Iritziak
- Kategoria: Iritziak
KARMELO LANDA, JUANTXU IZAGIRRE, XABIER ONAINDIA, SABIN IBAZETA eta beste. GERNIKA BATZORDEA.
Gernika da, gaur egun, Euskal Herriaren irudirik ezagunena munduan, eta ez alferrik; izan ere, bi kontaketa edo errelato aurkezten dira gure azkenaldiko Historiaren inguruan, eta Gernikak badu hor zeresanik, orain azalduko dugunez.
Historia hurbilaren kontaketa ofizialak honela dio: frankismoaren zulo beltzetik irten eta demokrazia nagusitu zen Estatu espainiarrean; ETAren ekimenek zapuztu zuten bake demokratikoa; beraz, ETA desagertzea besterik ez da behar bakea berreskuratu eta demokrazia betera itzul gaitezen.
Bada, ordea, beste kontaketa bat, zehatzagoa eta Historiaren ikuspuntutik zientifikoagoa ere badena, eta Gernika aurkitzen da gure Historia hurbila argitzeko balio duen errelato honen hasieran. Gernikako bonbardaketa izan zelako, hain zuzen ere, oraingo Estatu espainiar honen ekintza fundazionala. Zuzen diogu, bai, oraingo Estatu espainiarraren jatorrian bertan kokatzen dela Gernikako bonbardaketa. Franco eta haren agintepeko hegazkin aldra hura eta militar basati haien oldea ez baitziren Gernikara eta Euskal Herrira etorri «Gobernu aldaketa» arrunt baten atzetik. Estatu espainiar berria gainezarri ziguten Gernikako eta Euskal Herriko errautsen gainean. Halako Estatu espainiarra non ezin zitekeen gurean gertatua aipatu ere egin. Non Gernikako Udalak berak izendatu zuen Franco bera «seme kutun» eta eskaini eta oparitu zion 1966.ean «Gernikako urrezko eta diamantezko domina» (sic). Estatu espainiar berri hark ezarri zuen gezur erraldoi eta mingarria: gudariek berek erre zutela Gernika, ez zela bonbardaketarik gertatu.
Franco hil zen azkenean, eta burutu zuten Trantsizioa deitu zuten itxuraldaketa Estatu espainiarrean. Zer egin zen, benetan, eta nola egin zuten? Gernikak badu hor ere zer kontatu, eta jakitea komeni da. Franco hil ondoren ere, isilpean bildu genituen, Gernika Batzordearen eraginez, 37 hartako bonbardaketa jasan eta bizirik zirauten lekukoak, nazioarteko zein bertoko kazetari bakan batzuen aurrean lehen aldiz Gernikako egia konta zezaten. Hori lortu eta jarraian antolatu zuen Gernika Batzordeak Historialarien Mahaia deitu genuena, orduko punta-puntako ikerlariak bonbardaketa argitzeko elkarlanean jarriaz. Horrela aritu ziren hamar urtez, besteak beste, Herbert Southworth, Manuel Tuñon de Lara, Pierre Vilar, Angel Viñas, Fernando Garcia de Cortazar, Jokin Apalategi eta beste hainbat historialari. Bonbardaketaren 50. urteurrena bete zenean, 1987an, entzute handiko ekitaldia antolatu zen Gernikako Institutuko Hitzaldi Aretoan, ikerketa guztien berri emanez. Gernikaren egiak maila zientifikoa hartu zuen era horretan, eta ordutik aurrera Estatu espainiarraren bertsio gezurti hura inolako sostengurik gabe geratu zen. Horri erantzun zion Alemanian, eta hango presidente Roman Herzog-ek (1997. urtean) eta Bundestag edo Parlamentuak (1998.ean) ofizialki barkamena eskatu zioten Gernikari, hegazkin eta pilotu alemaniarrek bonbardaketan parte hartu izana aitortuz. Estatu espainiarrak, aldiz, ez du inoiz zuzendu gezur erraldoiaren bertsio ofiziala. Adierazgarria, oso.
Zenbatean dirau indarrean Francok, Gernika bonbardatu ondoren, sortutako Estatu espainiar hark? Zenbatean dira gaurko Gernika, gaurko Euskal Herria, orduko bonbardaketa eta suntsiketa izugarri haren ondorio? Hauek dira, gaur egun ere, erantzun beharreko galdera larriak.
Jacqueline Roque, Picassoren alargunari eta Paloma Picasso alabari, baita Adolfo Suarezen Gobernuari ere aurkeztu genien Guernica Gernikara erreibindikazioa. Aldeko hitzak eman bai, baina Espainiar Estatuak beste plan bat zuen; Suarez zen Estatu frankistaren itxuraldatze demokratikoa emateko enkargatua. Horren barruan adostu zuen «monarkia, bandera, Espainiaren batasun zatiezina eta biolentziaren baztertzea», aurreko Estatuaren lau zutabeei eustea. Baina nazioarteko legitimazioa behar zuten. Eta zer pasaporte hoberik, horretarako, Picassoren Guernica eskuratzea baino? New Yorken zegoen depositoan koadroa, Picassok berak aginduta ezingo zela Espainiar Estatura eraman harik eta bertan berriz Errepublika nagusitu arte. Bada, Adolfo Suarezek berak jarri zituen lan horretan Jose Mario Armero eta Roland Dumas, eta Estatu Batuetako gobernuaren onespenaz, 1981 urtean lortu zuten Picassoren Guernica Madrilera eramatea. Estatu espainiar postfrankista legitimatzeko operazio propagandistiko erraldoia.
Bide berrien bila dabil Gernika. Hemen izan da Aberri Eguna. Hemen dira herri-erreibindikazio guztiak, lehendik datozenak eta berri-berriak. Hemen egunotan historialariak eta komunikabide egiazaleak, garai bateko Steer eta Southworthen jarraitzaileak; hemen preso eta erbesteratuen aldarriak; baita Gernika berri guztietatik ihesi datozen errefuxiatu berrien aldekoak. Hemen Euskal Herriak erabakitzeko aldarria. Hemen da Gernika, suntsitu nahi izan zutena eta kolore guztiak bistan Mundura birsortzen ari dena. Hemendik dator geroa.
- Kategoria: Iritziak
LUIS INTXAUSPE. Udalbiltza Partzuergoko Lehendakaria.
Aurtengo Aberri Eguna iristear den honetan, Euskal Herriarentzat esperantza eta ilusioz beteriko Aberri Eguna izango dela ziur gaude Udalbiltzan. Azken egun, aste eta hilabeteetan Euskal Herrian ezagutu ditugun gertaera eta ekimen ezberdinek gure herrian aurrerapausoak ematen ari garela ikusarazten digute, eta Euskal Herria eraikitzeko lanean bide onetik goazela sinetsarazten.
Mapa politiko-administratiboan izugarrizko aldaketak ezagutu ditugu azken hilabeteotan. Nafarroako Gobernuan, udaletan eta bestelako erakundeetan mugiezina zirudien erregimenari instituzioetako erabaki ahalmena murriztu diogu, alderdien arteko lanari eta adostasunari esker gure nortasuna, hizkuntza eta kultura aintzat hartzen dituzten instituzioak ditugu Nafarroan. Ondoren, Gasteizko legebiltzarrerako hauteskundeen ostean, legebiltzarraren osaera eta indar korrelazio berriak ditugu, erabakitze eskubidearen aldeko gehiengo batek osatzen duelarik. Eta azkenaldian Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hautetsiek Hiri Elkargoa sortu berri dute, eta horrekin subjektu politiko propio bat eratu dute hiru herrialde horiek barnebiltzen dituena, eskuduntza berriak bereganatuko dituena, baliabide ekonomiko propioak izango dituena eta kudeaketarako aukera berriak sortzen dituena. Gure Aberria osatzen duten herrialdeetako gobernu organoetan, beraz, elkarlanerako eta elkarrekin aritzeko aukera berriak zabaldu dira; etorkizunean ere landu eta gorpuztu beharko den elkarlana, eta horretarako borondatea agerikoa da ordezkari politiko batzuek adierazi duten bezala.
Une historiko eta garrantzitsua bizi izan dugu gure herrian azken egunotan, armagabetzearen urrats garrantzitsuarekin. Bakearen artisauen gidaritzapean, jendarte zibila aktibatuz, inplikatuz eta emozionatuz, Herri honek bake prozesuan aurrera egin nahi duela argi adierazi zuen pasa den larunbatean, Baionan. Armagabetzearen ondoren, oraindik bestelako pausoak eman behar ditugu, bakea lortzeko bidean egun bizi ditugun sufrimendu eta giza eskubideen urraketa egoerei irtenbidea emateko; apirilaren 8 historiko honetan, Herri honek agerian utzi du bakearen bidean hurrengo korapiloak askatzeko eta lantzeko duen gogoa eta borondatea. Eta bide hori egiteko nazioarteko ordezkaritzaren babesa izan dugu eta izango dugu.
Bestetik, igandean, Korrikaren amaieran, Euskal Herriak euskaraz bizitzearen aldeko beste aldarria egin zuen Iruñean. Hor ere, ahaztuko ez ditugun irudiak ikusi genituen, eta Nafarroan inoiz ikusi gabeko babes eta parte hartzea izan zuen Korrikak eta euskarak, euskal herritar guztiak batzen gaituen hizkuntzaren defentsan. Herrialde guztietako herritar askotarikoak elkartu ziren bertan.
Gure inguru hurbilean ere egoera politikoa baikor eta esperantzagarri ageri da. Kataluniako herria aurrera eramaten ari den prozesua eta berriki Eskoziak galdeketa berri bat antolatzeko hartutako erabakia pozgarriak dira. Ariketa zinez interesgarria da Herri batek herritarren erabakitze eskubidea gauzatzea, ariketa demokratiko eta dinamiko baten bidez, non herritarrek modu askean beren egungo eta etorkizuneko erabakiak hartzen dituzten. Europan gertatzen ari den horren guztiaren testuinguruan kokatu behar dugu Euskal Herriaren etorkizuna, herritarrok erabakitzeko dugun eskubidearen egikaritzan, ariketa demokratiko hau gauzatzean.
Horregatik guztiagatik, Udalbiltzan gogoz eta ilusioz betetako garai batean gaudela uste dugu. Aurrera begira, instituzio publikoen arteko elkarlanerako aukera berriak ditugu; euskal herritar ahaldunduak ditugu, botere handia duten herritarrak eta gauza handiak egin eta lortzeko gaitasuna duten herritarrak. Pasa den larunbatean Baionan ikusi genuen bezala, euren biziaren eta herriaren etorkizunerako urratsak tinko egiteko prest direnak, eta aurrerantzean ere egingo dituztenak. Eta, inguruko herrialdeetan ere, nazio gisa erabakitzeko bidean lanean ari diren nazio / herriak ditugu, betiere, elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz aurrera egiteko bidean.
Horregatik, deialdi berezia egin nahi dizuegu Euskal Herriko hautetsi eta herritar guztiei, igandean, hilaren 16an, Aberri Egunaren inguruan egin diren deialdi eta ekimenetan parte har dezazuen. Bizi dugun garaiaren ilusio eta esperantza hori igandean Euskal Herriko txoko ezberdinetan antzeman dezagun eta indartu dezagun denon artean.
- Kategoria: Iritziak
GURASOS ELKARTEA
Herritarrak izango dira gai honetan erabakiko dutenak: horrek ez du atzera bueltarik. Eta hori datorren otsailaren 19an ikusiko dugu. Donostiako kaleak bete egingo dira adostasuna edo liskarra, batuketa edo banaketa, guztiok irabazi edo guztiok galtzearen artean zein aukeratzen dugun ikusteko. Bertan ikusiko dugu lau urtean behin kutxa batean sartzen dugun boto-paper huts bat garen edota Gipuzkoako etorkizunean parte-hartzeko eskubidea dugun herritarrak garen.
Badakigu une hauetan zaila dela hori horrela izango dela sinestea. Ulertzen dugu herritar asko nahastuta, haserretuta eta minduta egotea. Normala da, izan ere, asteartekoa herritarrenganako mespretxua eta botere erakustaldia izan da, erakundeak gotorleku eta herritarrengatik urrun bezala ulertutako pentsamendutik egindakoa.
Erronka argia da: harresi hori harriz harri deseraiki dezagun eta eraiki dezagun guztion artean etxe komun bat.
Kezka: Botere judizialaren independentziarekiko errespetu faltagatik kezkatuta Auzitegiek boterearen praktika fiskalizatu, herritarren eskubideak babestu eta jokoaren arauak betearazteko funtzioa dute. Funtzio horrek premisa bezala behar du bere independentzia errespetatzea.
Baina kezkatuta ikusten dugu nola agintari foralek beraien boterearen erakustaldia egiten duten, Auzitegien eta Legearen gainetik beren burua jarriz. Epaiak ere zeintzuk izango diren aurreratzen dituzte.
