Pasa den ostiralean udal bulegoetan ofizialki aurkeztutako idatzi baten bidez, Amasa Villabonako EH Bilduk udalean eratuta dagoen Herritarren parte hartzea izeneko batzordearen ez-ohiko eta presazko bilkura bat egitea proposatu du.

Izan ere, urriaren 25ean herritar talde batek 512 sinadura aurkeztu zituen udalean eta sinatzaileek Errebote plazaren eraberritzearen proiektua definitzeko "prozesu publiko, ireki eta garden bat egitea" eskatzen dute. Pozgarria da horrenbeste herritarrek beren kezka adierazi izana eta Errebote plazaren aferan herritarren parte hartzea aldarrikatzea, horretarako onartu zen 2014an Herritarren parte hartzearen Araudia (udaleko alderdi politiko guztien babesarekin).

Eskaera parte hartze batzordeaEH Bilduko udal taldeak udal bulegoetan ofizialki aurkeztutako dokumentua.

Gure ustez, aurkeztu diren ehunka sinaduren aurrean, udalak ezin du beste alde batera begira geratu eta are gutxiago ezertxo ere gertatuko ez balitz bezala Errebote plazako obraren esleipenarekin aurrera jarraitu. Herritar askoren parte hartze eskaera bati erantzunik ez ematea onartezina litzateke eta ezikusiarena egiteak udal gobernuaren jarrera autoritario eta inposatzailea agerian utziko luke.

Aipatu behar dugu, sinadura bilketa martxan zegoen egunetan eta sinadurak aurkeztu ondoren ere, udal gobernuak Errebote plaza eraberritzeko proiektuaren esleipenaren baitan pausuak ematen jarraitu duela. Urriaren 19an sinatutako bi Alkatetza Dekreturen bidez, Maite Izagirre alkateak Errebote plaza eraberritzeko obren zuzendaritza (7.865 euro) eta osasun eta segurtasun koordinazioa (1.427 euro) esleitu zizkien bi enpresa pribaturi. Bestalde, sinadurak aurkeztu eta hurrengo egunean, proiektu honen esleipena egiteko Kontratazio Mahaiaren bilkura deitu zen alkatearen aginduz.

Hau ulertezina iruditzen zaigu eta herritarrekiko errespetu falta isladatzen du. Alkatetza honek erakusten duen egoskorkeria eta kosta hala kosta berea egiteko duen borondate itsua ere salagarria iruditzen zaigu.

Azkenik, agerian utzi nahi dugu gaur gaurkoz (urriak 29) gure eskaerak ez duela udal gobernuaren inolako erantzunik jaso. Benetan uste dugu egoera honetan logikoena Herritarren parte hartzea batzordea biltzea eta sinadura bilketaren sustatzaileen eskaera eta arrazoiak ezagutzea dela, hori da behintzat udal normal eta arduratsu batek egingo lukeena.