Albisteak
Amasa-Villabonako EH Bildu udal taldeak Mozio bat ofizialki erregistratu du gaur, datorren astearteko Osoko Bilkuran eztabaidatua eta bozkatua izan dadin. Urriaren 14an udaleko alderdi politiko ezberdinei zuzendutako agiri bat helarazi zen Santiago Egoitzako langileen izenean eta bertan langileen borrokaren aldeko Mozio bat aurkezteko eskaera egin zieten EH Bildu, PNV eta PSEri.
EH Bilduko udal taldeak eskaera horri erantzun positiboa ematea eta hilabete luzez lan baldintza eta pertsona nagusien zaintza duinen alde garatzen ari diren borroka babesteko urratsa ematea erabaki du. Honakoa da EH Bilduk aurkeztu duen Mozioaren edukia:
MOZIOA: GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK BORROKAN
ARRAZOIAK
Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako 5.000 langileek lau urtetik gora daramate lan hitzarmenik gabe eta lan baldintzetan hobekuntzarik izan gabe. Ondorioz, greba eta mobilizazioetan murgilduta daude lan-baldintza eta zaintza duinaren alde. Guztira 118 greba eta mobilizazio egun izan dira. 118 greba egun!
Pasa den urriaren 7tik 18ra Gipuzkoako lurralde osoko herri ezberdinetan (tartean Villabonan ere bai) protesta martxak egin zituzten ehunka langilek "Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu" lelopean.
Behar beharrezkoa da egoitzetan eta egoitza hauek kudeatzeko ereduan, pertsonak lehenestea eta zaintzaren kalitate duina bermatzea. Pertsonak lehenesten direnean erabiltzaile eta langileak ere zaintzen dira, ezin daiteke gauza bat ulertu bestea gabe.
Horregatik premiazkoa da langileen ordezkariak diren sindikatuak eta sektoreko patronala negoziazioetan murgiltzea, akordiorako borondatearekin garatuko den negoziazio fase berri bat zabalduz. Zentzu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak negoziazioa sustatu eta balizko akordioaren ondorioak ahalbidetu behar lituzke. Izan ere, zerbitzuaren %90a Foru Aldundiak finantzatzen du eta ondorioz aktore oso garrantzitsua izan behar luke gatazka honetan.
ELA sindikatuak Foru Aldundia aldeen arteko akordioa blokeatzen aritu izana salatu du publikoki eta hori larria da. Onartezina da zaintzaren eta langileen lan baldintzen duintasuna ahalbidetuko lituzkeen akordioak egikaritzeari uko egitea, dirua aurrezteko aitzakiarekin. Pertsona helduen zaintza ezin da negozio bat bezala ulertu.
Zaintza lanena sektore feminizatua da, kasu honetan langileen %98a emakumeak dira eta soldata-arrakala ere pairatzen dute. Langileak gehienbat gizonezkoak izaten diren beste sektore azpikontratatuen aldean, 6.000 euro gordineko soldata arrakala dutela kalkulatzen da. Benetan eskandalagarria.
Zalantzarik gabe, guzti honek ondorio kaltegarriak ditu egoiliarrek jasotzen duten arretan. Gipuzkoako egoitza hauetan, tartean Amasa-Villabonako Santio egoitzan, pertsona nagusi bakoitzak egunean soilik ordu eta erdiko arreta jasotzen du, pertsonal falta larria dagoelako. Hau ez da kalitatezko arreta bat eta Foru Aldundiak ezin du arazoa berea ez balitz bezala jokatu.
MOZIOA
1. Amasa-Villabonako udalak elkartasuna agertzen die lan baldintza eta zaintza duinen alde borrokan ari diren Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako langile guztiei, eta modu berezian Villabonako Santio egoitzan lan egiten dutenei.
2. Amasa-Villabonako udalak Gipuzkoako Foru Aldundia premiatzen du gizarte arazo bat suposatzen duen lan gatazka hau epe laburrean konpontzeko ardura hartzera eta helburu hori lortzeko beharrezko urratsak ematera.
3. Amasa-Villabonako udalak greba egiten ari diren egoitzetan eman gabe geratu diren zerbitzuen zati proportzionala egoiliarren senideei itzultzea eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
4. Amasa-Villabonako udalak, udalbatzan gehiengo osoz onartuko balitz, mozio hau Gipuzkoako Foru Aldundiari helaraziko dio.
Amasa-Villabonan, 2019ko urriaren 24an
Pasa den urriaren 14an, erresidentzietako langileek Villabonako kaleetan egindako manifestazioaren irudia
Gaur arratsaldean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirena jokatu da Amasa-Villabonako Gurea antzokian eta Beñat Iguaran herritarrak lortu du garaipena, 440,5 punturekin. Sei bertsolari ziren guztira eta zuzenean lehena soilik sailkatzen zen Andoainen urriaren 19an jokatuko den final-laurdenetara.
Aupa Beñat, egin beharrekoa egin dek, herrian irabaztea. Orain urduritasunak albo batera utzi eta ea zer gertatzen den. Animo eta zorionak!
Beñat Iguaran bertsolaria
Asteazken honetan Amasa-Villabonako EH Bilduren batzar irekia izango da 19:00etan udaletxeko pleno aretoan.
Batzar honetan EH Bilduko udal gobernua prestatzen ari den 2020rako udal aurrekontua izango da hizpide. EH Bilduk bere oinarri sozialarekin eta herritarrekin partekatu nahi ditu udaletik datorren urtean garatu ahal izango diren inbertsio nagusiak. Batzarrean udal sailetatik proposatu diren inbertsioak eta EH Bilduk bere udal programan jasotako inbertsioen aurkezpen bat egingo da eta batzarrean parte hartuko duten herritarren esku jarriko dira erabaki nagusiak.
Atal honetan hainbat egitasmo jarriko dira mahai gainean, jakinik ezinezkoa izango dela 2020. urtean soilik denak egikaritzea. Hauek lirateke udal inbertsioetarako mahai gainean jarriko diren proiektu aipagarrienak: Kiroldegiko teilatua eta kantxaren konponketa, parke estalia, aparkalekuak, liburutegiaren eraberritzea, Santio egoitza aurreko espaloia konpontzea, txakurrentzako parkea, elementu naturalekin egindako haur parke berria, argiteria publikoaren eraberritzea, Pumptrack (bizikletentzako zirkuitoa) etab.
Bestalde, udalaren jardunean eta batez ere udalak hartuko dituen erabaki nagusietan herritarren parte hartzea nola bermatu ere aztertuko da batzar honetan. Izan ere, Amasa-Villabonako EH Bilduk lehentasun osoa ematen dio demokrazia zuzen eta parte hartzailea garatzeari eta herritarrei hitza eta erabakia emateari. Beraz, udal inbertsioen atalean ere azken erabakiak herritarren eskuetan uzteko planteamendu bat jarriko da mahai gainean, horrela ikusten bada, herri-galdeketa/k antolatzeko urratsa emateraino.
Amasa-Villabona ez da 6000 biztanlera iristen eta esan genezake beraz, ez dela gurea herri oso handia. Baina uste dugu nahiko gustura bizi garela bertan; neurrikoak ikusten ditugula herriaren tamaina eta bertan topa ditzakegun zerbitzuak, jakina, non hobetu beti egongo bada ere. Genion bezala herri handia ez, baina aldiz, bai oso bizia eta dinamikoa. Datorren asteburu hau ikusi besterik ez dago.
Asteburuaren lehen platera ostiral arratsaldean bertan etorriko zaigu, 50 kilometroko munduko txapelketan garaipena eskuratu duen Iraitz Arrospide korrikalariari Errebote plazan 19:00tan egingo zaion omenaldiarekin. Bertan uztartuko dira Iraitzi herriak erakutsiko dion esker ona, gainontzeko korrikalariekiko begirunea, urtez urte lasterketa herrikoiak antolatzen dabiltzan Zunbeltzeko kideei errekonozimendua eta euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena. Eta aurretik, 18:30ean, 12 urtez beherakoentzat haur krosa antolatua dago.
Larunbata goizean Irrintzi elkarteak urtero Zubimusu ikastolaren egoitza azpian antolatzen duen azoka bereziaren txanda izango da. 35 postu inguru jarriko dituzte eta nahi adina pintxo eta edari izango da bertan. Azokaren barruan Aiztondoko elkarteen arteko Isats Gisatuaren lehiaketa izango da, aurtengoan hogeitalaugarrenez, eta zortzi elkartek hartuko dute parte. Iaz Behar Zanak irabazi zuen eta ea aurtengoan nork.
Arratsaldean berriz, Txakolin eguna izango dugu Amasan. 16:30ean herri kirol saioa izango da Zizurkil eta Amasa taldeen arteko desafioarekin. Ondoren, Irene Caminos trialeko txirrindulariak erakustaldia egingo du. Eta behin 18:00ak iritsi eta gero, Getariko txakolinaren izendapeneko txakolin guztiak dastatzeko aukera izango da.
Eta asteburua borobiltzeko igandean beste bi aukera ditugu. Goizean, Enrique Abril txapelketako errebote partidua herriko plazan. Eta arratsaldean berriz, Gipuzkoako Bertsolari txapelketako lehen kanporaketako saioetako bat burutuko da Gurea Antzokian. Lehiatuko diren sei bertsolarien artean Beñat Iguaran herriko bertsolaria egongo da.
EH Bilduk gogor salatu nahi ditu Turkiar estatuaren asmoak eta Euskal Herriko herritarrei dei egiten die datozen egunetarako deitutako mobilizazioetan parte hartzera.
Aste honetan jakin dugu Amerikar Estatu Batuek bere indar militarrak erretiratuko dituela iragarri ondotik, Turkiar estatuak laster ekingo diola Siriaren mugan barrena 50 kilometroko “segurtasun zonalde” bat ezartzeko inbasio militarrari.
Inbasio horrek bete betean joko du Siriako Ipar-ekialdeko Administrazio Autonomoa, Euskal Herrian Rojava bezala ezagutzen duguna. Turkiaren inbasio honek Rojavako jatorrizko herritarrak, (kurdu, kristau, zirkaziar, arabiarrak, ...) desplazatu eta Turkian barreiaturik dauden errefuxiatuak birkokatzeko helburua du, Rojavan garatutako elkarbizitzarako eredu demokratikoa txikituz eta ondorioz Turkiaren influentzia eremua zabalduz.
Zonaldeak bizi duen egoera gatazkatsuaren aurrean, Rojavako ereduak feminismoan eta demokrazian oinarrituriko elkarbizitza posible dela frogatu du eta gerratik ihesean ailegatutako biztanleriari segurtasun eta duintasuna bermatu die. Rojavako indar demokratikoek ISISen aurka jokatu duten papera ahaztu eta Turkiar inbasioa ahalbidetzeak gerrara kondenatuko ditu berriz ere.
EH Bilduk gogor salatu nahi ditu Turkiar estatuaren asmoak eta Euskal Herriko herritarrei dei egiten die datozen egunetarako Kurdistanekin Elkartasun Ekimenak deituriko mobilizazioetan parte hartu dezaten.
Kurdistango herriak hamarkadak daramatza erresistentzian eta ziur gaude eraso berri honi ere eutsiko diola
Pasa den igandean, hilak 8, Hondarribiako egun nagusia ospatu zen. Frantziarren aurka 1639an izandako garaipen militarra ospatzeko burutu ohi den alardeak istiluak izan ditu nagusi azken urteotan (ikus alardeari buruzko dokumentala). 1996. urtetik Hondarribiako eta Irungo emakumeek gizonekin batera berdintasunean gozatu nahi izan dute festaz, baina tradizioa aitzakiatzat harturik eskubide hau normaltasunez garatzea oztopatu du zenbaitek. Zentzu honetan salatzekoa da EAJ zein PSE alderdiek prozesu guzti honetan izan duten jarrera, alderdi elektorala giza eskubideen aurretik ipiniz.