Herritarrei deia: Beraiek izango dira erabakiko dutenak
Baina, ez al dute herritarrek agintzen? Ahaztu al dira horretaz? Otsailaren 19an gure ahotsa entzunarazteko aukera izango dugu.
Konfiantza: Orain inoiz baino gehiago gizartearen txanda da. Pazientzia izan behar dugu, lasaitasuna. Ez da ezer bukatu. Gizartearen indarrarekiko konfiantza izan behar dugu. Gizarteak izango du azken hitza. Bera delako epaile gorena.
Argitasuna: Inoiz baino gehiago. Ez dugu frustrazioan erori behar. Adostasuna eta herritarren parte-hartzearen alde egiten duen bide-orri bat daukagu. Bide horretatik urruntzea akats bat litzateke. Norbaitek banaketa eta liskarra betikotu nahi baditu, ez du lortuko. Ez dugu nahi bide horretan jarraitu.
Irmotasuna eta duintasuna: Horrek ez du esan nahi gure eskubideak zapaltzen utzi behar dugunik. Irmotasunez defendatuko ditugu kalean eta auzitegietan. Oso argi izanik azken helburua lortzeko direla: adostutako akordio bat hondakinen kudeaketaren gaiaren inguruan.
Babesa: Ez dugu ahaztu behar GuraSOS gure alaba eta semen osasunagatik kezkatutako guraso taldea garela. Ez gehiago, ez gutxiago. Gure lehentasuna beti gure txikiak izango dira eta horrela izanik, beraien alde egingo dugu aurrerantzean ere etsi gabe orain arte egin dugun bezala, gure indar guztiarekin. Atsedenik gabe. Ez dagoelako gure seme-alabak baino ezer garrantzitsuagorik.
Otsailak 19, hitzordu historikoa: “Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna, besterik ez!”/Sin conflicto, la solucion es el acuerdo” lelopean manifestazioa Donostiako Artzain Onaren katedraletik abiatuko da eta Boulevarden amaituko da San Martin, Fueros eta Republica Argentina kaleak igaro ondoren.
Manifestazioa isila izango da eta argi geratu dadin azpimarratu nahi dugu ez dela erraustegiaren aurkako edota Foru Aldundiaren kontrako manifestazioa izango. Manifestazio hau GuraSOSek proposatutako bide-orriaren aldekoa izango da, hondakinen kudeaketaren gaiari irtenbide adostu bat lortzeko asmoz. Gure eskubidea delako eta
Gipuzkoak akordioa behar duelako liskarra gainditzeko.
Manifestazioaren amaieran bertan gauden guztiok eskuak elkarri eman eta gora igoko ditugu, gizarte batasuna adierazteko asmoz.
Otsailaren 19an zuk erabakiko duzu, zatoz!
- Kategoria: Iritziak
En un momento exigente de nuestra historia, recordemos que nosotras, las centenares de miles, los millones de mujeres, personas trans, hombres y jóvenes que estamos aquí en la Marcha de las Mujeres, representamos a las poderosas fuerzas del cambio que están decididas a impedir que vuelva a resurgir la cultura agonizante del racismo y el heteropatriarcado.
Reconocemos que somos agentes colectivos de la historia y que la historia no puede borrarse como si fuera una página web. Sabemos que nos hemos reunido esta tarde sobre tierra indígena y seguimos el camino marcado por los primeros pueblos que nunca han renunciado a la lucha por la tierra, el agua, la cultura y su pueblo, a pesar de la violencia del genocidio masivo. Saludamos especialmente a los sioux de Standing Rock.
La lucha por la libertad del pueblo negro, origen de la auténtica naturaleza de este país, no puede borrarse de un plumazo. No pueden hacer que olvidemos que las vidas negras sí importan. Este es un país fundado sobre la esclavitud y el colonialismo, lo que quiere decir que de una forma u otra la historia de Estados Unidos es una historia de inmigración y esclavitud. Fomentar la xenofobia, arrojar acusaciones de asesinato y violación y construir muros no borrará la historia.
Ningún ser humano es ilegal.
La lucha por salvar el planeta, por parar el cambio climático, por garantizar el acceso al agua desde las tierras de los sioux de Standing Rock hasta Flint, Michigan, y Cisjordania y Gaza. La lucha por salvar nuestra flora y fauna, por salvar el aire. Esa es la zona cero de la lucha por la justicia social.
Esto es una marcha de mujeres y esta marcha de mujeres representa la promesa del feminismo contra los perniciosos poderes de la violencia del Estado. Y es el feminismo inclusivo e interseccional el que nos reclama para que nos unamos a la resistencia contra el racismo, la islamofobia, el antisemitismo, la misoginia y la explotación capitalista.
Sí, saludamos la lucha por los 15 (por un salario mínimo de 15 dólares la hora). Nos comprometemos con la resistencia colectiva. Resistencia contra los que se lucran con las hipotecas multimillonarias y la gentrificación. Resistencia contra los partidarios de la sanidad privada. Resistencia contra los ataques a musulmanes e inmigrantes. Resistencia contra los ataques a personas con discapacidad. Resistencia contra la violencia del Estado perpetrada por la policía y a través del complejo industrial penitenciario. Resistencia contra la violencia de género institucional y personal, especialmente contra las mujeres trans de color.
Los derechos de las mujeres son derechos humanos en todo el planeta, y por eso pedimos libertad y justicia para Palestina. Celebramos la futura liberación de Chelsea Manning. Y la de Óscar López Rivera. Pero también pedimos libertad para Leonard Peltier. Libertad para Mumia Abu-Jamal. Libertad para Assata Shakur.
En los próximos meses y años, seremos convocados para intensificar nuestras demandas de justicia social y ser más radicales en nuestra defensa de poblaciones vulnerables. Será mejor que tengan cuidado los que aún defienden la supremacía del heteropatriarcado blanco.
Los próximos 1.459 días de la Administración de Trump serán 1.459 días de resistencia. Resistencia sobre el terreno, resistencia en las aulas, resistencias en los empleos, resistencia en nuestra arte y nuestra música.
Esto es sólo el principio. En palabras de la inimitable Ella Baker, «los que creemos en la libertad no podemos descansar hasta que la consigamos». Gracias.
- Kategoria: Iritziak
Ikotz Arrese Otegi- EH Bilduren, Hezkuntza arduraduna
"Hautsak harrotu dituzte azken egunotan PISA probak eta horren emaitzak. Irakurketa asko egin da PISAk utzi dizkigun datuen inguruan. Interpretazio horiek guztiak, baina, nork egin arabera, zentzu bat edo beste izan dute. Denok konpartitzen duguna, hala ere, emaitzak kezkagarriak izan direla, gure sistemak bizi zuen konfort egoera bukatu dela eta arduraz erantzun beharra dugula da. PISAren emaitzek, irakurketa tekniko edota pedagogikoaz gain, irakurketa politikoa ere beharrezkoa dute.
OCDEk egiten du PISA proba, hiru urterik behin, hautatuko 15 urteko ikasleen artean. OCDEren helburuak, hezitzaileak izatetik urrun, erabat ekonomikoak dira. OCDE ekonomiaren sustapenerako erakundea da eta horri jarraiki antolatzen du PISA. Kalifikatzen dituen hiru arloei —matematika, zientziak eta irakurmena— ikuspegi erabat merkantilista eransten die. Hori horrela izanik ere, egun, mahai gainean dugun mundu mailako hezkuntza adierazle nagusienetakoa da, eta arreta jartzea merezi du.
Utzi digun ondorio nabarmenetako batzuk Isabel Celaák abiarazi eta Cristina Uriartek jarraipena eman dien murrizketen kalteak izan dira. 2009tik hona, 221 milioi euro inguru murriztu da hezkuntzara bideratutako diru atala. Horrek erabateko eragina du sistemaren beraren kalitatean eta ebaluazioen emaitzetan. Eta, ondorioz, gure ikasleen heziketan. Ikasle gehiago dago eskoletan (%10), baina irakasle gutxiago (3.600). Ratioa 17,44tik 19,62ra igo da. Irakasleek hartzen dituzten bajak ordezkatzeko atzerapenak luzatu dira. Zuzendaritza taldeei eskaintzen zaizkien bitartekoak erabat eskasak dira. Hizkuntza eta hezkuntza proiektuak lantzeko laguntzarik ez dago. Plantillaren %30 mugikortasun egoeran dago…
Azken urteetan agerian gelditu da, gainera, bi erritmoko hezkuntza sistema sortzen ari dela. Ikasle guztien aukera berdintasuna bermatu, jendartean dauden desorekak gainditu eta ekitatea bultzatzetik urrun, ezberdintasun horietan sakondu besterik ez da egiten ari. PISA datuek argi erakutsi dute maila sozioekonomiko eta kultural (ISEC) ezberdinetako ikasleen emaitzen arteko amildegia handituz doala.
Horretaz gain, aipatu beharra dago nahiz eta EU2020-k edota Heziberri2020-k sarri ikasleen konpetentziak aipatu, ikastetxeetako errealitateak testuliburu bidez eta ohiko metodologiarekin gaiak lantzera garamatzala. Burokrazia administratiboan itota, bestelako ereduak lantzeko ezintasuna dute irakasleek, LOMCEk inposatzen digunaren menpe daudelako.
Iragan astean, Henry Heimlich hil zen. Albistea irakurri eta burura etorri zaizkit Gasteizko Hezkuntza Plataformaren hitzaldi baten Ruben Iglesias oriotarrari entzundako hitzak: «Zertarako balio dio ikasle bati azterketa baterako Heimlich maniobra buruz ikasteak, ez bada gero gai behar duen horri laguntzeko lasaitasuna mantentzeko, egoera aztertzeko eta, behar izanez gero, 112ra berehala deitzeko?». Alegia, Heimlichek planteatutako pausoak beharrezkoak dira, edukiak inportanteak dira, baina eduki horiek bezain inportanteak dira horiek egoera errealetan aplikatzen jakitea. Gaitasunak izatea, alegia.
Gure ikasleak lanez lepo daude. Azken datuek erakusten digute bertoko ikasle batek 6,5 ordu ematen dituela batez beste astean etxerako lanak egiten. Finlandian 2,8 ordu dira. Gainera, 11 urteko ikasleen %35ek aitortu du etxerako lanekin itota dagoela. 15 urteko datuari erreparatuz, %70ean dago kopurua. Sortzen elkartearen talde pedagogikoak duela hilabete batzuk aditzera eman zuen eskolaz kanpoko lan itogarriek «ikasleengan estresa era ezinegon larria sortzen dutela. Ezer onik ez».
Konpetentziez edo gaitasunez hitz egiten da hezkuntza komunitatean, baina, praktikan, PISArekin bezala gainontzeko proba eta ebaluazioetan (gogoratu gurean dirautela LOMCEren araberako LHko 3. Eta 6. mailako azterketek), ikasgai konkretuak kalifikatzen dira 0tik 10erako notarekin. XXI. mendeko erronkei Frantziako iraultzaz geroztik hedatutako eskola eredu igualekin erantzuten diegu.
Askotan esan dugu: nolako hezkuntza, halako herria. Nolako hezkuntza, halako jendartea. Aldatu dezagun, beraz, gure hezkuntza eredua. Kokatu dezagun gure hezkuntza sistema XXI. mendeko Euskal Herriaren eta euskal jendartearen mesedetan. Kokatu dezagun gure hezkuntza belaunaldi berriak kritikoak, sortzaileak eta zoriontsuak izan daitezen. Horra erronka.
Honi guztiari irtenbidea ematea aldera, EH Bildun proposamen konkretua jarri dugu mahai gainean: alderdi politiko, hezkuntza eragile eta jendarte zibilaren arteko elkarlanaz akordioa erdiestea.
Inplikatutako sektore guztiok mahai baten bueltan eseri beharra dugu. Norberaren zilborrari begiratzeari utzi eta euskal hezkuntzaren mesedetan jarduteko borondatea behar dugu. Hori horrela, hiru dira EH Bildun planteatzen ditugun erronkak.
Lehenik eta behin, guztion artean gure hezkuntzaren diagnostiko erreal eta integrala egin behar dugu. Ondoren, aurrera begirakoa zehaztu eta batzen gaituzten helburuak definituz hezkuntza akordio anitz, zabal eta tinkoa osatu beharra dugu. Azkenik, akordio horretatik eratorritako kanpoko esku-hartzeak ekidin eta gure sistema berritu, blindatu, kalitatea hobetu eta ekitatean sakonduko duen hezkuntza lege berri eta burujabea eraiki behar dugu.
Hau da EH Bilduren asmoa eta horren alde jarduteaz gain, horretan inbertituko ditugu gure indarrak. Atera dezagun, beraz, gure hezkuntza jada balio ez duen konfort egoeratik, eta kokatu dezagun eredu berri baten norabidean."