen antzekoa da.  


EH BILDUREN IRAKURKETA

Amasa Villabonako EH Bilduko kideok euskararen kale erabileran izandako beherakada kezka handiz bizi dugu. Azken urte luzetan izandako euskararen erabileraren gorantzako joera eteteak, eta batez ere haur eta gazteen artean euskararen erabilerak izan duen beherakada nabarmenak asko arduratzen gaitu. Datu hauek argi erakusten dute gure hizkuntzaren normalizazio prozesuan zerbait ez doala batere ongi eta horrek hausnarketa serio eta sakon bat eskatzen du. Gure ustez, datu eskas hauen arrazoietako bat azken urteetan bizi dugun euskararekiko erlaxazio orokorra izan da. Gure herriko jendartean gero eta zabalduago dauden hainbat pertzepziok beste garai batzuetan euskararekiko zegoen tentsioa jaistea eragin dute; euskararen egoera oso osasuntsua dela, euskararen aldeko borrokak zentzua galdu duela, "dena egina" dagoela etab. Horrek kalte izugarria egiten dio gure hizkuntzaren erabilerari.

Gaur egun euskarak diglosi egoeran jarraitzen du, ez da ia inon hizkuntza nagusia, euskaraz bizitzeko ezintasunak hor dirau, eta hori ezin dugu ahaztu. Bistan denez, EAEko erakunde nagusietatik abiatutako euskararen aldeko "piska bat es mucho", "Poziktibiti" edo "Euskararen Txantxangorria" bezalako marketing kanpainek ez dute emaitza positiborik eman eta Villabonako udaletik garatu den Euskara Sustatzeko Ekintza Plana-k ere ez ditu bere helburu nagusiak bete. Zentzu horretan EH Bildutik ere autokritika ariketa zintzo bat egin beherrean gaude, agian euskarari ez diogu nahikoa arretarik eskaini eta gure jandun politikoa garatzeko orduan ez dugu euskararen normalizazioa erdigunean eta lehentasunen artean izan.

Euskararen erabilera datu kaskar hauen aurrean, Amasa Villabonako EH Bilduk erreakzionatzea erabaki du:

Alde batetik, datu hauek herritarrei ezagutarazteko ahalegina egingo dugu, argitaratu eta herriko etxe guztietara helaraziko dugun aldizkariaren bitartez. Bestalde, egoera hau herritarrekin zuzenean konpartitzeko eta euskararen erabilerari bultzada berri bat emateko EH Bildutik aurrerantzean egingo dugun lana zehazteko (ideiak eta proposamenak jaso eta eztabaidatzeko...) datorren ekainaren 14an, 19:30etan euskarari buruzko Herri Batzar irekia egingo dugu udaleko Balio anitzeko gelan.

Kartela herri batzarra