Amasa Villabonako ezkertiar subiranisten bilgunea
Aurkezten dizugun lanabes berri hau ahalegin handi eta kolektibo baten emaitza da. Ez genuke beste ekarpen bat gehiago balitz bezala hartzea nahi, ez horixe. Haratago joan nahi duen lanabesa da eta duen balio eta potentzialtasuna bere dimentsio osoan ulertua izatea nahi genuke.
Bi dira bilatzen ditugun helburuak; lehenengoa eskuratzea gure kontu egongo litzateke eta bigarrena berriz, zuen esku:
- Gardentasuna:
Gauzak egiteko moduak eta moduak daude, politika egiteko era ezberdinak dauden bezalaxe. Badira 4 urtez behin bozkatzearekin nahikoa dela uste dutenak, behin hauteskundeak pasa eta gero edozer gauza egiteko ahalmena eman zaiela pentsatzen dutenak. Edozer egite horretan sartzen dira, azkenaldian maiz ikusten ari garan moduan, publikoaren kudeaketarekin egiten diren azpijoko eta iruzurrak, norbanako zehatz batzuen mesederako hartzen diren erabakiak, guztion dirua omen denaren lapurreta edo desbideratze masiboa, gutxi batzuen interesak bultzatzeko herritarren gehiengoaren aurkako neurriak hartzea...
Politika ulertzeko modu honek ez du herritarren eskura kontrol mekanismorik ipintzen eta ez du, ezta ere, kudeaketaren informazio gardenik eskaintzen. Manipulazioa eta azpijokoa dira oinarri. Aipatutakoa berdin gertatzen da erakunde eta herritarren arteko harremanean, edota alderdi politiko eta bere oinarrien artekoan ere.
Eta Amasa-Villabonako Bilduk dinamika antzu honekin guztiz hausteko determinazioa du. Horregatik uneoro herritar ororen esku utziko ditugu gure jardunaren berri ematen duten, albiste, dokumentazio, iritzi artikulu, aldizkari eta multimedia euskarri guztiak... baita beste leku batzuetan topatu ezingo dituzunak.
- Parte hartzea:
Demokrazia parte-hartzailearen aldeko apustu irmoa egiten dugu, noizean behineko hauteskundeez haratago, herriarentzat erabaki estrategikoak diren horietan ere herritarron parte hartzea bultzatuz eta babestuz. Arazoak konpontzeko modurik egokiena iritzi ezberdinak adostean dagoela iruditzen zaigu, eta zirt edo zart erabakiren bat hartu behar denean berriz, bidezkoena gehiengoaren borondatea errespetatu eta onartzea dela sinesten dugu, ahalik eta marko zabalenean eta parte hartzerik handiena sustatuz.
Horrexegatik web orri honen berezitasun edo ekarpenik nabarmenena "eztabaidagunea" izango genuke. Bertan, Amasa-Villabonako independentistok osatzen dugun komunitate zabal eta anitzaren iritzi, ekarpen eta eztabaidak jarraitu ahal izango dira, eta nahi izanez gero, parte hartu ere bai. Eta ez soilik eztabaidatu, erabakiak ere hartu beharko dira, horretarako guztion arteko bozketak sustatuko ditugularik. Parte hartze hau gainera, zure mugikorretik egin ahal izango duzu, eztabaida foroak berritasun gisa aplikazio berezitua izango baitu horretarako.
Beraz, aurrerantzean bultzatu nahi dugun funtzionamendu modua, sinplea bezain zirraragarria izango da, borondate askoren ekarpenekin osatua izango baita. Gauzak modu serio eta ordenatuan egitearren, eztabaidagunean parte hartu ahal izateko erregistratu egin beharko da. Baina gonbidapena ez dago soilik jarraitzaile peto-petoentzat luzatua; EH Bildukoa izan edo ez, modu zintzo eta eraikitzailean parte hartu nahi izatea nahikotzat jotzen baitugu, eta herrikoa izatea, jakina.
Guk gure hondarra ipini dugu, aukera eskaintzearena. Hemendik aurrerakoa, arestian esan bezala, zuen esku egongo da, lanabes hau eraginkorra izateko zuen parte hartzea ezinbestekoa baita. Animatu beraz eta izena eman. Entzunarazi zure ahotsa. Baliatu zure bozka. Mila esker.