- 07 Martxoa 2020
Pasa den otsailaren 25an izandako Amasa-Villabonako udalbatzan EH Bilduk aurkeztutako adierazpena onartu zen aldeko 7 boto (EH Bildu) eta 6 abstentziorekin (PNV-PSOE), ondorioz udalak bat egingo du martxoaren 8aren testuinguruan Aiztondoko Mugimendu Feministak eta Amasa-Villabonako Lurgatz Talde Feministak antolatutako aldarrikapen deialdiekin. Honekin lotuta, herritarrei deialdi hauen berri emateko Bando bat kaleratzea erabaki du udal gobernu taldeak.
EH Bilduren ustez, garrantzitsua da erakunde publikoak herri mugimenduarekin elkarlanean aritzea eta protagonismoa jendeari (kasu honetan herriko emakumeei eta talde feministei) uztea. Gainera, adierazpen honen bidez, udalak garatu beharreko politika feministaren baitan esanguratsuak izango diren aurrera urratsak emateko konpromisoak hartu ditu udalak. EH Bilduren ustez, konpromiso zehatz eta sendoak hartzeko garaia da, hitz onez betetako adierazpen politak egiteak ez baitu ezertarako balio, ondoren berdintasun erreala lortzeko ezertxo ere egiten ez bada. Zentzu honetan, PNV-PSOE tandemaren jarrera salagarria iruditzen zaigu, adierazpen ponposoak egitetik ez direlako pasatzen eta udalak politika feminista aktbo eta eraginkorra martxan jartzeko urratsak ematen dituen bitartean, beraiek beste alde batera begiratzen baitute. Zergatik ez zuten EH Bilduren adierazpena babestu? zerekin ez daude ados? azalpen bat eman beharko lukete, baina ziurrenik, beraien estiloari segiz, ez dute txintik ere esango.
Hau da EH Bilduk aurkeztu eta udalbatzan onartutako ADIERAZPENA:
2020ko MARTXOAREN 8a
Urtetan mobilizazio ugariak egin eta bi greba feminista izan ondoren, kaleetako aldarria argia da, erabatekoa: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea. Beharrezkoa da eraldaketa erradikalak gauzatzea, erreprodukzio sozial jasangarria politika horien erdigunean jartzeko kapital-metaketa alde batera utzita, azken horrek gehiengo sozialen bizi-baldintzak prekarizatzen dituelako eta natura merkantilizatu eta esplotatzen duelako, etorkizuneko belaunaldien biziraupena arriskuan jartzeraino.
Beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politiko bat izatea. Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori gure gain hartzea, eta, gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak (guzti-guztiak, salbuespenik gabe) hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egin dezagun. Ez digute eskatzen argazki gehiago egitea eta asmo-adierazpen soilak adostea, ezta desparekotasunen sustraiei heltzen ez dieten makillaje-politikak planteatzea ere: aitzitik, eskatzen digute guztionak diren baliabideak erabil ditzagun emakumeen eta gizonen artean dauden sakoneko desparekotasunei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe, lan-errealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren orientazioaren, administrazio-egoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariei erantzunez.
Premiazko egoera horren aurrean, erabateko konpromiso bat hartu behar dugu gure udalerrietako pertsonekin, berdintasunaren eta justiziaren alde. Eta konpromiso hori har dezakegu, bakar-bakarrik, zeharo demokratikoak diren prozesuak planteatzen baditugu, non instituzioetatik “obeditzen gobernatuko dugun”, emakume zapatisten hitzak erabiliz. Eta bakar-bakarrik lortuko ditugu gure bizitzekin zerikusia duten erabaki guztiak bizi garen tokian hartzen baditugu, gure lurraldeetan, gure herrialdean; hau da, subirano izan bagaitezke eta gure erabakitzeko eskubidea baliatzeko moduan bagaude.
Euskal herritar guztien erabakiak errespetatuko dituen esparru politiko eta instituzional bat eskatzeko eta eraikitzeko lanean jarraitzen dugun bitartean, subiranotasun feminista noranzko ugariko bide baten antzera agertzen da, emakume guztien askatasunak berreskuratzeko eta eskubideak zabaltzeko prozesu baten antzera, non egunero-egunero definituko eta gauzatuko dugun gure burua gobernatzeko zer egin nahi dugun eta gure herrialdearentzat zer bizi-baldintza nahi ditugun, guztiontzat, salbuespenik gabe, eta belaunaldi gazteenen etorkizuna hipotekatu gabe.
Beharrezkoa da maila instituzional guztietatik lan egitea, koordinatuta eta ikuspegi subiranista zabal batekin, eta lehentasunak identifikatuz politika feministetan aurrerapauso sendoak egiteko, eremu guztietan eskubide eta askatasunak zabaltzearren.
Instituzioetan ere feminismoa egunero defendatzen eta eraikitzen delako, gaurko egunak balio behar du, halaber, Udal honek politika feministen alde hartu duen konpromisoa berresteko, emakumeen erabakitzeko eskubidea abiapuntua, euren bizitzak zeharka hobetzera zuzentzen diren arlo guztietako politika feministekin, azpimarra berezia jarriz egoera zaurgarriago batean dauden emakume-kolektiboengan.
Horregatik guztiagatik, Amasa-Villabonako udalak honako konpromisoak hartzen ditu:
1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorraren bidean aurreratzeko neurri sorta bat garatzea udalerrian, beharrezkoak izango diren baliabide guztiak bermatuz:
◦ Udal aurrekontuen azterketa egitea, genero ikuspegitik, Udalak hartu dituen konpromisoen bideragarritasuna bermatuz.
◦ Udal kontratazio publikoan klausula sozial eta genero klausulak txertatzeko plan progresibo bat diseinatzea eta abiatzea.
◦ Udalerriko emakumeek egindako ekarpena balorean jartzeko memoria historikoa lantzea.
◦ Genero ikuspegi batetik udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea eta errealitate hori hobetzeko neurriak martxan jartzea, besteak beste, ondokoak jasoz:
▪ Etxez Etxeko Laguntza zerbitzua ematen den balditzak eta lan baldintzak duintzeko zuzenduriko neurriak proposatzea eta abiatzea.
▪ Familian egiten diren zaintzen analisia (ume eta mendekotasuna duten pertsonena), gabeziak, bete gabeko beharrak eta hobetu beharrekoak identifikatuz eta aurre egiteko neurriak abiatuz, kasu:
• Zaintzen beharrei erantzuteko udal espazioak egokitzea.
• Zaintzarako pertsonen kontratazioaren gainean laguntza ematea.
• Zaintza behar edo eskaintzen dituzten pertsonen arteko harremanak erraztea.
• Nagusiki emakumeek egindako zaintza lanei balorea emateko sentsibilizazio jarduerak bultzatzea, baita gizonek erantzunkidetasunaren gainean kontzientzia hartzeko jarduerak ere.
• Zaintza rolen gaineko emakumeentzako ahalduntze jarduerak abiatzea.
• Gazteei zuzendutako rol berdinzaleen gaineko hezkuntza jarduerak bultzatzea, ahalduntze ikuspegi batetik.
2. Amasa-Villabonako kolektibo feministak edota emakume taldeak konpromiso hauen garapenean udalarekin elkarlanean parte hartzeko bideak irekiko dira, jarduera guztien diseinutik ebaluazioraino parte hartu ahal izateko, euren iritzia kontuan hartuz.
3. Amasa-Villabonako udalak, Aiztondoko mugimendu feministak datorren martxoaren 8aren bueltan antolatuko dituen ekimenekin bat egingo du publikoki eta herritarrei parte hartzeko deia luzatuko die.