Albisteak

Ustelkeriaren aurkako borrokan baliabideak falta dira eta EH Bilduk tresnak eskaini nahi ditu jardunbide egokien alde, diru publikoaren erabilera zuzena bermatzeko. “Birsortze demokratikoa behar da, ezin da zabaldu ustelkeria, lagunkeria eta entxufismoa normalak diren ideia”.

EH Bilduk lege proposamena erroldatu du gaur ofizialki Legebiltzarrean jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko. Larraitz Ugartek eta Josu Estarronak adierazi dutenez, ekimen horren bitartez EH Bilduk tresna eraginkor bat eskaini nahi du ustelkeriaren aurkako borrokan, gaur egun arlo horretan baliabide falta oso nabaria delako. “Oso erraza litzateke salaketan geratzea gobernu edo alderdi bat desgastatzeko, baina guk gauzak benetan aldatu nahi ditugu; salaketatik harago joan nahi dugu, sakoneko neurri zuzentzaileak ipini nahi ditugu mahai gainean. Hala, ustelkariaren aurkako fiskaltza sortzea ere proposatu berri dugu, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoa ikertzeko batzordea eratzeko eskaria ahaztu gabe”.

De Miguel, Marguello, Karrantzako Minda, Balentziaga, Gipuzkoako Ogasuna, Bidegi, Pinosolo… Zerrenda luzea ekarri du gogora Estarronak, auzi horiek guztiek erakutsi baitute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez direla oasi bat, hemengo instituzio eta administrazioak ere ustelkeriak zipriztinduta daudela eta, ondorioz, hemen ere “birsortze demokratikoa” beharrezkoa dela. “Ez dakigu kasu isolatuak diren ala izozmendiaren tontorra bakarrik ikusten ari garen, baina gizartean ezin da instalatu ustelkeria, tramak, entxufeak, klientelismoa, lagunkeria eta faborezko tratuak normalak diren ideia, diru-laguntzak, kontratuak edo lanpostu publikoak lortzerako orduan alderdi politiko zehatz batetik gertu egoteak abantaila ematen dizun ideia. Hori ez da normala eta ezin normaltzat hartu, higiene demokratikoa behar dugu”.

Larraitz Ugarte eta Josu Estarrona EH Bilduren proposamena aurkezten Gasteizko legebiltzarrean

Birsortze demokratikoaren beharra abiapuntu, EH Bilduk jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulegoa legez sortzea proposatu du. Larraitz Ugartek azaldu duenez, bulego horrek gaur egun ikerketa arloan dagoen gabeziari erantzungo lioke, “ustelkeriaren aurkako borrokan arazo nagusia ikerketa bururaino eramateko baliabide falta delako”. Ustelkeria kasuak behar bezala ikertu ahal izateko baliabideak eskaintzea da, hain justu, lege proposamenaren helburu nagusia.

Beste hiru xede ere aipatu ditu Ugartek: lehena, prebentzioa, ustelkeriari aurre egitea ezinezkoa den sentsazioa desagerrarazteko; bigarrena, diru publikoaren erabileraren gaineko kontrola eta ebaluazioa eta, hirugarrena, salatzaileen babesa, gaur jende askok ez dituelako ustelkeria kasuak salatzen horrek arazoak baino ekarriko ez dizkielakoan.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du ustelkeriaren aurkako bulegoak EAEko administrazio guztien gaineko kontrola egingo luke, Jaurlaritzatik azken udaleraino, eta administrazioekin harreman ekonomikoak dituzten enpresa eta pertsonei ere eragingo lieke. Kontrolatzetik eta ikertzetik harago, bide penala osatu eta ikerketa oztopatzeagatiko zigorrak ezartzeko eskumena izango luke, 90.000 euroko isunak gehien jota.

Ugartek EH Bilduren lege proposamena aurrera ateratzea espero du. Izan ere, “gure proposamenaren oinarria Nafarroan onartu den legea da, hilabete honetan bertan indarrean sartu dena, eta han adostasuna oso zabala izan da: inor ez da ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzearen kontra agertu eta UPN eta PP izan dira abstentziora jo duten bakarrak”.

 

PNVk zuzendutako udal gobernuak gazte asanbladak antolatutako ekitaldiak "boikoteatu" dituela ikusita, egitarau propioa prestatzea erabaki dute.

Onddo Gazte Asanbladak egitaraua prestatu du Santio jaietarako. Datorren asteartean hasiko dituzte ekitaldiak eta bi gune izango dituzte: Onddo plaza bezala izendatu duten gunea kultur etxearen atzealdean eta Gaztetxea bera.

Aurtengoan Gazte Asanbladakoek jai batzordean ez parte hartzea erabaki dute eta horregatik egitarau propio alternatiboa osatzeko urratsa eman dute: "Jai batzordeari azaldu genion moduan gaur egungo udal gobernuak aurreko urteko festetan izan zuen jarrera autoritario, koldar eta lotsagabea dela eta erabaki dugu batzordean parte ez hartzea. Onddo Gazte Asanbladaren ekitaldiaren zentsura, Santio jai egitarauaren azalaren inguruko tirabirak, Remiren omenezko ekitaldia programatik kanpo uztea, presoen aldeko ekitaldiak programan jarri ez izana, gazteek antolatutako futbito txapelketarako diru laguntza murriztu izana eta herriko eragileek urtero atera ohi duten zapiari boikota egitea" dira Onddo-koek aipatu dituzten arrazoiak.

Udalari zuzenduta, gazteek festak ez dituztela "apolitiko" bezala ulertzen adierazi dute eta "festetan inoiz baino ozenago gure aldarriak plazaratuko ditugu. Ezin ditugu ahaztu gurekin ez daudenak eta besarkadarik beroena bidaltzen diegu bahituta eta espetxeratutarik dauden preso billabonatarrei. Herriko festak ere zuekin ospatu nahi baititugu" gaineratu dute. Bukatzeko, azaldu dute aurten Gaztetxeari egokitu zaiola jaietako zapia plazaratzea eta prentsaurrekoan aurtengo Santioetako herri-zapia ere aurkeztu dute.

ONDDO GAZTE ASANBLADAK ANTOLATUTAKO EGITARAUA:

KARTELA ONDDO

Amasa Villabonako EH Bilduren oharra, azken hilabetean udalak hartutako erabakien aurrean eta batez ere Errebote plaza eraberritzeko proiektuaren aferaren inguruan:

HERRIKO PLAZA IZANDA ERE, HERRITARREK EZ DUTE HITZIK

Pasa den uztailaren 18an, herriko festen prestaketa garaian, Amasa Villabonako udal gobernuak inbertsio sorta handi bat finantzatzeko 888.400 euro bideratzea erabaki zuen. Urte hasieran 2018 urte osoko inbertsioetarako 449.010 euro beharko zirela onartu zuen udalbatzak eta diru horri, ia bikoitza gehitzen zaio orain. Beraz, urtarrilean PNVk aurkeztutako aurrekontua iruzur hutsa zela salatu behar dugu; udal ordezkariok gehienbat inbertsioak eztabaidatzen ditugu aurrekontuetan, hori baita politika egiteko eta erabakiak hartzeko aukera ematen duen atal garrantzitsuena, eta orain kurtso erdia pasa eta gero inbertsioak ia hirukoiztea, ez da batere normala.

Diru hau guztia, udalaren gerakinetik aterako da, hau da, udalak bankuan daukan dirutik. Printzipioz, ondo iruditzen zaigu diru hori geldirik eduki beharrean, momentu jakin batean beharrezkoak diren inbertsioak egiteko edota ezusteko gastuei aurre egiteko erabiltzea. Baina oraingoan, urtearen erdian eta ezusteko ezertxo ere gertatu gabe, udalak urtez urte gordetako diruaren %68a lau hilabetetan xahutzea gehiegizkoa iruditzen zaigu.

taula inbertsioak

Erabaki honen arrazoia bistakoa eta oso agerikoa da: PNVk hauteskunde kanpaina egiteko baliatu nahi du udalaren dirua, legealdiaren azken momentuan obra ugari eginez eta gero hori bere mesedetan erabiliz. Hiru urte luzetan egin ez dutena, orain azken momentuan egin nahi dute. Esan daiteke PNVk hauteskunde kanpaina inbertsio sorta honekin hasi duela. Udal gestioaren erabilera elektoralistaren adibide ezin hobea.

Udal gobernuak orain egin nahi dituen zenbait obra, Amasako frontoiaren berrikuntza edo Oriamendin udalak duen etxearen eraberritzea kasu, legealdian zehar behin baino gehiagotan eskatu izan ditugu oposiziotik. Beraz, herriarentzat beharrezkoak diren neurrian eta egoera hobetuko duten inbertsio eta obrak izanik, ez gara gu izango itsu-itsuan eta forma kontuengatik, kontra agertuko garenak. Ongi etorriak izan daitezela.

ERREBOTE PLAZA:

Inbertsio sorta honetako proiekturik esanguratsuena Errebote plazaren eraberritzea da dudarik gabe.

PNVren Alkatetzak Villabonako plazaren eraberritze-proiektua egiteko enpresa bat kontratatu ondoren, Maite Izagirre alkateak proiektu hori ofizialki onartu zuen pasa den irailaren 10ean sinatutako alkatetza dekretu baten bidez. Plaza guztiz eraberritzeko proiektua abuztuaren 20an erregistratu zen ofizialki eta udal gobernuak berehala onartu nahi izan du. Horrelako proiektu esanguratsu eta garrantzitsua hiru astetan aurkeztu eta onartu nahi izan dute, espaloi bat konpontzea balitz bezala. 

Udalean eztabaidatu ere egin gabe, informazio publikorik eskaini gabe, alegazioetarako aukerarik gabe, herritarren parte hartzerako araudia urratuz eta gutxi batzuen artean, dagoeneko erabaki dute nolakoa izango den gure herriko plaza etorkizunean. Gai honetan (herriko plazaz ari gara) ez al litzateke askoz normalagoa patxadaz aritzea, proiektuari buruz denon artean eztabaidatzea eta adostasun bat bilatzea? Ez al gara gai gure herriko plazaz ere ados jartzeko? Kontua da PNVk ez duela horretarako borondaterik, beren interes elektoralerako baliatu nahi dute eta.

EH Bildutik argi utzi nahi dugu Errebote plazak eraberritze bat behar duela, denboraren poderioz gaur egun oso egoera hondatuan baitago. Agerikoa da plazako lurzoruak eta paretek konponketak behar dituztela.

Resultado de imagen de errebote plazaErrebote plazako hegoaldeko pareta. Argi ikusten da egoera txarrean dagoela eta konponketa behar duela

Baina gure ustez proiektua onartzeko erabilitako aldebakarreko prozedura hau oso larria da, udal gobernu honek herritarrekiko eta herritarren parte hartzearekiko duen mespretxua erakusten baitu. Proiektu hau garatzeko herritarren parte hartzea erabat baztertzea eta herritarrekin ezertarako kontatu gabe herriko plaza birmoldatu nahi izatea onartezina iruditzen zaigu. Gainera jarrera honek 2014an onartutako (PNVren aldeko botoekin) eta indarrean jarraitzen duen Herritarren parte hartzeari buruzko Araudia urratzen duela uste dugu. Araudi horrek proiektu esanguratsuetan herritarrek aktiboki parte hartzeko mekanismoak martxan jartzea aurreikusten zuen, baina argi dago udaleko agintarientzat lehen eta bigarren mailako araudiak daudela, eta herritarren parte hartzea arautzen duena, ez dela derrigor bete beharrekoa. Honek guztiak, Amasa Villabonan PNVk eta bere alkatetzak azken urteetan mantendu duen nagusikeriazko talante inposatzailea erakutsi digu beste behin.

Eraberritze proiektuari dagokionez, aztertzeko eduki dugun denbora laburrean hainbat kezka sortu zaizkigu:

Aurrekontua

Hasieratik iruditu zitzaigun 400.000 eurotik gorako aurrekontua oso handia zela plaza bat eraberritzeko eta aurrekontua puntuz puntu aztertuta, beharrezkoak ez diren diru xahuketa nabarmenak daudela ikusi dugu. Adibide batzuk jartzeagatik, gehienbat apaingarri gisa erabiltzeko argietan 55.000 euro gastatu nahi dira (plazak ez duenean iluminazio gabezia handirik) eta lurrean apaingarri gisa "lehen mailako harri granitiko artifizial zuria" jartzeagatik 67.000 euro xahutuko dira. Gure ustez, honakoak (eta beste batzuk) udalak lasai asko aurreztu zitzakeen gastuak dira, baina badirudi orain Villabonan plaza bat beharrean katedral bat dugula eta dena dekoraziorako argiz eta lehen kalitatezko harriz bete behar dela. Noski, dirua beraiena ez denez (diru publikoa baizik) aurrera!

Gainera aipatu beharrekoa da udal teknikariek plaza eraberritzeko aurreikusten zuten aurrekontua 200.000 euro ingurukoa zela, PNV eta PSEk orain onartu duten proiektuaren kostuaren erdia.

Erabaki eztabaidagarriak

Proiektuak plazaren itxura eta konposizioa eraldatuko duten hainbat obra jasotzen ditu eta beste erabaki batzuk airean geratzen dira, definitu gabe.

Plazaren hegoaldeko partean "txokoa" egiten duen pareta botatzea. Hau gutxienez eztabaidagarria iruditzen zaigu. Ze kalte egiten du pareta horrek? ez al da erabilgarria adibidez esku pilotan aritzeko? Gainera pareta hau botatzeak ere bere gastu gehigarria suposatuko du, merezi al du?

Bestalde, proiektua aztertuta, konklusio honetara iristen gara: Erabateko lehentasuna eta ia erabileraren esklusibotasuna ematen zaio erreboteari, plazak izan ditzakeen (eta dituen) beste hainbat erabileraren kaltetan. Inork ez du zalantzan jartzen Errebote plazan errebotean jokatu behar denik eta guztiok nahi dugu gure herriaren ikurra den kirol honek etorkizunean jarraipen oparoa izatea. Baina ez al da posible plazan erreboteaz gain, orain arte bezala adibidez futbitoan ere jolastu ahal izatea? zergatik kendu behar du batak bestea? ez dugu ulertzen. Honek, PNVren udal gobernuak gure herriko errealitatea ez duela ezagutzen edo errealitate horri aurre egin nahi diola erakusten du, izan ere seguru aski maiatzetik santioetara bitarte luzatzen den kuadrilen arteko futbito txapelketa baita Villabonan urte guztian dagoen ekimenik jendetsuena.

Bestalde, proiektuan guztiz argitzen ez diren zenbait erabaki airean geratzen dira. Zein koloretan margotuko dira plazako paretak? eta udaletxea?...

Azkenik proiektu honetan zentzurik gabeko kontu bat ere ikusi dugu eta aipagarria dela uste dugu. Proiektuak udaletxeko fatxada konpondu eta margotzea jasotzen du, baina eraikinaren atzeko aldea (ibai aldera ematen duena) ez da ukituko eta dagoen bezala utzi nahi da. Udaletxeko fatxadak konpondu eta margotu behar badira (eta horretarako beharra badago), zentzuzkoena eta normalena fatxada guztiak konpontzea litzateke, ezta? Zizurkil aldera ematen duen fatxada dagoen bezala uztea txapuza hutsa izango litzateke zalantzarik gabe.

 

EH Bilduko kideon ustez, penagarria da gure herriko bihotza den Errebote plazaren etorkizuna udal gobernuko pertsona gutxi batzuen artean (tartean herrikoak ere ez diren zinegotzi jeltzaleek), herritarren eta udaleko beste ordezkarien parte hartzeari ateak itxita, korrika eta presaka eta helburu alderdikoi eta elektoralista nabarmenarekin erabakitzea.

Ondorioz, PNV eta PSOEko udal ordezkariei, proiektu honen tramitazioa momentuz gelditzea eta Errebote plazaren etorkizunari eta egin beharreko eraberritzeari buruzko prozesu bat martxan jartzea eskatzen diegu. Prozesu horrek herritarren parte hartze aktiboa bilatu eta ahalbidetu behar luke eta prozesu publiko eta gardena izan beharko da. Hori eginez gero, EH Bilduko ordezkari eta kideak udal gobernuarekin elkarlanean aritu eta bidelagun izateko prest gaude.

Guztion plaza delako, herritarrek erabaki!

 

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak pertsonal politika berri baterako oinarriak aurkeztu ditu: azterketa bakarra, Administrazio Publikoaren Institutuak egina, merituei garrantzi handiagoa ematea eta lege berri bat, administrazio publikoen oposizio guztietan bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarriko dituena.

“Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan atzemandako irregulartasunak ez dira kasu puntual bat; arazoa estrukturala da, sistemarena, urteetan Osakidetzan vox populi izan omen dena. Baina oraingoan azaleratu da eta hori probestu beharko genuke Osakidetzan bestelako giza baliabideetako politika ezartzeko, oposizioetan aldaketak egiteko, garbitasuna, gardentasuna eta aukera berdintasuna bermatze aldera. Ezinbestekoa da Osakidetzan lan eskaintzen eredua eta giza baliabideetako politika aldatzea, orain gertatu dena berriro errepikatu ez dadin. Noski, lehenik eta behin ezinbestekoa da atzemandako irregulartasunak ikertzea eta argitzea, eta beharrezkoa izatekotan, ardurak zehaztea ere; baina haratago ez baldin bagoaz, arazoaren muinera ez bagoaz, arazoa berriro azalaraziko da hurrengo lan eskaintzetan”.

Ildo horri jarraituz, Rebeka Uberak oposizioen eredu berri baterako oinarriak aurkeztu ditu gaur, Osakidetzan pertsonal politika berria garatzeko. “Lehenik eta behin, azterketa estandarra eta bakarra espezialitate bakoitzean, atal teoriko eta praktikoarekin eta irizpide berberak aplikatuta”. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak prestatu beharko lituzke azterketak, espezialitate bakoitzeko adituak kontrataturik”. Gainera, “azterketen prestakuntzan parte hartzen duten kideen datu guztiak Arartekoaren eskuetan geratuko lirateke, irregulartasun zantzuen balizko salaketen aurrean prebentzio gisa”. EH Bilduren proposamenaren arabera, azterketen balorazio psikometrikoa egiteko ardura bere gain hartuko luke Euskal Herriko Unibertsitateak, azterketen izaera estandarra, ezarritako irizpideak eta zailtasun maila bermatzeko.

