Iritziak

Resultado de imagen de Jasone agirre eh bildu cara JASONE AGIRRE (EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua)

Sekula ere ez dut ahaztuko euskaraz ikusi nuen lehen filma. ETB-n izan zen, eta 1983. urtea izango zen seguruenez, emititzen hasi berria zen eta Euskal Telebista. Gogoratzen dut deigarriena egin zitzaidana izan zela mutiko beltz bat, filmeko protagonista, euskaraz entzutea, sasoi hartan Euskal Herrian arraza beltzeko oso jende gutxi bizi zelako. Baina gogoan daukat ere orduan lehen aldiz sentitu nuela euskarak etxeko txokotik, edota eskolatik haratago, entretenitzeko ere balio zuela, eta telebista bezalako medio batean erabiltzeko estatus nahikoa zeukala. Euskara bazela zer, gu baginela nor. Prestigioa, beste berba batzuetan. Gainera, orduan hasi ginen Euskal Herriko bazter ezberdinetako kontuak ezagutzen, geure burua bertan ikusten, elkarren berri izaten. Izan ere, horretarako sortu zen Euskal Telebista: geure hizkuntza, gure kultura, gure herri nortasuna indartzeko. Hori zen, behintzat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Legebiltzarrak emana zion mandatua.

Egun hartan amestu ere ezin izango nuen egin handik urte gutxira bertan lan egingo nuenik, eta oso pozik gainera. Asko zor diot ETBri. Eta asko maite dut. Ni neu naizena ezin izango nintzateke izan bertan egin ditudan urte guztiak aintzakotzat hartu barik. Eta herri hau ere, ausartuko nintzateke esaten, ez litzateke gaur egun den bezalakoa izango ETB sortu izan ez balitz.

Jakina, ez da lan erraza izan ETBrena. Ni neu, esaterako, albistegietan egin izan den lanaren lekukoa izan naiz; ikusi dut zelan sortzen den berezko hizkuntza bat, estilo bat, egiteko modu bat. Eta berdin beste arlo askotan, lan handia eginez, langile eta arduradun askoren indarrarekin, aurrera egin du Euskal Irrati Telebistak, sasoi berrietara moldatuz, eraldatuz, egokituz... harik eta ikus-entzunezkoen mundua irauli den arte.

Ehunka telebista kate agertu ziren lehenengo, gero Internetek milaka edukitarako atea zabaldu, eta ikus-entzunezkoak kontsumitzeko era aldatu egin da. Albistegiek lehen zeukaten esklusibotasuna galdu dute eta orain beste hainbat informazio iturrirekin lehiatu behar dira. Audientziek behera egin dute eta, ondorioz, publizitatetik zetozen irabaziak murriztu dira. Lana digitalizatu egin da eta lehengo antolaketak ez du balio. Gobernantza modu batzuk ere zaharkituta geratu dira. Euskara bihurtu da EiTBk lehiarako duen elementu bereizgarri bakarra.

Horregatik guztiagatik, EAEko Legebiltzarrak EiTB modu integralean erreformatzeko proposamena egingo zuen ponentzia sortu zuen 2017ko otsailean, eta bertan aritu naiz lanean EH Bilduren izenean, gainontzeko alderdien ordezkariekin batera. Ponentzia izaera duenez, ateak itxita egiten da lana, konfiantza eremuan irabaziz, baina gardentasunean galduz.

Gogor ekin genion lanari. Prozesu parte-hartzailea izan zedin ahalegin handia egin genuen gure aldetik, azkenean izan ez bazen ere guk geuk beharrezkotzat ikusten genuen neurrikoa.

Hala ere, 1.000 lagunetik gora hartu zuten parte EHUk eta Euskalitek eginiko barne eta kanpo inkesta eta focus group-etan, eta 900 lagunek erantzun zuten soziometroak iazko urtarrilean hedabideen inguruan egin zuen inkesta.

Horrez gain, 20 aditutik gora pasa dira EiTBren ponentziatik erreformarako euren proposamenak eta neurriak aurkezteko.

Hiru urteko lanean ehunka ordu eta milaka folio...

