Herri ekimenari esker, Amasa Villabona sinbologia frankistarik gabeko herria da orain
- 11 Apirila 2016 /
Lehenik eta behin Amasa Villabonako Aritza kultur elkarteari eskerrak eman nahi dizkiogu, azken urteetan gure herriko memoria historikoa landu eta berreskuratzen sekulako lana egin dute eta oraingoan ere elkarte honek egindako ekarpenari esker, dagoeneko ez da sinbolo frankista bakar bat ere geratzen gure herriko kaleetan.
2015ean garatutako ikerketa batean oinarrituta (ikerketa horren bidez herrian geratzen ziren sinbolo frankisten zerrenda osatu zen), Aritza kultur elkarteak Villabonako Udal Gobernuari ofizialki eskatu zion Francoren alderdi politikoa izan zen Falangea-JONS-i erreferentzia egiten eta oraindik Villabonako kaleetan zeuden, sinboloak (plakak etab.) ezabatuak izan zitezen.
2015eko azaroaren 30eko Villabonako udaleko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen Aritza Kultur elkartearen proposamena eta duela aste batzuk erretiratu ziren gure kaleetan gelditzen ziren sinbolo frankista guztiak.
EH Bildutik oso positiboki baloratzen dugu memoria historikoaren alorrean eman den urrats berri hau baina era berean, onartu behar dugu berandu egin dela. Ez dugu aitzakiarik jarriko, Frankoren erregimen faxistari gorazarre egiten dioten sinboloak gure herriko espazio publikotik kanpo egon behar zuten aspalditik.


