PNVren udal gobernuak, EH Bilduk aurkeztutako 16 zuzenketeta proposamenetatik 8 onartu zituen eta horregatik abstentziora jotzea erabaki zuen EH Bilduk. Azkenean onartu diren aurrekontuak, hasiera batean PNVk aurkeztutakoak baina dezente hobeak direla baloratu du EH Bilduk, eta hori EH Bilduko udal taldeak oposizio lan arduratsua eta eraikitzailea egiteari esker izan dela ondorioztatu du. Udaletxeko osoko bilkuran aurrekontuei egindako zuzenketa bakoitza banan banan eztabaidatu eta bozkatu zen eta denetarik egon zen, akordio zabaletatik, desadostasun eta eztabaida luzeetara.

Lortutako akordioak, aurrekontuetan jasoko diren EH Bilduren proposamenak

- Euskara ikasteko laguntzak handitzea:

EH Bilduk proposatu zuen bezala, aurrekontuetan 3.000 euro gehiago ezarriko dira euskara ikasten ari diren pertsonei laguntzeko. Aldaketa honekin, Amasa Villabonan euskara ikastea doakoa izango da aurrerantzean.

- Desfibriladoreak erostea:

EH Bilduren proposamenari erantzunez, udal gobernuak aurrekontuan aldaketa egitea erabaki zuen eta guztira lau desfibriladore erostea adostu zen guztien artean. Modu horretan, desfibriladore bana izango da Arratzaingo eskoletan, futbol zelaian, Olaederra kiroldegian eta Udaltzaingoan eta eskoletako irakasleei eta futbol monitoreei erabilera kurtsoak emango zaizkie aurten.  

- Udal etxebizitzak berritzeko azterketa:

Udalak Oriamendin eta Kale Nagusian dituen bi etxebizitzak oso egoera kaskarrean aurkitzen dira eta hauek berritu ahal izateko azterketa bat egitea adostu zuten alderdi guztiek. EH Bilduk eta PSEk helburu horretarako zuzenketa bana aurkeztu zuten eta azkenik denen arteko adostasuna lortu zen.

- Aniztasunaren aldeko ekintzak:

EH Bilduren proposamena onartua izan zen eta Amasa Villabonan dugun aniztasun kultural, linguistiko eta erlijiosoa ezagutu, errespetatu eta balorean jartzeko ekimenak antolatuko dira 2018an. Horretarako 3.000 euro bideratuko ditu udalak.

- "Aljibe gauak" emanaldiak:

Hau ere EH Bilduren proposamena izan zen eta PNVko udal gobernuak onartu egin zuen. Beraz, aurten ostiral gauetako lau emanaldi antolatuko ditu udalak, horretarako prest agertzen diren herriko eragileekin elkarlanean. 

- Euskararen aldeko herri dinamikak laguntzea:

Honakoa ere EH Bilduk egindako zuzenketa proposamena izan zen eta udal gobernuak ontzat eman eta aurrekontuetan txertatu zuen, Amasa Villabonan euskararen erabilera sustatzeko sortu daitezkeen dinamikei diruz lagundu ahal izateko.  

- Prebentzio programak indartzea:

Gizarte zerbitzuetako prebentzio programak indartzeko diru gehiketa bat egiteko zuzenketa aurkeztu zuen EH Bilduk, eta udal gobernuak eta PSEk proposamena onartu zuten.

- Harituz bertso elkarteari diru laguntza osoa ematea:

Elkarte honek bertsolaritza eta bertsozaletasuna jorratzen ditu Tolosaldean eta aurten Amasa Villabonan lau bertso eskola talde sortu ditu. PNVk osatutako aurrekontuetan, elkarte honek proiektu baten bidez eskatutakoa baina 1.000 euro gutxiagoko laguntza zegoen eta hau zuzentzea eskatu zuen EH Bilduk. Azkenean, EH Bilduren eskaera onartua izan zen eta guztira 4.000 euroko diru laguntza izango du Harituz-ek.

 

Desadostasunak: Baztertuak izan ziren EH Bilduren zuzenketak

- Larreako parkea estaltzeko proiektua:

EH Bilduk proiektu honen aukeraketa nola egin zen azaldu zuen, 2014an egindako lehiaketa publikoa eta parte hartze eta erabakitze prozesua goraipatuz eta bestalde herriarentzat proiektu honek duen garrantzia azpimarratu zuen. Aurkeztutako zuzenketaren bidez, proiektu hau 2018an egin daitekeela frogatu du EH Bilduk, inbertsio honetarako beharrezkoa izango den ia diru guztia, hirigintza saileko inbertsio txikietatik irtengo litzatekeelarik. PNVk ordea, ez zuen proposamena babestu, eta "proiketu honi dagokionez, zalantzak" dituztela adierazi zuten. EH Bildutik, aitzakiak jartzea leporatu zitzaien eta galdera argia bota zioten udal gobernuari: "Zergatik ez duzue argi esan nahi, ez duzuela proiektu hau egiteko inolako asmorik?" PNVtik ez zitzaion galderari erantzun.

- Etxebizitza hutsen azterketa eta diagnostikoa:

EH Bilduk Amasa Villabonan hutsik dauden etxebizitzen azterketa bat egitea proposatu zuen baina honakoak ez zuen PNVren babesik izan. Beraz, aurten ez da etxebizitza hutsen inguruko ezertxo ere egingo.

- Merkataritza mahaiari lotutako diru-partida ezartzea:

Honako proposamena ere ez zuen onartu nahi izan PNVko udal gobernuak, eta Oria elkarteari diru laguntza ematen zaiola eta alkatea beraiekin behin baino gehiagotan bildu dela esatera mugatu ziren. EH Bilduk, merkataritza sektoreak Amasa Villabonan duen garrantziagatik, udalean merkataritza mahaia sortzea defendatu zuen, merkataritzari eragiten dioten gaiak jorratu eta erabakiak hartzeko gune aproposa izango litzatekeela argudiatuz. Mahai horretatik irten daitezkeen ekimenek finantziazioa izan behar luketela ere defendatu zuten EH Bilduko zinegotziek, baina PNV eta PSEk kontrako bozka eman zuten.

- Hezkuntza mahaiarentzako finantziazioa:

Fleming herri eskolako ordezkariek hala eskatuta, udalean "hezkuntza mahaia" sortzeko konpromisoa hartu zuen PNVk. Baina ez du euro bakar bat ere jarri nahi izan mahai horretatik irten daitezkeen ekimen edo iniziatibak finantzatzeko. Oraingoan ere EH Bilduren proposamenaren aurka bozkatu zuten jeltzaleek eta PSEk. 

- Seaska haur eskolan matrikulatzeko diru laguntzak:

EH Bilduk Seaska haur eskola publikoa bultzatzeko eta matrikulazio kopuruan jasan dezakeen beherakada saihesteko asmoz, diru laguntza sistema bat ezartzea proposatu zuen. Diru laguntza hauek dagoeneko martxan daude Zizurkil eta Adunan. Proposamen honi ere ezeko botoa eman zion PNVk, nahiz eta PNVk alde bozkatu zuen Zizurkilgo udalean. Ez da erraz ulertzekoa proposamen honen kontrako jarrera, eta jeltzaleek ez zuten azalpen zehatzik eman nahi izan, "gurasoek seme-alaben eskola aukeratzeko askatasuna izan behar dute" esatera mugatuz.

- Diru laguntzak Euskal Herriko eragileei:

EH Bilduk hiru zuzenketen bidez, Udalbiltza erakundeari, Gaindegia Euskal Herriko ekonomika eta gizarte garapenerako behategiari eta Euskal Memoria fundazioari, 1.500 euroko diru laguntza bana ematea proposatu zuen. Erakunde hauek egiten duten lana azaldu eta gure herriarentzat estrategikoak diren eragileak direla baloratu zuen EH Bilduk. Hala ere, oraingo honetan ere kontra bozkatu zuten PNV eta PSEk.