Hori informazio hori guztia, iritzi guztiak batuta, eta aurreikusitako epeak gaindituta, azken fasera pasatu ginen, ondorioen lanketara. Lan hori ponentziako presidenteari dagokio, EAJrena da presidentzia, eta beraz, bere eskuetan utzi genuen irizpena, ondorio nagusiak idaztea.

Iazko abenduaren 10ean jaso genuen txostena. Hamar ondorio. Folio bi. Kantitatea, hala ere, gutxienekoa da. Lerro bakar batek iraultza bat eragin lezake. Zoritxarrez, ez da txosten honen kasua. Zur eta lur geratu ginen lehenengo; berriro irakurri ostean, haserre.

Haserre errespetu falta bat delako Legebiltzarrari, herritarrei, ponentzian parte hartu eta hainbat neurri proposatu dituzten adituei, ikus-entzunezko sektoreari, EiTBko langileei... inteligentziari berba bakarrean esatekotan.

Folio bi, hamar ondorio, baina bakar bat ere aldaketa ekarriko lukeenik. Zantzurik ere ez. Ideia berririk ez, eta ausardia… zer esanik ez. Betikoa betikotzeko ondorioak dira, antzuak, EiTBk hain beharrezkoa duen eraldaketarako balio ez dutenak.

Ez dugu uste utzikeriagatik izan denik. Okerragoa da. Irizpen horrek erakusten du EAJk ez duela ezer aldatzeko asmorik, EiTB dagoen bezala utzi nahi duela sasoi berrietara egokitzea baino, Europako beste herrialdeetan egin duten bezala.

Konformismoa eskaini digute berriro ere, baina gu ezin gara konformatu, EH Bildun ez behintzat, uste dugulako arriskuak hartuko dituen komunikabide publiko bat merezi dugula, kalitatezkoa, beti hobetzeko prest egongo dena, ilusioz. Horregatik ponentzian jasotako guztiarekin EiTBren eredu berri baterako gure proposamena landu dugu, neurri zehatzekin. Posiblea delako, baina batez ere beharrezkoa delako herritar guztiak harro sentiaraziko gaituen komunikabide publiko bat. Amaitu da beti hausnarrean ibiltzeko sasoia, ekinean hastekoa heldu da.

 

Berriki Estatuko Aldizkari Ofizialak orain arte errekonozimendu ofizialik ez zuten 4.427 herritarren izen-abizenak argitaratu ditu; Adolfo Lozano Olazabal billabonatarra da tartean albistea agertu da hainbat agerkaritan. Bigarren Mundu Gerran, Alemaniaren esku zegoen kontzentrazio eremu batean hildako herritarrez ari da. Lehen sentsazioa: amorrua eta bere alabarekin akordatu naiz. Badira kasik 4 urte, sakon aztertu genuela kasu hau gure herrian, omenaldi postumoa eta guzti egin genion herriko plazan eta plaka bat eskegi genuen bere jaiotetxe atarian- inork gutxik kasu egin zigun orduan, krimen baten aurrean ginela ohartarazi genuenean. Orain, Estatuak berak, nola edo hala gogo txarrez aitortu behar izan du, Adolfo hil egin zutela Europaren bihotzean, infernua pasarazi ondoren.

Estatuentzat bizitza denak ez dira berdinak. Horregatik behar ditu historia ukatzen duten errelato desberdinak sortu, garaituak eta garaileak eskeman oinarrituta. Euskaldunok ere badakigu horretaz zerbait. Estatuak bere biolentziaren erabilera justifikatzeko baliatzen dituen estrategiak dira. Gorputz guztiak ez dira berdinak Estatuarentzat.

Adolfo, ezkertiarra zen. II. Errepublikan tenientea izan zen, Espainiako errepublikaren alde bizitza eman zuen billabonatarra izan zen gainera, irakasle izatearekin bat. Bizitza eman eta kendu egin zioten, esan dezagun. Gerra galdu eta errepresio bortitza gero, tortura, pertsonak masiboki hiltzeko gas kamerak. Mauthaussengo kontzentrazio eremua bisitatu genuenean -Adolforekin batera bertara eraman zuten beste billabonatar baten kasua ikertzeko helburuarekin baita ere- odol usaina sentitu zitekeen oraindik ere bertan. Oilo ipurdia jartzen da oraindik ere, haren inguruan idaztean. Orain turistak eta unibertsitateko ikertzaileak bakarrik ikusten dira handik paseoan, baina, han Europako demokraziaren lotsak ikusi genituen. Demokrazia hori errepublikaren alde lan egin zuten herritarren odolez zikindutako eremu horien galbahean eraiki delako. Horregatik da, demokrazia hori hain ahula.

Espainiar zein Europako demokraziaren nolakotasunaren adierazgarri da kasu hau, demokrazia deitzerik badago, kasik 78 urteren ondoren halakoak onartzen dituena. Demokrazia ahula da bere herritarrak modu masiboan heriotzara kondenatzen dituena, izan mediterraneoan, izan kontzentrazio eremu batean, desertuko beroan edota pobrezian…demokrazia sanoek bere herritarrak zaindu behar dituzte. Adolforen historiak, herrien askatasunaren alde egindako gizon intelektual konprometitu baten erretratua dauka atzean. Bizitza antolatu bat, familia, albo batera utzi eta bizitza oso bat borrokari emana. Jarri daitezela bere alaba Kontxiren aurrean eta begietara begiratu eta azalpenak eman zergatik ez zuen bere aita inoiz bizirik ezagutu.Adolfo, izan zirelako gara! Muxuak Kontxiri.

Esti Amenabarro Iraola.EHUko irakaslea.

Aritza Kultur Elkarteak Adolfo Lozanori buruz egindako lana ikusteko hemen:

http://www.amasavillabonaoroitzen.net/web/eu/artikuloak/57-adolfo-lozano-olazabal-villabonako-tenientea

Gaur gauean herriko presoen senideei omenaldia eskainiko zaie eta gu ere euren alboan izango gara, ezin baititugu ahaztu sorterritik urrun dauden gure herrikideak. Bakean eta askatasunean bere jaiak ospatu nahi lituzkeen herri honetan hutsune nabarmenak dira Emilio, Oskar, Manex, Iñigo eta Karlosenak.

Elkarbizitzarantz pausoak emateko behar beharrezkoa da euskal preso politiko eta iheslariak kontuan hartzea. Amasa-Villabonako udala bide horretan senide eta lagunen ondoan egongo da.Urgentziazkoa da salbuespeneko legediarekin amaitzea. Ustezko biolentzia gabeko garai honetan ulertu ezinezko egoera baten aurrean aurkitzen gara. Are gehiago, senide eta lagunei erantsitako zigor ekonomikoari aurre egiten saiatzeagatik, pairatzen ari garen eraso judiziala ezin daiteke ulertu ezta.

Dei egiten diegu Amasa-Villabonako herritarrei elkartasuna antolatzen jarraitu dezaten eta bide horretan gure esku dagoena egiten jarraituko dugu. Benetako elkarbizitza demokratiko bat lortzeko beharrezkoa da preso eta iheslariak etxeratzeko pausoak ematea lehenbailehen. Euskal Preso eta Iheslariak Etxera!!!

 

                                                                                            Amagoia Agirre, Amasa-Villabonako EH Bilduren zinegotzia

 

Presoak

Resultado de imagen de arnaldo otegi 26m ARNALDO OTEGI. EH Bilduko koordinatzaile orokorra.        

Udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik ordu batzuk joan direnean, balantzea ahalik eta objektiboena egitera behartuta gaude, lehen uneetako iritziak eta emozioak alde batera utzita. Autokonplazenziatik eta irakurketa partzialetatik aldendu eta neurri egokian neurtu behar ditugu emaitzak. Era horretara, esan dezakegu ezkerreko independentistok lortutako emaitzak historikoak izan direla.

Euskal Herrian berdintasunean oinarritutako errepublika eraikitzeko estrategia herritarren borondate berriak etengabe gehitzean laburbiltzen da, logikoak diren gorabeherekin. Jakin badakigu indarren metaketa ez dela hauteskunde logikan bakarrik neurtu behar; hegemonia kulturala eraikitzea eta, modu sinbolikoan bada ere, gure baloreak gizarteko ahalik eta eremu gehinetan txertatzea erabat beharrezkoa da. Bi arloetan aurrera egiten ari garela iruditzen zaigu.

Une historiko jakin baten herritarren aldetik dugun babesa neurtzeko termometroa da EH Bildurentzat hauteskundeen erronka. Guri herriak neurtzen digulako eta herriak berak ematen digulako unean-unean izan behar dugun posizio politikoa. Euskal herritarrek hitz egin dute eta garrantzitsua da zer esan diguten entzutea.

Ilusioa, konfidantza eta ahalegin militantea ageri-agerikoak izan diren kanpaina honetan, azaldu ahal izan dugu euskal jendartean gure baloreek aurrera egiten dutela ikusten ari ginela. Gure aukera politikoak ordezkatzen duenaren antz handia dauka euskal jendarteak: feminista da, ekologista, errepublika zalea, soberanista, aberastasuna modu justu eta ekitatiboan banatzearen aldekoa; horiek dira gure gizartean “zentzuzkoak” bezala hartzen diren baloreak. Elkarbizitzaren eta aurreko ziklo historikotik eratorritako arazoak (alde guztietako biktimak, oraindik ere giza eskubideen urraketa pairatzen duten presoak, errefuxiatuak eta deportatuak) konponbidearen aldekoak ere badira euskal herritarrak. Alternatiba politikoa garen heinean, defendatzen ditugun baloreen gero eta antz handiagoa dauka Euskal Herriak.

Bigarren trantsizio modernizatzailea eta sortzailea proposatzeko aukera ere izan dugu kanpaina honetan. Gure herria Europako joera progesistenekin eta aurreratuenekin konektatzea izango litzateke horren helburua. Herri bezala ditugun erronkei erantzunak bilatu behar dizkiogu: aldaketa klimatikoa eta beharrezkoa den trantsizio ekologikoa; pentsio sistema propioa; gure hezkuntza eredua; eredu sozial eta ekonomiko aurreratua, sortzen den aberastasuna modu justu eta ekitatiboan banatzen dela bermatzen duena; gure industria ehunaren berrikuntza; zaintza bermatuko duen beharrezko sare publikoa; genero berdintasuna; arazo demografikoa eta gure burujabetza berreskuratzea. Erronka handi horiek hor daude, eta duela 60 urte izan genuen iraultza sortzailearen (kultur mugimendua, ikastolen sorrera, kooperatibak…) bigarren aroa behar dugu, horiei guztiei aurre egin ahal izateko.

EH Bilduren erantzukizun historikoa da herri hau bere bizkar gainean jartzea, emantzipazioaren eta demokraziaren alde aritzen diren sektore politikoekin, sozialekin eta sindikalekin batera. Gure herriaren bigarren moderniazio handirako proposatzen dugun berdintasunean oinarritutako euskal errepublika eraikitzeko bidean, asebetetze, konfidantza eta segurtasun prozesua abian jarri beharra dago.

Laburbilduz, hauxe izan da Hego Euskal Herriko txoko guztietara eraman dugun mezua. Herritarrek mezu argi batekin erantzun digute. 347.000 botorekin, ezkerreko mugimendu independentistak inoiz izan dituen emaitzarik onenak eskuratu ditu. 2011. urtean erditetsitako hauteskunde arrakastan baino boto gehiago eskuratu ditugu; baina bada alde handi bat: garai hartan ez zegoen Podemos eta derrigorrean hartu behar dugu kontuan ETAk borroka armatua alde batera utzi izana saritu zuela euskal gizarteak.

Jaso dugun boto bakoitza ordezkatzen dugun proiektu politikoari modu zuzenean emandako babesa da, eta hori zuhurtziaz eta inteligentziaz kudeatu beharra daukagu, boto horiek bakarrik gureak direla sinetsi gabe. Gaur dugun hautes babesa orduan izan genuena baino garrantzitsuagoa eta sendoagoa da. Euskal Errepublika eraikitzeko zereginan, gaur orduan baino herritar gehiago ditugu ondoan. Datua argigarria da: EH Bilduk erraz gainditzen du 300.000 botoen langa, eta 400.000 botora presa eta atseden gabe iristeko lanean jarraitzen du. Horixe da dugun egitea: batzen jarraitu, gero eta gehiago izan.

Gainera, Hego Euskal Herriko lehen indar munizipalista gara, 1.247 zinegotzirekin. Herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak kudeatzen ditugunean, herritarrek EH Bilduren kudeaketa eredu zintzoa, serioa eta gardena saritzen du. Gure hautetsiek eta gure militanteek ordezkatzen dute eredu hori eta balore horiek.

EH Bilduren agerraldia, maiatzak 26ko hauteskundeen balorazioa egiteko

Lortu ditugun emaitza ikusgarriak ez dira nahikoa izan Nafarroan aldaketa blindatzeko edota Gipuzkoan eta Gasteizen irabazteko. Horrenbestez, kuantitatiboki erdietsitakoa ez da nahikoa izan lorpen kualitatibo batzuk lortzeko. Kanpaina zehar esan dut bizitzan batzuetan irabazi egiten dela eta beste batzuetan ikasi. Hala ere, irabazten denean ere ikasi egin behar da.

Nafarroan aldaketari egindako ekarpena ikaragarria izan da, eta horregatik hainbeste pertsonek EH Bildurengan konfidantza izan dute, berau bermatzeko. Beste indar politiko batzuk ez dute asmatu, eta arriskuan jarri dute hainbeste aurrerapen sozial eta politiko ekarri dituen gehiengo hauskorra. Berregokitzeko unea da. Kontuan izan behar da 19 parlamentari daudela kapital politiko hori eta bere ondarea defendatzeko.

Ez dugu lortu Gipuzkoan eta Gasteizen lehen indarra izatea, lortu ditugun emaitzak bikainak izan diren arren. Beldurraren botoa piztea lortu du bloke atzerakoiak, eta begibistakoa da EAJk boto uninosta jaso duela. Esan genuen hauteskunde kanpainan zehar: zilegia da norberaren hautes-esparrua bide horretatik zabaltzea, baina hori ez da bateragarria herri honentzat herri-proiektu soberanista bat edukitzearekin.

Jarrai dezagun zintzoak eta eskuzabalak izaten udal kudeaketan; jarrai dezagun umilak izaten; eta jarrai dezagun etorkizunari itxaropenez eta konfidantza handiarekin begiratzen. Independentzia zaleena goraka datorren indar politikoa da Euskal Herrian, eta hori albiste bikaina da. Lanera. Gehiago gara eta lanean jarraitzen dugu. Oraindik eta gehiago izango gara eta hori da Euskal Errepublika eraikitzeko berme bakarra. Bide onetik goaz, ez da erraza izango, kontraesanez eta oztopoz betetako bidea izango da, baina horrek indarrak, lana eta ahalegina biderkatzera eraman behar gaitu. Lanean eta hazten jarraitu beharra dago, ilusioa sortzen jarraitu beharra dago, gure herriari konfidantza eta segurtasuna ematen jarraitu beharra dago.

 

 

Pasa den urteko ekainean jaso genuen lehen aldiz komunikabideetan Amasa-Villabonaren 400. urteurrenerako udalak zituen asmoen berri. Aurkezpen prentsaurrekoan, Maite Izagirre alkatea eta bere udal-taldeko lau zinegotzi ageri ziren (horietatik hiru, kanpotarrak) eta atzealdean urteurreneko logotipoa edo irudia. Egia esan txundituta geratu ginen eta galdera ugari etorri zitzaizkigun burura: gu ere herritarren ordezkariak izanik, nolatan ez zitzaigun aurkezpen publiko bat egingo zela jakinarazi? nork egin ote zuen urteurrenaren irudia?

Lehen galderaren erantzuna argia da, jeltzaleek eurek bakarrik egin nahi izan zuten aurkezpena, eta nahiago izan zuten komunikabideen aurrean jakinarazi, udaleko batzorde informatzaile batean baino. Nolabait boterean beraiek daudela ikusarazi nahi izan zuten, 1000 herritarretik gora ordezkatzen ditugun beste zinegotziei txintik ere esan gabe.

Urteurreneko irudiari dagokionez, udalbatzan irudi hori nork egin zuen galdetu genuenean, PNVko ordezkariak "komunikazio enpresa batek egin du, baina ez dugu gogoratzen zehazki zeinek" erantzun zigun. Udaleko ekonomia sailera joan eta fakturen artean begiratuta jakin genuen egia: udalak Ordiziako PNVko militante bati ordaindu zion irudi hori egiteagatik. PNVren jardunean ohikoa den klientelismoaren adibide argia. Ez al litzateke egokiagoa herriko urteurrenaren irudia amasa-billabonatar batek egitea? zergatik ez zen festetako programaren azalarekin egiten den bezala lehiaketa publikorik egin? Aipatzekoa da udalak irudi edo logotipo hori zabaltzeko gutxienez 11.300 euro gastatu dituela (poltsak, aterkiak, zapiak...).

DfgIB4XX0AALDX5

Maite Izagirre alkateak eta Mertxe Garmendia kultur zinegotziek honakoa esan zuten aurkezpen publiko hartan: "aktibitatez beteriko programa zabala sortzeko bi lan mahai sortu nahi ditu udalak. Lehenengo mahaian, talde politiko guztien parte-hartzearekin, ezaugarri instituzionala dituzten gaiak landuko dira. Bigarren mahaiak, herriko kultura eta kirolarekin lotuta dauden pertsona eragileak batuko ditu, udalerriko ezaugarriak dituzten proposamenak garatu ahal izateko." Adierazpen hauek 2018ko ekainean egin ziren.

Guk, EH Bilduko zinegotzi taldeko kideok planteamendua begi onez ikusi genuen gure ustez herri baten urteurreneko ospakizunak antolatzeko garaian, herritarrek eta herriko elkarteek modu irekian parte hartu ahal izatea funtsezkoa baita.

Baina sortzekoak ziren bi lan mahai hauen ibilbidea tamalgarria izan da, bi bilera soilik egin direlarik: 2018ko ekainean lehena eta irailean bigarrena (eta azkena). Guk bi bileretan parte hartu genuen eta hainbat proposamen eta ideia aurkeztu genituen.

Hirugarren bilerarako deialdia itxaroten ari ginen bitartean, urtarrilaren 30ean, danba! berriro ere komunikabideetan prentsaurreko berri bat, eta oraingoan Amasa-Villabonako 400. urteurreneko ekintzen aurkezpen publikoa zen! Dagoeneko egitaraua erabakita zegoen eta komunikabideen aurrean aurkeztu zuten.

PNVren udal gobernua berriro ere azpijokoan aritu da, ezkutuan, bi edo hiru politikariren artean bulego itxi batean erabakiak hartzen, eta okerragoa dena, lan mahai hauek desagerraraztea erabaki dute, bertan parte hartzen ari ginenoi inolako azalpenik eman gabe.

Hori bai, guztion dirua erabiliz sekulako egitaraua antolatu dute: orkestrak, Benito Lertxundi, Paco Ibañez, musika hamabostaldiko kontzertua, Realaren entrenamendua, ekitaldia "Euskadi mailako autoritateekin" etab. Urte hasieran 50.000 euro ezarri ziren egitarau hau antolatzeko, gure ustez diru askotxo zena, baina badirudi ez dela nahikoa izango eta orain 62.000 eurotara igo dute aurrekontua. Lehengo 10.300.000 pezeta baino gehiago alajaina! 

Hau da PNV estiloa, herriko urteurrena herritarrekin eskuz esku eta denok batera antolatu, ospatu eta gozatu beharrean, dirua (publikoa) mahai gainean jarri eta kanpotik sekulako ikuskizunak ekartzea, "a lo grande". Guri ere gustatzen zaigu Benito, eta gustura joango gara kontzertura, baina gehiago gustatuko litzaiguke herritarrak partaide izango liratekeen ekimen bat, Gartxot-ekin egindako herri antzerki ahaztezin hura bezalaxe. 

Gainera, urteurrenaren data urrian izan arren, kasualitatez ekintza esanguratsuenak maiatzean egingo dira, udal hauteskundeen bezperan. Guk honi denon diruarekin hauteskunde kanpaina egitea deitzen diogu, alderdikeria eta elektoralismo lotsagabea.

 

 

Xabat Laborde Etxabe.

EH Bilduko zinegotzia Amasa-Villabonan.

 

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: