Amasa Villabonako EH Bildu udal-taldeak proposamen berri bat egin du udalean. Pasa den urtarrilaren 10ean ofizialki erregistratutako eskaera baten bidez, hileta edo omendaldi zibilak egitea arautuko duen ordenantza bat osatu eta onartzea eskatu dio EH Bilduk PNVren Udal Gobernuari. Ordenantza horren bidez, hileta zibilak egin ahal izateko, herriko espazio edo areto publikoak erabili ahal izatea lortuko litzateke, gure gizartean gero eta zabalduagoa dagoen eskakizun honi erantzun bat emanez.

Hau da Amasa Villabonako EH Bilduk egindako eskaera ofiziala: 

EH BILDU UDAL-TALDEAREN PROPOSAMENA
AMASA VILLABONAKO ALKATETZARI

Zioa:

Administrazio publikoen izaera ez-konfesional eta laikoa funtsezko elementua da eta ondorioz, erakundeek pertsonen eta elkarteen askatasun ideologiko eta erlijiosoa eta gurtzarako askatasuna bermatu behar dituzte.

Gure herriko pertsonen artean aniztasun ideologiko, kultural eta erlijiosoa da nagusi, gure jendartea gero eta aberatsagoa da ohituren eta ekintza sozialen adierazpenei dagokionez.

Hil ondorengo hileta eta omenaldi zibilak egiteko beharra, erlijiorik gabe bizitzeko aukera egin duten gizon emakumeek zeremonia duina eta pertsonala eduki ahal izateko beharretik sortu da, eta herritar horiek bizitza ulertzeko duten modua errespetatu beharrekoa da.

Erlijio ezberdinek hildako pertsonei azken agurra emateko liturgia-ekitaldi desberdinak dituzten moduan, Amasa Villabonako Udalak gizartean gero eta eskaera handiagoa duen behar bati erantzun behar dio, hileta edo omenaldi zibilak egin ahal izatea ahalbidetzeko araudi bat onartuz.

Honako hau, amasa billabonatar guztiek, hileta-ekitaldia beraiek erabakitako moduan egiteko duten askatasuna errespetatzeko ezinbesteko tresna izango da.

Proposamena / eskaera:

- Amasa Villabonan hileta edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza bat eztabaidatu eta onartzea, 2 hilabeteko epean.

Ordenantza honen xedea, hileta ekitaldi edo omenaldi zibilak egiteko udal lokalen edo herriko espazio publikoaren erabilera eta baimena arautzea izango da.



Amasa Villabonan, 2018ko urtarrilaren 10ean