Albisteak
Pasa den igandean Amasa Villabonako herritar ugari gerturatu zen Gurea zinera EH Bilduk ezarritako hautetsontzi edo kutxan bere alkategai proposamenak botatzera. Amasa Villaboanako EH Bildutik oso balorazio positiboa egiten dugu, oso pozik gaude lortutako parte hartzearekin eta eskerrak eman nahi dizkiegu prozesu honetan parte hartu duten herrritar guztiei. Gure ustez, argi geratu da herritarrei hitza eta ahotsa emanez gero, herritarren erantzuna ona izaten dela eta horrek igandean ekindako bideari jarraitzeko indar eta gogo gehiago ematen dizkigu.
Hauek dira igandean izandako parte hartze ariketaren datuak:
- Parte hartzea: 94 paper (paper batzuk herritar ezberdinen artean bete ziren, beraz, esan dezakegu 100dik gora herritarrek parte hartu dutela).
- Emaiatza: Guztira 53 alkategai edo zerrenda-buru ezberdin proposatu dira.
Hasieratik adierazi dugun bezala, Amasa Villabonako EH Bilduko kideok, datozen hilabeteetan alkategai izateko proposatuak izan diren pertsona guztiekin hitz egiteko konpromisoa hartzen dugu. Herritarrek lan handia jarri digute, guztira 53 pertsonarekin kontaktuan jarri, hitzordua zehaztu eta hitz egin beharko baitugu, baina atsegin handiz egingo dugu. Guztiekin hitz egin ondoren, iraila edo urrian, alkategaia hautatzeko azken prozesua zabalduko dugu eta ziurtasun osoz esan dezakegu Amasa Villabonako EH Bilduk izango duen alkategaia, igandean herritarrek proposatutako 53 pertsona horien artean dagoela.
Iraila edo urrian garatuko dugun hautaketa prozesua ere herritarren parte hartze zuzenarekin egin nahi dugu eta prozesu gardena eta demokratikoa izango da dudarik gabe. Baliteke hautagai ezberdinen arteko bozketak ere egin behar izatea baina proposatuak izan direnekin hitz egin aurretik, gaur gaurkoz, ezin dugu ezer aurreratu.
Bukatzeko, beste behin gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, bere papertxoa hartu eta alkategai aukeraketa prozesu honetan parte hartzeko urratsa eman duten herritar guzti guztiei.
Urtero bezala, Behar Zana elkarteak urteurren festa osapatuko du ekainaren lehen asteburuan eta aurten ere ez dira ekitaldiak faltako: Sagardo dastaketa, espezialitate ezberdinetako pilota partiduak, afaria, tanborrada... Herriko elkarterik beteranoena dugu Behar Zana, eta oraindik bizi-bizirik aurkitzen dela erakusten du. Zorionak Behar Zana! eta elkarteko kide guztiei! ondo pasa!
EGITARAUA:
Maiatzak 31, osteguna
Pilota solasaldia Gurea antzokian
Moderatzailea: Jon Eskudero. Pilotariak: Patri Espinar,
Maider Mendizabal, Joxi Lopetegi, Aitor Zubieta eta Xabier Tolosa
Ekainak 1, ostirala
17:00 Txupinazoa (Bolatokian)
17:30 Bola Tiraldia (Ume eta Helduentzat)
18:00 Sagardo dastaketa bolatokian (eguraldi txarra eginez gero Berdurako plazan egingo da). Buruhandi eta Erraldoiak. Herriko kaleetatik Loatzo musika eskolako Geronimo Dultzaina Taldearen eskutik.
Ekainak 2, larunbata
10:00 VII. Xake Txapelketa (egoitzan)
Pelota eskolako haurren txapelketa finalak
13:00 Pilota Eskolako haurren eta pilotarien bazkaria Behar Zana Elkartean
16:00 Pilota jaialdia:
1) Joko garbi partida: Behar Zanako pilotarien erakustaldia
2) Kirol egokitua: Gurpil Aulkidunen paleta: Jesus Matarranz–Beñat Lizaso & Asier Navaridas-Joseba Lasa
3) Emakumeen pala goma: Anne Maiza-Irati Otaegi & Janire San Sebastian-Itxaso Erasun
4) Eskuz binaka nagusiak: Lizaso-Urbieta & Otaño - Esnaola
19:00 Meza hildako bazkideen omenez
20:15 Bazkideen afaria
23:15 Behar Zana Danborrada
Ekainak 3, gaindea
09:00 Diana Loatzo Musika eskolako Geronimo Dultzanaina Taldearen eskutik. 11:00 Errebote partidua
14:30 Gonbidatuen Bazkaria (Elkartean)
Tolosaldean ere, Euskal Herriko herri eta eskualde ugaritan bezalaxe, pentsio duinen aldeko mobilizazio ugari egin dira azken hilabeteetan. PNVk Madrilen PPren aurrekontuetan lortutako akordioak pentsiodunen elkarteak zatitzeko eta mobilizazio jendetsuekin amaitzeko helburua bazuen ere, nabarmen geratzen ari da pentsio publiko duinen eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioen aldeko mobilizazioek indartsu jarraitzen dutela gure kaleetan.
Eskualdeko manifestazio jendetsua Tolosan
Pasa den larunbatean jendetza bildu zen Tolosako plaza zaharretik abiatu zen manifestazioan. Duintasuna Tolosaldeko Pentsiodunen Elkarteak egin zuen deia eta Tolosaldeko dozenaka elkarte eta talderen atxikimendua jaso zuen. Gauzak horrela, aipatzekoa da manifestazioan ez zirela jubilatu edo pentsiodunak bakarrik egon, gazte ugari ere gerturatu baitziren beren babesa ematera.
Tolosako manifestazioaren hasierako une bat
Duintasuna elkarteko Maria Luisa Lizarzak eta Iñaki Elduaienek esan zutenez pozik daude martxotik hona egin duten ibilbidearekin. "Atsedenaldia hartuko dugu eta iraila edo urrian bueltatuko gara", esan zuten. Gai hau pentsiodunetatik harago doala gogoratu nahi izan zuten: "Gizarte osoari eragiten dion gaia da hau eta horregatik egin ditugu harremanak Tolosaldeko hainbat eragilerekin. Asko etorri dira eta oso pozgarria da", esan zuten.
Era berean, pentsiodunen artean emakumezkoek kalte bikoitza jasaten dutela nabarmendu zuten, 600 eurotik behera kobratzen dutenen %77 emakumezkoak direla gogoratuz. "Oso pozgarria da emakumezko asko bildu garelako gaur hemen", gaineratu zuten manifestazioaren ondorengo hitzartzean.
Manifestazioaren irudiak 28Kanalaren eskutik: https://www.youtube.com/watch?time_continue=214&v=TsKMbh9faWw
Manifestazioa Amasa Villabonan ere
Amasa Villabonako Duintasuna elkarteak deituta, Errebote plazan dozenaka amasa billabonatar elkartu dira astelehen eguerdi honetan. Oraingo honetan elkarretaratzea egin beharrean herriko kaleetatik manifestazioa egitea erabaki dute bertaratu direnek eta Kale Nagusia eta Kale Berria zeharkatu ondoren, Malkar plazan eman diote amaiera mobilizazioari.
PNVk PPren aurreko gobernuarekin lortutako akordioak ez ditu pentsiodunak asebetetzen, nahiz eta akordioaren protagonistek etengabe beren lorpenaren onurak hedabideetan zabaldu. Horrela aipatu dute elkarretaratzearen hasieran Duintasuna elkarteko kideek.
"Akordioak 2018 eta 2019rako igoerak bakarrik aipatzen ditu, EAEn eta Nafarroan DSBErekin osatzen diren pentsioek ez dute igoerarik izango; ez da ezabatzen sostengarritasun faktorea eta 2023ra arte atzeratzen da". Eskaintzen dituzten "apurrekin", pentsiodun askoren egoerak bere larritasunean jarraitzen du Duintasuna elkarteko kideek: "Hirutik batek, gutxieneko soldataren azpitik kobratzen du eta %52k 1.000 euro baino gutxiago. Aberastasunaren banaketa oso injustua da eta emakumeak zigortzen ditu bereziki. Erretiro pentsioak, emakumezkoen kasuan %70 baxuagoak dira gizonezkoenak. Onartezina da pentsio duinak lortzeko eskubidea, alderdi politikoen arteko txanpon trukea izatea".
Soilik aurrera eramaten diren borrokak irabazten direla esanaz amaitu dute mobilizazioa eta iragarri dute, hemendik eta udazkena bitarte atseden hartu eta ikasturte berriarekin jarraituko dutela euren aldarriak plazaratzen.
ARGAZKIAK:
Amasa Villabonako EH Bilduren Udal-Taldeak ekimen berri bat abiatu, eta pasa den maiatzaren 22an Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako Zerga Erreformaren aurkako Mozio bat aurkeztu zuen udalean. Zerga erreforma horren bidez, Gipuzkoako pertsona aberatsenek, diru gehien dutenek, zerga gutxiago ordaindu beharko dituzte eta ondorioz, Foru Ogasunak jasoko duen diru kopurua nabarmen jaitsiko da.
Honako neurriak herritarren gehiengoaren iritziaren kontra hartutakoak direla pentsatzen dugu eta ondorioz, Amasa Villabonako PNV eta PSEri ausartak izatea, diziplina partidistak albo batera uztea eta herritarren gehiengoak pentsatzen duenarekin bat egin eta mozio honen alde egitea eskatu genien. Mozioak jasotzen dituen puntuak edonorentzat onargarriak izan behar luketela pentsatzen genuen.
Udaleko Osoko Bilkuran PNV eta PSEk kontra bozkatu zuten, aberatsei zergak jaitsi izana ontzat emanez.
PNVko ordezkariak, gai hau "gehiago dakitenen artean, Foru Aldundian" landu behar zela argudiatu zuen, udala ez omen da posizonatu behar gai hauetan. Nahiz eta zerga erreforma honek gipuzkoar guztioi eragingo digun, jeltzaleen ustez, udalek ezin dute ezertxoe ere esan, eta isilik geratzea tokatzen zaie. Zer nolako aitzakia merkea, egia ez esateko: PNV izan da erreforma honen bultzatzaile nagusia eta aberatsenei, enpresari handiei, kontu korronteetan miloiak dituztenei zergak jaistea bere ADNan doa, eskuineko ideologia neoliberala duten alderdi guztietan bezala. Baina badirudi udaletxeko jeltzaleek ez dutela hori aitortu nahi eta udalak gai honetan duen konpententzia eza jartzen dute gaiaz ez hitz egiteko aitzakia gisa.
Are penagarriagoa da PSEko M.L. Arija zinegotziaren jarrera. EH Bildutik mozioaren kontra bozkatzearen arrazioa galdetu ondoren, bere erantzuna hau izan zen "por pura disciplina de partido". Badirudi gai honetan ezeroso dagoela Arija, dagoeneko hamarkadak dira PSOEk ezkerroko alderia izateari utzi zionetik, baina badirudi Arija oraindik ez dela enteratu, edo ez duela ikusi nahi. Gero diskurtso aurrerakoi eta ezkertiarrekin ahoa betetzen zaio, baina egiaren orduan, disziplinaren izenean ez du inolako arazorik gipuzkoarron gehiengoaren interesen kontra aritzeko. Patetikoa.
Hau da EH Bilduk Amasa Villabonako udalean aurkeztu zuen, eta PNV eta PSEk kontra bozkatu zuten MOZIOA osorik:
ARRAZOIEN AZALPENA
Pasa den maiatzaren 9an izandako Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, EAJ-PSE koalizioak eta PPk, Gipuzkoako aberatsenei zergak jaistea erabaki zuten.
Hemendik aurrera, Gipuzkoako 38 aberatsenek, batez beste, 408.316 euro gutxiago ordainduko dute urtero eta guztira 15, 5 milioi euro gutxiago jasoko ditu Gipuzkoako Foru Ogasunak.
Bitartean, EAJ-PSE koalizioak murrizketa sozialak egiten jarraitzen du, adibidez, urteko 300 eta 1000 euro arteko murrizketa pairatu dute mendekotasuna duten 4.330 familia gipuzkoarrek.
Normala den bezala, Gipuzkoako herritarren gehiengoarentzat honakoa kontu eskandalagarria da. Gipuzkoako %1 aberatsenentzat, berriz, ospatzeko moduko erabakia izan da, aberatsenek, milioika euroko kontu korronteak dituztenek, badute zer ospatua. Izan ere Fortuna Handien gaineko Zerga bertan behera garatzeko erabakia hartu dute EAJ-PSE eta PPk, eta ondorioz zerga sistema ezberdin bat indarrean sartuko da, askoz insolidario eta injustuagoa.
Datuak argiak dira: Zerga erreformaren memoria ekonomikoaren arabera, Foru gobernuak egin nahi duen aldaketarekin “zerga ezkutua” delakoa (“escudo fiscal”) baliatuko luketen 875 zergadun aberatsenek batez beste 37.794 euro gutxiago ordainduko liokete Ogasunari. Guztira, 33 miloi gutxiago jasoko lirateke ezkutuaren eraginez, diru hori ezinbestekoa denean herritarren ongizatea bermatzeko.
Baina memoria ekonomikoan are eta larriagoa den beste datu bat ere ematen da: zehazki, 12,8 miloi euro baino aberastasun handiagoa duten 38 pertsonetako bakoitzak, batez beste, 408.316 euro gutxiago ordainduko lioke urtero Ogasunari. Hau da, EAJ-PSE koalizioak Gipuzkoako 38 aberatsenei urtero 15 miloi t’erdi oparituko dizkie.
Baina gehien dutenen zergak jaistea larria bada, are larriagoa da, aldi berean gehien behar dutenei murrizketak ezartzea. Foru Aldundiko datuei erreparatuz, Gipuzkoan 16.697 pertsonek jasotzen dute mendekotasun prestazioren bat. Urtarrilaren 1etik indarrean sartu den Foru dekretuarekin, 16.697 onuradunetatik % 27a, hau da, 4.330 pertsonak, murrizketak jasaten hasi dira. Gainera, mendekotasun handiena (III. Gradua) dutenek pairatuko dituzte murrizketarik handienak, hau da, diru-laguntzak gehien behar dituztenek.
Esate baterako, mendekotasuna duen pertsona etxean zaintzeagatik diru-laguntza jasotzen duten senideei hilero 25 eta 80 euro arteko murrizketa aplikatu zaie urtarrilaz geroztik, hau da, 300 euro urtean 1. gradukoen kasuan eta 1000 euro urtean 3. gradukoetan. Eta kontuan hartu behar da laguntza hauek, batez ere, senarra zaintzen ari den emakume pentsiodunek kobratzen dituztela.
Datuak argiak dira. Ez dira EH Bilduk asmatutako datuak, ezta sindikatu edo eragile sozialen datuak ere. Hauek guztiak Foru Aldundiak emandako datu ofizialak dira.
MOZIOA
1. Amasa Villabonako udalak, ez du zerga erreforma hau babesten eta ondorioz, ez du bat egiten Gipuzkoako aberatsenei zergak jaisteko erabakiarekin.
2. Amasa Villabonako udalak Fortuna Handien gaineko Zerga bere horretan mantentzea eskatzen du, zerga hau (beste askorekin batera) aberastasunaren banaketa solidario eta justua egiteko trena egokia dela pentsatzen baitu.
3. Amasa Villabonako udalak ez du babesten aberatsen mesedetan ezarri den "zerga ezkutua" edo "escudo fiscal" delakoa.
4. Amasa Villabonako udalak mendekotasuna duten familiek jasotzen dituzten diru- laguntzetan murrizketarik ez egitea eskatzen dio Foru Aldundiari.
5. Amasa Villabonako udalak Mozio hau Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako mahaiko lehendakariari helaraziko dio.
EH BILDU UDAL-TALDEA
Amasa Villabonan, 2018ko maiatzaren 22an
Pasa den igandeko giza katea izugarria izan zen, 175.000 euskal herritarrok, herri honek bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu genuen Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituen giza kate erraldoia osatuz. 175.000 pertsona!!! Ziur aski, Euskal Herriaren historian izan den mobilizaziorik jendetsuena. Igandeko giza kate arrakastatsuarekin, erabakitzeko eskubidearen aldarria berriro ere erdigune sozial eta politikoan kokatzea lortu du Gure Esku Dago herri mugimenduak eta parte hartu genuen milaka herritarrek.
Amasa billabonatarrak Mendaron
Gure herriko ehunka pertsona elkartu ginen Mendaro herriaren sarreran kokatuta zegoen giza katearen 59. kilometroan. Goizeko 9:00etarako 4 autobus (horietako bat bi pisukoa) irten ziren Olaederra kiroldegitik eta asko izan ziren Mendarora beren autoetan joan ziren herritarrak ere. Aiztondoko herritarrekin batera denak Mendaroko plazan elkartu ginen eta pintxo batzuk jan eta eztarria bustitzeko tartea hartu ondoren, 59. kilometrora abiatu ginen. Kostata izan bazen ere, antolakuntzan lanean aritu ziren herritar bolondresen lanari esker, 59. kilometroa betetzea lortu genuen. Beraz, amasa billabonatarrok gure hondar aletxoa jarri genuen giza kate historiko honetan. Herrira bueltan jendea pozik eta harro zegoen.
EH Bildutik ere gure zoriona eta harrostasuna agertu nahi dugu giza kateak arrakasta izugarria izan zuelako. Herritarren erantzun masiboari esker, erabakitzeko eskubidea berriro ere indar handiz kokatu da eztabaidaren erdigunean eta hori pozik egotekoa da. Gure Esku Dago-ren aspaldiko leloak sekula baino gaurkotasun handiagoa hartu du: Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da!
Aiztondoko kilometroen irudiak Aiurri-ren eskutik: https://www.youtube.com/watch?time_continue=112&v=3riiTplE-SU
ARGAZKIAK:
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldia ospatuko da Euskal Herri osoan. Amasa Villabonak izena eman du Euskaraldian parte hartuko duen herri gisa eta dagoeneko talde bat lanean ari da ekimena prestatzen. Tolosaldea eskualdeko 28 herrietatik 25ek eman dute izena euskararen erabilera bultzatzeko ekimen nazional honen antolaketan parte hartzeko. Guztira, Euskal Herri osoan 300 herri baino gehiagok eman dute izena jada.
Pasa den astearte arratsaldean Tolosaldeko herrietan Euskaraldiaren prestaketa edo antolaketa lanetan ari diren taldeen ordezkariak elkartu ziren Zizurkilgo Joxe Arregi plazan eta agerraldi publiko honetan Euskaraldiaren lehen aurkezpena egin zuten. Amasa Villabonako taldearen ordezkari gisa Maite Arregi euskara teknikaria eta Gaizka Ezeiza Irrintzi elkarteko kidea izan ziren. Euskaraldia euskararen erabilera hauspotzeko antolatutako egitasmoa da eta iraungo duen 11 egunetan euskaldunak direnen eta euskara ulertzen duten pertsonen hizkuntza ohituretan euskararen erabileraren aldeko aldaketa eragitea izango da helburua.
"Argi dugu oraingo honetan jauzi bat eman behar dugula. Euskaraldia ariketa sozial erraldoi bat da, ez euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat" adierazi zuen antolatzaileetako batek.
Ekimen hau berezia izango da eta azken urteetan hainbat herritan (Lasarte, Agurain...) garatutako dinamiketan du oinarria. Herritarrek Ahobizi eta Belarriprest gisa eman ahalko dute izena udazkenean. Ahobiziak uneoro (ahal den guztietan) euskaraz aritzeko konpromisoa hartuko du eta Belarriprest-ak berriz, berari euskaraz egin dakiokela adieraziko du, euskararen erabilerari bide emanez. Euskaraldian parte hartzen duten herritarrek, hortaz, ariketa konsziente bat egin beharko dute euskara ahal bezain beste erabiliz.
Zizurkilen bildutako Tolosaldeko herrietako ordezkariek Euskaraldian parte hartzeko gonbita luzatu zieten herritarrei. "Gure eskualdean euskaraz bizitzea posible dela bistarazi nahi dugu, 11 egun horietan praktikan jarriz" adierazi zuten agerraldian. Baina era berean, 11 egun horiek igarota, Euskaraldiaren helburu nagusia urte osoan egiten den euskararen erabilera handitzea da. Izan ere, euskararen kale erabileraren azken datuek euskara gero eta gutxiago erabiltzen dela erakutsi digute eta tendentzia hori irauli beharra dago gure hizkuntzaren etorkizuna bermatu nahi badugu.
Amasa Villabonako EH Bilduk aste honetan ekin dio 2019ko udal hauteskundeetarako prestaketa edo aurrelanen prozesu luzeari eta lehen urrats gisa EH Bilduren zerrenda-buru edo alkategai izateko herritarren proposamenak jasoko dira. Alderdi politiko tradizionalek beren hauteskunde zerrendak eta hautagaiak erabakitzeko erabiltzen duten prozedura ilun eta opakoekin hautsi, eta parte hartze ariketa demokratiko eta garden baten bidez aukeratu nahi ditugu EH Bilduko alkategaia eta zerrendako kideak. Aste honetan zehar auzolanaren bidez herriko etxe guztietara orri bat bideratuko dugu eta orri horren bidez amasa billabonatar guztiek beren iritziz EH Bilduko alkategai egokia izan daitekeen pertsona bat, bi edo hiru proposatu ahal izango dituzte.
Hau da aste honetan etxez etxe banatuko dugun orria:
Orri hauxe bera erabiliz, gure herrian bizi den pertsona bakoitzak aukera izango du bere proposamena edo proposamenak egiteko. Nahi izanez gero, proposatzen den pertsona alkategai egokia izateko norberak ikusten dituen arrazoiak ere idatzi ahal izango dira. Proposamena modu anonimoan egin daiteke edo orrian proposatzailearen datuak jarrita. Bigarren kasuan EH Bilduk herritar horri bere proposamenak izan duen ibilbidearen berri emango dio (zer erantzun duen...). Izan ere, EH Bilduko kideek proposatuak izango diren pertsona guztiekin hitz egiteko konpromisoa hartzen dugu. Alkategaiaren aukeraketa prozesuak uda ondoren jarraituko du eta lehen urrats hau ezinbestekoa izango da, EH Bilduko alkategaia herritarrek proposatutako izenetatik irtengo baita ziur.
Proposamenak jasotzeko eguna eta tokia: Ekainaren 17a Gurea zinean
Datorren ekainaren 17an, igandea, 10:00etatik 20:00etara Villabonako Gurea zineko sarreran hautestontzi edo kutxa bat egongo da eta herritarrek bertan sartu ahal izango dute beren orria. Ez da derrigor orria etxetik betea ekarri beharko, hantxe bertan betetzeko aukera ere izango baita.
Herritarren proposamenak biltzearekin batera, Amasa Villabonako EH Bilduk egitarau zabala antolatu du ekainaren 17an Gurean. Ipuin kontalariak, musika, hamaiketakoa... izango dira eta ekitaldi nagusia 12:00etan izango da. Ekitaldian 2019ko udal eta foru hauteskundeei begira Amasa Villabonan garatuko dugun prozesuaren berri emango dugu eta Gipuzkoako EH Bilduko aurpegi ezagun bat ere bertan izango da, Gipuzkoa mailan ditugun erronkak azaldu eta EH Bilduren alternatibaren berri emateko.
Anima zaitez eta parte hartu! EH Bildun zuk erabakitzen duzu!
Pasa den larunbatean Zubimusu ikastolak egindako Milimetroak festan iragarri zen albistea. Aipatu behar da orain arteko eredua aldatuko duela Kilometroak festak eta 2020tik aurrera urte osoko ekimena izango dela. Urtean zehar hainbat jaialdi antolatuko dituzte ikastola ezberdinek eta urriko lehen igandeko festa ikastola batek hartuko du bere gain. Amasa Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak antolatuko du 2020ko jaia.
Iragarpen honen aurretik, Kilometroak jaiaren eredu berria aurkeztu zen Zumarragan. Ikastolen Elkarteak bertan iragarri zuenez, orain arte ezagutu dugun Kilometroak jaia aldatu egingo da 2020. urtetik aurrera. Gipuzkoako ikastolen asmoa da Kilometroak urte osoko ekimen bat izatea, eta ikastola batek baino gehiagok parte hartzeko aukera izatea urtero.
Orain arte bezala, Kilometroak jai bat ospatuko dela eta hori antolatzeko ardura ikastola batek hartuko duela aurreikusten dute Ikastolen Elkartetik, baina, horrez gain, urtean beste hainbat jaialdi txiki egitea da asmoa, eta horiek egiteko ardura beste ikastola batzuek hartuko dute. Jaialdi guztiak sartuko dira Kilometroak ekimenaren barruan.
Zubimusuko arduradunak ilusioz gainezka
Poz handiarekin hartu zuen albistea Ana Santamaria Zubimusu ikastolako zuzendari pedagogikoak: "Laugarren aldia zen aurkezten ginela eta bagenuen gogoa Kilometroak festa Aiztondo bailarara ekartzeko, sekula ez baita hemen egin". Irura eta Tolosako ikastolek antolatu izan dute festa, baina behin ere ez Zubimusuk. "Bailara guztira zabalduko dugu festa eta 2020ra bitarteko prozesua elkarrekin egiteko asmoa dugu".
Pasa den larunbateko Milimetroak jaiaren une bat, Errebote plazan
Gipuzkoako ikastolen jaia 2020. urtetik aurrera moldatuta etorriko da eta Zubimusu ikastolako zuzendariak aipatu zuenez, "Amasa Villabonan eta Zizurkilen egin dugun Milimetroak festak balio dezake eredu bezala beste ikastolentzat". Egun osoko festa izan zen igandekoa eta bi herrietako plazetan burutu ziren ekintzak, besteak beste, Joxe Arregi plazan 700 lagun bildu ziren bazkaritarako. "Egun borobila atera da", esan zuen Santamariak. "Oso denbora gutxian antolatu dugu guztia, batzordetan bildu diren gurasoen borondatezko lana ezinbestekoa izan da guztia behar bezala atera dadin".
Pasa den maiatzaren 30an EH Bilduren Barne Hauteskunde Prozesuaren Jarraipen Batzordeak, Gipuzkoako Hauteskunde Batzordearen ziurtagiria jasota, Juan Karlos Izagirreren hautagaitza izendatu zuen. Beraz, Gipuzkoan Foru Hauteskundeetarako zerrenda buru gisa hautagaitza bakarra aurkeztu denez, Gipuzkoan EH Bilduk izango duen hautagaia Juan Karlos Izagirre izango dela ofizialki jakinarazi zen. Momentu honetatik aurrera, Izagirre bera, Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeko kide izango da eta Foru hauteskundeetarako zerrendaren osaketan parte hartuko du. Zerrenda osoa, EH Bilduko kideek eta elkarrekin.ehbildu.eus helbidean izena eman duten gipuzkoarren artean erabakiko da bozketa bidez.
Pertsona langilea eta herrikoia
Juan Karlos Izagirre Hortelano (Igeldo, 1963), Donostiako alkate izan zen 2011-2015 legealdian eta orduztik bere ofizioan, mediku gisa jarraitu du lanean, betiere, aktualitate politikoa gertutik jarraituz. Familia medikua da Errenterian eta Sahararekin Lankidetza proiektuetan aktiboki kolaboratzen du.
Amasa Villabonako EH Bildutik ongi etorria ematen diogu Juan Karlos Izagirreren hautagaitzari eta EH Bildu berriro ere Gipuzkoako lehen indarra izan dadin lan egingo dugula berresten dugu. Juankar gure lagun eta kidearekin, helburu hori lortzeko pertsona egokia dugula sinetsita gaude eta pertsonetatik aratago, ziur gaude Gipuzkoarako proiektu eta egitasmo onenak mahai gainean jarriz, herriz herri EH Bildu indartsuagoa eraikiko dugula. Herritarrekin eskuz esku, Gipuzkoa hobetzeko lan egiteko prest gaude, jende prestatua eta egokia dugu horretarako eta gure baloreei segiz, Gipuzkoa justu, solidario, garden, jasangarri, anitz, parte hartzaile, alai eta jatorra egingo dugu!
Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, “paradigma aldaketa baten aurrean gaude, baina Gobernuaren enplegu plan edo estrategietan betiko neurriak, betiko lan-merkatura eta lanbide tradizionaletara bideratutako lan-ildoak jasotzen dira”.
Legebiltzarrak aho batez onartu du gaur, EH Bilduren ekimenez, gazteriaren lan egoera hobetzeko eta euskal gazteen egiturazko prekaritatea gutxitzeko talka-tresna izango diren neurriak. Josu Estarronak azaldu duen bezala, “gazteen laneratzeko erronka berriei heltzeak politika publikoen paradigma-aldaketa eskatzen du”. Hori horrela izanda, “ez dugu ikusten Gobernuaren enplegu plan edo estrategietan paradigma berri horri erantzuteko neurri edo politikarik, betiko neurriak, betiko lan-merkatura eta lanbide tradizionaletara bideratutako lan-ildoak jasotzen dituztelako”.
Josu Estarrona legebiltzarrean, EH Bilduren proposamenak aurkezten
Adibidez, “nekez ulertu daiteke nola 2017-2020 Plan estrategikoak ez duen inolako saiakerarik egiten ez genero ikuspegitik ezta izaera kualitatiboa duten helburu estrategikoak objetibatu edo kuantifikatzeko. Edota, Gazte enplegua sustatzeko neurri guztien artean ezin aurkitu daiteke sortu nahi den enpleguaren kalitatearen inguruko adierazle bakar bat ere. Berdin gertatzen da Jaurlaritzak aurkeztutako IV. Gazte Planean”.
Horregatik, EH Bilduk Legebiltzarrera ekarri duen proposamenean eskatzen du “Jaurlaritzak gazteen enplegua sustatzeko politiketan, estrategietan eta plan estrategikoetan aintzat hartu dezan hainbat neurri”. Estarronaren hitzetan, “uste dugu aurreko astean Enplegu Planaren inguruan erdietsitako akordioa norabide aldaketaren hasiera bat suposatu zuela eta gaurko akordioak indartzera datorrela norabide aldaketa hori. Apur bat kostata eta pixkanaka-pixkanaka bada ere, ari gara eztabaida politiko honen muinean Gobernuak zuen posizioa bide onean jartzen”
Pasa den ostiral eguerdian Altsasuko gazteen kontrako epaiketaren sententzia ezagutu zen; Auzitegi Nazionalak 13, 12, 9 eta 2 urteko zigorra ezarri die Altsasuko 8 gazteri. Epai hau ezagutu bezain laster, erreakzio andana izan zen eta Euskal Herriko txoko askotan epai guztiz bidegabe eta desproportzionatu honen aukako mezu eta deialdiak zabaldu ziren.
Amasa Villabona ez zen salbuespena izan eta modu espontaneo batean, 20:00etan Errebote plazan protesta elkarretaratzea egiteko deia zabaldu zen WhatsApp mezuen bidez eta kaleetan jarritako pankarten bidez. Deialdiak arrakasta handia lortu zuen eta jende ugari gerturatu zen udaletxe aurrean egin zen 10 minutuko elkarretaratzera.
"Altsasukoak Aske!" lemapean, amasa billabonatarrok ere elkartasun mezua bidali genion Altasuko herriari eta zigortuak izan diren gazteen senide eta lagunei. EH Bilduko kideak ere bertan izan ginen eta nahiz eta deialdia guk ez antolatu, gure sare sozialetako kontuen bidez zabalpena eman nahi izan genion mobilizazio honi.
EH Bildutik gure elkartasun eta babes osoa eskaini nahi diogu, Israelgo estatuaren aldetik indarkeria basatia pairatzen ari den Palestinako herriari. Okupazioari eta Israelek eragindako giza eskubideen urraketa masiboari ez!
Azken orduetan sekulako sarraskia egiten ari da Israel Gazan. Azken albisteen arabera gutxienez 55 palestinar hil eta 2.400 zauritu ditu Israelgo armadak, AEBen Jerusalemgo enbaxadaren irekieraren aurkako manifestazioetan.
Gainera, gaur bertan 70 urte bete dira Israelek Palestinako lurraldeak okupatu zituenetik, egun honi NAKBA (hondamendia) izena jarri zioten behartuta beren lurrak utzi behar izan zituzten palestinarrek. Orduz geroztik okupazio ilegala eta palestinar herriaren kontrako genozidioa dira lurralde horrek bizi izan duen tragedia izugarria.
Zer gehiago gertatu behar da Nazioarteko Komunitateak errekazionatu eta neurriak har ditzan? Noiz arte begiratu behar dute munduko boteretsuenek beste alde batera? Hau onartezina eta lotsagarria da. Israelek denon begiradapean giza eskubideen kontrako ekintza odoltsuak egiten dituen bitartean, non daude giza eskubideen defentsan jarduten omen duten Europako herrialdeak?
OKUPAZIOA ETA SARRASKIA GELDITU!
PALESTINA ASKATU!
Pasa den urteko azaroan Arantza Lopez EH Bilduko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia Astigarragan izan zen Berdintasuna Ehunduz ekimena ezagutzeko asmoz eta Harituz elkarteko bultzatzaileekin harremanetan jarri zen. EH Bilduko udal-taldean honakoa Amasa Villabonan ere garatu zitekeen ekimen eta dinamika oso aproposa eta interesgarria zela baloratu genuen eta 2017ko azaroan Gizarte Zerbitzuetako udal-batzodean proposatzea erabaki genuen.
Proposamen horrek fruituak eman ditu eta azkenik, Astigarragako Harituz elkarteak sustatutako Berdintasuna Ehunduz egitasmora batu dira Amasa Villabonako alderdi politiko guztiak zein herriko hainbat eragile. Aurtengo azaroaren 25aren bueltan (Emakumeen kontrako indarekeriaren aurkako nazioarteko eguna) ekimen beteratuak burutuko dira gure herrian.
Astigarragan sortu zen egitasmoa 2014an eta lau urteotan 40 herri eta herrialde baino gehiagotako hainbat emakumek lau kilometro baino gehiagoko begizta kolektiboa ehundu dute. "Topaketa bakoitzean sendotu egin da indarkeriaren aurkako borroka", esan du Isabel Otero, Astigarragako berdintasunaren aldeko gizon eta emakumeen eskolako kideak.
Gainera, lau urte hauetan sortutako begiztak Espainiako estatuko hainbat autonomia erkidegotan eta munduan zehar bidaiatu du. Egun, zati bat, Suedian dago, esate baterako. Herrialde askotako elkarte eta kolektiboen parte hartzeari esker osatu da beraz.
Iazko azaroan, esate baterako, ATLCR (Tunezeko Arrisku Jarreren Kontrako Elkartearen) bisita jaso zuten Astigarragan eta indarkeria matxistaren aurkako ekitaldietan parte hartu zuten. Orain, Euskal Herrian zabaldu nahi dute Indarkeria sexistaren aurkako matazak izeneko kanpaina, eta esan bezala, Amasa Villabonak ere parte hartuko du ekimenean.
Udaleko alderdi politikoetako eta herriko hainbat eragiletako ordezkariak, Berdintasuna Ehunduz ekimenaren aurkezpenean
Aurtengo azaroaren 25ari begira, oraingoz ezer lotuta ez badago ere, Amasa Villabonan ere mataza horiek ehundu nahi ditugu eta herriko eragileen parte hartzea bilatuko da. Dagoeneko herriko ikastetxeek badute ekimen honen berri eta ikasturte hasieran gaia landuko dute. Azaroaren 17tik 25era, Olaederra kiroldegiak eta Santiago egoitzak ere parte hartuko dute ekimenean eta aste horretan, herriko merkatariei gai horrekin lotuta erakusleihoak apaintzea proposatuko zaie.
Udal langileei bere oihala ehuntzeko proposamena egin eta udaletxeko balkoitik zintzilikatzeko gonbita luzatu zaie.
EH Bilduk maiatzaren 23an aurkeztuko die dokumentua herritarrei, Tolosako Topic zentroan 19:00etatik aurrera.
Tolosaldeko osasun arreta publikoaren inguruko eta Asuncion klinikari buruzko proposamen zehatza lantzen aritu da azken hilabeteetan Tolosaldeko EH Bildu. Tolosan egindako agerraldi publikoan, EH Bilduren proposamenak lau ardatz izango dituela adierazi du Unai Iraolak Alegiako alkateak: "EH Bilduren osasungintza publikoari buruzko filosofia eta lan ildoa; Tolosaldeko osasun publikoak behar dituen azpiegituren berrantolaketari buruzko gogoeta eta proposamena; langileak integratzeko proposamen zehatza; eta Legebiltzarreko ibilbide politiko zein legalaren inguruko azalpenak eta EH Bilduk aurrera eramango dituen iniziatiben azalpen eta proposamena". Iraolak azpimarratu duenez, "Egingarria den proposamena da eta, batez ere, borondate politikoa eskatzen du".
Eskaeretatik harago, proposamen zehatzak egitearen garrantziaz mintzatu da ere Kristina Pelaez Tolosako EH Bilduko kidea eta eskualdeak proiektu berri eta moderno bat behar duela esan du, herritarren beharrak kontuan izango dituena. "Proposamena herritarrei eta afera honetan interesa duen orori aurkeztu nahi diogu". Proposamena ez da dokumentu itxi bat, eztabaidarako lan dokumentu bat baizik, eta osasun arreta aldatzeko tresna moduan ikusten du EH Bilduk dokumentua. Horregatik Tolosaldeko EH Bilduko ordezkariak herritarren iritziak jasotzen aritu dira. Osasun politikan, besteetan bezala, herritarren parte hartzearekin eta gardentasunez jokatu behar dela azpimarratu nahi izan dute prentsaurrekoan. Osasun arreta hobetzea bilatzen badugu proposamena herritarrekin, erabiltzaileekin eta profesionalekin konpartitzea da asmoa, iritziak jaso eta eztabaidarako prozesua irekiaz, eskualderako nahi dugun osasun arreta adosteko.
Tolosaldeko EH Bilduren agerraldia, datorren maiatzaren 23ko aurkezpen ekitaldia iragartzeko
Pelaezek gogoratu du urteak direla Tolosaldeko osasun arreta publikoa auzitan dagoela. "Arrazoiak desberdinak izan dira; langileen egoera, Asuncion klinikak Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenaren baldintzak ez betetzea, klinikaren beraren egoera, Tolosaldeko arretan inbertsio falta, mediku espezialistek alde egitea...".
Arrazoi horiek guztiak, klinika pribatu bat (Asuncion) erreferentziazko ospitale baten moduan lan egitearen ondorio direla ere adierazi dute EH Bilduko kideek. "Honen atzetik osasungintzaren eta asistentziaren pribatizazio nahia dago".
Osasungintzan negozio nahia dagoela eta horrek herritarrek jasotzen duten arretan ondorio negatiboak dituela eztabaida ezina da. EH Bilduk argi dauka zerbitzu publikoek kudeaketa publikoa izan behar dutela eta ez bakarrik baliabide guztiak osasungintzarako erabiliko direlako, baita integrazioak eraginkortasuna eta koordinazioa nabarmen hobetzen dituelako ere.
Larunbat iluntzean, buzo zuriz mozorrotutako jende talde batek Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregi inguruetan pankartak eskegi zituzten Zubietako erraustegiaren obrak salatuz eta agintariei kontratua erakusteko eskatuz.
Donostiako erdi gunean Bizitza Da Handiena ekimena (Munduko Turismo Erakundeak bertan egin duen biltzarra bitartean hiriburuaren turistifikazio gehiegizkoa salatu duena) bere azken txanpan sartua zenean burutu zuten salaketa ekimen hau, egitarauan aurreikusi gabe zegoena. Gipuzkoa Zutik taldeak bere gain hartu zuen ekintza honetan jende talde batek pankartan zintzilikatu zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren atarian (Gipuzkoa plazan). Zaharberritze lanetan dagoen eraikinaren aurrean "Ustelak, erakutsi kontratua" eta Zubietako erraustegia salatzen zuten beste mezuak zeuzkaten idatzirik.
Gipuzkoa Zutik-ekoek Foru Aldundiaren egoitzan zintzilikatutako pankartetako bat
Hurrengo udal eta foru hauteskundeetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Nafarroako Parlamenturako zein Hego Euskal Herriko lau hiriburuetarako zerrendaburuak hautatzeko prozedura abian jarri du EH Bilduk.
Zerrendaburu izateko prozedura, maiatzaren 14an abiatuko da. Bere hautagaitza aurkezteko aukera izango dute bilkideek edota EH Bildu osatzen duten alderdietako kideek; era berean, alderdi edo norbanako batek izenen bat proposatzeko aukera izango du. Kasu batean zein bestean, hauteskundeetarako araudiak zehaztu moduan, abal kopuru jakin bat aurkeztu beharko da.
Alderdi politikoetako ordezkariek, EH Bilduk izaera propioa izateko ituna sinatu zuten Iruñean
Nahi duen herritar orok parte hartu ahal izango du zerrendaburuak hautatzeko prozesuan. Horretarako, EH Bilduren zerrendetan izena-emanda egon beharko da (ekainak 7an itxiko da zentsoa); jakina, alderdietako kideek ere parte hartu ahal izango dute. Ekainaren 4an jakingo da zeintzuk pertsona eman duten izena eta parte hartuko duten zerrendaburua izateko kanpainan, eta horren ondoren, ekainaren 8tik 10era, bozketa eguna izango da.
Zerrendaburuak aukeratzeko prozesuan parte hartu nahi dutenek, modu telematikoan edo presentzialean eman ahal izango dute botoa, esan bezala, ekainaren 8tik 11ra bitartean, eta beti ere, inskribatua dagoen eremu geografikoari lotutako hautagaietan. Boto presentziala egiteko aukera eskainiko du EH Bilduk. Modu presentzialean botoa eman nahi duenak ekainaren 9ko aukera izango du, EH Bilduk zehaztuko dituen bulegoetan.
Horrenbestez, ekainaren erdi aldera jakingo dira zeintzuk izango diren EH Bilduren zerrendaburuak Nafarroako Gobernurako, EAEko hiru foru aldundietarako eta Iruñea, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletarako.
PNVk Bilbon daukan egoitza ezagunaren aurrean bildu dira, protestan, AHT Gelditu Elkarlana, Etxeko Langileen Bizkaiko Elkartea, Berri-Otxoak eta Kakitzat Koordinadora Anti-Militarista.
Espainiako aurrekontuak onartzeko PNVk emandako babesa kritikatu dute kolektiboek, eta honek gastu sozialen murrizketa eta gastu militarren igoera dakartzala salatu. Kolektiboek adierazi dutenez, asteazkenean onartutako aurrekontuetan %7 igotzen da Defentsa Ministeriora bideratutako aurrekontua. “Honi gehitu behar zaio ‘Defentsa Materian Ziklo Berri Inbertitzailea’ programaren bidez aditzera emandako BPGren %2 arteko gastu militarraren igoera: honen lehen faseak armamentu erosketarako zazpi programa barne hartzen ditu, 11.000 milioi euroko balioagatik”, gehitu dute.
Protesta ekimen ikusgarria egin dute hainbat eragilek, gerrak hildako pertsonak irudikatuz
Azpiegitura handietan egiten den errekurtso publikoen xahutzea salatzeko ere baliatu dute protesta. Eman dituzten datuen arabera, AHTren obretarako Lakuako Gobernuak esleitutako 156,2 milioi euroei diru publikotik bideratutako beste 299 milioi euro gehitu behar zaie.
Sahararrak 1969. urtean hasi ziren autodeterminazioa aldarrikatzen, artean Espainiako kolonia zela, Saharako Askapen Mugimendu Nazional sortu berriaren sorrerarekin. Gerora Fronte Polisarioak hartu zuen mugimendu haren lekukoa, 1973ko maiatzaren 10ean, eta handik hamar egunera egin zuen lehen ekintza, maiatzaren 20an.
Urtero, data horien artean Maiatza Borrokan ekimena antolatzen du Tolosaldea Sahararekin - Sahara Bizi elkarteak. Aurten ere ez da ekintzarik faltako hiru egun horietan:
Maiatzak 10, osteguna
'Fusiles o pintadas' dokumentalaren proiekzioa, Anoetako udaletxeko pleno aretoan, 18:30ean. Ondoren, Jordi Oriola ikus-entzunezkoaren zuzendariarekin solasaldia.
Maiatzak 11 eta 12, ostirala eta larunbata
Erresistentzia Haima jarriko dute Trolosako Triangulo plazan. Tarte horretan, hitzaldiak eta dokumentalak izango dira; era berean, Saharako gastronomiaz gozatzeko aukera izango da, bertako musikak girotuta. Gdeim Izik ere gogoan izango dute.
Maitzak 16, asteazkena
Gaici Nah idazlearen 'El Muro marroquí: la versión marroquí del apertheid' liburuaren aurkezpena, 19:00etan Antxon Bandres bidaiarien txokoan.
Maiatzak 20, igandea
Berazubi estadioan, Bueltaka. 09:30ean hasiko da, 13:30era arte.
Astelehen eguerdian dozenaka pertsona bildu ziren Amasa Villabonako Berdura plazan, Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteak egindako deialdiari erantzunez. "Pentsio publiko duinak! Gutxieneko pentsioa 1.080€" lemapean, 75 bat pertsona bildu ziren eta hitza hartu zuten antolatzaileek, PNV eta PPren arteko akordioa kritikatu zuten, akordio horrek ez dituelako etorkizuneko pentsioak KPIarekin batera igotzea bermatzen eta "jendea engainatzeko trikimailu" bat dela salatuz. Era berean, azken hilabeteetan pentsiodunek erakutsi duten mobilizatzeko gaitasuna eta indarra goraipatu ziren, eta pentsio publiko duinak eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioak lortu arte mobilizatzen eta borrokan jarraituko dutela berretsi zuten.
Azkenik, pentsio duinen aldeko hurrengo mobilizazioen berri eman zuten:
- Ekainaren 9an 12:00etan Manifestazioa Tolosan (Plaza zaharretik, udaletxe aurrean)
- Ekainaren 11n Mobilizazioa Amasa Villabonan: 12:00etan Errebote plazan.
ELKARRETARATZEAREN ARGAZKIAK
Zubimusu ikastolak sekulako jaialdia antolatu du datorren maiatzaren 19rako. Egun osoan zehar luzatuko den egitarau zabala izango da eta Villabonako Malkar, Berdura eta Errebote plazetan eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan izango dira ekimenak.
Zubimusu Ikastolako arduradunen hitzetan, "Ilusioaren, elkarlanaren eta festa-gosearen emaitza da MILIMETROAK jairako antolaturiko aurtengo egitaraua. Marka guztiak hautsi nahi izan ditu ikastolak zubimusutarrok egun zoragarriaz gozatzeko asmoz. Aurten festa kalera atera nahi izan dugu Kilometroak jaiaren antolakuntza eredua oinarri hartuta".
Eskulanak, jokoak, batukada, bertso saioa, kalejira, erraldoiak, dantza eta beste hainbat sorpresez gozatzeko eguna izango da maiatzaren 19a.
Bazkaria Zubimusuko DBHko ikasleek egingo dute, herriko elkarte gastronomiko ezberdinetako kideekin batera. Ikastolak eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie MILIMETROAK jaia antolatzen aritu diren guztiei, eta baita elkarteetako kide eta eragileei ere.
Ilusio handiz prestatu da jaialdi hau eta Zubimusu ikastolatik azken mezu hau zabaldu dute lau haizeetara: "Gutxi falta da MILIMETROAK jaia bizitzeko, arnasteko, gozatzeko!"
EGITARAUAREN KARTELA: