EH Bilduk HERENEGUN Unitate Didaktikoaren esperientzi pilotuari buruz duen iritzia adierazi nahi dio euskal gizarteari. Azterketak programa horren edukia eta eman zaion forma barnebilduko ditu.

1.- Ikuspegi politikoa

Eduki aldetik esan behar dugu HERENEGUN proiektuak ez duela era objektibo batean iragan 50 urteetan gure herrian gertatutakoa jasotzen. Ez da egia agertzeko tresna bat, gertakizun historiko batzuen inguruan irakurketa politiko, ideologiko, subjektibo, eta beraz, eztabaidagarri bat hedatzeko tresna bat baizik. Irakurketa edo ikuspegi politiko horren arabera, badaude posizio batzuk kritikatu beharrekoak, autokritika egin behar dutenak, eta beste batzuek, ordea, gailentasun moral baten ikuspegitik alderdi edo parte bateko irakurketa zabaltzen dute. Beraz, “errelatoaren guda” deituriko horren beste tresna bat izateko asmoz osatu da material hau, errelato zehatz bat, EAJrena zehazki, ardatz gisa hartzen duena, eta, beraz, errelato partziala, bestelako errelatoak baztertzen dituena.

Indar politiko guztien iritziak jasotzen dira, baina EH Bilduk iraganari buruz egiten duen irakurketa ez da inolaz ere jasotzen. EH Bilduren barruan ardura ezberdinak izandakoen aipu bakarrek presentzia oso txikia eta laburra dute lanean zehar, desproportzionatua EH Bilduk daukan ordezkaritza sozialarekin. Edonola ere, ez da kontu kuantitatibo hutsa: ez zaie eman EH Bilduren errelatoa agertzeko inolako aukerarik. Euren kasuan, galderek ez dute errelato propioa azaltzea ahalbidetzen, beste sentsibilitate politikoei egiten zaizkien eran; besteek duten errelatoari buruzko galderak dira, besteek EH Bilduri egozten dioten erantzukizunaz edo posizioaz galdetzen zaie. Jone Goirizelaiari ez zaio galdetzen zein den bere iritzia gure herrian azken 50 urteetan gertatutakoaz, baizik eta besteek duten iritziari buruzko galdera egiten zaio: “zergatik ez duzu kondenatzen”, EH Bilduren edo ezker independentistaren iritzia horretara mugaturik. Hasier Arraizi egiten zaion galdera ez da zein posizioa izan zuen, baizik eta “bere posizioaren kontra autokritika” egiten duen, ezagutarazi gabe zein den bere jatorriko jarrera edo pentsaera.

Ezaguna da EH Bilduren jarrera politikoa iraganarekiko, eta baita ere hainbat erakunde, foro eta gizarteari begira zabaldu nahi duen mezua. Ezaguna da. Legitimoa da hala izatea. Eta ikuspegi hau ez dago inolaz ere jasota dokumentalean, ikuspegi guztiz zentsuratzailea izanik.

2.- Kontaketaren fokatze okerra

ETAren bortizkeria izan da jatorrizko bortizkeria, bakarra, gainontzeko bortizkeriak probokatu dituena. ETArekin hasi eta ETArekin amaitzen da herri honetan egon den bortizkeriaren historia. ETAk hartu zuen bortizkeria erabiltzeko hautua eta, ostean, bortizkeria uzteko hautua. Frankismoa, trantsizioan Estatua demokratizatzeko errenuntzia, Estatuaren terrorismoa, bortizkeria, Euskal Herria demokratikoki bere etorkizuna erabakitzeko ukazioa… hori guztia testuingurua da, paisaia baino ez. EH Bilduk, ordea, uste du bazegoela bortizkeria ETAren aurretik eta, tamalez, bortizkeria dago ETA desagertu ostean. 50 urte hauek, bost hamarkada hauek ezin dira azaldu ETA protagonista bakartzat hartuta, behintzat helburua gertatutako errealitatea kontatzea baldin bada, eta ez “dena ETA (izan) da” teoria horren formatu sofistikatuago eta leunago bat inposatu nahi izatea proiektu honen bitartez.

3.- Akatsak

Lan honek akats nabarmenak ditu. Nabarmenena Josu Muguruzaren erailketarena da. Birritan dio GALek erail zuela eta Kronologian 1986an kokatzen du atentatua. 1989an izan zen, jakina.

6. orrialdean dio GALek 29 pertsona hil zituela, baina 27 izan ziren iturri gehienen arabera.

8. orrialdean agertzen da “Josu Bolinaga”, kartzelatik oso gaixo atera zenean Espainiako prentsak bere kontrako kanpaina egiteko erabili zuen goitizena. Bere benetako izena Josu Uribetxeberria Bolinaga zen.

8. orrialdean ere dio Auzitegi Gorenak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri ziela HBko Mahai Nazionaleko kideei. “Gerora zigorrak nabarmen murriztu bazituzten ere”, eransten du gero. Bada, Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen Gorenaren epaia (ordurako 20 hilabete zeramatzaten espetxean). Hortaz, ez da zuzena esatea murrizketa baino ez zela izan.

Dokumentuak dio ETAk eta inguruko erakundeek 853 pertsona hil dituztela eta ohar batean hainbat iturri aipatzen ditu zifra hori emateko. Iturri horiek guztiak ez datoz bat zifrari dagokionez, hain zuzen ere neurtzeko era ezberdinak erabili direlako. Zenbaki hori emateko iturri bakar bat agertu behar da, erabakiz zeini ematen zaion sinesgarritasuna.

4.- Zalantzazko irizpideak edo eztabaidagarriak

8. orrialdearen amaieran esaten da “indar nazionalistek (euskal nazionalismoa edo espainiar nazionalismoa den argitu gabe, testu osoan gertatzen den dikotomia desegokia eginez) Euskadiren bakegintzaren aldeko apustua egin zuten, ETA-HBrekin indarkeriari elkarrizketa bidezko amaiera emateko”: Honek bi komentario merezi ditu: lehenik eta behin, ETA-HB binomio hori onartutzat ematen da. Horrela, “dena ETA da” ezagunaren gatibu da komentarioa, bi erakunde ezberdin eta jarrera eta jardun independente eta oso ezberdinak zituztela. Bestetik, HBk ez omen du osatzen indar nazionalisten talde hori bakegintzaren aldeko apustua egin zuena. Errelato horrek ez du ez hankarik ez bururik, HBk eta gaur egun EH Bildu barruan egon daitezkeen sentsibilitateek irtenbide negoziatu baten alde izan duten jarrera ikusita.

“Sufrimenduaren sozializazioa” ezker abertzaleari egozten zaion terminoa omen da, horrela bere dokumentazioan inon agertu ez bada ere. Sufrimendua hedatzeko “ETAren ingurua” deiturikoek, kategoria gisa hartuta, “bultzatutako eta gauzatutako mobilizazio eta kale-indarkeriarekin, beldurrarazteko modu bat zen Europako lehen faxisten indarkeria “eskuadrista” gogorarazten zuena”. Inolako parekatzerik ez duten gertaerak aipatzea era sentsazionalista eta belizista batean neurrigabekeria da, lexikoa desarmatzeko beharrean gauden honetan.

9. orrialdean dio, ‘Egunkaria’-ren itxierari dagokionez, atxiloturiko batzuek tratu txarrak salatu zituztela. Testuinguru horretan “tortura” hitza saihestea ez da inolaz ere zilegi. Tratu txarrak eta torturak salatu zituzten.

Badago 12. orrialdean beste zerbait aipatzeko modukoa. Bertan dio “70 eta 80ko hamarkadetan terrorismoaren biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari zegokionean, nabarmen gertatu ziren gabeziak. Biktimak ez zeuden agendan, ez ikusiarena egiten zen haiekin. Jarrera hori dela eta, autokritika argiak eta esanguratsuak egin dira gerora. Euskal erakundeek, gutxienez, hala egin dute”. EH Bilduren ustez, “gutxienez” horrek ezkutatzen duena da, espainiar instituzioek ez dutela inoiz biktima guztien errekonozimendu osoa egin, nahiz eta beraiena izan zen horren ardura nagusia. Egia da euskal erakundeek ez dutela oraindik bide hori bete, baina nabarmena da Estatuak sortu dituen biktimak errekonozitzeko duen ezintasuna, eta hori azaldu behar da.

6. orrialdean dio GALek 13 biktima zibil eragin zituela. Ez dugu ulertzen nola eta zer helburuarekin sailkatzen diren GALen biktimak, ETArenak ez direnean horrela sailkatzen. GAL espainiar inteligentzia zerbitzuek asmaturiko sigla batzuk besterik ez ziren izan. Beste horrenbeste gertatu zen ATE, BVE eta enparauekin. Talde horiek ez ziren inoiz existitu entitate independente moduan. Ipar Euskal Herrian egindako atentatu guztiak (gehi Karakas eta Parisekoak) espainiar Estatuak antolatu eta berak ordaindutako funtzionario edo mertzenarioek egin zituzten. Ez zen egon bakar bat “talde ultraeskuindar” delakoak egindakorik, beste gauza bat da ideologia hori izatea. Eta espainiar Estatuan egindako gehienak ere Estatu terrorismoaren ardurakoak izan ziren. Ultraeskuindarrek ere egin zituzten batzuk (Iturbide eta Zabala) eta nabarmena da utzi egin zietela egiten.

6. orrialdearen bukaeran informazio garrantzitsua ezkutatzen da: Galindo eta Vera aipatzen dira, Barrionuevo ez aipatzearena ez da kasualitatea. Sancristobal bai, baina Elgorriaga ez du aipatzen eta Danborenea are gutxiago.

Aipatzen da sortu zela “zenbait antolakunde bakezaleen eskutik (Denon Artean, Gesto por la Paz, Bakea Orain, Elkarri...) bakearen aldeko kultura”, baina nahita ahazten ditu beste eragile sozial batzuk, beste ikuspegi politikoa zutenak, gertutasunerako gunea bultzatu zutenak, Maroñoko topaketak, adibidez. Aipatzen dira beste ekimen batzuk, aintzat hartzekoak, adibidez, biktima ezberdinak batera agertu zirela Glencreen, baina elkarte batzuen ekarpena goraipatzeko intentzioarekin, kanpo uzten da beste batzuen ekarpen eta borondatea.

5.- Onartezina den irakurketa: “gerra zikina” erantzuna emateko.

EH Bilduren iritziz, guztiz onartezina da esatea “gerra zikina” erantzuna emateko terrorismoa izan zela. Are gehiago, esaten da “Estatuko estamentuekin lotutako sektoreak ados zeuden; jakinaren gainean egon ziren edota konplizeak ere izan ziren kasu batzuetan”. Ez zeuden bakarrik “jakinaren gainean”, ez ziren “konplizeak”, baizik eta estamentu hauek eta bertan zeuden arduradun hauek izan ziren terrorismoa antolatu zutenak. Gainera, terrorismoa ekiteko Estatuaren tresna eta baliabide guztiak izan zituzten eskura. Eta agian garrantzitsuena dena, Estatuak eskaini zien inpunitate guztiaz baliatu ziren, ez hitz egiteagatik jaso zuten sariez, kondekorazioez eta promozio pertsonal eta laboralaz. Nazioarteko komunitatearen aurrean Giza Eskubideak defendatzeko eta bermatzeko konpromisoa hartu duen Estatuak sortutako, baliabidez hornitutako eta inpunitatez babestutako terrorismoa, alegia. Barne Ministroa, Segurtasuneko Estatu Idazkaria, Gobernuko hainbat ordezkari eta Guardia Zibilaren buruak ez dira “Estatuko estamentuekin lotutako sektoreak”, eta haiek egindakoa ez da konplizitatea. Justizia lortu ahal zen kasu bakanetan epaileek ez zituzten konplizitateagatik kondenatu Barrionuevo, Vera eta enparauek. Esaldi hori ez dator bat egiarekin eta programak Estatu terrorismoarekin duen jarrera leuna adierazten du.

6.- Kritika ala autokritika?

Proiektu osoaren muina sentsibilitate politiko bati egiten zaion kritika da. Sentsibilitate horretako lagunek ustez egin edo ez egin, edo adierazi edo pentsatu zutenagatik egindako kritika. Gailentasun etiko batetik egindako kritika. Hau kapitulu bakoitzaren amaieran azpimarratzen du EAJren eledun batek edo bere tesiarekin bat datorren testigantza batek. Horrela jarduten dira kapituluetan zehar gainontzeko sentsibilitate politikoak. Aldi berean, “gerra zikina”-ren ardura sentsibilitate zehatz horren gain jartzen da, “gerra zikin” hura erantzun gisa hartuz.

Esan bezala, gaur EH Bildu denaren sentsibilitate politikoa ordezkatzen dutenak ere autokritika ikuspegi batetik bakarrik agertzen dira. Eta iraganean sentsibilitate politiko hori izan zuten batzuk ere agertzen dira, damuaren testigantza egiteko, hain zuzen ere. Horren adibide nabarmena da preso ohi baten agerraldi luze eta zabala. Aldi berean, ordea, lanak ez dio tratamendu berdina ematen Estatu terrorismoa edo bortizkeria praktikatu zuten funtzionario edo Gobernuko ordezkariei: ez autokritikarik, ez damurik, ez “hiltzea gaizki egon zen” adierazpenik. Agian Estatuak bortizkeria praktikatu zuenean ez zelako horren gaizki egon, ez zen horren injustua izan edota erantzuna edo defentsa bidezko terminoetan eman zelako.

7.- Forma arazoak

HERENEGUN programa ez da sortzen prozesu parte-hartzaile batetik edo ibilbide partekatu batetik, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzak hartutako erabaki batetik baizik. Ez du inoren ikuspegia bilatu, ez du inorekin partekatu bere ikuspegia, ez du parte hartzeko inolako biderik proposatu. EH Bilduk ez du izan inolako gunerik bere iritzia jakinarazteko, lana amaitutzat agertu zen arte.

Orain, polemika zabaldu denean, biktimen elkarte eta posizio politiko zehatz batzuetatik ahotsa goratu denean, planteatzen zaigu ekarpenak egitea. Baina betiere amaituta den lan baten gainean. Gauzak ez dira horrela egiten. Existitzen dira markoak talde politikoekin eta beste edozein eragilerekin iritziak erkatzeko, prozesua parte-hartzailea izan zedin. Are gehiago, Legebiltzarrean Ponentzia bat martxan dugu horrelako gaiak tratatzeko. Marko horri Idazkaritzaren partetik erakutsitako errespetu falta ere nabarmena izan da. Lan hau “egintza burutua” bezala aurkeztu da, lankidetza eta parte-hartzeari muzin eginez.

Alegazioak eskatu zaizkigu orain, berandu eta eztabaida polemika bilakatu denean. Horren ardura guztia Idazkaritzarena da. Ez gaude batere ados prozedura honekin. Esperientziak erakusten digun moduan, alegazio horiek ez dute bilatzen lana hobetzea (oreka ezinezkoak dituelako), lana legitimatzea baizik. Ez da lehenengo aldia izango Idazkari jaunak kolektibo batzuen iritzia zabal jasotzen duela eta EH Bilduren aipu ziztrin bat besterik ez, guztion alegazioak barnebildu direla ondorioztatzeko, oreka egokia lortuta.

Ez dugu legitimatuko proiektu hau alegazio hauek aurkeztuz; balio dezaten hauek EH Bilduren iritzia ezagutzeko.

8.- Konpondu gabeko gai sozial gatazkatsua

Hezkuntza eremura Gai hau Hezkuntza eremuan landu nahi da. Beste behin ere, aldez aurretik fundamentuzko inongo lanketarik egin gabe inplikaturiko eragileekin. Soilik bi esparrutan aurkeztu da plan hau, eta bietan modu informatibo hutsean: Euskadiko Eskola Kontseiluan lehenengo eta GIZALEGEZ gunean ondoren. Gainera, ekarpenak egiteko oso denbora tarte urria eman zaie Hezkuntza arloko eragileei, berriz ere inongo irizpiderik gabe eta hausnarketa sakonik gabe; jakin gabe ere euren ekarpenak onartuak izango diren ala ez, ezta zein irizpideren baitan ere.

Honek, gainera, irakasleen gain uzten du Jaurlaritzak zehaztutako unitate batzuen deskargoaren ardura. EH Bilduren ustez, irakasleak errelato bakar bat zabal dezaten erabiltzea litzateke; alegia, irakasleak Gobernuaren plan politiko bat inposatzeko tresna gisa erabiltzea.

Gainera, horrelako lanketaren bat Hezkuntzan egin beharra balego, aurrez horrela adostua balitz, ez zaigu iruditzen Historia ikasgaian txertatua joan beharko litzatekeenik. Hau da, Historia ikasgaian ‘Euskal Herriko Historia’ irakatsi behar da. Gure herriak bizitako historiaren kontakizun ahal bezain objektiboena kontatu behar da. Historia inklusibo eta askotarikoa. Honen helburua ez da hori.

Azkenik, Jaurlaritzak LOMCErekin egin zuena egin nahi du honekin ere; alegia, LOMCE aplikatzeko Heziberri sortu zuen, antza, baretuagoa izango zelakoan LOMCEren euskal aplikazioa gauzatzea. HERENEGUN ildo berean doa: LOMCEk agintzen duen “terrorismoa deslegitimatzeko ikasgaia” zuzenean aplikatu beharrean, euskal kutsua txertatu eta HERENEGUNen bitartez bideratzen du aipatutako LOMCEren agindua.

Komunikabide eta iritzi-emaile batzuek salatu dute Terrorismoaren Biktimen Zentro Memorialaren unitateek GAL ez dutela behar bezala aintzat hartzen eta GAL taldea legitimatu egiten dutela. Zalantzarik gabe, desegokiagoa izango da programa hori euskal gizarteak duen ikuspegitik, baina ezin dugu HERENEGUN babestu, desegokia izanik, beste proiektu bat are desegokiagoa delako.

9.- EH Bilduren jarrera orokorra HERENEGUNekiko. Ondorioak:

EH Bilduk badu bere errelato propioa, ezaguna dena, eta eskubide osoa du hori gizarteari helarazteko. Errelato horretan gure termino propioak erabiltzen ditugu, “gure errelatoa” den heinean. Helburua memoria ezberdinen “mosaiko” bat egitea, errelato “poliedriko” bat egitea balitz, bakoitzak askatasunean eta zintzoki egiteko aukera izan beharko luke. Helburua ezberdinen arteko errelato adostua egitea bada, kontziente gara adostasun bat lortzeko ezinezkoa dela nork bere termino propioetan egitea, eta posizioak gerturatzeko beharrezkoa dela hauexek moldatu, egokitu edo leuntzea. Arau honek guztiontzako baliagarria izan behar du, ariketa horrek emaitza ona izan dezan. Hala eta guztiz ere, ez dugu ikusten ahalegin bera EAJren aldetik. Bere terminoak, bere ikuspegiak eta bere formulazioa ez den beste ezer ez du onartzen. Norberaren errelatoa inposatu nahi izatea ez da bidezkoa, are gutxiago adostasunaren izenean. Hau nabarmen gertatu da orain aztertzen dugun lan honetan. Ez da lan adostu bat, adostasun hori ez delako bilatu. Tamalez, puntu honetara helduta ez dago konponbiderik. Ezin da jada atzera egin, gaizki egindakoak zuzendu eta proiektu komuna eta elkarren artean landua bezala hartu.

Lan hau hobetzeko baino, txarragoa, desorekatuagoa eta polemikoagoa izateko bidean sartuta dago, Idazkaritzaren erruz. Eskatzen diogu Idazkari jaunari errealitatea eta ebidentziaren aurrean amore eman eta proiektu hau erretiratzeko.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk pentsatzen du horrelako polemika bat ezin dela hezkuntza komunitatearen teilatu gainean jarri. Ezin da alor soziopolitikoan adostu ezin den errelato bat ikastetxeetara eraman. Arduragabekeria handia litzateke. Egia da adostasunetara heltzeko eta gertatu denari buruzko irakurketa partekatu bat egiteko zailtasun handiak dauzkagula. Lehendakaritzatik eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzatik beren errelatoa, beren kontaketa hedatu, zabaldu eta inposatzeko egiten den esfortzu ikaragarriak ez du inolaz ere laguntzen adostasunetara heltzeko.

Bego mahai gainean EH Bilduren borondatea lan hau hasieratik era partekatu eta eraikitzailean etorkizunean lantzeko, oraingo honetan, zalantzarik gabe, gertatu ez dena.