Udalgintza
Pasa den asteleheneko udaleko osoko bilkurako hirugarren puntuan, Tolosaldeko Giltzarriak udalean aurkeztutako mozioa aurkeztu eta bozkatu zen. Tolosaldeko Giltzarriaren baitan Amasa Villabonan lanean ari diren zenbait herritar pleno aretora joan ziren eta Josu Jauregi billabonatarrak irakurri zuen udalbatzako alderdi politikoei aurkeztutako mozioaren edukia. Hauxe da irakurri zen testua:
Herritarrak mozioaren irakurketa amaitu zuenean EH Bildu eta EAJ-PNVko zinegotziek txaloekin erantzun zuten.
Jarraian EH Bilduko Udal-Taldearen izenean Xabat Laborde zinegotzi billabonatarrak hartu zuen hitza:
"Lehenik eta behin, Gure Esku Dagon eta Tolosaldeko Giltzarriaren baitan bolondres gisa lanean ari diren herritarrei gure aitortza eta babesa adierazi nahi diegu.
Datorren martxoaren 19a egun historikoa izango da Tolosaldean eta baita Amasa Villabonan ere. Gure herriaren erabakitzeko eskubidearen edo autodeterminazioaren alde hamarkada luzeetan garatu den borrokaren bidean, mugarri edo inflexio puntu oso garrantzitsua izango da. Galdeketa sinple bat baina askoz gehiago izango da.
Azpimarratu nahi dugu dinamika eta ekimen hau guztiz herritarra dela, behetik gora egiten ari dena, ideologia edo pentsakera ezberdinetako herritar soilak biltzen dituena etab. herriz-herri antolatzea eta eskubide demokratiko hau mahai gainean jartzea dute helburu eta hau oso pozgarria da guretzat.
"Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?" da datorren martxoaren 19an Tolosaldeko herritarrei egingo zaigun galdera. Gure erantzuna oso argia da: BAI.
BAI, herritar librez osatutako Euskal Herri libre bat nahi dugulako, munduan aitortua izango dena, ez dugu beste inor baino gehiago izan nahi, baina ezta gutxiago ere.
BAI, herritar guztiak kontuan hartuko dituen estatu duin eta justu bat eraiki nahi dugulako.
BAI, hobeto bizi nahi dugulako, gure etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko burujabeak izan nahi dugulako.
BAI, justizia sozialean, berdintasunean eta eskubide sozialak errespetatuko dituen gizarte solidarioan bizi nahi dugulako. Etxebizitza eskubide erreala izango den, zerbitzu publikoak benetan unibertsalak izango diren, babes sozialerako sistema sendoa izango duen, pentsio duinak izango diren eta aberastasuna modu justu batean birbanatuko den estatua nahi dugu. Pobrerik egongo ez den Euskal Herria nahi dugulako.
BAI, euskaraz lasai bizi ahal izango garen Euskal Herria nahi dugulako. Munduaren aurrean euskaldun gisa agertu nahi dugulako.
BAI, gure hezkuntza sistema propioa eraiki nahi dugulako, Euskal Herriaren beharretarako egina eta kanpoko inposaketarik jasan beharko ez duena.
BAI, gazteei herri honetatik alde egin behar izanik gabe, hemen bertan etorkizun bat eskaini nahi diegulako.
BAI, ustelkeria, indarkeria matxista, diskriminazioa, esklusio soziala, arrazakeria... behin betirako desagertu eta jendarte berri bat eraiki nahi dugulako.
BAI, Aniztasunean oinarrituta, bakoitzaren jatorri eta identitate sentimenduen gainetik, guztion artean eta guztiontzako euskal estatua nahi dugulako.
Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik galdeketa honetan herritarren parte hartzea handia izan dadin gure eskuetan dagoen guztia egiteko prest gaude. Zentzu horretan EAJ-PNVri enplazamendu bat egin nahi diogu, gure ustez momentu historiko honetan, teorian erabakitzeko eskubidearen alde gaudenon artean adierazpen bateratu bat egin eta zabaltzeko gai izan behar genuke. Guk proposamen hori egiten diogu Villabonako EAJ-PNVri."
Ondoren, bozketa egiteko momentua iritsi zen; EH Bildu eta EAJ-PNVko ordezkari guztiek Tolosaldeko Giltzarriak aurkeztutako mozioaren aldeko bozka eman zuten eta PSOEko Maria Luisa Arija zinegotziak ordea kontra bozkatu zuen. Beraz, mozioa onartua izan zen aldeko 12 bozka eta kontrako bozka bakarrarekin. PSOEko ordezkariak ez zuen bere kontrako botoa azaltzeko inolako adierazpenik egin eta isilik geratzea erabaki zuen.
Gaur argitaratu duten oharrean, Villabonako udaleko langileek Iban Agirre alkateak dimisioa aurkeztu ondoren emandako azalpenek ezinegona sortu diela adierazi dute eta bestalde, EAJko udal ordezkari batek dimisioaren hurrengo egunean langileei emandako hitza ez duela bete salatu dute.
Hemen duzue udal langileek argitaratu duten gutuna:
Joan den ostegunean Villabonako alkateak egindako adierazpenen aurrean, gaur goizean udal langileek asanbladan onartutako oharra:
Joan den ostegunean harriduraz jakin genuen oraindik Villabonako alkatea den Iban Aguirrek idatzia aurkeztu zuela karguari uko eginez, arrazoi pertsonalak argudiatuta. Gure harridura handiagoa izan zen, ordea, komunikabide batzuetan, alkateak bere kargu uztea –nahiz eta modu anbiguoan izan– Udalean zegoen lan giro txarrari eragotzi zionean.
Hurrengo egunean, EAJ-PNV-ko udal taldeko kide batekin elkartu ginen alkatearen aipamenengatik gure ezinegona helarazteko, eta eskatzeko bere udal taldeak publikoki argitu zezala egia ote zen lan giro txarra zegoela, udal langileei zegokienez behintzat. Jaso genuen erantzuna izan zen alkatearen adierazpenek bere iritzi pertsonala isladatzen zutela, eta alderdiak adierazpen hori publiko ez egitea eskatu ziola. Gure eskaera ulergarria eta zentzuzkoa zela esan zitzaigun, eta ostiral arratsaldean publiko egin behar zuten prentsa oharrean saiatuko zirela hori jasotzen; hala ere, azkenean argitaratutako prentsa oharrak ez zion inolako erreferentziarik egiten ez langileei, ez lan giroari.
Kezkagarria iruditzen zaigu udal langileak erruduntzat jo nahi izatea, lan giro txarraren kulpa botaz, gure ustez lan giro txar hori ez dagoenean. Era berean, tristea iruditzen zaigu alkatearen udal taldea komunikabideetan kezkatua agertzea talde barruan egon daitezkeen barne tentsioei buruzko zalantzak uxatzen, eta ez udal langileen lana defenditzen.
Azkenik, udal langileok argi utzi nahi dugu villabonatarrei zerbitzua emateko dugun konpromisoa, haientzako lan egiten baitugu, eta, bide batez, hurrengo alkateari eskua luzatu nahi diogu gure udalerriaren alde elkarlanean aritzeko, betiere elkarrekiko konfiantzan eta errespetuan oinarrituz".
Amasa Villabonako EH Bildutik, udal langileen kezka eta ezinegona guztiz ulertzen dugula adierazi nahi dugu. Pasa den astean alkatearen dimisioaren ondoren publiko egin genuen oharrean ere esan genuen: "Ez da bidezkoa Agirrek eta EAJko udal taldeak Villabonako udala gobernatzeko erakutsi duen ezintasuna, langileen jarrerari leporatzea."
Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak pasa den asteartean burututako herri batzar irekian, aho batez erabaki zen EAJko udal gobernuak osatutako aurrekontu proiektuaren aurkako bozka ematea. Hainbat arrazoik bultzatu du koalizio abertzalea, aurrekontu proiektu hauen aurka bozkatzeko erabakia hartzera eta arrazoi hauek pasa den ostegunean udalean ofizialki aurkeztutako Osoko Zuzenketaren dokumentuan jasotzen dira. Dokumentua EAJko eta PSEko ordezkariei helarazi, eta oraindik ere EH Bilduk aurrekontuen inguruan hitz egiteko prestutasun osoa zuela jakinarazi zitzaien. EAJ eta PSEk ez dute erantzunik eman eta ondorioz, udal gobernuak EH Bildurekin hitz egin eta aurrekontuak negoziatzeari ezetz esan diola baieztatu dezakegu.
Gauzak horrela, besteak beste aurrekontuak bozkatuko diren urtarrilak 30eko udaleko Osoko Bilkuran kontrako bozka eman eta osoko zuzenketa defendatuko du EH Bilduko Udal-Taldeak.
Hauxe da hitzez-hitz EH Bilduk osatutako osoko zuzenketaren dokumentua:
Amasa Villabonako EH Bildu koalizioko Udal taldeak, EAJk zuzentzen duen udal gobernuak aurkeztutako 2017rako aurrekontu proposamenaren aurrean, osoko zuzenketa aurkeztea proposatu zuen EH Bilduko Herri Batzarrean. Herri batzarrean parte hartu zutenek aho batez onartu zuten osoko zuzenketa hau aurkezteko proposamena.
ARRAZOI NAGUSIAK
Herritarren parte hartzerik gabeko aurrekontuak:
Udal gobernuak osatutako aurrekontu proiektua osatzeko garaian, herritarren parte hartzea erabat alboratu da. Nahigabez ikusi dugu azken urteetan gai honetan emandako aurrera urratsak bertan behera geratu direla:
o Herritarrei ez zaie proposamenak egiteko baliabiderik eskaini. Aurreko legealdian (2011-2015) ez bezala, oraingoan ez da herritarrek ikusten dituzten beharrak jasotzeko inkesta publikorik egin.
o Ez da aurrekontu proiektuaren aurkezpen publikorik egin.
o Aurrekontu proiektua udal barruan geratu da, ez da interesa izan dezaketen herritarrek ikusi ahal izateko baliabiderik eskaini; ez da udaleko webgunean eskegi, ez Amavi aldizkarian eta sare sozialetan bere berririk eman...
EH Bildu koaliziotik, udal gobernuak herritarren ekarpenei ateak itxi izana salatzen dugu. Aurreko legealdietako esperientziak erakutsi digu herritarrek kontuan hartzeko modukoak izaten diren proposamen interesgarriak egiten dituztela eta gure ustez akats larria da aukera horri muzin egitea. Jokabide honekin argi ikusi da EAJk zuzentzen duen udal gobernu honek ez duela herritarren parte hartze aktiboan sinesten eta EAJren udal politika egiteko ereduan herritarren ekarpenek ez dutela lekurik.
Amasa-Villabonarako herri proiekturik gabeko aurrekontuak:
Zeintzuk dira 2017. urterako udal gobernuak ezartzen dituen lehentasunak? aurrekontu proiektua aztertu ondoren, ezinezkoa egiten zaigu galdera honi erantzun garbirik topatzea. Udal gobernu batek, edozein udal gobernuk, herri proiektu bat izatea ezinbestekoa da unean uneko inprobisazioan ez erotzeko eta martxan jartzen dituen politikak norabide batean kokatzeko, baina aurrekontu proiektu honetan nekez ikus daiteke zein den Villabonako EAJren herri proiektua. Ez da antzematen ez gai estrategikorik, ez proiektu esanguratsurik, ez eta etorkizunerako egitasmo aipagarririk ere, dagoeneko mahai gainean dagoena nolabait kudeatzen jarraitzeko aurrekontuak dira hauek, inolako etorkizunerako ikuspegi estrategikorik gabeak.
Inbertsio nagusietako bi, proiekturik gabe:
Aurrekontu proiektu honetan aurreikusten diren inbertsio nagusietako bi, frontoien eraberritzea eta Olaederra kiroldegian elbarrientzat aldagela egiteko obra, ezin izan ditugu behar bezala aztertu, udalean obra hauen proiekturik ez dagoelako. Guk lan hauek egitea begi onez ikus dezakegu, baina horretarako proiektu batzuk mahai gainean izan behar ditugula uste dugu, ezin dugu zer lan egin nahi diren aztertzeko aukerarik eduki gabe, txeke zuririk eman. Erabat ulertezina egiten zaigu nola aurreikusi daitekeen diru kopuru bat, arkitekto kualifikatu talde batek obra edo lan hauek egiteko osatutako proiekturik esku artean izan gabe. Udal arduratsu eta serio batek ez luke prozedura trakets hau erabiliko. Udalak obra edo lan batzuk egitearen beharra identifikatzen duenean, lehen urratsa proiektu bat egingo duen arkitekto talde bat kontratatzea izaten da. Arkitekto eta teknikoek egin nahi diren obrek zein ezaugarri izango dituzten, zein material erabili daitezkeen, neurri zehatzak zeintzuk izango diren, zein aukera ezberdin egon daitezkeen, obrak gauzatzeko zenbateko aurrekontua beharko den etab. biltzen dituen txosten bat aurkezten dute, eta udalak proiektu hori begi onez ikusten duenean ezarri behar luke diru partida bat aurrekontuetan. Hori da udal gobernu "normal" batek erabiliko lukeen prozedura logikoa.
Ba Villabonako udalerako aurrekontu proiektu honetan, inolako proiekturik esku artean izan gabe, frontoiak berritzeko eta kiroldegian elbarrientzako aldagela bat egiteko 100.000 eta 50.000 euroko diru partidak ezarri dira hurrenez hurren. Esan bezala, EH Bilduko udal taldeko kideoi prozedura hau ez zaigu egokia iruditzen eta udal gobernu honek lan egiteko duen seriotasun faltaren erakusgarria dela iruditzen zaigu.
Larreako parke estaliaren proiektua berriz ere baztertua:
Herri gunean estalitako espazio publiko zabal baten beharra Amasa Villabonako herritarren aspaldiko eskaera da, eskaera historikoa. Pasa den legealdian, herritarrei bideratutako inkesta askotan jaso zen eskaera hau eta herritarrek behin eta berriz adierazitako behar horri erantzutea erabaki zen. Horretarako herrian zehar dauden hainbat parke estaltzeko proiektuen lehiaketa publikoa egin zen. Gainera, proiektu irabazlea erabakitzeko prozesu parte hartzaile aitzindari bat burutu zen eta lehiaketan garaile irten zen proiektua herritarren bozka zuzenaren bidez erabaki zen. Herritarrek aurkeztutako proiektu ezberdinak ikusi eta aztertzeko aukera izan zuten etxeetara banatutako orrien bidez eta baita Gurea zineko erakusketa gelan esposatutako plano eta informazioaren bidez ere. Ondoren bozketa egin zen eta herritarrek beren telefono mugikorretik zein erakusketa gelan zegoen hautestontzia erabiliz, euren iritzia eta bozka eman ahal izan zuten. Larreako parkea estaltzeko osatutako "Rayuela" proiektuak irabazi zuen bozketa. Horrez gain, herriko ikastetxeetako haurrek ere aktiboki parte hartu zuten prozesu parte hartzaile aberats honetan.
EH Bilduko udal taldeko kideon ustez, aipatutako guzti honek proiektu hau lehentasunezkoa izatea dakar ezinbestean eta uste dugu borondatea izanez gero, 2017an proiektu hau gauzatu litekeela.
Bizikidetza eta Memoria batzordea diru partidarik gabe:
EH Bilduko udal taldeak 2015eko azaroan egindako eskaerari erantzunez, 2016an Bizikidetza eta Memoria batzordea sortu zen udalean. Gure ustez erabat beharrezkoa da herri honek bizi duen gatazka politikoaren ondorioz hamarkada luzetan pairatu dugun alde guztietako indarkeriak utzitako ondorioak konpontzeko, gai hau seriotasunez landu eta elkarbizitzan urratsak emateko baliagarria izango den foro bat izatea udalean. Zentzu horretan batzorde honen sorrera eta orain artekoan egindako lana positiboki baloratzen ditugu. Gainera zintzoki uste dugu batzorde honetatik abiatuta, bizikidetzan sakontzeko eta herri honetako memoria biltzeko ekimen berriak abiatu daitezkeela datozen urteetan.
Hau esanda, ulertezina egiten zaigu aurrekontu proiektu honetan batzorde honi begirako diru partida bat bera ere ez aurkitzea. Udalak ez al du 2017an batzorde honetatik abiatutako inolako iniziatibarik aurreikusten?
Alkatearen soldata 52.519 eurokoa izatea onartezina da:
Amasa Villabonako alkateak dedikazio osoa eta soldata duin bat izan behar duela ez dugu zalantzan jartzen, horregatik ez genuen Ivan Agirre alkate ohiaren soldataren aurka inolako adierazpenik egin. Gure ustez, gure herriaren tamaina kontuan izanik, alkatearen soldata urteko 30.000 eta 40.000 euroren (kopuru gordin edo brutoa) artean kokatu behar litzateke, kopuru horien artean dagoen soldata bat, nahikoa duina dela pentsatzen baitugu. Ondorioz, Maite Izagirre egungo alkateak, inolako arrazoirik eman gabe Ivan Agirreren soldata %35ean igotzea eta guztira 52.519,92 euroko soldata izatea, erabat onartezina da.
Nazio eraikuntza baztertzen duten aurrekontuak:
Aurrekontu proiektu honetan, aurreko legealdietan Amasa Villabonako udalak Euskal Herriaren nazio eraikuntzan ekarpena egiten duten enpresa eta eragileei zuzentzen zizkion diru laguntzak ezabatuak izan dira. Pasa den urtean bezala, aurten ere Udalbiltza eta Gaindegia erakundeek jasotzen zituzten diru-laguntzak ez dira kontuan hartu.
Gure ustez Udalbiltza erakundea, Euskal Herri osoa barnebiltzen duen nazio erakunde bakarra izanik, estrategikoa da gaurdanik etorkizuneko Euskal Herri askea egituratzen hasteko. Beraz, aurrekontu proiektu honetan ere Udalbiltzari ekarpen ekonomikorik ez egin izana salatzen dugu.
Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia) ere ekarpen ekonomikorik gabe uzten dute aurrekontu hauek. Edozein naziok beharrezkoa du bere ekonomia eta garapen adierazleak sortu eta aztertuko dituen erakunde bat izatea, eta gaur gaurkoz Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartzen duen gisa honetako erakunde bakarra dugu Gaindegia. Beraz, gure ustez Gaindegiak burutzen duen lana estrategikoa da gure nazioarentzat.
EH Bilduko kideoi neurri hauek erabat ulertezinak egiten zaizkigu, eta are gehiago bere burua abertzaletzat duen alderdi batek osatutako aurrekontu proiektu bat denean.
Pasa den igandea, apirilak 17, preso politikoen nazioarteko eguna izan zen, hori dela eta Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak preso politikoen aldeko mozio bat osatu eta udalean sarrera ematea erabaki du. Mozio honen bidez, Villabonako udalak munduan zehar dauden milaka preso politikoen existentzia bera, eta bere eskubideak erabiltzeagatik (adierazpen askatasuna, askatasun politikoa…) herritar askeen aurka zenbait estatuk erabiltzen duten errepresio politikoa salatzea da helburua.
EH Bilduk behin eta berriz, ahoz zein idatziz, EAJko euskara zinegotziari egindako eskaerak fruituak eman ditu eta EAJk udal gobernua eskuratu zuenetik lehen aldiz, Euskararen lan mahaia bilduko da datorren urtarrilaren 31n, 17:30etan udaletxeko areto nagusian.
Lan mahai hau pasa den legealdian sortu zen gure herrian euskararen aldeko elkarteak eta ekimenak oso apalduta zeudela ikusi, eta egoera horri buelta emateko asmoarekin. Hainbat talde, eragile eta norbanakok parte hartu zuten mahi honetan eta ibilbide labur baina oparoa izan zuen, besteak beste, Euskara sustatzeko plana elkarlanean adostu, Berria egunkariaren aldeko "ziztada" kanpaina burutu, "euskaraz bizi nahi dut" kross herrikoia antolatu etab. egin zirelarik. Esan bezala, orain artean EAJk mahai hau geldiarazita izan du.
Hau da Udaleko Euskara zerbitzutik lan mahai honetan parte hartzera deituz luzatu den gonbidapena:
"Lau urtetik behin, Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana egin behar izaten du. 2017an zehar, 2018-2021 urte bitarteko plangintzaldia onartu behar du. Orain indarrean dagoen plangintzaldia, herriko eragileen artean diseinatu zen, hau da, parte hartu zuten eragileen artean arloz arloko helburuak finkatu ziren.
Oraingo honetan, Euskara Batzordean erabaki da eredu bera jarraituko dela hurrengo plangintzaldia diseinatzeko ere. Helburua izango da, herrian euskararen ikuspegitik dauden lehentasunak identifikatu, eta datozen lau urteetarako plangintza diseinatzea lehentasun horiei aurre egin ahal izateko.
Horretarako, aurrez bildu ginen eragileez gain, herriko beste gizarte eragileei, zein norbanakoei dei berezia egin nahi dizuegu lan-mahai horretan parte hartzeko, bakoitzak egin dezakeen ekarpena oso garrantzitsua baita gure herriarentzat.
Beraz, dei egiten dizuegu datorren urtarrilaren 31n, asteartean, arratsaldeko 17:30ean, Udaletxean egingo den bileran parte hartzeko. Bilera horretan Euskara Sustatzeko Ekintza Planaz gain, datorren 20. KORRIKAren gaia ere landuko da.
Gizarte eragileek, zein norbanakoek gai honetan egin dezakezuen ekarpena, oso garrantzitsua da guretzat. Animatu eta azaldu zaitezte!"
Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeak mozio honen bidez, 2016an Gizarte-Larrialdi laguntzak (GLLak) behar dituzten herritarrei laguntza hau bermatu ahal izatea du helburu.
Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeak proposamen berri bat osatu eta udalean ofizialki erregistratu du. Oraingo honetan, udal tasa berri bat indarrean jartzea da koalizio abertzale eta ezkertiarrak EAJko alkatetzaren mahai gainean jarri duen aukera. Zehazki banka enpresa pribatuek Villabonako kaleetan dituzten kutxazain automatikoei ezarriko litzaieke tasa berri hau, espazio publikoaz egiten duten erabileragatik. Dagoeneko udal dezente dira kutxazain automatikoak kalean ezartzeagatik udal tasa bat kobratzen dutenak, besteak beste Madril eta Bartzelonako udalak. EH Bilduren ustez, erabat bidezkoa da urtero milaka miloieko irabaziak dituzten banka enpresa pribatu hauei gure herriko espazio publikoa erabiltzen uzteagatik udalari diru bat ordaindu behar izatea.
Hau da EH Bilduk udalean erregistratu duen proposamenaren testua osorik:
"ORDENANTZA FISKALEN ALDAKETA PROPOSAMENA
Amasa Villabonako EH Bildu koalizioko Udal Taldearen izenean, TASA BERRI BAT osatu eta onartzea proposatzen dugu.
Tasa berri hau, banka enpresa pribatuek egiten duten Amasa Villabonako espazio publikoaren erabilerari ezarriko zaio. Hau da, banka enpresa hauek kalean ezarrita dituzten kutxazain automatikoen eraginez gertatzen den lurzoru publikoaren erabilerari.
Hauek dira Amasa Villabonako espazio publikoan kutxazain automatikoak ezarrita dituzten Banka enpresak:
- Banco Bilbao Vizcaya Argentaria (BBVA) Kale Nagusia 2
- Banco Sabadell Kale Berria 28
- Banco Santander Kale berria 21-A
- Banco de Vasconia Kale Berria 38
- Kutxabank Larrea auzoa 9
- Caja Rural Kutxa Kale Berria 43
PROPUESTA DE CAMBIO EN LAS ORDENANZAS FISCALES
Desde el grupo municipal de la coalición EH Bildu de Amasa Villabona, proponemos la creación y la posterior aprobación de UNA NUEVA TASA MUNICIPAL.
Esta tasa se impondrá a la utilización y/o ocupación de la vía pública por parte de las empresas del sector bancario. Concretamente se impondrá la tasa municipal a aquellas empresas bancarias que dispongan de uno o más cajeros automáticos situados en la vía pública de Amasa Villabona.
Listado de las empresas bancarias que disponen de cajero automático en vía pública:
- Banco Bilbao Vizcaya Argentaria (BBVA) Kale Nagusia 2
- Banco Sabadell Kale Berria 28
- Banco Santander Kale berria 21-A
- Banco de Vasconia Kale Berria 38
- Kutxabank Larrea auzoa 9
- Caja Rural Kutxa Kale Berria 43
AMASA VILLABONAN,
2017ko urtarrilaren 24an
Amasa Villabonako herritarrek ondo dakiten bezala, duela 3 hilabete inguru hasi ziren Oria ibaia bideratzeko obrak Zizurkil eta Villabona batzen dituen Zubimusu zubiaren inguruan. Obra honen bidez, ibaiaren zabalera handitu eta Villabonako herri-guneak duen uholde arriskua asko murriztuko da eta beraz, honakoa interes publiko ukaezina duen obra garrantzitsua da. Hori horrela izanda, EH Bildutik oso argi utzi nahi dugu ez dugula obra honen martxa oztopatu edo geldiarazteko inolako borondaterik, alderantziz, obrak ahalik eta azkarren bukatzea nahi genuke, obra hauek hainbat herritarri eta bereziki inguruko negozioei sortzen dizkien eragozpenak amaitu daitezen.
Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak udalgintza arloko Batzar Irekia antolatzea erabaki du eta datorren asteartean, urtarrilak 24, 19:00etan Gurea zineko erakusketa gelan izango da.
Batzar honetan Villabonako udaletxeko gaiak landuko dira eta EH Bilduko udal taldeko zinegotziek hartuko dute hitza. Guztira hiru gai nagusi jorratuko dira: 2016 urtearen balorazioa orokorra, 2017ko Aurrekontuak eta udaleko oposizioak liberatu bat izatearen gaia.
- 2016. urtearen balantze orokorra:
Lehenik eta behin, EH Bilduko hautetsiek EAJk zuzentzen duen udal gobernuaren lanaren errepasoa egingo dute, udal gobernuak garatutako politikaren ildo nagusiak aipatuko dira eta EH Bilduren ikuspegitik, udalak egindako lanaren balorazio kritikoa plazaratuko da. Ondoren, 2016. urtean zehar EH Bildu koalizioak udalean egindako lana ere azalduko da, arloz arlo egindako proposamenak, aurkeztutako iniziatibak, egindako ekarpenak, hartutako erabaki garrantzitsuenak etab. azalduko direlarik.
- 2017ko udal aurrekontuak:
Villabonako udal gobernuak osatutako aurrekontu proposamenaren azalpena egingo da: Gastu orokorrak, inbertsioak, diru laguntzak etab. aurkeztuko dira. Ondoren, EH Bilduko udal taldetik aurrekontu hauen gainean egiten duen irakurketa eta ondorioz, aurrekontuak bozkatuko diren urtarrilaren 30eko udaleko osoko bilkuran EH Bilduk zer egitea proposatzen den azalduko da. Udal taldetik mahai gainean jarriko den proposamen hori aurkeztu ondoren, eztabaidarako tartea zabalduko da eta bertaratutakoek beren kritikak, iritziak edo proposamenak azaldu ahal izango dituzte.
- Oposizioak liberatu bat izatearen afera:
Pasa den legealdian Eusko Legebiltzarrean EAJ eta EH Bilduren adostasunarekin onartutako Udal Legeak hau dio bere 33. artikuluan:
"Estatuto de la oposición: Punto número dos: En los municipios de más de 5.000 habitantes y hasta 10.000 habitantes se garantizará que al menos exista un concejal de la oposición con dedicación parcial con el fin de que las funciones de control y fiscalización del gobierno municipal puedan llevarse a cabo de forma efectiva."
Beraz, Amasa Villabonako herriaren kasuan, legeak EH Bilduko zinegotzi bat lanaldi partzialean liberatzeko aukera eskaintzen du. Gainera, udal gobernutik liberazio hori edukitzeko eskaintza egin zitzaion EH Bilduri. Hau kontuan izanda, Batzar Ireki honetan bozka zuzen bidez (horretarako hautestontzi bat jarriko da) erabakiko da legeak eskaintzen duen aukera hau baliatuz zinegotzi baten liberazioa onartuko den edo ez.
Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, batzar ireki honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diegu herriko eta udaleko gaiekiko interesa duten herritarrei.
Batzar Irekiaren deialdia egiteko EH Bilduk argitaratu duen kartela
Amasa Villabonako EH Bilduk aurkeztutako mozioan, Pakize Nayir, Fatma Uyar eta Sêve Demir emakume ekintzaile kurduen hilketa salatzen da eta hilketa politiko hauen salaketa Turkiar estatuari ofizialki jakinaraztea proposatzen da. Mozioa otsailaren 29ko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da.
Mozioa datorren astelehenean 19.00etan Udaletxeko areto nagusian izango den Osoko Bilkuran aurkeztuko du koalizio abertzaleak eta bertan eztabaidatu eta bozkatuko da. Azken asteetan Altsasuk bizi izan duen presio polizial eta mediatikoak eta batez ere herriko hainbat gazteren inputazioak, Auzitegi Nazionalaren esku hartzeak, "Terrorismo" delitua leporatzeak, gazteek deklaratzeko asmoa agertu ondoren egindako operazio polizialak, atxiloketak eta zazpi gazteren espetxeratzeak, kezka eta ezinegon handia sortu dute euskal gizartearen sektore zabaletan eta Amasa Villabonan ere jende asko benetan haserre dago Nafarroako herri horretan bizi duten egoera tamalgarri honekin. Kezka horri erantzun bat emateko eta Villabonako Udalak erakunde publiko gisa bere posizioa edo iritzia plazaratzeko beharra ikusi du EH Bilduk eta hori izan da mozioa aurkeztearen arrazoia.
Hau da hitzez-hitz EH Bilduk Villabonako udalean aurkeztutako mozioak dioena:
"Nafarroako Altsasu herrian azken asteetan jazo diren gertakariak direla eta, Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak honako mozio hau aurkezten du, Villabonako udalbatzan eztabaidatua eta bozkatua izan dadin.
ARRAZOIKETA
Pasa den urriaren 15ean Altsasuko jaietan, gaueko ordu txikietan taberna batean hainbat herritarrek eta lan orduetatik kanpo zeuden bi guardia zibil eta beren emazteek eduki zuten liskarrak sekulako oihartzuna izan du. Egia da pertsona hauek hainbat lesio izan dituztela baina oraingoz horixe da auzi honetan ziur baieztatu daitekeen gauza bakarra. Batzuek kontakizun bat eta bakarra egin nahi izan dute, pertsona askoren artean eta aurrez pentsatuta, guardia zibilen eta bere emazteen kontrako eraso bortitzaren teoria, Guardia Zibilak berak osatutako kontakizuna inolako zalantzarik gabe ontzat emanez. Baina errealitatea bestelakoa da eta gaur gaurkoz ezin da jakin gau hartan zehazki zer gertatu zen, bertsio kontrajarriak entzun ahal izan ditugularik. Hala ere, indarkeriaren erabilera oro salatzen dugu inolako aitzakiarik gabe.
Hainbat komunikabide eta politikarik, zoritxarreko gertakari hau baliatu nahi izan dute Euskal Herrian eta konkretuki Altsasun bizi den errealitatea desitxuratzeko eta gaur egun guztiz faltsua den indarkeria eta beldurrezko eszenatoki bat irudikatzeko. Bide batez, Euskal Herrian guardia zibilaren presentziaren eta egiten duten lanaren apologia egin nahi izan dute askok, intentzio politiko argiarekin.
Kanpaina politiko eta mediatiko honek ordea, ondorio oso larriak ekarri dizkie Altsasuko hainbat familiari. Gertakari hau Nafarroako Auzitegiak epaitu behar lukeen arren, Auzitegi Nazionala tartean sartu da eta erabat ulertezina bada ere, "terrorismo" delitua egotzi die Altsasuko bederatzi gazteri.
Gazte hauek beren izen abizenak ikusi eta irakurri behar izan dituzte espainiar komunikabide garrantzitsuenetan, eta hasieratik deklaratzera agertzeko asmoa adierazi bazuten ere, bestelako garaietan egiten ziren moduko polizia operazio ikusgarri baten bidez atxilotuak izan ziren. Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak gazte hauetatik zazpiren kartzelaratzea agindu du eta momentuz espetxean aurkitzen dira inolako baldintzarik gabe. Gure ustez honako hau sekulako zentzugabekeria juridiko eta politikoa da.
Hau guztia gutxi balitz, operazio polizial, juridiko eta mediatiko honek asmo politiko nabarmenak dituela salatzen dugu. Konkretuki, Guardia Zibilak Euskal Herrian duen presentzia zalantzan jartzen duten eta gure herriaren desmilitarizazioa eskatzen duten kolektiboak kriminalizatzea da bilatzen den helburua.
Altsasuko herria ematen ari den erantzun zabal eta anitza eredugarria izaten ari da. Herriak bizi duen egoera larriaren aurrean (gazteen espetxeratzea, neurriz kanpoko akusazioak, herriaren kontrako manipulazioa, etab) herritarrek modu baketsu eta oso masiboan erantzun dute eta hori azpimarratu beharrekoa da.
MOZIOA
1 - Amasa Villabonako udalbatzak bere elkartasun eta babes osoa adierazten die auzi honetan "terrorismo" delituagatik inputatuak izan diren pertsonei eta baita beren familia eta lagunei ere.
2 - Amasa Villabonako udalbatza, gertakari honi dagokion delituaren kalifikazioa "terrorismoa" izatearen kontra agertzen da eta Auzitegi Nazionaletik hartu diren kautelazko neurriak eta atxiloketak gaitzesten ditu.
3 - Amasa Villabonako udalbatzak momentu honetan kartzelan eta dispertsatuta aurkitzen diren zazpi pertsonen berehalako askatasuna eskatzen du.
4 - Udalbatzak gehiengo osoz mozio hau babesten badu, Amasa Villabonako udalak, mozio honen edukia bidaliko dio Altsasuko udalari eta Auzitegi Nazionalari. Bestalde, mozio hau publiko egingo du eskualdeko zein Gipuzkoako komunikabideetan.
Amasa Villabonan, 2016ko azaroaren 24an"
Atzo arratsaldean Gurea zineko erakusketa aretoan egin zen EH Bilduk deitutako batzar irekian, EAJ-PNVrekin negoziazio mahaian lortutako aurre-akordioa behin betirako onartzea erabaki zen. Batzarra oso parte hartzailea izan zen eta azken erabakia bozka bidez onartu zen: %92ak akordioaren alde egin zuen, %4k kontra eta beste %4k abstentziora jo zuen.
Pasa den urriaren 21ean Villabonako udalean egindako Osoko Bilkuran erabaki esanguratsuak hartu ziren eta horien artean, Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) martxan jartzeko lehen neurriak onartu izana azpimarratu nahi dugu. Bilkura honetan aipatutako zerbitzua ezartzeko udaletxeko eraikinean egin beharreko obrak egin ahal izateko kreditu aldaketa bat onartu zen eta baita zerbitzua arautuko duen ordenantza ere, gainera ordenantza hau herritarrek kontsultatzeko moduan jarriko da udaletxeko webgunean datozen 15 egunetan.
EH Bilduko zinegotzi den Xabat Labordek azaldu zuen gai honen inguruan Amasa Villabonako EH Bilduk duen jarrera: "pasa den urteko aurrekontuetan ez genion babesik eman zerbitzu honetarako diru-partidari, herrian premia handiagoa zuten beste lehentasun batzuk ikusten genituelako, besteak beste, Larrea auzoko parkea estaltzeko herritarrek aukeratu zuten obra egitea. Bestalde, gai honetan EAJren aldetik eman diren urrats batzuekin ez gaude ados; Prozesua gidatzen ari den enpresa aukeratzeko modua ez dugu konpartitzen, "a dedo" aukeratu baitzen enpresa eta ez lehiaketa publiko bidez".
Hala ere, EH Bilduk herritarren arreta zerbitzuari bere babesa ematea erabaki du, eta horretarako arrazoiak azaldu zituen Laborde zinegotziak: "EH Bilduko udal taldea ez da inoiz HAZaren kontra agertu, eta zerbitzu berri honek ekarriko dituen aldaketak aztertu hondoren konklusio honetara iritsi gara: HAZ-ak (behar bezala funtzionatzen badu behintzat) herritarrek udalaren aldetik jasoko duten arreta nabarmen hobetuko du, arreta azkarragoa, integrala eta kalitatezkoa izango da eta burokraziarekin, alferrikako "papeleoekin" eta herritarrek bere gestioak egiteko udaletxean gora eta behera ibiltzearekin bukatuko du. Hori oso positiboki baloratzen dugu eta beraz, zerbitzu berri honen inplantazioa babestea erabaki dugu. Hala ere, Labordek "informazio trukaketan sakontzea" eskatu zion udal gobernuari, izan ere EH Bilduk behin baino gehiagotan salatu du proiektu honi buruzko informazio falta.
Herritarren Harreta Zerbitzu baten irudia. Kasu honetan Laudioko udalean.
Zerbitzu hau martxan jartzeko, udaletxeko eraikinean obrak egitea ezinbestekoa izango da eta horretarako 150.000 euroko diru partida bat bideratzea onartu zuen udalbatzak aho batez. Obra horiek udaletxeko beheko solairuan egingo dira, zehazki udaltzaingoak eta kale-hezitzaileek erabiltzen dituzten lokaletan. Izan ere, arreta zerbitzua udaleko behe solairuan egongo da kokatuta.
ALDAKETAK UDALEKO BATZORDEETAN:
Aipatutako Osoko Bilkuran beste gai garrantzitsu bat ere eztabaidatu zen, EAJ-PNVk udalean egiten diren batzorde informatiboetan aldaketa pare bat egitea proposatu zuen:
1. "Pertsonala eta Barne araudia" batzordearen sorrera: Orain arte gai hauek Ogasun batzordean lantzen ziren eta hemendik aurrera batzorde propioa izango dute. EH Bilduk batzorde berri hau sortzea begi onez ikusi zuen, izan ere udaleko langileen ordezkariak bertan parte hartuko dute eta udaletxeko barne funtzionamendua jorratzeko batzorde aproposa izan daitekeela adierazi zuen.
2. Ingurumen batzordea desagertarazi eta Hirigintza batzordean txertatzea: EH Bilduk ez zuen proposamen hau babestu eta Xabat Labordek eman zituen horretarako arrazoiak: "Guk garrantzi berezia ematen diogu ingurumenari, uste dugu bizi dugun krisi ekologiko eta klimatiko larriaren aurrean, udalak ere ahalegin berezia egin behar duela ingurumena babesteko eta herri jasangarria izatea lortzeko. Beraz, EH Bildutik Ingurumenak batzorde propioa izaten jarraitu behar lukeela pentsatzen dugu". Bestalde, ingurumenari dagokionez EAJko udal gobernuak izandako jokabidea gogor kritikatu zuen Labordek: "Ingurumen batzordea paralizatuta eduki duzue (EAJko zinegotziei zuzenduz) ez da ia batzorderik ere egin, azkena urtarrilean egin zen, eta ofizialki ere eskatu izan dugu batzordea biltzea baina zuek ez duzue kasurik ere egin. Ingurumen alorrean hainbat gai daude mahai gainean, besteak bete, BTT mendi-bizikleta zirkuitoen proiektua, Amasamendiko kudeaketa plan integrala egin eta onartzea eta herri baratzen egitasmoa. Aipatzekoa da guztiak aurreko legealdian martxan jarri eta guztiz bideratuak utzi zirela. Ba EAJk denak geldiarazi ditu, baratzen kasuan zozketa bat egin eta baratzak funtzionamenduan jartzea soilik falta zen eta hilabete batean egin zitekeen lan horretarako, urte eta erdi behar izan duzue. Horrek oso argi erakusten du Ingurumenak zein gutxi ajola dion Villabonako EAJri".
EAJk egindako bi proposamen hauetatik bakarra onartzen zuenez, Osoko Bilkurako puntu horretan abstentziora jotzea erabaki zuen EH Bilduk.
Pasa den asteartean Diario Vasco egunkarian argitaratutako albistean, EAJ eta PSEren aldeko botoekin onartu berri diren aurrekontuen apologia egin nahi izan zuen EAJk, ulertzekoa da talde politiko batek bere proiektuak jendarteratu eta saldu nahi izana, baina horretarako denak ez du balio.
Gaur Tolosaldeko Atariaren webgunean albiste hau irakurri zitekeen: Hemen da bosgarren edukiontzia eta EH Bilduko udal taldea osatzen duten hautetsiak zur eta lur geratu dira. Hau izan da gai honen inguruan azken hilabeteetan jaso duten albiste bakarra, komunikabideen bidez. Beste behin, EAJren lan egiteko modua salatu beharrean gaude, udal gobernu eta alkatetza honek, sekretismoz eta ezkutuan egin du lan, oposizioari ezertxo ere jakinazi gabe eta batzorderik ere egiten ez denez, inolako azalpen politikorik eman gabe. Egoera honen aurrean, EH Bilduko udal taldeak gai hau lantzeko presazko Ingurumen Batzorde bat egitea eskatu dio EAJko Maite Izagirre alkateari. Izan ere, hondakinen bilketa sistema aldatzeko EAJ, PSE eta EH Bilduren arteko akordioa sinatu zenean, akordio honen garapenari jarraipena egiteko eta aldaketaren inplantazioan eman beharreko urratsak adosteko foroa, Ingurumen Batzordea izango zela onartu zen. Hilabeteak dira Ingurumen batzordea biltzen ez dela.
Amasa Villabonako EH Bildutik, udal gobernuak eskaera honi modu positiboan erantzutea espero dugu eta Ingurumen Batzordean gai honi buruzko xehetasunak modu eraikitzailean landu, adostasunak lortu eta elkarlanean aritzeko borondate guztia dugula adierazi nahi dugu. Era berean, oso argi dugu Amasa Villabonan orain arte lortutako birziklatze tasak mantendu edo igotzea izan behar dugula helburutzat, eta udalean sinatutako akordioan jasotzen den bezala, ez dugu inolaz ere birziklatze tasa %70etik behera jaistea onartuko.
Hemen duzue gaur udalean EH Bilduk ofizialki erregistratu duen eskaera orria. Eskaera mezu hau zuzenean Maite Izagirre alkateari eta bere idazkari pertsonalari bidali zaie e-posta bidez.
Duela hilabete batzuk udalak OSATUZ izeneko berde koloreko panfleto bat banatu zuen etxe guztietara. Teorian udalak abiatutako "parte hartze proiektu" bat litzateke, baina ez dirudi hori horrela izango denik.
Panfleto edo eskuorri horrek "Bizikidetza" izeneko atal bat zuen eta hor ikusi genuen zein zen PNVren benetako helburua, herritarrei hitza eman eta parte hartzea bultzatzea? ez!, Amasa Villabonan mozal ordenantza (ordenantza mordaza) bat martxan jartzea.
Badakigu kalean presente egotea, aldarrikapen politiko eta sozialak egitea edota kartelak jartzea ez dela PNVren estiloa (beraiek tresna oso eraginkorrak dituzte propaganda egiteko, EiTB, DV, Onda Vasca...) eta agian horregatik obsesio izugarria izan dute betidanik herriko kaleetan jartzen diren kartelekin. Aipatutako panfletoan "publizitatea" hitza erabiltzen dute baina oso ongi dakigu zein den beraien helburua, herri honetako sektore politiko garrantzitsu bat eta guztiz zilegiak diren hainbat aldarrikapen ikusezin egin, eta isilaraztea. Espainian PPk egiten duen bezalaxe, PNVk ere disidentzia edota politikoki aurre egiten dioten sektoreak zentsuratu edo isilarazteko neurriak hartzen ditu. PPren mozal legea hemen ere lotsagabe aplikatzen ari dira Ertzaintzaren bidez eta gobernatzen duen herrietan mozal ordenantzak egiten ari dira kaleak "txukuntzeko" aitzakiarekin. Gogoan dugu oso ezaguna egin den Zumaiako udalean PNVk onartutako ordenantza, inkisizioan bageunde bezala, zentsura arautzen duena.
Ordenantza proposamena onartezina da, errepresioa eta zentsura ditu oinarri:
PNVko udal gobernuak 3 orriko ordenantza proposamen bat jarri du mahai gainean eta bertan debekuak eta zigorrak dira nagusi. Hauek dira besteak beste, ordenantza horrek jasotzen dituen neurriak:
- 9. artikulua:
"Debekatuta dago ezein iragarki jartzea eraikin publiko eta pribatuetako fatxadatan, arkupeetan, markesinetan, hiri-altzarietan, zuhaitzetan, murruetan, tuneletan, zubietan, farolatan, barandatan, hesietan eta oro har hartarako ezarritako lekuetatik kanpo.
Era berean galarazita dago aipatu lekuetan edozein eransgailu, kartel, paskin, pankarta, bandera edo banderatxoak (politikoak edo bestelakoak) jartzea, udalak horretarako baimena ematen ez badio.
Artikulu hau hausteak (alegia, Amasa Villabonako kaleetan kartel, pegata, pankarta, bandera edo antzeko zerbait jartzeak) 100 eta 200 euro arteko isuna izango luke.
PNVk Zumaian inposatu duen ordenantza salatzen duen pankarta
Hau edo antzeko zerbait egiteko alderdi politikoekin lan talde bat osatuko duela iragarri zuen PNVk. EH Bildutik argi adierazi nahi dugu, adierazpen askatasuna mugatzeko eta herri honetako sektore jakin batzuk isilarazteko intentzio garbia duen horrelako ordenantza bat inposatzeko, ez dezatela gurekin kontatu.
Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, aste honetan Villabonako udalean izan den osoko bilkuraren kronika bat osatzea erabaki dugu. Bilkura honetan hainbat gai jorratu baziren ere, herritarrei interesatzen zaiela jakitun garenez, alkateak bere buruari ezarritako soldataren gaia azpimarratuko dugu.
Oraingoan bai, EAJko zinegotzi guztiak osoko bilkurara etorri zirenez, Maite Izagirre alkate berriak bere buruarentzat ezarri nahi zuen 52.000 euroko soldata onartzea lortu du. Gai hau osoko bilkurako 3. puntuan jorratu zen eta kontu honek herritarren artean kezka edo ezinegona sortu duela frogatu zen, hainbat herritar pleno aretora gerturatu baitziren bereziki puntu honetan zer gertatuko zen zuzenean ikustera.
Lehenik, PSOEko Maria Luisa Arija andreak hartu zuen hitza eta soldata hori justua iruditzen zaiola eta alkatearen soldata zenbatekoa izango den EAJk erabaki behar duela defendatu zuen. Hala ere, denen harridurarako, bere bozka aldatu eta oraingoan abstenitu egingo zela azaldu zuen, Hauek izan ziren Arijaren hitzak: "Me voy a abstener, no por nada, estando de acuerdo con el sueldo, si no por que la actitud vuestra (EAJko kideei zuzenduaz) cuando hay una presión fuerte como pasó con las subvenciones, derrepente se cede... yo ya me quedo en la abstención".
EH Bildu koalizioko Nora Urbizuk eman zion jarraipena eztabaidari, bere hitzetan, errespetu falta izugarria izan zen udal gobernuak osoko bilkurara ekarritako gai bat mahai gainean uztea. Aurreko plenoan, EAJko hainbat zinegotziren ezinetorria zela eta, ezin izango baitzuten puntu hau onartutzat eman. Urbizuk, bilkura honetarako soldataren kopurua txikiagoa ekarriko zutenaren "itxaropen" apur bat bazutela aipatu zuen. Baina, hori horrela ez zela ikusirik, gobernu honen estrategia lehenik poltsikoa izaten jarraitzen duela azpimarratu zuen. Urbizuk, puntualizazio bat egin nahi izan zuen gai honek herrian sortu duen ezinegonaren harira. Bere hitzetan herrian giro txarra ez du sortu egi bat publiko egin edo salatzeak. Giro txar hori sortu duena egia hori atrebentzia horrekin hartzea izan da.
Soldata honen gehiegizkotasuna azpimarratu zuen EH Bilduko bozeramaleak. Urteak 52 aste dituela jakinda, asteko 1000€ko soldata proposatzen zutela aipatu zion Urbizuk Izagirre alkateari. Horrelako erabaki bat hartu aurretik, herriaren egoera sozio-ekonomikoa errepasatzea gomendatu zion herritarren zati handi batek, lan handiak baititu 1000 euro irabazteko gaur egun. "Errealitateak beste zenbaki batzuk aipatzen dizkigu gure herrian, esaterako Gizarte Larrialdi Laguntzetarako udalak jartzen duen diru kopurua ez dela nahikoa izango, ekainerako %65a bideratu den garaiean, ura eta zaborren tasak ordaintzeko ematen den laguntza eskaera sekula baino herritar gehiagok egin duela. Datu kezkagarriak dira inondik inora". Bere hitzartzea amaitzeko, Urbizuk soldata igoera honek, ideal horietatik gure gizartea gehiago urruntzen duela aipatu zuen, ezberdintasun sozial-ekonomikoak are eta gehiago nabarmenduz, eta modu publikoan gainera, herritarrongandik gertuen dagoen administrazio publikoan. EH Bilduk soldata duina eskubide gisa ulertzen duela azpimarratu zeun, ez besteen bizkar lortutakoa.
EH Bildutik egindako kritikei Ibon Ariznabarreta EAJko zinegotziak erantzun zien, Maite Izagirre alkateari zuzendutako aipamen ugari egin baziren ere, alkateak ez zuen hitzik ere esan eta isil-isilik egotea erabaki zuen, bere soldataren defentsa Ariznabarreta jaunaren eskuetan utziz.
Ibon Ariznabarreta EAJ-PNVko zinegotzia
Zinegotzi jeltzaleak alkateak dituen ardura handiak azpimarratu zituen eta horregatik alkateak udalean gehien kobratzen duen langilearen pare kobratzeko eskubide osoa duela aldarrikatu zuen. Bestalde, alkateak udaletik kanpo zuen lanean kobratzen zuenak, alkate bezala kobratu beharrekoarekin zer ikusirik ez duela izan behar aipatu zuen. Ondoren, EH Bilduren jarrera kritikatu zuen, koalizio abertzaleko kideak "demagogia" egiten ari direla salatuz eta Zizurkil eta Usurbilgo EH Bilduko alkateen soldatak aipatu zituen, gaia desbideratzeko eta hika-mika pizteko asmo garbiarekin. EAJ-PNVk arduradun politikoek kalitatezko soldatak izan behar dituztela defendatzen duela azpimarratu zuen, alderdi jeltzaleak inoiz ez duela beste alkateen soldata kritikatu eta gainera zenbat kobratzen duten berdin berdin zaiela edo ez zaiela axola ere esan zuen.
Jarraian, Xabat Laborde EH Bilduko zinegotziak hartu zuen hitza eta EAJk aurreko astean publiko egin eta herriko etxe guztietara banatutako gutunari buruzko irakurketa politikoa egin nahi izan zuen. Gutun hori "penagarria" eta "iruzurtia" zela salatu zuen Labordek eta hori baieztatzeko hainbat arrazoi aurkeztu zituen. Testuaren hasieran, Gasteizko legebiltzarrean EAJ eta EH Bilduren babesarekin onartutako udal legea aipatzearekin, herritarrak nahasteko borondate garbia zutela leporatu zien EAJko zinegotziei. Izan ere, ez da lege hori alkatearen 52.000 euroko soldata baimentzen duena, 2015eko irailean EAJ-PNVk PSOE eta PPren babesarekin Gipuzkoako Diputazioan onartutako Foru Dekretua baizik. Labordek Foru Dekretu hori espreski EAJko alkateek beren buruari soldata igotzeko egin zela salatu zuen eta Xabier Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak dekretu horren eztabaidan botatako hitzak gogora ekarri zituen: "Krisi ekonomikoa bizi dugun garai honetan, EAJko politikariek beren buruari soldatak igotzeko legeak egiten aritzea, diruzale hutsa izatea da, diru-gosea izatea".
EH Bilduko zinegotziak galdera zuzena bota zien EAJko udal taldeko kideei: "alkateak ardura edo respontsabilitate handia duela aipatzen duzue behin eta berriz, baina hori badakigu, ez da ezer berria, orain arte alkate postua bete dutenek ere ardura berdinak izan dituzte, orain Maitek ardura handiagoak al ditu lehen Iban Agirrek zituenak baino? Jeltzaleek ez zuten erantzun nahi izan. Bestalde, "gure herriko jendea inozoa edo tontoa balitz bezala tratatzea" leporatu zion Labordek EAJri, gutunean soldata gordina (bruto) eta garbia (neto) berdinak ez direla azpimarratzen zela argudiatuta, "herritarrak badakite hori bereizten, horrelako azalpenek ez dute zentzurik".
Ondoren, jeltzaleek EH Bilduri egindako kritikei erantzun zien Labordek: "gu talde klasista bat garela esatera ere ausartu zarete, kasta sistema etab... PNVkoek guri hori loporatzea txiste bat dela dirudi, baina ez, zuek gainera lotsarik gabe publikoki zabaldu eta buzoneatu ere egin duzue". Hau esan ondoren herri honetan norbait klasista bada, hori EAJ-PNV alderdia dela esan zuen EH Bilduko ordezkariak: "EAJ da Gipuzkoako aberatsei, diru gehien dutenei zergak kentzen dizkiena, RGIa kobratzeko baldintzak gogortu dituena, gure gizarteko behartsuenei Gizarte Larrialdi Laguntzak kendu nahi dizkiena, gure herriari ezertxo ere ekarriko ez dion AHTan milaka miloi euro xahutzen dituena krisi garaian, beti Adegi eta Confevasc-ekin eskutik emanda doana langileen ordezkariak diren gehiengo sindikalarekin beti gatazkan eta bronkan dabilen bitartean, bi etxebizitza edo gehiago dituztenei zergak jeisten diena... hori da PNVk egiten duena, kase altuenen defentsan beti, aberatsenen, enpresari handien eta burgesiaren interesak defendatuz!".
Eztabaida amaitu ondoren, bozketa egiteko garaia iritsi zen eta alkatearen soldata berriak EAJ-PNV alderdiko 6 zinegotzien aldeko bozkak jaso zituen, PSOEko ordezkaria abstenitu egin zen eta EH Bilduko 6 zinegotziek kontra bozkatu zuten. Beraz, berdinketa egon zen bozketan. Berdinketa ematen denean, alkateak "kalitatezko bozka" emateko aukera izaten du eta kasu honetan bozka hori baliatu zuen Maite Izagirrek bere buruari ezarriko dion soldata onartzeko. Modu horretan "kalitatezko bozkarekin, kalitatezko soldata" ezarri du alkateak.
Astelehen arratsaldeko osoko bilkuran 2016ko udal aurrekontuen gaia jorratu zen eta EH bilduk aurkeztutako hamaika zuzenketak banan-banan eztabaidatu eta bozkatu ziren. Udal gobernuak ez zuen zuzenketa bat bera ere onartu eta EAJk proposatutako aurrekontuak bere horretan onartu ziren EAJ eta PSEren aldeko botoekin. EH Bilduko ordezkariok aurkako botoa eman genuen.
Villabonako Udalean EAJko Udal Gobernuak paralisi egoera batean, geldirik, blokeatuta eta inolako ekinbide politikorik gabe jarraitzen duen bitartean, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeak lanean jarraitzen du. Aste honetan ere (alkatearen dimisioaren ondorengo astea izanik, udalean giro nahasia dagoen honetan) bi proposamen osatu eta udalean erregistratu ditu EH Bilduk.
Hau da Udalean erregistratu diren proposamenen dokumentuek diotena:
1. Udaleko Osoko Bilkurak grabatzeko eta bertan esandako guztiak aktan objetiboki jasotzeko proposamena:
Villabonako udaleko apirileko Osoko Bilkurako irudia
Amasa Villabonako EH BILDU koalizioko udal-taldearen proposamena Villabonako Udaleko Gobernuari:
Villabonako udaleko Osoko Bilkuren ondoren jasotzen ditugun Akta dokumentuetan, ez dira bilkuran egindako adierazpen guztiak jasotzen. Aktetan orokorrean osoko bilkuran esandakoak biltzen badira ere, uste dugu aktak bilkuran egindako adierazpen guzti guztiak bildu beharko lituzkeela modu zehatz batean. Horretarako neurri zehatzak hartzea proposatuko dugu.
Osoko bilkurak erabat publikoak direla kontuan izanik, bertan esandakoak Akta ofizialean modu zehatz eta objektibo batean biltzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu eta udalak gaur egun horretarako erabiltzen dituen bitartekoak ez dira nahikoak zeregin hau behar bezala egiten dela ziurtatzeko.
Bestalde, udalak duen erabaki organo gorena den osoko bilkura, gizarteratu, herritarrengana gerturatu eta gardentasunean aurrera urrats bat emateko, modu egokia izan daiteke Bilkura hauek grabatzea eta publiko egitea.
Hau kontuan izanda, Amasa Villabonako EH Bildu koalizioko udal-taldetik honako eskaera hauek egiten ditugu:
1. Villabonako udalak, Osoko Bilkuretan esandakoak bilduko dituen audioa grabatzeko beharrezko bitartekoak (tekniko eta humanoak) jar ditzala.
2. Audio edo grabazio horiek publiko egitea.
3. Idatzizko akta osatzean transkripzio literalen bidez egitea, bilkuran esandakoak modu objektibo batean jasoz.
4. Osoko Bilkurak bideoz grabatzeko eta ondoren bideo horiek argitaratzeko dauden aukerak aztertzea.
2. Gaixotasun arraroen ikerketa sustatzeko, Villabonako udalak ere tapoiak biltzeko ekimena martxan jartzeko proposamena:
"Elkartasuna eta itxaropena" elkarteko kideak tapoiak biltzeko edukiontzia aurkeztu zuteneko irudia
Amasa Villabonako EH BILDU koalizioko udal-taldearen proposamena Villabonako Udaleko Gobernuari:
Gaixotasun arraroen ikerketa sustatzeko, "Elkartasuna eta Itxaropena" elkartearen bidez Gipuzkoako hainbat herritan egiten den moduan, Amasa Villabonan ere akordioa sinatzea eta tapoiak biltzeko ekimena martxan jartzea proposatzen dugu.
Gure ustez, tapoi bilketa guneak herriko supermerkatu handietan, eta udal eraikinetan egin daiteke inolako arazorik gabe.
Aipatutako elkartearekin harremanetan jartzeko posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia helaraziko dizkizuegu.
Villabonako udal gobernuaren 2016rako aurrekontu proiektua aztertu ondoren, EH Bildu koalizioak hainbat zuzenketa proposamen biltzen dituen dokumentu bat osatu eta udalean sarrera eman dio. Hemen duzue dokumentu osoa irakurgai: