- Kategoria: Iritziak /
- 16 Abuztua 2019
Berriki Estatuko Aldizkari Ofizialak orain arte errekonozimendu ofizialik ez zuten 4.427 herritarren izen-abizenak argitaratu ditu; Adolfo Lozano Olazabal billabonatarra da tartean albistea agertu da hainbat agerkaritan. Bigarren Mundu Gerran, Alemaniaren esku zegoen kontzentrazio eremu batean hildako herritarrez ari da. Lehen sentsazioa: amorrua eta bere alabarekin akordatu naiz. Badira kasik 4 urte, sakon aztertu genuela kasu hau gure herrian, omenaldi postumoa eta guzti egin genion herriko plazan eta plaka bat eskegi genuen bere jaiotetxe atarian- inork gutxik kasu egin zigun orduan, krimen baten aurrean ginela ohartarazi genuenean. Orain, Estatuak berak, nola edo hala gogo txarrez aitortu behar izan du, Adolfo hil egin zutela Europaren bihotzean, infernua pasarazi ondoren.
Estatuentzat bizitza denak ez dira berdinak. Horregatik behar ditu historia ukatzen duten errelato desberdinak sortu, garaituak eta garaileak eskeman oinarrituta. Euskaldunok ere badakigu horretaz zerbait. Estatuak bere biolentziaren erabilera justifikatzeko baliatzen dituen estrategiak dira. Gorputz guztiak ez dira berdinak Estatuarentzat.
Adolfo, ezkertiarra zen. II. Errepublikan tenientea izan zen, Espainiako errepublikaren alde bizitza eman zuen billabonatarra izan zen gainera, irakasle izatearekin bat. Bizitza eman eta kendu egin zioten, esan dezagun. Gerra galdu eta errepresio bortitza gero, tortura, pertsonak masiboki hiltzeko gas kamerak. Mauthaussengo kontzentrazio eremua bisitatu genuenean -Adolforekin batera bertara eraman zuten beste billabonatar baten kasua ikertzeko helburuarekin baita ere- odol usaina sentitu zitekeen oraindik ere bertan. Oilo ipurdia jartzen da oraindik ere, haren inguruan idaztean. Orain turistak eta unibertsitateko ikertzaileak bakarrik ikusten dira handik paseoan, baina, han Europako demokraziaren lotsak ikusi genituen. Demokrazia hori errepublikaren alde lan egin zuten herritarren odolez zikindutako eremu horien galbahean eraiki delako. Horregatik da, demokrazia hori hain ahula.
Espainiar zein Europako demokraziaren nolakotasunaren adierazgarri da kasu hau, demokrazia deitzerik badago, kasik 78 urteren ondoren halakoak onartzen dituena. Demokrazia ahula da bere herritarrak modu masiboan heriotzara kondenatzen dituena, izan mediterraneoan, izan kontzentrazio eremu batean, desertuko beroan edota pobrezian…demokrazia sanoek bere herritarrak zaindu behar dituzte. Adolforen historiak, herrien askatasunaren alde egindako gizon intelektual konprometitu baten erretratua dauka atzean. Bizitza antolatu bat, familia, albo batera utzi eta bizitza oso bat borrokari emana. Jarri daitezela bere alaba Kontxiren aurrean eta begietara begiratu eta azalpenak eman zergatik ez zuen bere aita inoiz bizirik ezagutu.Adolfo, izan zirelako gara! Muxuak Kontxiri.
Esti Amenabarro Iraola.EHUko irakaslea.
Aritza Kultur Elkarteak Adolfo Lozanori buruz egindako lana ikusteko hemen: