- 08 Maiatza 2019
Azken egunotan PNVko Udal Gobernuaren jarduerari dagokionez, bi salaketa publiko egin dira: Lehena, Alkatearen elkarrizketa bat argitaratzeagatik Noticias de Gipuzkoa egunkariari udaleko diru publikotik 1.800 euro ordaindu izana. Biharrena, herrian zehar agertutako kartel batzuen bidez egindako salaketa publikoa da, PNVko zenbait zinegotzik eta hautagai batek (egungo alkatearen anaiak) Malkar plaza azpialdeko aparkalekuak musu truk eta baimenik gabe erabiltzea salatzen delarik.
Akusazio edo salaketa hauen larritasuna ikusirik, Amasa-Villabonako EH Bildutik honakoa adierazi nahi dugu:
1. Elkarrizketaren afera:
Duela egun batzuk, EH Bilduko zinegotzi taldea udalak azken hilabeteetan egindako gastuen fakturak errepasatzen aritu zen eta bertan jasota zegoen gastu berezi batek atentzioa deitu zien: Udalak 1.800€ ordaindu dizkio Noticias de Gipuzkoa egunkariari, Maite Izagirre alkatearen elkarrizketa bat argitaratzeagatik. EH Bilduko hautetsiek udalean faktura egiaztatu zuten eta bai, baieztatu dezakegu hori horrelaxe izan dela.
Ekinbide hau lotsagarria iruditzen zaigu, alkateak bere buruaren propaganda egiteko udalaren diru publikoa erabiltzea onartezina da eta politika egiteko modu tranpatia eta etika gutxikoa islatzen du.
2. Malkar plazako aparkalekuen erabilera irregularra:
Herriko kaleetan agertutako kartelek egindako salaketa larrien harira, EH Bildutik honako argipenak egin nahi genituzke:
1- Udalean ez da inolako erabakirik hartu, udal langileek edo hautetsiek (are gutxiago hautetsien senideek) Malkar plaza azpian, herriarenak diren aparkalekuak erabiltzeko baimena izatearen inguruan.
2- Aparkaleku horiek guztiak jabetzan daude, ez dago bakar bat ere alokatuta.
3- Aparkalekuak erosita dituztenen artean, ez dago udaleko zinegotzirik eta ezta hauen seniderik ere.
Kartel hauen bidez egin den salaketa egiaztatuko balitz, oso larria eta guztiz onartezina litzateke, herritarrekiko errespetu falta handia erakutsiko lukeeelako.
Nabarmena da, bi salaketa publiko larri hauen aurrean, Maite Izagirre alkateak eta PNVko Udal Gobernuak azalpenak eman beharko dituztela. Udal agintarien eta PNVren isiltasunak, salaketa hauek egiazkoak direla frogatuko luke eta larriagoa dena, egungo alkatetzak prebarikazioa egin duela ondorioztatu daiteke.
Espero dugu oraingo honetan azalpen eskaerak erantzun bat izatea, izan ere legealdi honetan ohikoa izan da alkateak isiltasunarekin erantzutea oposiziotik egin zaizkion galdera eta azalpen eskaerei. Portaera honen adibide ugari jar ditzakegu, hala nola duela hilabete inguru Aiurri aldizkarian alkataeak botatako gezurren aurrean edo Amavi udal aldizkarian argitaratutako gezurrezko albisteen ondoren, azalpenak eskatzerakoan jasotako erantzunik ezak.