Rebeka Ubera, Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldian

Uberak azpimarratu du, baita ere, “hautaketa prozesu osoan azterketak ezin duela izan gaur duen pisua”. Horren ordez, “merituei eta prestakuntza ibilbideari garrantzi handiagoa eman behar zaie, egoiliar etapako prestakuntza ere kontuan hartuta, adibidez”.

Oposizioak Lan Eskaintza Publiko bakarrean batzea ere proposatu du EH Bilduk. “Osakidetzak pertsonal arloan dituen beharrak lau urtetako zikloetan aurreikusi behar ditu, oposizioak ezin dira urtero egin, horrek dakarren guztiarekin. Baliabideak optimizatu behar dira, ekonomikoak zein esfortzu pertsonalekoak, eta ezin ahaztu oposizioak batzeak aldaketak eta hobekuntzak eskatuko dituela lan zerrenden kudeaketan, Osakidetzarako sarbidean, leku-aldatze lehiaketetan eta kontratazio politikan”.

Azkenik, “irizpide berri horiei babes legala eman behar zaie; lege berri bat behar da oinarrizko irizpideak zehazteko, Bizkaia, Araba, Gipuzkoako Administrazio Publikoen oposizio guztietan bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarriko dituena, objektibotasun, gardentasun eta aukera berdintasunaren funtsezko printzipioak bermatzeko”.

Uberaren iritziz, “ereduan aldaketa horiek guztiak txertatzeak gaur ikertzen ari diren irregulartasunei amaiera ematea ekarriko luke”. Horren haritik, errepikatzeko asmoa dituen azterketetan irizpide berri horiek aplikatzeko eskatu dio Osakidetzari, eta ez du baztertu “azterketa gehiago errepikatu behar izatea”.

 

Pasa den irailaren 13an Maite Izagirre alkateak eta Eneko Urdangarin PNVko zinegotziak "Kolorez kolore ingurumena nik zainduz askoz hobe" izeneko kanpaina aurkeztu zuten komunikabideen aurrean.

"Birziklatzearen aldeko" kanpaina hau udal gobernuak aldebakartasunez, beste talde politikoei ezertxo ere jakinarazi gabe eta komunikazio edo marketing enpresa pribatu bat dekretuz kontratatuta diseinatu izana salatu nahi dugu. EH Bilduko zinegotziak ez ziren gonbidatuak izan aipatutako aurkezpen prentsaurrekora ere, eta honek argi uzten digu PNVko agintariek ez dutela gai honetan adostasuna eta elkarlana bilatu nahi izan, guztiz kontrakoa, kanpaina hau beraiek bakarrik garatu nahi dutela erakutsi digute.

2016an udaleko alderdi guztien artean lortutako akordioarekin, hondakinen bilketa sistemaren inguruan izandako tira-birak eta liskarrak gaindituta zeudela uste genuen baina hauteskundeak gerturatu diren honetan, nabarmen geratu da jeltzaleek berriro ere gai hau kalera atera nahi duela arrazoi eta helburu guztiz alderdikoi eta elektoralengatik.

Zorionez, adostutako hondakinen bilketa sistemak emaitza positiboak eman ditu eta hondakinen bereizketa tasak %80tik gorakoak izatera iritsi dira. Pozik egoteko zifrak dira eta amasa billabonatarrak txalotu eta zoriontzeko modukoak.

Hau horrela izanda ere, gai honi etengabeko jarraipena egin behar zaio eta adi egon behar gara atzera pausurik egon ez dadin. Horregatik, gu beti egongo gara sentsibilizazio kanpaina eta birziklatzea sustatuko duten ekimen guztien alde, eta prest egon gara beti (oposizioan izan arren) udal gobernuarekin betera elkarlanean aritzeko. Baina PNVko agintariek argi utzi digute kanpaina honetan ez gaituztela beren alboan eduki nahi. Honek tristura eragiten digu, ez al da tristea teorian denok birziklatzearen alde gaudenean, horrelako kanpaina bat modu bateratuan ezin egitea?

Kolorez Kolore erabiltzailearen argazkia.Kanpaina honetan argitaratu den karteltxoa

Dirudienez, azken udal hauteskundeetan emaitza ona eman zien gatazka egoera errepikatu nahi dute jeltzaleek, jendeari EH Bilduk gaizki egindakoak gogorarazi nahian. Eta bide batez hondakinen gaian "zerbait" egiten ari direnaren itxura eman nahian dabiltza. Hori da orain martxan jarri duten "kanpaina" honen helburu bakarra.

Guk egin beharreko autokritika ariketa sakona egin genuen 2015ean, badakigu akats handiak egin genituela, hainbat momentutan ez genuela zuzen jokatu, herritar askoren iritziaren aurrean beste alde batera begiratu genuela etab. Baina aldi berean, denboraren perspektibarekin, atez ateko sistemak ondorio positiboak ekarri dituela ikusi dugu. Bilketa sistema harekin herritarrek hondakinak behar bezala bereizten ikasi genuen eta ukaezina da atez atekorik izan ez balitz, egungo sistemarekin ez ginatekeela sekula %80ko tasara helduko. Maite Izagirre alkateak ordea, berearekin jarraitzen du eta "birziklatzearen aldeko" kanpainaren aurkezpenean, birziklatzearen alde hitz egin beharrean horrelakoak bota zituen: "Ez genuen ezer lortuko aurreko gobernu taldeak martxan jarri zuen sistema zapaltzailearekin.”

Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi, besteei behin eta berriz "inposatzaile" deitzen dieten jeltzaleek, Amasa Villabonatik 7 kilometro eskasera dagoen Zubietako Erraustegi toxikoa inposatu digutela. Non dago hemen herriaren hitza? gai honetan herritarren iritziak ez du lekurik nonbait. Erraustegiak errefusa behar du bere funtzionamendurako, eta hori hondakinak ez sortzearen, birziklatzearen eta ekonomia zirkularraren kontra doa zuzen zuzenean. Gehiago birziklatu eta hondakin gutxiago sortuko bagenu, erraustegiak ez luke zentzurik izango eta PNVkoek badakite hori. Bestalde, frogatuta dago erraustegiek pertsonen osasunean kalteak eragiten dituztela (minbizi gehiago, arnaste arazoak...) baina inguruko biztanleen (tartean amasa billabonatarren) osasunak ere ez die arduratzen. Hori gutxi balitz, jendea tontotzat hartzen dute erraustegiari erraustegia deitu beharrean "complejo medioambiental" bezala izendatuz eta tximiniarik gabeko gune baten irudia erakusten dutenean.

Ondorioz, orain herriko jeltzaleak, udalaren diruarekin eta beraiek bakar bakarrik gehiago birziklatu behar dugula esten digutenean, zer esan? Hipokrita hutsak zarete! erraustegirik ez!

 

Gasteizko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian lortutako akordioa baloratzeko eta etorkizunerako ikuspegian jartzeko, Arnaldo Otegik eta Maddalen Iriartek adierazpena irakurri dute, Barakaldoko BECeko dorrean.

Adierazpena:

Gasteizko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian onartu dugun Estatutu proposamena testu juridiko-politiko bat baino askoz gehiago da. Pertsona guztion egunerokoari eragiten dizkiguten gauzei buruz erabakitzeko botere eta burujabetza gehiago eskainiko digun tresna soziala da. Gure bizitzak hobetzeko behar duguna da eta, horregatik, eskubide sozialak gure autogobernuaren ardatz bihurtu ditugu.

• Estatutu berriarekin pertsona guztiek bizitza duin bat egin ahal izateko gutxieneko diru-sarrerak bermatuta izango duten herria eraiki nahi dugu.

• Hezkuntzak eta osasunak blindaje bikoitza izango dute etorkizuneko Euskadin.

• Pertsona guztiok behar dugun zaintza eta ko-ardura bermatuta izango dira.

• Enplegua eskubidea izango da.

• Aniztasun sexualari, erlijiosoari eta kulturalari errespetua ere bermatuta izango dira. Eta, nola ez, akordio honek modu esplizituan jasotzen du emakumeok bizitza duinak, libreak eta osoak izango ditugula, indarkeria matxista eta diskriminazio gabe.

Hauek eta beste asko dira guretzat, gure seme-alabentzat eta etorkizunarentzat nahi ditugun baldintza sozialak eta ekonomikoak. Eta, horregatik, estatus berrian aitortzen da euskal hiritarrak direla eskubide guztien jabe, inor baztertu gabe.

Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte Adierazpen hau aurkezteko agerraldi publikoan

Irizpide horiek gauzatu ahal izateko, euskal instituzioek aukera izango dute kontsultak eta erreferendumak deitzeko; parte-hartzean sinesten dugulako, bere egunerokoan erabaki ahal izateko herritarrei hitza ematean sinesten dugu. Eta eskubide horiek betetzen direla zaintzeko, botere judizial propioa izan nahi dugu.

Lortu dugun akordioak jasotzen duen moduan, identitate sozio-kulturala daukan herria gara, ezaugarri politiko propioa, hizkuntza propioa eta kultura propioa daukana. Hala, aldebikotasunean oinarritutako harreman berria nahi dugu estatuarekin, hau da, berdinetik berdinerako harremana izan nahi dugu estatuarekin. Harreman berri hori eraiki beharra dago, gaur eguneko mendekotasunean oinarrituta dagoelako. Horrela bakarrik lortu ahal izango dugu gure eskubideak bermatuta izango diren etorkizuna eraikitzea.

Gasteizko Parlamentuaren %75ak lortutako akordioa eredugarria eta transbertsala da. Akordio honek gehiengo berriak eraikitzeko aukerari atea irekitzen dio. Gehiengo berri horiek posible egin behar dute herri honek aurrera egitea, eta geldialdi edo atzeraldi posizioetan mantentzeko erresistentziak gainditzea.

Egindako lanarekin eta lortutako akordioarekin pozik gaude EH Bildun. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan politika beste ardatz batzuen gainean eraikitzeko aurrekari ona dela uste dugu, beti herritarren interesak lehenetsiz eta irizpide horiek burujabetzatik eta bizitzaren eremu guztiei eragiten dien erabakitzeko eskubidetik garatuz.

EH Bildu osatzen dugun guztiok erantzukizunarekin jokatu dugu, egoerak eskatzen duen mailan eta, beti ere, gure herrian bizi diren pertsona guztien ongizateari lehentasuna emanda. Etorkizunerako ikuspegiarekin eta herritarren borondateari bidea irekiz, inolako txantaje legalik gabe.

Euskal Herria Bilduk aurrera egitearen alde egiten du. Herri eta gizarte bezala beste aurrerapauso bat egin dezagun lan egiten du Euskal Herria Bilduk. Gure herriak iragan zabala dauka; etorkizun oparoa izateko lan egin dezagun.

Irekitzen ari den aukera-leihoa baliatuko dugu.

Aurkezpenaren bideoak:

Maddalen Iriarte: https://www.youtube.com/watch?v=28leAiIRk5A

Arnaldo Otegi: https://www.youtube.com/watch?v=kL8k5sO_y9c

 

Duela 36 urte, ETA erakundeak Errenterian egindako atentatu baten hil zen Antonio Cedillo Espainiako polizia nazionala. Gaur bera oroitzeko eta elkarbizitza berreraikitzean aurrera urratsa emateko ekitaldia egin da, bere seme Jose Miguelek bultzatuta. Bertan izan dira Maddalen Iriarte eta Pello Urizar gure legebiltzarkideak eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea.

Bere aita oroitzeko eta bakean eta elkarbizitzan aurrera urratsa emateko ekitaldia antolatzeko beharra sentitu zuen, duela hilabete batzuk, Jose Miguel Cedillok, polizia nazionalaren semeak. Julen Mendoza Errenteriako alkatearekin harremanetan jarri eta ekitaldiari forma ematen hasi zen.

Ekitaldian, hainbat ordezkari politikok parte hartu dute, EH Bildukoek ere bai. Elkarbizitza demokratikoa bultzatzea helburu duten eta etorkizunari begiratzen dioten biktimak oroitzeko ekitaldietan parte hartu ohi du EH Bilduk, eta Cedillo oroitzeko ekitaldian ere egon nahi izan du.

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak instituzioen erantzunaren defizitak kritikatu ditu eta arduraz jokatu dezatela eskatu die euskal administrazio publikoei. Premiazkoa da Bilbon aterpetxea zabaltzea eta Jaurlaritzak Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritza sortu behar du, politika propioak diseinatzeko eta erakundeak koordinatzeko.

Azken egunotan Euskal Herrira iritsitako migratzaile eta errefuxiatuek instituzioen aldetik jaso duten arreta eskasak kezkatuta, EH Bilduk zenbait proposamen egin ditu Legebiltzarrean pertsona horiei zaintza eta babes egokia eskaintzeko. Jasone Agirrek adierazi duenez, instituzioek beraiek hartu behar dute horren ardura, nahiz eta eskertzekoa izan, eta hala azpimarratu du Agirrek, herritarrek eta mugimendu sozialak emandako erantzuna, errefuxiatuak eta migratzaileak hartu eta zaindu dituztelako, azkar erantzuten jakin izan dutelako erakundeak kale egiten ari direla ikusita.

Jasone Agirrek Legebiltzarrean egindako agerraldia, EH Bilduren eskaerak azaltzeko

Edonola ere, EH Bilduko legebiltzarkideak instituzioen ardura nabarmendu du, eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu dio Jaurlaritzari. “Ondo deritzogu haren diskurtsoari, gure herria harrera herria izan dadin, baina hitzekin ez da nahikoa, ekintzak behar ditugu, erantzun arinak”. Horren haritik, Agirrek bat egin du gizarte eragileen eskariarekin eta premiazkotzat jo du Bilbon aterpetxe bat berehala irekitzea, “migratzaile eta errefuxiatuak kale gorrian geratu ez daitezen”. Dena den, ohartarazi du, “aterpetxe hori ez litzateke nahikoa izango, arretarako sare egoki eta iraunkorra behar dugulako Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan”. Izan ere, “hau izango da gure egunerokoa hemendik aurrera eta hemen erabaki dugu herritarrak zaintzea, bertakoak izan, kanpokoak zein bideak daudenak izan”.

Halaber, Agirrek instituzioen arteko koordinazio falta eta arin erantzuteko gaitasunik eza salatu ditu. Hori dela eta, Jaurlaritzan Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritza proposatu du, horrek politika propio eraginkorrak diseinatzea eta erakundeak koordinatzea ahalbidetuko lukeelakoan.

Pasa den ostegunean egindako ez-ohiko Udalbatzan, PNV-PSOE udal gobernuak herriko argiteria osoa aldatzeko eta datozen 10 urtetarako energia horniketa eta mantenurako 1.500.000 euro inguruko gastua onartu zuen. Azken hamarkadetako (seguruenik 1998an kiroldegia egin zenetik) gastu edo inbertsiorik handiena alajaina!

Onartutako proiektu honekin udalak 10 urtez, ia 150.000 euro ordainduko beharko ditu urtero. Kontuan izan behar dugu urte oso bateko aurrekontuan udalak inbertsioetarako izaten duen dirua 400.000 euro ingurukoa izaten dela eta urte normal bateko inbertsiorik handiena 100.000 euroren bueltan egoten dela. Beraz, nabarmena eta ukaezina da, erabaki honekin datozen urteetarako udal aurrekontua baldintzatu egingo dela.

Pasa den udaberrian udalak enpresa bat kontratatu zuen (beti bezala alkate dekretu bidez) herriko argiteriaren egoera ezagutzeko auditoria bat egiteko. Auditoria horren bidez Amasa Villabonako farolen egoera ezagutu genuen eta ondorioa argia zen: Herriko auzo ezberdinetan, energia kontsumo eta argi-kutsadura handia sortzen duten zaharkitutako farola ugari daude. Ondorioz, beharrezkoa da farola hauetako argiak LED teknologiadun kontsumo baxuko eta argi-kutsadura askoz gutxiago sortzen duten argiengatik aldatzen joatea. Hori ez du inork zalantzan jartzen eta guk ere udalak datozen urteetarako duen ezinbesteko eginbeharra dela defendatzen dugu. Argiteria modernizatu behar dugu, energia kontsumoa gutxituz eta argi-kutsadura ahal bezain beste murriztuz, dudarik gabe.

Hau horrela izanda, nola egin hori modu egokian? Gure ustez, arrazionalena lehenik eta behin egoera txarrenean dauden eta gehien kontsumitzen duten argiak aldatzea litzateke eta ondoren urtez urte, modu gradualean, argiteria modernizatzeko prozesu bat garatzea. Normala den bezala, herriko argiteriaren modernizazio plan horren garapena urte bakoitzeko egoera ekonomikoak baldintzatuko du, zoritxarrez gure udalak baliabide ekonomiko oso mugatuak ditu eta urte jakin batean beste lehentasun batzuk ere egon daitezke. 

Hauxe litzateke udal serio eta arduratsu batek egingo lukeena, baina ez, Amasa Villabonan agintzen duen PNV-PSOE koalizioak nahiago izan du bere estiloari jarraitzea eta dirua irabaztea beste helbururik ez duten enpresa pribatuetako gorbatadunek proposatzen dutenari itsu itsuan jarraitzea. Izan ere, berriro ere alkateak dekretuz aukeratutako enpresa pribatu bati eman zaio herriko argiteria aldatzeko pleguak (proiektuak bete beharreko baldintza tekniko eta administratiboak) egiteko zeregina. Herriko argiak aldatzeko baldintzak udalak jarri beharrean, enpresa pribatu batek jarri ditu. PNV-PSOE estiloaren adibide bikaina.

6424398549 c9f3b8c86a bLarrea auzoa gauez, farola hauek energia elektriko asko kontsumitzen dute

Bestalde, ez dugu uste momentu honetan herri osoko farola guztiak aldatzea beharrezkoa denik, adibidez Errota, Arroa eta Larreako argi gehienak LED teknologiakoak eta kontsumo txikikoak dira eta udalak EVEren (Ente Vasco de Energia) sari bat jaso zuen 2015an aldaketa horiek egiteagatik. Pasa den legealdian jarritako argi hauek oraindik berriak eta energetikoki efizienteak izanik, zertarako aldatu? Ez dauka zentzurik.

Herriko argiteria publioaren kudeaketa pribatizatuko da

PNV eta PSOEk onartutako esleipen honekin, Amasa Villabonako argiteria publikoaren energia hornidura, funtzionamendua eta mantenua esku pribatuetara pasako dira, hau da, enpresa pribatu batek kudeatuko ditu gure herriko argiak. Hau onartezina eta guztiz salagarria iruditzen zaigu, PNVren eta PSOEren politika ekonomiko kapitalista neoliberalaren adibide bat gehiago. Gure herriko argiteriaren kudeaketa publikoa izatetik, dirua irabaztea beste helbururik ez duen enpresa pribatu baten eskuetan egotera pasako gara.  

Honegatik guztiagatik, ostegunean proiektu honen kontrako bozka eman zuten EH Bilduko zinegotziek. Herriko argiak energetikoki efizienteak izatearen eta argi-kutsadura murriztearen helburuekin erabat ados egonda ere, ez dugu horretarako PNV-PSOE gobernuak erabili nahi duen modua konpartitzen.

Bukatzeko, mezu argi bat bidali nahi diegu Amasa Villabonako udal agintariei: Ez kontatu gurekin diru publikoa modu honetan xahutzeko, enpresa pribatuen interesak udalaren (herriaren) interesen gainetik jartzeko eta gainera zerbitzuak pribatizatzeko. Gure herriaren etorkizuna baldintzatzen duten jokabide partidista eta arduragabeen aurrean, ez gara isilik geratuko.

 

“Donostiarrek gezurrik esaten ez duen udal gobernu bat behar dute: Ez dago sententziarik Garberaren handitzera behartzen duenik”

Donostiako tokiko gobernuak Garbera handitzea onartu zuenetik astebete igaro denean, udal gobernuak beste merkataritza gune berri bat (Belartza II) ireki ahal izateko hitzarmen urbanistikoaren tramite bat onartu du. Eta gogoratu behar da bi erabaki hauek justu Eusko Legebiltzarrak udal guztiei (Donostiakoari barne) merkataritza-gune berrien irekiera edo handitzea ez ahalbidetzeko eskaera egin eta gutxira hartu dituztela.

img_8656Donostiako EH Bilduko zinegotziek egindako agerraldia

Garbera eta Belartza irekitzeko EAJ-PSEk hartu dituzten bi erabaki hauek Donostiako etorkizun ekonomiko eta soziala baldintzatuko dute, zalantzarik gabe. Batetik, hiriko denda txikietan eragin handia izango dute eta, horren ondorioz, gure auzo eta kaleetako bizitzan eragin zuzena izango dute.

EAJ-PSE: Merkataritza gune handien aldeko apustua

Eta, era berean, gogoratu behar da bi hauek ez direla etorkizun hurbilean Donostia inguruan irekiko diren merkataritza gune handi bakarrak. Usurbildik Irunera doan korridorean, EAJ-PSEren ekimenez, merkataritza gune handietan, orotara, 200.000 m² berri irekiko dira. Beraz, Donostiako merkataritza txikiak oso kezkatua egoteko arrazoi asko dituenik inork ezin du zalantzan jarri.

Horren lekuko, pasa den ostiralean Merkataritza Kontseiluan gertatu zena: pasa den urtearen bukaeran, udal gobernuak konpromisoa hartu zuen Garberaren handitzeak izango dituen ondorioei buruzko txosten bat bertan aurkezteko. Gehienez, martxorako eramango zuela iragarri zuen. Baina uztailean gaude, tokiko gobernuak Garberaren handitzea onartu du eta txostenaren berri ez dago ez Merkataritza Kontseiluan ez udaletxean ez inon.

EH Bildutik egiten dugun galdera hau da: Horrelako erabakiak hartzen dituen gobernu baten helburua zein da? Merkataritza-txikia indartzea ez dela lehentasuna zalantzarik ez dago. EAJ-PSEren apustua merkataritza gune handien aldekoa da, argi eta garbi.

Eta sektoreren iritziaz gain, herritarren artean, gehiengoak merkataritza gune berririk ez du nahi. Era berean, nabarmendu behar da erabaki hauek Eusko Legebiltzarraren mandatu argiaren aurka hartzen ari direla. Gutxienez, kuriosoa da Eneko Goia eta Ernesto Gasco Legebiltzarrari “intsumisoa” egiten ikustea, zertarako eta interes pribatu zehatz bati mesede egiteko.

EH Bilduk 5000 eskuorri dendarien artean

img_8659Hauek horrela, EH Bilduk ekimena hartu du, merkataritza txikiarekin elkarlanean, EAJ-PSEk merkataritza gune handien alde egiten duten apustuaren aurrean, auzoetako denden alde eta auzoetako bizitzaren alde egiteko. Horretarako, Donostian eta Donostia inguruan ireki nahi diren 8 merkataritza guneen berri ematen duen eskuorria atera du EH Bilduk, eta gure hirian dauden ia 5000 dendarien artean banatzen ari gara eta banatuko ditugu hurrengo asteetan.

EAJ-PSE gezurretan, lotsarik gabe

Baina erabakiak larriak badira, erabakiak justifikatzeko EAJ eta PSE erabiltzen ari diren argudioak are okerragoak dira. Herritarren aurrean gezurrak esaten ari dira, lotsarik gabe. Eta ez behin, ez bitan. Gai honi dagokionean, gezurra da nagusi udal gobernu honetan. Bi adibide:

Bata, Garberaren zabalkundea justifikatzeko EAJ eta PSEren ordezkariak esaten ari dira badagoela sententzia bat hori egitera behartzen duena. Eta hori, zuzenean, gezurra da. Ez dago sententziarik hori ebazten duenik. Auzitegi Gorenaren epaiak bertan behera utzi zuen saltoki handientzako ezarritako 25.000 m²-ko muga. Eta gainera, Garberaren zabalkundea Donostiarentzat egokia zen ala ez erabakitzea udalaren ardura zela ebazten zuen Auzitegiak. Eta EAJ-PSEk erabaki dute baietz; erabaki politiko hutsa izan da. EAJ-PSEk Garberaren zabalkundea sustatu eta onartu dute, eta EAJ eta PSEren zinegotziek aldeko botoa eman dute tramiteak horrela eskatzen zuen bakoitzean (udalbatzan gutxienez 5 aldiz). EAJ eta PSEren erabaki politiko hau gabe, Garberaren zabalkundea ez zen ezta tramitatu ere egingo.

Eta beste aldetik, udal gobernua gezurretan ari da Garberaren zabalkundea merkataritza gune berri bat irekitzeko hartzen duen azken erabakia dela esaten duenean. Eta gaurko erabakia da horren adierazle: gaur, zehazki, udal gobernuak HAPOaren aldaketa xedea duen beste erabaki bat hartu du, kasu honetan Belartza Gainari buruzkoa.

Gezurretan aritzera ez da bidezkoa. Munduan badaude leku batzuk non gezurretan harrapatuak izan diren politikariak dimititu behar duten. Ez da Donostiaren kasua ezta udal gobernu honen kasua, begi-bistan da. Halere, EH Bilduren iritziz gero eta garbiagoa da Donostiarrek gezurrik esaten ez duen udal gobernu bat behar dutela.

Azkenik, aurreratu nahi dugu bai Belartza II-ren kasuan baita Garberaren kasuan ere EH Bilduk kontrako botoa emango duela.

 

Maria Luisa Arija Amasa Villabonako udaleko PSOEko zinegotziaren zinismo eta lotsagabekeria mailak ez du mugarik. Aste honetan argitaratu duen ohar batean, berriro ere parke estalia defendatu du Hondarribian bizi den PSOEko ordezkariak eta "ezinbestekoa" dela adierazi du. 

Hemen duzue Aiurri aldizkariak argitaratutako oharra: http://www.aiurri.eus/Amasa-Villabona/Albisteak/20180910/PSE-EE_alderdia_herriko_parkeen_inguruan

Arija andreak memoria oso eskasa duela erakutsi du beste behin; EH Bilduko udal taldeak 2016 eta 2018ko aurrekontuei aurkeztutako zuzenketen bidez Larreako parkea estaltzeko proiektua (2014an garatutako prozesu parte hartzaile baten bidez herritarrek gehien bozkatutako proiektua) onartu eta obra egitea proposatu zuen, zenbakiak mahai gainean jarriz eta borondatea balego, egin zitekeela erakutsiz. Eta zer egin zuen PSOEko Arijak? PNVrekin batera, zuzenketaren kontrako bozka eman, eta proiektua baztertu! Bai, bi alditan Larreako parkea estaltzeko proiektuaren kontra bozkatu zuen Arijak eta bere bozkak Amasa Villabonako Udalbatzan dagoen PNV eta EH Bilduren arteko berdinketa apurtzen duenez, bere aldeko bozkarekin proiektua 2016an eginda egon zitekeen! Ondorioz, Arija bera da proiektua ez egitearen arduradun nagusia. Eta orain (gainera ez da lehen aldia) parkea estaltzea "ezinbestekoa" dela dio, izugarria. 

PNVk hasieratik baztertu zuen proiektu hau egitea, dirurik ez edukitzearen aitzakia faltsua erabiliz eta bere estiloari jarraiki, herritarren parte hartzea mespretxatuz. Jeltzaleak gutxienez koherentzia mantendu dute, baina PSOEko ordezkariaren jarrerak gustu txarreko txantxa bat dirudi. Arijak publikoki gauza bat esan eta gero udaletxean guztiz kontrakoa egiten du behin eta berriro. Jokabide horrek izen bat du: Hipokresia.      

EH Bildutik legealdi osoan zehar behin eta berriro defendatu dugu proiektu hau behingoz egitea, gure herriak duen behar eta eskaera garrantzitsu bati erantzuten baitio. Eta aipatu dugun bezala PSOEko zinegotziaren jokabidea lotsagarria izan arren, berriro ere eskua luzatzen diogu 2019ko aurrekontuetan Larreako parkea estaltzeko proiektuaren egikaritzea jaso dadin. Arijak bere eskuetan du erabakia. 

 

Ekainaren 16an, PNVren udal gobernuak egindako prentsaurreko baten albistea ikusi genuen komunikabideetan. Alkatea eta beste 4 zinegotzi jeltzale (horietatik 3 herritik kanpokoak) ageri ziren udalean eta titularrak honakoa zioen: "Amasa eta Villabona elkartu zirela 400 urte beteko dira 2019an".

Lehenik eta behin, ez zaigu normala iruditzen herriaren urteurrenaren lehen aurkezpena PNVko zinegotziek bakarrik, udaleko beste talde politikoei ezertxo ere esan gabe egitea. Ez al litzateke askoz egokiagoa udalean herritarren ordezkariak garen guztiok modu bateratuan aurkeztea? Gure inguruko hainbat herrik ere ospatu dute 400. urteurrena eta lehen momentutik, udaleko alderdi guztiek parte hartu dute ekimen publiko guztietan, Andoainen kasu.

Albistearen mamira joanez, PNVk dagoeneko erabaki batzuk hartu dituela ikusi dugu:

Urteurrenaren logoa

Aipatutako prentsaurrekoan, PNVko ordezkarien atzean, pantaila batean, irudi edo logotipo hau ageri zen:

 IMG 7814

Hau ikusita burura etorritako lehen galdera argia da, nork egin ote du logo hori? Albistean informazio hori ez zegoenez, udaleko plenoan galdetzea bururatu zitzaigun. Galderaren erantzuna harrigarria izan zen, udal gobernuko inork ez omen zekien nork egin zuen logoa "komunikazio enpresa batek egin du, baina ez dugu gogoratzen zehazki zeinek" erantzun zuen Eneko Urdangarin zinegotziak. Misterioa argitzeko asmoz, udaleko ekonomia sailera joan eta fakturen artean begiratuta jakin genuen erantzuna: Logoaren faktura Arantzazu Garin andrearen izenean dago. Bai, udal gobernuak Amavi aldizkaria egiteko kontratatu zuen (urtean 20.000 euroko kontratuarekin) Ordiziako PNVko kidearen izenean! eta udalak 583 euro ordaindu dizkio lan honengatik. Orduan, norbaitek sinetsi al dezake Urdangarin jaunak plenoan esandakoa? argi dago udal gobernuak apropos, Arantzazu Garin jeltzaleari eman ziola logoa egiteko lana. PNVren jardunean ohikoa den klientelismoaren beste adibide bat.

Ez al litzateke egokiagoa izango Amasa Villabonaren urteurreneko logoa herriko norbaitek egitea? Gure ustez lehiaketa publiko bat egin zitekeen, herriko jendeari proposamenak aurkezteko aukera emanez eta logotipo irabazlea modu parte hartzailean (bozketa bidez) erabakiz. Dagoeneko gastatu den dirua, beren lanak aurkeztutako herritarren artean sari gisa banatu zitekeen.

Baina ez, PNVkoek erabaki dute logoa herritik kanpoko alderdikide batek egitea eta kitto.

Santio eta San Martin jaietarako zapiak

Aipatutako albistearen azken esaldian hau irakur zitekeen: "Aurtengoan zein datorren urtean logotipo berriaren irudia izango duten zapiak banatuko dira Villabonako Santio festetan eta Amasako San Martin festetan."

Urteurrena datorren urtean bada, zein zentzu dauka aurtengo jaietan logo hori duten zapiak banatzeak? zer ospatzen da aurten? 399. urteurrena? Gure ustez honek ez du inolako logikarik eta lotuta dago pasa den urtean udalak Santioetako zapiekin egindakoarekin. Azken urte luzetan herri mugimenduko taldeen eskutik jaietarako ateratzen zen zapia boikotatzeko asmoz, pasa den urtean udalak (lehen aldiz) zapiak atera eta doan banatu zituen. Dirudienez aurtengoan helburu berdinarekin jarraitzen dute eta 400. urteurrena erabili dute gauza bera egiteko aitzakia gisa. Bestalde, Santioetako jai batzordean udal gobernuak ez du hau aipatu ere egin. San Martin jaietako antolatzaileak ere, komunikabideen bidez jakin dute Amasako jaietan udalak zapi horiek banatuko dituela.

Egia esan, honek guztiak ez gaitu gehiegi harritu, jeltzaleak gauza bera egiten aritu baitira hasieratik. Beti oposizioa bazterrean utzi dute, gu ere herritar askoren ordezkariak garela ahaztuz. Bestalde, udalak egiten duen guztia beraien propaganda edo marketina egiteko erabiltzen dute. Udal Gobernu honek hiru urtetan ez du aipagarria den ia ezertxo ere egin, oso trakets ari dira udala kudeatzen eta herritarren aurrean ezintasun hori konpentsatzeko asmoz, edozer egiteko gai dira. 

Denona, herritar guztiena izan behar lukeen Amasa Villabonaren 400. urteurrena bera ere, interes alderdikoietarako erabili nahi izatea izan da azken kapitulua.

 


Amasa Villabonan, 2018ko uztailaren 5ean
EH BILDU UDAL-TALDEA

logoa horizontala

 

 

 

 

 

 

Hondarribian Alarde parekidea jazarri eta zapuzteko saioak lotsagarri eta onartezinak izan ziren. Jaurlaritzak ezin du beste alde batera begiratu, Berdintasun Legea betearazi behar du, EAJri deseroso egiten zaion arren.

EH Bilduk etsipen eta kezka handiz hartu du pasa den larunbatean Hondarribian jazotakoa. Emakumezkoek bertako jaietan berdintasun baldintzetan parte hartzeko eskubideak aurrera egin beharrean, Alarde parekidearen aurkako jarrerak gotortu egin dira, Jaizkibel konpainiaren desfilea jazarri eta zapuzteko saio erasokorrek agerian utzi zuten moduan. Hondarribian, Irunen bezalaxe, berdintasunerako eskubidea urratzen ari da urtero-urtero, eta hori larria bezain onartezina da, baina Jaurlaritza, hala ere, mutu dago; larunbataz geroztik ez du hitzik esan, Jaizkibel konpainiako emakumeek eta gizonek, eta babesa adieraztera joan zirenek, irainak, txistuak eta oihuak pairatu behar izan zituzten arren. Jaurlaritzarentzat, antza, batzuen eskubideak bigarren mailakoak dira eta ez dute haren babesa merezi.

Resultado de imagen de alardea hondarribiaHondarribiako Kale Nagusian gertatutakoa lotsagarria izan zen

EH Bilduren iritziz, Urkulluren Gobernuari arduraz jokatzeko eskatu behar zaio, eta horrek esan nahi du Hondarribian ere Berdintasun Legea betearazi eta bertako emakume guztien eskubideak bermatu behar dituela, hain justu, egiten ari ez dena. Horixe galdegingo diogu Legebiltzarrean, interpelazio baten bidez, haren pasibotasunarekin Jaurlaritza babesa ematen ari zaielako Hondarribian zein Irunen emakumeen berdintasunerako eskubidea urratzen dutenei, esplizituki hango alkateak, –EAJkoa Hondarribian, PSEkoa Irunen– egiten ari diren bezala.

Lehendakariari interpelatu ez ezik, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren agerraldia ere eskatu dugu, argitzeko zer neurri hartu edo hartuko dituen Alarde parekidea jazarri eta zapuzten saiatu zirenen aurka. Bertan ziren kazetari batzuek ere erasoak jasan zituzten, baina Ertzaintzak ez zuen inolako neurririk hartu. Berdintasun Legea eta Segurtasun Sailaren ebazpena bera betearazi beharrean, Ertzaintza erasotzaileen konplize bilakatu zen, eta horretaz ere azalpenak eman beharko ditu Beltran de Herediak.

AHTa zentzurik gabeko diru xahuketa dela esanda, Europak osoko zuzenketa egin dio Jaurlaritzari. Egoera salbuespenezkoa dela iritzita, EH Bilduk uztaila habilitatzea eskatu du Legebiltzarrean, Arantza Tapiak argitu dezan Euskal Y-a geldituko duen edo akatsean tematuko den.

Mikel Oterok eta Larraitz Ugartek agerraldia egin dute gaur Legebiltzarrean, Europako Kontu Auzitegiak Abiadura Handiko Trenari buruz egindako txostenaren ostean Jaurlaritzaren inbertsio publiko nagusia “hankaz gora” geratu delako eta, txostenak dioena ikusita, ezinbestekoa delako proiektua birpentsatzea. Ugarteren hitzetan, Europako Kontu Auzitegiak osoko emendakina egin dio Lakuari. “Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua txostenaren edukia gutxiesten edo desitxuratzen saiatu den arren, Kontu Auzitegiak agerian utzi du Jaurlaritzak azken urteotan AHTari buruz esandako guztia engainu handia baino ez dela izan”.

Larraitz Ugarte eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak gaur egindako agerraldian

Hori horrela, egoera hain larria izanik, premiazkoa eta ezinbestekoa da Tapiak azalpenak ematea Legebiltzarrean, bertan argitu dezan Jaurlaritzak Europak dioenari erreparatuko dion eta ‘Euskal Y’-a behingoz geldituko duen ala begiak itxi eta, itsu-itsuan, akatsean tematuko den. Izan ere, aipatutako “txostena jauzi kualitatiboa da AHTari buruzko eztabaidan, orain Europako Kontu Auzitegia bera delako proiektu hori ezbaian jartzen duena”. Ugarteren ustez, salbuespeneko egoera batek ez-ohiko neurriak eskatzen ditu; hortaz, EH Bilduk, Podemosekin batera, uztaila habilitatzea eskatu du Parlamentuan, Tapiaren azalpenak lehenbailehen ezagutzea behar-beharrezkoa dela iritzita. Auzitegiaren txostena irakurrita, logikak dio bai ‘Euskal Y’-a, bai Nafarroarekiko lotura, bai Arabako Errioxa zeharka dezakeen linea gelditu behar direla.

Ildo horri jarraituz, Mikel Oterok azpimarratu du Europako Kontu Auzitegiak EH Bilduren betiko tesia berretsi duela, abiadura handiko proiektua zentzurik gabeko diru xahuketa dela. Zehazki, txostenak argi uzten du ‘Euskal Y’-a ustez txertatuta dagoen ardatz atlantikoa ez dela burutuko, Gobernu frantsesak erabaki duelako Bordele-Hendaia tartea ez egitea. Halaber, Kontu Auzitegiaren arabera, AHTaren benetako kostua 7.000 milioi euro ingurukoa izango da, Lakuak esandakoa baino milaka milioi gehiago. Eta azkenik, ohartarazten du abiadura handiko linea batek 9 milioi erabiltzaile urteko izan behar dituela arrakastatsua eta errentagarria izateko; ‘Euskal Y’-aren kasuan, ordea, Gasteiz eta Madrilgo gobernuen kalkulu interesatuen arabera, erabiltzaile kopurua 4,8 milioi bakarrik izango lirateke.

 

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak legez besteko proposamena aurkeztu du Jaurlaritzak horretarako gestioak egin ditzan. Bestalde, Gasteizko Legebiltzarra Amnistia Legea indargabetzearen alde ager dadila eskatu du.

Gobernu espainola Erorien Haranean planteatzen ari den esku-hartzearen haritik, EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu du gaur Legebiltzarrean Jaurlaritzak behar diren gestioak egin ditzan frankismoaren ikur horretan ehortzita dauden euskal jatorriko errepublikazale, miliziano eta gudariak identifikatzeko, DNA frogak eginez, eta euren gorpuzkinak Euskal Herriratzeko, betiere familia, biktimen elkarte, erakunde historiko, elkarte memorialista eta herri mugimenduarekin elkarlanean. Helburua, Julen Arzuagak azaldu duenez, “frankismoaren biktima horiei merezi duten aitortza eta erreparazio osoa ematea da, Francoren memoria goresten duten azpiegiturak eta sinboloak ezabatzea ez delako nahikoa; memoria berreskuratzeak biktimei merezi duten aitortza eta erreparazioa ematea eskatzen du”.

Julen Arzuaga EH Bilduren proposamena aurkezten, Gasteizko Legebiltzarrean

Norabide horretan, Arzuagaren ekimenak planteatzen du Legebiltzarrak Amnistia Legea indargabetzea galdegin dezala eta Memoria Historikoaren Euskal Lege bat onartzearen alde ager dadila. Izan ere, “normalizazio demokratikoak zigorgabetasuna desagertzea behar du, eta horretarako, Nazio Batuen errelatoreek behin baino gehiagotan esan duten moduan, biktimak aitortu eta erreparatu ez ezik, gizateriaren aurkako delitu-egileen ardurak ikertu, argitu eta zigortu ere egin behar dira, eta Amnistia Legea da hain justu hori eragozten duena”.

Lurgatz Talde Feministak deituta, ehunka pertsona bildu ziren pasa den ostiralean Villabonako Errebote plazan egindako protesta elkarretaratzean.

"La manada"ko kideak kartzelatik ateratzeko hartutako erabakiak, haserrea eta amorrua eragin zuen gure jendartean eta protesta mobilizazioak oso jendetsuak izan ziren herriz herri. Bost bortxatzaile hauek kalean izateak, espainiar justiziak duen izaera patriarkala eta injustua erakutsi digu beste behin. Hau onartezina da! Erasotzaile eta bortxatzaile hauek kalean ikusteak eta adibidez Altsasuko gazteak atxilotu eta kartzelan sartzen ikusteak, nazka ematen digu. Espainiar justizia, ez da justizia!

Egoera honen aurrean, Amasa Villabonako herriak eta Euskal Herriko zein estatuko hiri, herri eta auzoetan ikusi ditugun erantzun herritar zabal eta masiboak azpimarratu nahi dugu. Berriro ere, gure herriaren duintasuna eta injustizien aurrean duen erantzuteko gaitasun handia ikusi dugu eta hori pozgarria da.       

ARGAZKIAK:

ARGAZKI1

 

ARGAZKI2

 

ARGAZKI3

Euskal Herria Bilduk elkartasun feminista eta internazionalista adierazi nahi die Argentinan abortatzeko eskubidearen alde borrokan ari diren milaka herritarrei.

Azken hilabete honetan berri txarrak heldu zaizkigu Argentinatik. Abortatzeko eskubidea onartzen duen oinarrizko lege proposamenak Argentinar Kongresuaren bozketa gainditu ondoren, Senatuan ezezkoa nagusitu zen, 38 senatarik lege proposamenaren kontra eta 31k alde bozkatu zutelarik.

Legez, bi kasutan soilik abortatu daiteke Argentinan: Emakumea bortxatua izan denean edota amaren bizitza arriskuan dagoenean. Ordea, ezkutuko abortuak ohikoak dira, eta kasu gehiegitan emakumearen heriotza eragiten dute. Gobernuz kanpoko erakundeen esanetan, 500.000 emakumekoa izan daiteke kopuru hori! Ikaragarria.

Euskal Herriko emakumeok ere gure gorputzen burujabetzaren aldarria kaleetara eraman izan genuen eta badakigu bide hori luzea eta latza dela baina aldi berean atzera bueltarik ez duen bide bat da, eskubide baten onarpen askatzailea delako. Dudarik ez dugu Argentinako mugimendu feministak eta abortuaren legearen aldeko herritar uholdeak emandako aurrerapauso irmoak garaipenera eramango dituztela.

Argentinako borroka gurea ere badelako, abuztu honetan gure bihotzak berde kolorez margotu dira. Emakumeon gorputzen burujabetzaren bidean EH Bilduren elkartasun eta babes osoa dute. Izan dadila lege!

Gora borroka feminista!

Pasa den larunbatean 80.000 eta 90.000 pertsona artean bildu ziren Iruñeako kaleetan Altsasuko zortzi auzipetuen aldeko manifestazioan. Apirilaren 14ko erantzun masiboa ere txiki utzita, Iruñean aspaldi izandako mobilizaziorik handiena izan zen. Amasa Villabonatik ere ehundik gora lagun joan ginen antolatu genituen 2 autobusetan eta asko izan ziren Iruñeara kotxean joan zirenak ere. Beste behin gure herriak elkartasun ariketa zoragarria egin zuen larunbatean.

Neurrigabekeriari erantzun neurrigabea eman zitzaion Iruñean. Elkartasunak gainezka egin zuen, eta, amaieran, gurasoen eta antolatzaileen aurpegietan emozioa nabari zen horregatik. Eskerrik asko zioen pankarta atera zuten, esker onez. «Justizia nahi dugu», errepikatu zuten ozen Bel Pozuetak (Adur Ramirez de Aldaren amak) eta Gotzon Urruzolak (Aratz Urruzolaren aitak).

Hasteko ordubete falta zela, Sadar futbol zelaiaren inguruak jendez gainezka zeuden, Osasunak zerbait jokoan duen aldi handietan bezala. Oraindik ezer antolatu gabe zegoela, senyera ugari ikus zitezkeen. «Manifestazio erraldoia» izango zela esatera ausartu zen Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentaria. Bostak jotzear zirenean, zortzi auzipetuen gurasoak pankartaren atzean jarri zirenerako, aurreikuspen haren lehen zantzuak antzeman ziren: Sadar kalearen bi aldeetan, jendea ezin kabiturik; aurretik jendetza, eta atzetik berdin.

Txalo artean eta "Altsasukoak askatu"" oihu artean ekin zion manifestazioak. Lehen ehun metroak eginda eta lehen biribilgunera iritsita antzeman zen hobeto erantzunaren tamaina. Aurretik, errepide amaiera ikusten uzten ez zuen jendetza zegoen, eta antolatzaileek une oro manifestazio buruari toki egiteko, albora egiteko erregutzen zuten. Bigarren biribilgunera helduta, Zaragoza etorbidean sartzerako, ikuspegi bera errepikatu zen: aurretik, errepide bazterretan jendea txaloka, justizia eske. Atzetik, uholdea.

Hasieratik amaieraraino iraun zuen. Lau kilometroko ibilbide luzean, alde banatan noiz iritsiko zain zeuden herritarrekin egin zuen topo manifestazio buruak, eta erantzunaren inguruko beste bi datu deigarri daude. Batetik, kartel nagusia Zaragoza etorbidean gora zihoala, Foruen plaza iritsi baino lehenago ekin zion atzealdeak, apurka, ibilbideari. Bestetik, manifestazio burua Karlos III.a etorbidera iritsi zenerako, amaiera oraindik Zaragoza etorbide behealdean zegoen, eta aurretik herritarrez beteriko 2,5-3 kilometroko ibilbidea zuen.

Resultado de imagen de altsasu manifestacion

Ordu eta erdi geroago heldu zen helmugara manifestazioa, txalo artean. Karlos III.a etorbidean kokatutako oholtzaren inguruak jendez lepo zeuden, baita alboko kaleak ere. Ekitaldia hasi aurretik, isilune bat egin zen, eta jarraian txalo zaparrada batekin erantzun zioten bertaratutakoek.

Hiru diskurtso

Berehala, Jon Maia bertsolariak segidilla bat abestu zuen. Abeslari batek jota bat abestu zien gazteei: «Noiz arte eutsiko diogu egoera bidegabe honi». Drogas abeslari iruindarrak eta Mikel Markezek abesti bana kantatu zuten. Aurretik, umorez aritu zen emandako babesari buruz: «Eskuak pilotarien antzera ditut, babaz beteak, hainbeste txalo egitearen ondorioz».

Ekitaldian, hiru diskurtso nagusi entzun ziren. Batetik, antolatzaileek urte eta erdi honetako argi-ilunak nabarmendu zituzten. Itzalen artean, atxiloketak, espetxeratzeak, sakabanaketak, gazteetako hiru denbora luzez Fies egoeran izatea, asteon fiskaltzak helegitea jarri izana...: «Nola definitu? Ankerkeria, krudelkeria, sadismoa? Baina argiak ere izan ditugu». Horien artean, jasotako elkartasuna nabarmendu zuten.

Bigarrenik, Jokin Unamunok espetxetik idatzitako gutuna irakurri zuen haren amak. «Epaiketa zirku bat izan zen, eta epaia, kolpe gogorra, nahiz eta nik neuk oraindik latzagoa izatea espero nuen. Ezin da inor espetxera bidali gertaeretan parte hartu izana frogatu gabe, eta are gutxiago iritzi eta susmoetan oinarrituta».

Hirugarrenik, Bel Pozuetak eta Gotzon Urruzolak salatu zuten auzi honetan «mendekuz» jokatu duela Espainiako Auzitegi Nazionalak. «Ez dute egia bilatu». Gogora ekarri dute Carmen Lamela instrukzio epaileak Guardia Zibilaren domina jaso duela, Concepcion Espejel epaimahaiburuak bezala. «Non dago inpartzialtasuna?». Haien ustez, auzi honetan «boterearen gehiegikeria» nabarmendu da, eta komeni da «demokraziaren kalitatearen eta eskubideen defentsan egoera hori iraultzea. Neurri legalak nahi ditugu saihesteko legearen erabilera estentsiboa eta botere abusuak». Hartara, politika, gizarte, unibertsitate eta zuzenbide arloko eragileei mahai bat osatzeko deia egin diete, «benetako soluzio eraginkorrak bilatzeko».

 

Espainiako Gobernuak EH Bilduren galderari bidalitako erantzunak jasotzen duenez, 2017. urtean zehar Guardia Zibilak guztira 943 errepide kontrol egin zituen Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

2017an Hego Euskal Herrian batez beste 2,6 errepide kontrol egin zituen Guardia Zibilak eguneko. Kontrol gehien urtarrilean egin zituen, 196 guztira, ekain eta uztailekoak baino bi aldiz gehiago eta abuztutik aurrerakoak baino dezente gehiago. Espainiako Segurtasun Indarrek Hego Euskal Herriko errepideetan egiten dituzten kontrolak amaitzeko garaia dela uste du EH Bilduk.

Iragan urtarrilaren 31n Guardia Zibilaren kontrol batek Argantzunen eragindako istripuaz galdetuta, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orotara 539 kontrol egin zituela iaz eta Nafarroan, 404. Kontrola jarri eta gutxira gertatu zen ezbeharra, Argantzungo irteera biribilgunetik gertu, N-1 autobidean, kaltetuen artean hiru auto, kamioi bat eta hainbat zauritu utzita. Lekukoen arabera, istripua gertatu bezain pronto kontrola kendu zuen Guardia Zibilak.

EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak berehalako azalpenak eskatu zizkion Espainiako Gobernuari, eta galdera sorta bat erregistratu zuen gobernuak istripuari buruzko xehetasunak idatziz eman zitzan. “Beharrezko segurtasun neurriak hartzen al ditu Guardia Zibilak arrisku egoerak saihestu eta gidariek errepideetako kontrolak erraz ikus ditzaten? Zer dela-eta jarri zuen kontrola toki jakin horretan?”, galdetu zion diputatuak gobernuari.

Pedro Sanchez buru duen gobernuak erantzun dio kokapen, ikusgarritasun eta egoera “aproposean” ezarri zutela kontrola, nahiz eta onartu duen Guardia Zibilak zaurituak artatzeko asmoz utzi zuela bertan behera kontrola istripua gertatu eta berehala. Bide berean, Espainiako Gobernuak argudiatu du haxix trafikoaren aurkako ikerketaren parte zela Argantzungo kontrola, eta gaineratu du Guardia Zibilaren kontrol “guztietan” errepideko segurtasuna lehenesten dutela, “zirkulazioa arriskuan jarri gabe”.

EH Bildutik, Guardia Zibilak (eta baita espainiar armadak ere) Euskal Herritik irten behar duela defendatzen jarraituko dugu eta indar militar-polizial honek gure lurraldeetan dituen konpetentziak, Ertzaintzak eta Foruzaingoak bere gain har ditzatela. Herri honetan Guardia Zibilak giza eskubideen aurkako historial luze eta oso mingarria du (milaka torturatu, ehunka pertsona erailak...) eta ondorioz herritarren gehiengoak ez du Guardia Zibila beren eskubideen defendatzaile gisa ikusten, gorputz errepresibo gisa baizik. Beraz, inolako konplejurik gabe eta oso argi adierazten dugu: ALDE HEMENDIK!!!

Alde Hemendik kartela

Oiartzungo alkateak eta EH Bilduko hautetsien ordezkaritza batek Osoko Bilkuran jarraitu dute eztabaida eta hartutako akordioa “inflexio puntu” bat dela azpimarratu dute.

EH Bilduren ekimenez, merkatal gune handien zabaltzeari mugak jarri behar zaizkiola onartu du gaur Legebiltzarrak, interes orokorrean oinarriturik eta azpiegitura horiek dendari txikiei, ingurumenari eta lurralde antolakuntzari eragiten dieten kaltea kontutan hartuz.

EH Bilduk Elkarrekin Podemos eta PPrekin adostu du Legez Besteko Proposamena. Lehenengo bi puntuak,gainera, EAJ eta PSEren aldeko botoa ere jaso dute. Bertan, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio hiru hilabeteko epean aurkez dezala plan eta egutegi bat saltoki handien inguruan. Planak argi berdea ez duen bitartean, moratoria bat ezartzea ere eskatu du Legebiltzarrak, baina Gobernua sostengatzen duten alderdiek ez dute puntu hau babestu. Horregatik, EH Bilduko Legebiltzarkide Iker Casanovak bere jarrera kritikatu du, EAJk eta PSEk herrietan ahalbideratzen ari direlako merkatal gune handien hedapena (Garbera, Zaldunborda…).

Oiartzungo alkate Jexus Leonet eta EH Bilduko zinegotzi eta batzarkideen ordezkaritza batek bertan jarraitu dute Osoko Bilkurako eztabaida. Hartutako akordioa txalotu dute eta saltoki handien arriskua gertutik bizi duten herrientzat “inflexio puntu bat” dela azpimarratu dute.

Dfpxg9bW4AE0uY3Oiartzun, Donostia, Lasarte, Hernani eta Usurbilgo EH Bilduko ordezkariak, Iker Casanova legebiltzarkidearekin egindako agerraldian

Iker Casanovak azaldu duenez, gaur egun legean dauden hutsuneek merkataritza gune handiak neurrigabeki ugaritzeko aukera ematen dute, eta horri amaiera emateko neurri zuzentzaileak hartu behar dira: “Oraingo araudiak ahalbideratzen du saltoki handiak era indiskriminatuan eraikitzea, eta hortik kolatu izan dira hainbat eta hainbat proiektu. Gipuzkoan, adibidez, 200.000 metro koadro gehiago daude aurreikusita”.

Beraz, “ezinbestekoa da legeak irekitako ate hori ixtea, merkatari txikien elkarteek eskatzen duten bezala. Azken urteetan, izugarria izan da saltoki handien eztanda, eta dendari txiki asko ito ditu horrek”.

Casanovak enpleguaren argudioari ere eutsi dio: “Merkatal gune handiek lanpostuak sortu baino gehiago suntsitzen ditu, eta sortzen duten enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna ere ezbaian dago”.

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: