Pasa den urteko ekainean jaso genuen lehen aldiz komunikabideetan Amasa-Villabonaren 400. urteurrenerako udalak zituen asmoen berri. Aurkezpen prentsaurrekoan, Maite Izagirre alkatea eta bere udal-taldeko lau zinegotzi ageri ziren (horietatik hiru, kanpotarrak) eta atzealdean urteurreneko logotipoa edo irudia. Egia esan txundituta geratu ginen eta galdera ugari etorri zitzaizkigun burura: gu ere herritarren ordezkariak izanik, nolatan ez zitzaigun aurkezpen publiko bat egingo zela jakinarazi? nork egin ote zuen urteurrenaren irudia?

Lehen galderaren erantzuna argia da, jeltzaleek eurek bakarrik egin nahi izan zuten aurkezpena, eta nahiago izan zuten komunikabideen aurrean jakinarazi, udaleko batzorde informatzaile batean baino. Nolabait boterean beraiek daudela ikusarazi nahi izan zuten, 1000 herritarretik gora ordezkatzen ditugun beste zinegotziei txintik ere esan gabe.

Urteurreneko irudiari dagokionez, udalbatzan irudi hori nork egin zuen galdetu genuenean, PNVko ordezkariak "komunikazio enpresa batek egin du, baina ez dugu gogoratzen zehazki zeinek" erantzun zigun. Udaleko ekonomia sailera joan eta fakturen artean begiratuta jakin genuen egia: udalak Ordiziako PNVko militante bati ordaindu zion irudi hori egiteagatik. PNVren jardunean ohikoa den klientelismoaren adibide argia. Ez al litzateke egokiagoa herriko urteurrenaren irudia amasa-billabonatar batek egitea? zergatik ez zen festetako programaren azalarekin egiten den bezala lehiaketa publikorik egin? Aipatzekoa da udalak irudi edo logotipo hori zabaltzeko gutxienez 11.300 euro gastatu dituela (poltsak, aterkiak, zapiak...).

DfgIB4XX0AALDX5

Maite Izagirre alkateak eta Mertxe Garmendia kultur zinegotziek honakoa esan zuten aurkezpen publiko hartan: "aktibitatez beteriko programa zabala sortzeko bi lan mahai sortu nahi ditu udalak. Lehenengo mahaian, talde politiko guztien parte-hartzearekin, ezaugarri instituzionala dituzten gaiak landuko dira. Bigarren mahaiak, herriko kultura eta kirolarekin lotuta dauden pertsona eragileak batuko ditu, udalerriko ezaugarriak dituzten proposamenak garatu ahal izateko." Adierazpen hauek 2018ko ekainean egin ziren.

Guk, EH Bilduko zinegotzi taldeko kideok planteamendua begi onez ikusi genuen gure ustez herri baten urteurreneko ospakizunak antolatzeko garaian, herritarrek eta herriko elkarteek modu irekian parte hartu ahal izatea funtsezkoa baita.

Baina sortzekoak ziren bi lan mahai hauen ibilbidea tamalgarria izan da, bi bilera soilik egin direlarik: 2018ko ekainean lehena eta irailean bigarrena (eta azkena). Guk bi bileretan parte hartu genuen eta hainbat proposamen eta ideia aurkeztu genituen.

Hirugarren bilerarako deialdia itxaroten ari ginen bitartean, urtarrilaren 30ean, danba! berriro ere komunikabideetan prentsaurreko berri bat, eta oraingoan Amasa-Villabonako 400. urteurreneko ekintzen aurkezpen publikoa zen! Dagoeneko egitaraua erabakita zegoen eta komunikabideen aurrean aurkeztu zuten.

PNVren udal gobernua berriro ere azpijokoan aritu da, ezkutuan, bi edo hiru politikariren artean bulego itxi batean erabakiak hartzen, eta okerragoa dena, lan mahai hauek desagerraraztea erabaki dute, bertan parte hartzen ari ginenoi inolako azalpenik eman gabe.

Hori bai, guztion dirua erabiliz sekulako egitaraua antolatu dute: orkestrak, Benito Lertxundi, Paco Ibañez, musika hamabostaldiko kontzertua, Realaren entrenamendua, ekitaldia "Euskadi mailako autoritateekin" etab. Urte hasieran 50.000 euro ezarri ziren egitarau hau antolatzeko, gure ustez diru askotxo zena, baina badirudi ez dela nahikoa izango eta orain 62.000 eurotara igo dute aurrekontua. Lehengo 10.300.000 pezeta baino gehiago alajaina! 

Hau da PNV estiloa, herriko urteurrena herritarrekin eskuz esku eta denok batera antolatu, ospatu eta gozatu beharrean, dirua (publikoa) mahai gainean jarri eta kanpotik sekulako ikuskizunak ekartzea, "a lo grande". Guri ere gustatzen zaigu Benito, eta gustura joango gara kontzertura, baina gehiago gustatuko litzaiguke herritarrak partaide izango liratekeen ekimen bat, Gartxot-ekin egindako herri antzerki ahaztezin hura bezalaxe. 

Gainera, urteurrenaren data urrian izan arren, kasualitatez ekintza esanguratsuenak maiatzean egingo dira, udal hauteskundeen bezperan. Guk honi denon diruarekin hauteskunde kanpaina egitea deitzen diogu, alderdikeria eta elektoralismo lotsagabea.

 

 

Xabat Laborde Etxabe.

EH Bilduko zinegotzia Amasa-Villabonan.