Egoera hau gure jendarte matxistaren beste erakusle bat besterik ez da. Berriki Jule Goikoetxea ikerlariak Euskal Autonomia Erkidegoko Ongizate Estatua inguruko patriarkalenetarikoa dela frogatzen duen ikerketa plazaratu berri du.
Zorionez, mantxo bada ere, belaunaldi berriak jai eta jendarte parekidearen aldeko jarrera bereganatzen ari dira. Aurten Hondarribiako Jaizkibel konpainiak inoiz baino partaide gehiago izateaz gain egundaino jaso ez duen herri babesa izan du. Eskubideetan eta berdintasunean oinarritutako Euskal Herria amesten dugunon garaipena da Jaizkibel Konpainiako gizon-emakumeen asteburuko lorpena. Bejondeizuela!
Atzokoan Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa ospatu zen Zarautzen "Nik, hi, hura... Ikastola mundura!" lelopean. 2020 urteko Kilometroak berezia izango da, Zarautzen Kilometroak ulertu eta jorratzeko era bat amaitu da; Amasa-Villabonan eta Zizurkilen festa berbera aurrera eramateko eredu berria martxan jarriko da. Neurriz txikiagoa, egun batekoa baino urte guztikoa, kontsumora baino partehartzera bideratuagoa, baina beti bezain herritarra.
Ikastolak Frankismoko urte ilunetan herritik herriarentzat sortu ziren. Ezinezkoa zena egi bihurtu zuten guraso eta langile askoren konpromisoarekin. Bere argi-ilunekin Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat eginiko hezkuntza eredua euskalduna sortu zuten. Egun ikastolek zein eskolek, euren ezaugarri propioekin, euskararen normalizazioari zein nazio eraikuntzari ekarpen izugarria egiten diote.
Egungo hezkuntza eredu ezberdinek askotan gatazka eta eztabaida ez oso eraikitzaileak ekarri dituzte beraiekin. EH Bildutik Euskal Hezkuntza Sistema Nazional Publiko eta Komunitario baten aldeko hautua egina dugu. Desio dugun Hezkuntza Sistema horretara iristeko ikastolak eta eskolak ezinbestekoak dira. Bakoitzak bere bidetik pixkanaka baina etenik gabe eredu honetarako pausu irmoak ematea beharrezkoa da. Kilometroak 2020 hezkuntza eredu euskalduna, nazionala eta herritarra garatzeko egitasmoa da. Bejondeizuela eta animo guztioi!
Datorren irailaren 16tik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean 47 euskal herritar izango dira epaituak, preso eta errefuxiatuen giza eskubideen alde lan egite hutsagatik. 8 eta 20 urte bitarteko espetxe zigorrak sartu nahi dizkiete, guztira 601 urte. Konponbide eta bakearen aurkako astakeri hau salatzeko asmoz larunbat honetan manifestazioa egingo da Bilboko kaleetan. Amasa-Villabonatik ere autobusa antolatu da eta izena Iratzar tabernan eman daiteke.
Auziperatuekin elkartasunez manifestaziorako deialdia
Mundu aldrebesean bizi gara, elkartasuna zoriondu eta saritu beharrean, zigortu egiten duena. Izan ere, elkartasunaren aurkako epaiketa baita datorkiguna. Etikoki onartezina. Epaiketa honetan sakabanaketa pairatu duten preso eta euren senideenganako laguntza zigortu nahi da. Auzolana eta elkartasuna ez dira gaur egungo sistemari gustatzen zaizkion baloreak eta horregatik honelako epaiketen bidez eragotzi egin nahi ditu. Beste alor batzuetan ere ikusten ari gara elkartasunaren aurka nola jotzen duten: etxegabetzeak eragozten saiatzen direnen aurka isunak ezartzen dituztenean, edota Mediterraneoan etorkinen bizitzak salbatzen dabiltzan Gobernuz Kanpoko Erakundetako kideak atxilotzen dituztenean… Elkartasunak merkatu kapitalistaren balore berekoiak jartzen ditu zalantzan eta euren ankerkeriari egiten die aurre. Azken finean, elkartasunak ebidentzian uzten ditu eta horregatik ez dute gustuko.
Eta berriro ere hotzikara eragiten duten zigor eskaerak… 47 familiatan eta 38 haurrengan ondorio latzak utzi ditzakeen epaiketa, baina ez, ezin dugu onartu gaur egungo motxiladun haurrei beste 38 eranstea. Ez, arren! Garaiz eta lekuz kanpo dagoen epaiketa da, euskal jendarteak aspalditxotik erakutsia baitu aurrera egin nahi duela, iraganera lotuko dituen korapilo gehiago ez dituela nahi. Ez dugu min eta zauri berririk irekitzerik nahi.
Elkarbizitza, bakea eta justizia integralak behar dute izan eta jendarte ororen altxor preziatua dira, baita gurea ere. Euskal jendartearen nahi horri erantzun behar diogu eta gatazka logika batean asmatutako eta abian jarritako prozedurak eten behar ditugu, eraikitzen ari garen orainaldia kutsatu ez dezaten.
Gainantzean, hemen duzue Berria egunkariko lan talde batek azken asteetan gai honi buruz egin duen lanaren lotura: https://www.berria.eus/11_13_
Amasa-Villabonako II. BTT martxan parte hartu duten txirrindulariak nola iritsi diren ikusita, edonork esango luke mendian ziren lokatz guztiak biltzen ibili direla, iazkoaren moduan. Izan ere, gaur euri kontu handiegirik ez dute izan, baina azken egunetan egindakoak ibilbideko hainbat zati asko lokaztu ditu eta horrek oraindik ere gogorragoa egin du BTT martxa hau. Txirrindulariak herriko plazara iritsi direnean ikusi ahal izan denez ordea, giro adeitsu eta paregabea izan dute elkarren artean.
Bi ibilbide zeuden aukeran, Belabieta eta Loatzo mendien inguruan, bata 38 kilometrokoa eta 1400 metroko igoera metatuarekin, eta 1000 metroko desnibela zuen 28 kilometrokoa bestea. Amasa-Villabonako martxa honetan ez da sailkapenik hartzen, soilik bizikletaz eta mendiaz gozatzeko asmoz egiten denez, ez baitzaio lehia izaerarik ematen. Halere eta soilik bigarren urtea izanagatik ere, bere lekutxoa hartzen hasia da dagoeneko gure herrian egiten den martxa honek, gaurkoan iaz baino parte hartzaile gehiago izan baitira, ia 200 guztira.
BTT martxaren harira plaza bertan antolatu den haurrentzako yinkana izan da aurten berritasuna. Harrera txukuna izan du honek ere, bi dozena haur baino gehiago izan baitira bizikleta hartzera animatu diren haurrak. Herriko bizitzari honelako ekarpena egiteagatik gure esker ona adierazi nahi genieke antolatzaileei, babesleei eta parte hartzaile guztiei; bereziki Irrintzi elkarteari eta baita bere babesean aritu den lagun talde osoari. Zorionak.
Bihar hasiko da Izarren erasotzailearen aurkako epaiketa Valentzian eta gai honek eduki duen ibilbideari buruzko kronika bat egiteko une aproposa dela deritzogu.
Bien irudia Sarari herriak egin zion ongi etorrian
2017ko urtarrilean Izar Picassenteko espetxean bizi zen bere amarekin, Sara Majarenas euskal preso politikoa baitzen garai hartan. Sara Izarren aita zenaz banandu berria zegoen (preso arrunta bera) eta honek mendeku moduan, asteburuko baimen batekin aske zegoen batean, bi urteko alaba erailtzen saiatu zen labankadaz. Hasiera batean lortu zuela uste zuenez, polizien aurrean hilketa onartzera iritsi zen. Are gehiago, Sararen senideei erasoa egin eta berehala telefonoz deitu zien, bi urteko bere alaba hil zuela barre artean esanez. Ez zuen lortu, baina hil ala bizi hainbat egun pasa zituen Izarrek ospitalean, ama gabe, alabarekin batera egon ahal izateko trabak etengabeak izan baitziren Sararentzat, eta honela, epaile batek ospitalera iraunkorki joateko baimena eman zionerako hiru aste baino gehiago pasa ziren.
Argi geratzen da beraz, lehen egun horietatik Sara eta Izarrek pasa behar izan zutena ez zela makala izan. Infernu bat. Gerora ere bere ingurukoek lan asko egin behar izan zuten ama eta alaba elkarrekin egon zitezen eta Sarak zigorraren hiru laurdenak beteak bazituen ere, ez zen bere askatasuna lortu. Zigorra guztiz beteta 2018ko martxoan geratu zen aske.
Gertaera izugarri larria, hitzik gabe uzten gaituen horietakoa izan arren, aurtengo otsailaren 15a geroztik aske da erasotzailea, Picassent-eko epaile batek hala erabakita. Erabakia hartzeko epaiketa hasteko eguna luzatzen ari zela eta behin-behineko espetxeratzea salbuespenezko neurria izan behar zuela argudiatu zuen. Euskaldunokin sitematikoki eta historikoki egin dutena ikusirik broma txar bat dirudi epailearen argudioak. Ez zuten pagotxa hori eduki adibidez Altsasuko gazteek, ez eta sententziaren zain dauden preso politiko katalanek, euren ustezko delitua inondik inora hain larria ez izan arren. Behin-behineko espetxeratzearen ordez, epaileak hainbat neurri ezarri zizkion erasotzaileari, baina ez soilik berari, hau aske utzi zutenetik Sara Majarenas bera ere pulsera telematiko batekin bizitzera behartua izan baita, bera eta bere alabaren segurtasuna bermatu nahi zela argudiatuz. Hau ez da indarkeria matxistaren biktimak tratatzeko modu egokia inondik inora, erasotzailea aske utziz, berriro ere arriskua, beldurra, estresa eta kontrol poliziala jasan behar izan baitute Sara eta Izarrek euren eguneroko bizitzan azken hilabete guzti hauetan. Biktimak izan arren, errudun moduan tratatuak izan dira honela.
Epailearen erabaki hau beraz, Espainiako Justizia patriarkalizatua dagoenaren beste adibide garbi bat izan zen eta biktima diren emakumeenganako sekulako bihotzgabekeria erakusten du. Eta beste zalantza bat ere uzten digu... Sara euskal preso politiko ohia ez balitz, erasotzailea epaiketaren zain aske utziko lukete? Ez ote zen beste mendeku bat? Gauza bat argi dago, Sararen joera politikoa beste bat balitz, estatuko komunikabide eta erakunde ororen eskuhartze nabarmena izango luke gertaturikoak, baina erabat isilean pasa da guztia lurralde horretan. Orain, bihar hasiko den epaiketaren nondik norakoen zain geratu beharko gara. Fiskatzak eta akusazio partikularrak 30 urteko espetxeratze zigorra eskatzen dute Izarren erasotzailearen aurka, delituari erabateko larritasuna emanez. Atzo bederen, Sara eta Izarrek jende askoren babesa jaso zuten Donostian egin zen manifestazioan.
Amasa-Villabonatik autobusa antolatu dugu: 15:30etan Olaederra kiroldegitik. Izena emateko Iratzar tabernan edo bidali WhatsApp mezua 688 729 069 telefono zenbakira.
Agerraldia egin dute Bakartxo Ruiz eta Mertxe Aizpuruak, urriaren 12an, 'bagoaz' lelopean egingo ditugun manifestazio eta ekitaldi politikoaren berri emateko.
Hemen agerraldian erabilitako testua:
Espainiako Estatuak bizi duen ezegonkortasun giroan ospatuko dute aurtengo ‘Hispanitatearen Eguna’. Espainiako Estatuak bizi duen egiturazko krisiak azaroaren 10ean egingo den hauteskunde errepikapena ekarri du ondorio bezala eta, beraz, urriaren 12a hauteskunde giro nabarmenean egingo da.
EH Bilduk ez dauka ezer ospatzeko ‘Hispanitatearen Egunean’. Aitzitik, gure herriarentzat burujabetza maila handiagoa eskatzeko eguna izan behar dela uste dugu. Esaten genizuen bezala, Espainiakoa porrot egin duen Estatua da, lurraldetasunak eraginda egiturazko krisi sakon eta gaindiezin baten murgilduta bizi dena. Krisi horren erakusle argi bat hurrengo egunetan Auzitegi Gorenak hautes-ontzi batzuk baino jarri ez zituzten preso politikoen aurka emango duen epaia izango da.
Horrenbestez, EH Bilduk eta euskal gizartearen zati handi batek ezer gutxi dute ospatzeko urriaren 12an; ospakizun eguna baino gehiago izan behar da aldarrikapen eguna. Horregatik, manifestaziora deitzen du egun horretan EH Bilduk Iruñean. ‘Bagoaz’ lelopean egingo den manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Antoniutti parketik. Anaitasunan amaituko da manifestazioa, ekitaldi politiko batekin. Era horretara, herritarrei ziurtasun eta ongizate maila handiagoa ematea ahalbidetuko duen proiektu politikoa gauzatu ahal izateko gure herriak burujabetza handiagoa behar duela sinesten duten euskal herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu mobilizazio horretara.
Hauteskunde giro bete-betean murgilduta gaude dagoeneko, eta sektore politiko bakoitza bere posizioak zehazten hasia da; egoera horretan, argi eta garbi agerian geratzen ari da Espainiako Estatua autoritarismoaren bidetik eraman nahi dutela. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den gobernu “aurrerakoia” osatzeko negoziazioak apurtzerakoan mahai gainean jarritako arrazoiak: Estatuko indar subiranistek eta independentistek gobernuaren osaketa eta jarduna baldintzatzea ez dute ikusi nahi inondik inora. Hori eta ez beste ezer izan da Estatuan gobernua ez osatzeko arrazoia eta azken hilabeteotan ikusi dugunaren arrazoia. Azken hilabeteetan eman duten ikuskizunak erakutsi digu Espainiako klase politikoaren azalkeria, arduragabekeria eta herritarren arazoak konpontzeko gaitasun falta.
Ez da eskuak gurutzatuta geratzeko garaia, are eta gehiago kontuan hartzen badugu gure etorkizun politikoa eta ekonomikoa erabakitzen ari direla batzuk gu baztertuta. Subiranistak gehiago eta indartsuagoak garela erakusteko unea da. Gure herriarentzat proiektu sendoa eta fidagarria daukagula erakusteko unea da, Estatua ziurgabetasunean murgilduta dagoen bitartean. Beste batzuk zatikatuta eta indarrak galtzen daudenean, subiranistak elkar hartuta eta indarrak batuz jokatzeko gai izan behar gara. Elkar hartuta indartsuagoak garelako eta gaitasun handiagoarekin defendatu ahal izango ditugulako gure postulatuak eta printzipioak.
Euskal subiranistok urrats bat aurrera emateko unea da. Iruñean egingo dugun mobilizazioa euskal independentistok Madrilera eramango dugun horma eraikitzeko lehen aukera da. Subiranistok indartsuagoak garen heinean, okerrago ibiliko direlako autoritarismoaren eta birzentralizazioaren bidean sakondu nahi duten Estatuko botere faktikoak eta politikoak. Haien helburua, gure eskubideak eta askatasunak murriztea delako.
Iraitz Arrospide korrikalari billabonatarrak garaipena lortu zuen atzo, 50 kilometroko munduko txapelketan. Distantzia horretan lehiatzen zen lehen aldia zuen Arrospidek, eta garaipen handia lortu du. Errumaniako Braslov hirian, 2:47:43 denbora eginez helmugaratu da billabonatarra.
Azken itzulian lortu du garaipena Iraitz Arrospidek; Craig Hunt estatubatuarra, Lungile Gongqa hegoafrikarra eta Daniel Nash britaniarra mendean hartuz. Distantzia honetako estatuko errekor berria ere jarri du Arrospidek. Aurrez Asier Cuevasek zuen denbora ia 10 minutuan hobetuta. Munduko txapelketara abiatu aurretik,denbora ona lortzea baino, postua lehiatzeko nahia zuela adierazi zuen Arrospidek. Bi helburuak ondo baino hobeto lortu ditu Sheffield-en bizi den billabonatarrak. Jarraian Euskadi Irratiko elkarrizketa.
Iraitzek bere helburuak lortzeko erakutsitako determinazio berarekin Euskal Selekzioen ofizialtasunaren aldeko lanak aurrera darrai. Zentzu horretan ezin ahantzi dezakegu datorren urriaren 13an San Mamesen jokatuko den Euskal Selekzioaren eta Argentinaren arteko futbol partida. FIFA egutegian jokatuko den norgehiagokak inflexio puntu izan nahi du gure selekzioen ofizialtasunaren bidean. EH Bildutik bertara joateko deia gure egiten dugu.
Aste honetan jakin berri dugu Nafarroako Auzitegi Nagusiak UGT eta SPA sindikatu espainiazaleen helegitea aintzat hartuz 2017an Aldaketaren Gobernuak garatutako Euskararen Dekretua edukiz hustu duela. Epai berriaren ondorioz Nafarroako hizkuntza zonifikazioan sakondu eta zonalde mixtoan zein ez euskaldunean dekretuaren bidez eman ziren hainbat aurrerapen ezerezean gelditu dira. Antza denez, zonalde mixtoan zein erdaldunean bizi diren euskaldunek ez dute aurrerantzean errotulu elebidunak izateko edota oposaketa batean euskara, Lingua Navarroruma, meritu gisa hartzeko eskubiderik izango. Hori bai, Vianan edo Tuteran lanpostu publiko bat lortzeko alemaniera meritu gisa hartuko da. Zeinbaiten euskarafobia agerikoa da 2019. urtean.
Epai honek are eta garbiago uzten du euskaldunok Euskal Herrian, eta bereziki Nafarroan, bizi dugun diglosi egoera. 1986ko Nafarroako Euskararen Legea euskaldunon gutxiespenean oinarritua egon zen. Nafarroako euskalgintzak adierazi moduan hizkuntza eskubideen eta euskararen normalkuntzaren inguruko edozein neurri hartu ahal izateko lege honen aldaketa ezinbestekoa da.
Hizkuntza eskubideak ez dira Nafarroan soilik urratzen Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren 2018ko txostenaren arabera Euskal Herri luze zabalean urratzen dira eskubide hauek. Honela dio txostenak:"Agerian geratu da, beste behin, ahoz zein idatziz euskaraz jarduteko zailtasunak daudela eremu eta maila guztietan, mota guztietako zerbitzu eta jardueretan, baita lan esparruan eta kontsumo harremanetan ere."
Zorionez herri borrokek epaitegi zein erakundeen logika zentralizatzaile eta diglosikoei aurre egiten diete zenbaitetan, eskubideetan oinarritutako lege berriak idatziaraziz, legeen muga ertsien gainetik alternatiba errealak gauzaraziz edo dauden lege mugatuak aplikaraziz. Zentzu honetan zoriontzekoa da Euskal Herriak hizkuntza normalizazioaren bidean ekimen propioak sortzeko izan duen gaitasuna hezkuntzatik hasi, helduen alfabetatzera pasa, herri komunikabideekin segi, lana euskalduntzeko ekimenekin jarraitu... euskara talde anitzek besteren artean mugimendu anitz eta eraginkorra sortu dute. Herrigintzik gabe ez dago aldaketarik, euskalgintza gabe ez dago hizkuntza normalizaziorik eta normalizaziorik gabe herritarron eskubideak ez dira errespetatuko.
Bixente Beldarrain Berakoetxea, Zizurkilgo iheslari politiko ohia, gaitz larri baten ondorioz joan zaigu, bere bizilekua zuen Hendaian. Bixentek egia esan ez du bizitza xamurra izan azken hamarkada hauetan, Joxe Arregi lagunarekin batera bere sorterritik ihes egin behar izan zuen 1979 urte hartaz geroztik. Jakina, inpotentzia handia sentituko zuen bi urte beranduago, 1981eko otsailaren 13an, Joxe laguna Madrilgo polizia-etxe batean torturaz erail zutela jakin zuen unean. Bera ere, beste zazpi euskaldunekin batera, polizia frantsesaren sarekada batean atxilotua izan zen 1990ean, berehalakoan aske utzi bazuten ere. Eta jarraian frantziar estatuak hainbat urtez Nantesen eduki zuen konfinatua, beste hainbat errefuxiaturekin batera 1995ean konfinamendua hautsi eta Baionara itzuli zen arte. Iheslari moduan emandako urte guzti horietan bizitako une alai edo tristeak Arantxarekin konpartitu zituen guztiak, beti bere alboan izan zuen neskalagunarekin.
Lehen egunetik herrimina sentituagatik ere, duela 3 urte arte ez zen itzuli Bixente bere jaioterrira, 37 urte beranduago hain zuzen. Etortzen zenean ordea, ez zen batere eroso egoten, ostera ere estatuaren errepresioaren jomugan egon zitekeenaren kezkaz edo beldurrez. Horregatik, Lapurdi zuen bere bizileku. Baina irailaren 15ean bere errautsak Zizurkilera iritsiko dira eta jaiotzen ikusi zuten lurrek emango diote betirako atseden. Goian bego Bixente.
Herriko bost bikotek parte hartuko dute biharkoan Behar Zana elkarteak laugarren urtez antolatzen duen Udazken Bola Txapelketan. Hiru bikote neskek osatua izango da: Aitziber Ugalde eta Bea Unzuek goizeko 10ak inguruan izango dute kanporaketa, Ane Etxebeste eta Naroa Arretxek arratsaldeko 3ak baino lehen, eta Jexuxi Maiza eta Alazne Mendizabalek arratsaldeko 7ak jota. Beste bi bikoteak honakoek osatuko dituzte: Imanol Arretxe eta Iban Imaz (eguerdiko 12ak aurretik kanporaketa) eta Axier Gurrutxaga eta Joxe Mari Etxebeste (12:45ean). Guztira 29 bikote izango dira eta egun osoko egitaraua izango dute Olaederra kiroldegi ondoko bolatokian, txapelketa goizeko 8:30ean hasi eta arratsaldeko 7:30ak aldera amaituko baita.
Txapelketa hau ezohiko formatuan egiten da, bikoteka alegia, eta datu interesgarri moduan aipatu behar da bikote gazteena Ane eta Naroa herritarrek osatuko dutela, 13 urte baitituzte. Beste muturrean aldiz, Donostiako Antonio Goenaga dugu 86 urtekin eta bere bikote izango den Miguel Arrozpide hernaniarra 82kin. Datorren larunbatean emango diote jarraipena txapèlketari, irailak 28an. Finalak ere egun honetan izango dira. Zorte on parte hartzaile guztiei!
Uruguai azaleraz Euskal Herria baino zortzi bat aldiz handiagoa bada ere, ez ditu askoz biztanle gehiago, 3 miloi eta erdira ez baitira iristen bertan bizi direnak. Eta beste antzekotasun azpimagarri bat ere badugula esan daiteke, gure herrian bezalaxe, euren elkartasuna zenbaterainokoa izan daitekeen erakutsi baitziguten duela 25 urte. Filtro Montevideo hiriburuko ospitale bat da eta bertan 1994ko abuztuaren 24an gertatu zen sarraskiagatik da euskal herritarrontzat ezaguna. Garai hartan uruguaitarrek oso present zuten oraindik bizi izan zuten diktadura,1973-1987 bitartean luzatu zena, eta milaka herritarrei beste herrialde batzuetara ihes egitera behartu ziena. Horrexegatik, ez zuten zalantzarik izan gose greba egiten ari ziren hiru euskal errefuxiaturi babesa eta elkartasuna erakusteko unean. Garesti ordaindu zuten ordea... Poliziaren oldarraldian bi uruguaitar erailak izan ziren. Hauxe kronologikoki gertaturikoa:
1992an Espainiako Gobernuak Uruguain bizi ziren hainbat euskal herritarren estradizioa eskatu zion Uruguaiko gobernuari. La Trainera jatetxean hasi zen polizia operazioan 30tik gora euskal herritar atxilotu zituzten (tartean adin txikiko gaztetxoak). Haietako 10entzat estradizio eskaera luzatu zuen Espainiako Gobernuak. Bi urteko prozeduraren ondoren Manueltxo Goitia, Mikel Ibañez eta Luis Mari Lizarralderen estradizioa onartu zuten Uruguaiko epaitegiek. Hiru iheslari politikoak gose greban jarri ziren 1994ko abuztuan estradizioa gauzatzear zela. Azken egunetan, gose grebalariak Poliziaren egoitza nagusitik Filtroko ospitalera eraman zituztenetik, gau eta egun egon zen jendea ospitalaren kanpoaldean protesta baketsuan. Hainbat irratietatik etengabe ari ziren jendea parte hartzera deitzen. PIT-CNT federazio sindikalak ere grebarako deia egin zuen. Milaka lagun bildu ziren 1994ko abuztuaren 24an, 20 milatik gora, Filtroko inguruetan. Baina euskal iheslari politikoak Espainiaratuko zituen hegazkina Carrasco aireportuan zegoen eta nola edo hala hango jendetza guztia sakabanatzeko asmoa zuen Uruguaiko Gobernuak. Arratsalde partean hasi zen Poliziaren erasoa, zaldi gaineko poliziek jendea sakabanatu zuten, baina beraien ihesean Poliziarekin topo egin zuen jendeak. Hau da, segada bat prestatu zuen Poliziak. Jendea ez atzera ez aurrera zegoela, Polizia tiroka hasi zen. Fernando Morronik bi tiro jaso zituen eta bertan zerraldo geratu zen. Beste hainbat pertsona (100dik gora) larriz zauritu zituzten, hauetako asko balaz. Bitartean euskal iheslari politikoak aireportura eraman zituzten. Ospitaleko langileek Uruguaiko ereserkiaz agurtu zituzten hiru euskal herritarrak. Gau osoan zehar iraun zuten Poliziaren kargek. Gau horretan erail zuten Roberto Facal ere. 21 labankada eman ondoren bere etxe barruan utzi zuten.
Elkartasuna jaso eta eskaini egiten da, eta betirako gordeko dugu gure oroimen kolektiboan uruguaitarrek erakutsitakoa. Honela ulertzen dugu ostiral honetan Askapenak Hendaian antolaturiko ekitaldia.
Amasa-Billabonako EH Bilduk bat egiten du ekitaldiarekin
Behin eta berriro Espainiako politikariek duten maila negargarria dela ikusten dugu, baita oraingoan ere. Hauteskundeak errepikatzeko helburua lortu du PSOEk, eta helburua diogu, apirilaren amaiera ez geroztik ia bost hilabetez antzerkia eta itxurakeria besterik ez baititu egin Pedro Sanchezek, elkarrizketa seriorik inorekin gauzatu gabe. Bere kide eta bozkatzaileek besterik eskatzen bazioten ere, PSOEk ez du Espainian gobernu “aurrerakoi” bat eraiki nahi izan eta ondorioz, beste hauteskunde batzuk behar ditu gerora eskuinarekin egingo duen akordioa arrazoitu eta gauzatzeko. Hauxe da Espainiako politikaren egoera eta Azaroak 10erako iragarri dituzten hauteskundeetan herritarren botoen norabideak aukera uzten badie, oraindik ere estatu autoritario eta antisozialago baten aurrean egongo gara. Egia esan, nazka-nazka eginda egoteko modukoa da panorama eta independentziaren beharraz serioski hausnartzeko garaia iritsi zaigu euskal herritarroi.
Zertarako independentzia? Askotan entzundako galdera honek baditu erantzun ugari, pertsona eta testuinguru politikoaren arabera aldatuko dira sarri, baita galdetzen duenaren jarrera edo intentzioaren arabera. Batzuetan agian, erantzuteak ez duela merezi pentsa dezake norbaitek, edota gaur egun hautu politiko honen defentsak ez duela gaurkotasunik, modaz pasatakoa dela.
Historikoki gehien erabili den erantzunetako bat Euskal Herriaren biziraupena aipatzen du, libre ez garen bitartean gure hizkuntzak, hainbeste maite dugun kulturak edota iruditerian dugun 7 herrialdeko mapak ez dutela inongo etorkizunik.
Askatasun behar hau arrazoitzeko beste diskurtso batek erabaki eremuen gerturatzea aipatzen du. Nork defendatuko ditu gure interesak guk baino hobeto? Nork hartuko ditu herri honi zuzenean eragingo dioten erabaki ekonomikoak? Bertako natur erreserbak zaintzeko interesa nork du? Porlanaren inguruan aberasten diren gutxi batzuei poltsikoak betetzea hain errez onartuko al genuke, honek dakartzan kostu ekonomiko, humano eta ekologikoak kontutan izanda?
Badira komikoagoak izan daitezkeen erantzunak, agian esfortzu intelektual handia behar ez dutenak baino irribarrea eragiteko balio dutenak: “Zu bezalako artaburuak ez aguantatzeko!” edota “Letiziaren 1000 euroko zapatak ez ordaintzeko!” diotenak.
