Pasa den urtarrilaren 10ean Amasa Villabonako Udaleko PSEko zinegotzi bakarrak komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez, gobernu taldeari (PNV) eskatu zion aurrekontuetako zati bat gorde zezala Larreako haur parkea estaltzeko; haurrek euritik babestuta jolasteko aukera izan dezaten. PSE-EE-ko Maria Luisa Arijak azaldu zuenez, lan horiek egingo balira, herriko lehen parke estalia izango litzateke. Hark jakinarazi zuenez, guraso zein zaintzaileen eskaera da babesean jolasteko toki egokia izatea, eguraldi txarra egiten duenean blai egin gabe. “Haur-parkeak hobetzea da helburua, txikiek espazio horietaz urte osoan zehar gozatzeko aukera izan dezaten, eguraldi txarrak eta, bereziki, euriak aukera hori zapuztu gabe”.

2016an Larreako parkea estaltzearen kontra bozkatu zuen

2016ko urtarrilean egin zen Udaleko osoko bilkuran, aurrekontuen eztabaidan, EH Bilduk aurkeztutako 11 zuzenketak jorratu ziren banan banan. Zuzenketa horietako batean, Larreako parkeko proiektua 2016an egitea proposatzen zen, borondatea izanez gero, bazegoen nahikoa diru obra egiteko. Orduan ordea, erabakia bere eskuetan izan arren (PSEko zinegotziak alde bozkatuko balu, onartua izango zen) proposatutako zuzenketaren kontrako bozka ematea erabaki zuen, proiektuari ateak itxiz. Badirudi PSEko zinegotziak iritziz aldatu zuela 2018. urtea hastearekin batera.  

EH Bilduren erreakzioa

Hasiera batean harrigarria iruditu zitzaigun bapatean, PSEko zinegotziak Larreako parkea estaltzeko eskaera publikoki zabaltzea, baina aldi berean albiste ontzat hatu genuen. Izan ere, EH Bildutik urteak daramatzagu proiektu hau behingoz egin dadin eskatzen eta PNVko gobernuak behin eta berriro baztertu du eskaera. Gogoan izan behar dugu 2014an herriko parke bat estaltzeko behar historikoari (eta udalak egindako inkestetan jasotzen zen eskaera nagusiari) erantzuteko asmoz, EH Bilduren gobernuak martxan jarritako prozesu parte hartzailea. Arkitekto-talde ezberdinek herriko hiru parke estaltzeko proiektuak aurkeztu zituzten eta herritarrek zuzeneko bozka bidez erabaki ahal izan zuten proiektu irabazlea. Ehunka izan ziren parte hartu zuten amasa billabonatarrak. Bozken kontaketa eginda, Larreako parkea estaltzeko "Rayuela" proiektua izan zen irabazlea. Aipatzekoa da eskoletako haurrek ere parte hartu zutela prozesu zabal eta eredugarri horretan.

Rayuela proiektuaren xeetasunak hemen: http://villabona.gobernuirekia.eus/images/stories/VILLABONA/parkeestalia/1rayuela/RAYUELA-LARREA_A1.pdf eta hemen: http://villabona.gobernuirekia.eus/images/stories/VILLABONA/parkeestalia/1rayuela/RAYUELA-LARREA_A3.pdf

Akordioa lortzeko proposamena PSEri

Beraz, esan bezala, PSEko ordezkariak proiektu hau egiteko borondatea publikoki agertzea, albiste positibotzat hartu genuen eta guk eskua luzatu genion Arija andreari gure ustez ezinbestekoa den Larrea parkearen estaltzearen aldeko akordio bat lortzeko. Komunikabideetan esandakoa egia balitz, Arija andreak oso erraza izango luke aurrekontuetan proiektu hau egiteko diru partida bat lortzea, gu horretarako prest agertu ginen eta. Helburu horrekin, urtarrilaren 12an Arija andrearekin bildu ginen gai honetan akordio bat lortzeko asmoz. Gure proposamena oso argia izan zen: EH Bilduk eta PSEk proiektua babesten bagenuen, PNVk aurkeztutako aurrekontuei zuzenketa partekatu bat egitea, proiektua egiteko beharrezkoa litzatekeen dirua lortuz. Gogoan izan behar dugu EH BIlduk eta PSEk gehiengoa izango luketela Amasa Villabonako Udalbatzan eta ondorioz, zuzenketa hori arazorik gabe aurrera ateratzeko moduan aurkituko ginateke.

Arija andreak berriro ere iritziz aldatu zuen ordea

Gure sorpresarako, M.L. Arija PSEko zinegotziak ez zuen aipatutako proposamenaren gainean hitz egin nahi izan eta komunikabideetan esandakoaren kontrakoa erantzun zigun. Berriro ere bapateko iritzi aldaketa egin zuen eta Larreako parkea estaltzeko proiektuari buruz "zalantzak" agertu ziztaizkion. Izugarria da emakume honek iritziz eta diskurtsoz aldatzeko duen erraztasuna, egun batean (publikoki gainera) gauza bat adierazi, eta hurrengoan guztiz kontrakoa esaten du. Nola deitu jarrera honi? faltsukeria? hipokresia? noraeza? guztiek balioko luketela iruditzen zaigu.

Kontua da beste behin, PSEk bizkarra eman diola EH Bildurekin adostasunetara iristeari, horrek herriari mesede egingo liokeela jakin arren. Izan ere, legealdi osoan Arija andreak egoera guztietan PNVko 7. zinegotziaren papera bete du, jeltzaleek agintzen diotena zintzoki betez. Honek ez gaitu harritu, behin baino gehiagotan entzun baitugu Arija "¿que tengo que votar hoy?" galdetuz PNVko zinegotziei.

Azkenik, aurrekontuak erabaki ziren osoko bilkuran, Arijak EH Bilduk aurkeztutako Larreako parkea estaltzeko proiektua 2018an egiteko proposamenaren kontra bozkatu zuen; "Donde dije digo, digo diego".