Denak dira baliagarriak momentu eta leku egokian erabiltzen badira. Garai hauetan adibidez poltsikoari begiratzen dio jende askok, ezegonkortasun ekonomiko garaiak dira batzuentzat, miseri gorrikoak besteentzat. Bada atentzioa deitu digun titular bat: CATALOGAN A ESPAÑA COMO EL PAÍS MÁS CORRUPTO DE LA UNIÓN EUROPEA . ‘Statista’ izeneko estatistika zentroaren arabera espaniarren %63ak bere egunerokotasuna korrupzioaren eraginpean dagoela deritzo. Ez da datu makala.
Eta guk? Euskal herritarrok sentitzen al dugu hau? Europako herrialderik ustelenaren pean bizitzeak eragiten al du gure egunerokoan? Noski baietz! Baina oraindik ez dugu herritar oro konbentzitu, beraz segi lanean, ez sekula utzi galdera hori erantzunik gabe. Gure poltsikoek, hizkuntzak, basoek, umeek, baserritarrek, kulturak, langileek, itsasoak, ikasleek eta ahazten zaizkigun guztiek merezi dute, baita gure umoreak ere.
INDEPENDENTZIA!
Gaurkoan 1.000 egun dira Altsasuko gazteak atxilotu zituztela eta jakina, espetxean jarraitzen dute. A zer nolako bidegabekeria!!! Aurrerantzean ere, kalean aske direla ikusi bitarte, amasa-billabonatarrok gure elkartasuna eta babesa eskainiko diegu euskal gazte hauei. Aurrera Altsasu!!!
Altsasuko gazteen askatasuna eskatuz gure herrian egindako elkarretaratzetako bat
Akordio bat tarteko, atzo 47 euskal herritarren aurka Madrilen hasi zen epaiketa minutu gutxira amaitu zen. Modu honetan, Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak bost hilabeterako preso sartuko badituzte ere, gainontzekoek espetxea saihestuko dute. 47 euskal herritar hauek erabaki kolektiboa hartu dute, guztien artean adosturikoa.
47 auziperatuen artean, Elduaingo Kudu eta Ibarrako Minde daude
Joseba Asiron Iruñeako alkate ohiak ederki adierazi duen bezala, auziperatuek bi aukeren artean erabaki behar izan dute…edo euren burua errugabe jo eta 8-20 urte bitarteko espetxe zigorrak jaso, edo errua onartu eta espetxera ez sartu. Espetxeratzeek maila pertsonalean eta baita alor politikoan ekarriko lituzkeen ondorio guztiz kaltegarriak kontuan hartuta, Amasa-Villabonako EH Bilduko kideok asko pozten gara auziperatuak berriro etxean daudela jakinda, eta besarkada bana bidali nahi diegu eskualdekoak ditugun Kudu eta Minderi batetik, eta Jon Enparantza eta Arantza Zulueta abokatuei bestetik, azken hauen konpromiso eta eskuzabaltasunak ahalbideratu baitu akordioa.
Edozein kasutan, lehenagotik ere aipatua genuen auzi honekin elkartasuna bera zela epaitu nahi zena, izan ere presoen giza eskubideen alde lan egite hutsagatik eraman baitituzte euskal herritar hauek Espainiako Audientzia Nazionalera. Eta jakina, horrantz ezin daiteke joan justiziaren bila, epaileak aspalditxotik Estatuak erosiak baititu. Horrexegatik, akordioaren ondorioz auziak amaiera positiboa izan badu ere, honelako epaiketek suposatzen duten injustizia salatu beharrekoa da. Estatu honek demokratikotik oso gutxi duenez, bere hatzaparretan ez erortzeko egin ez diren delituak aitortu behar dira, espetxea saihesteko azken finean. Eta Espainiako estatuak historikoki duen izaera antidemokratikoa zenbaterainokoa den ikusita, Euskal Herriak erabateko burujabetza eskuratzen ez duen bitartean, egoera hauek errepikatu daitezkeela aurreikusi behar da.
Aurrera egin behar da ordea, estatuaren joko arauak alboratuz eta euskal jendartean adosturiko eszenatoki berriak bilatuz. Zentzu honetan, atzo euren etxeetara 47 lagun itzuli baziren ere, beraiek ondo esan bezala itzulerak 250 lagunena izan behar du, euskal preso politiko guztiena alegia. Badira ia 8 urte ETA erakundeak bere armak behin betirako isildu zituela eta beraz, euskal presoen aferan urratsak ozenki exijitzeko garaiak behar dute izan.
Adolfo Lozano Olazabal da bera eta bere bizilekua zen Kale Nagusiko etxearen atarian azken urteetan lore eskaintza egin izan du Amasa-Billabonako EH Bilduk urtarrilaren 27an, nazi-faxistek eragindako holokaustoaren biktimak gogoratzeko nazioarteko egunean.
Frankismoak datuak ezkutatu zituen eta berandu badator ere, azkenean Estatuko Aldizkari Ofizialak orain arte errekonozimendu ofizialik ez zuten 4.427 herritarren izen-abizenak argitaratu ditu, tartean Bigarren Mundu gerran Alemaniako Mathausen-Gusen errefuxiatu eremuetan 1941 eta 1945 urteen artean hildako 89 euskal herritarrenak. Esan bezala, oraindik ez zuten aitortza ofizialik eta Espainiako gobernu "demokratiko" ezberdinei kosta zaie ederki urrats hau ematera iristea. Adolfo Lozano Olazabal billabonatarra Gusen-eko eremuan hil zen, 44 urterekin, 1941eko azaroaren 7an.
Kontuan eduki behar da zerrendako ia pertsona guztiak 1936ko gerran frantziar estatuko muga zeharkatu zuten bando errepublikazaleko kideak zirela. Amasa-Billabonako Aritza kultur elkarteak Adolfo Lozano errepublikazalearen inguruko ikerketa egina du eta 2016ko martxoan Mathausen-Gusen errefuxiatu eremua bisitatu zuten elkarteko kideek; hona hemen, bisita eta gero, Esti Amenabarro eta Nora Urbizu Aritza elkarteko kideek eginiko kronikaren enlazea http://www.amasavillabonaoroitzen.net/WEB/es/articulos/185-aritza-kultur-elkartea-mauthausenen-izan-da