Pasa den astelehenean, hilak 18, Villabonako udaleko Osoko Bilkura izan zen udaletxeko areto nagusian. Hona hemen, Amasa Villabonako EH Bildutik egiten dugun kontakizuna eta balorazioa:

Osoko Bilkurak 8 gai izan zituen eta banan bana jorratuko ditugu:

1. Urriko osoko bilkurako akta onartzea 

Azaroan osoko bilkurarik egin ez zenez, alkatetzatik gairik ez zegoela argudiatuz, urriko bilkuraren akta aho batez onartu zen. Hala ere, EH Bildutik akta horretan, bilkuran esan ziren hainbat kontu ez zirela behar bezala jaso adierazi genuen, izan ere PNVko ordezkariek egin zituzten eta guk gogoan genituen hainbat hitz, ez ziren aktan agertzen. Udalbatzako akta, udal idazkariak jasotzen du eskuz, eta eztabaida azkarrak izaten direnean, ezinezkoa izaten da esandako guztiak behar bezala jasotzea. Hau konpontzeko asmoz, EH Bildutik grabazio sistema bat ezartzeko proposamena egin genuen 2016ko azaroan, modu horretan audio-akta bat izango genuke eta esandako guzti-guztiak jasota geratuko lirateke. Proposamena onartua izan zen eta 2017ko aurrekontuetan, mikrofono eta grabazio sistema bat ezartzeko 20.000 euroko diru-partida bat jaso zen. 2017. urtea joan zaigu, eta oraindik sistema hau ez dago martxan. PNVko Udal Gobernuak lan egiteko erakusten duen geldotasun eta nagikeriaren beste adibide garbi bat.   

2. Hirigintza: Aurretiazko jakinarazpenetarako Udal Ordenantzaren aldaketa

Aldaketa guztion adostasunarekin onartu zen eta hobekuntzak ekarriko ditu obren kontrol eta egiaztatze prozesuan. Azaroan egindako hirigintza batzordetik adostuta zetorren aldaketa hau.

3. Taxi tarifen igoera proposamena

PNVko gobernuak ontzat eman zuen Tolosaldeko taxilarien batzordeak Amasa Villabonako taxien tarifak %1,6ean igotzeko egindako proposamena, eta proposamen hori onartzeko gonbita egin zion udalbatzari. EH Bilduko udal-taldeak abstentzioa bozkatzea erabaki zuen, izan ere, taxi erabiltzaileak diren herritarren ikuspuntutik tarifak igotzea ez da albiste ona. Herritarren soladatak, pentsiodunen diru sarrerak... ez dira neurri berean igo eta herritarren gehiengoaren eroste-ahalmena behera egiten ari den momentu honetan, taxi zerbitzuaren tarifak igotzea ez zaigu egokiena iruditzen. Hala ere ulertzen dugu azken urteetan tarifak igo ez direnez, agian momenturen batean igo behar izatea, baina zalantzak sortzen zaizkigunez, koherenteena abstentziora jotzea dela ondorioztatu genuen. 

4. Amasamendiko planaren behin betiko onarpena

Amasamendiko antolaketa eta kudeaketa plana, jendaurrean 30 eguneko epean egon eta gero, behin betiko onartua izan dela berri eman zen.

5. EH Bilduk aurkeztutako testua, Pasaiako "Amaia eta Ikerri babesa" plataformak egindakoa, Pasaiako egungo alkateak eta azken urteetako alkate ohiek sinatua, Villabonako Udalbatzaren atxikimendua bilatuz

EH Bilduko Xabat Laborde zinegotziak kasu honen azalapena egin zuen. "Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohia eta Iker Rokandio Pasaiko udaleko idazkari ohia kartzelan aurkitzen dira momentu honetan, bidegabekeria eta injustizia handi batengatik. Herritar bati arazo bat konpontzeko helburu bakarrarekin, akats administratibo bat egiteagatik kartzelan amaitzea, guztiz onartezina da, neurrigabekeria galantza" azaldu zuen. EH Bilduk bere babesa adierazi zien bi pertsona hauei eta beren senide ta lagunei eta Villabonako udalbatzak ere gauza berbera egitea zen testu hau aurkeztearen helburua. 

Ondoren PNVko Eneko Urdangarin zinegotziak hartu zuen hitza, eta testua kritikatzeari ekin zion. Iker Rokandio ez zela aipatu ere egiten esan zuen, gezur nabarmena botaz, testuan hitzez-hitz Iker Rokandioren izena ageri baita. Ondoren testu hau udalbatzara eraman izana kritikatu zuen, Pasaiko udalean hori ez zela egin argudiatuz. Kasu honetan ere oso trakets aritu zen Urdangarin, izan ere, EH Bilduk aurkeztutako testuak egungo Pasaiko alkatea den Izaskun Gomezen (PSE) sinadura baitzuen. Gogoratu behar dugu Izaskun Gomez sozialistak PNVren babesarekin gobernatzen duela Pasaian. Beraz, argudio oso ahulak agertu zituen PNVk, bere kontrako bozka azaltzeko. 

Xabat Labordek erantzun zion, Urdangarinek esandako gezurrak agerian utziz eta jeltzaleek erakutsi zuten gizatasun (humanitate) falta kritikatu zituen, izan ere udalean agintean dagoen edonori gerta dakioke Amaia Agirregabiriari gertatutakoa, borondate onenarekin eta nahi gabe egindako akats bat dela medio, kartzelan amaitzea. Hala ere nabarmena da Agirregabiria EH Bildukoa izateak eragina izan duela kasu honetan, ez da kasualitatea, seguruenik PNVkoa balitz ez zuketen kartzelan sartuko. 

PSEko Arija andreak ere hartu zuen hitza eta kontraesanez betetako interbentzioa egin zuen. EH Bilduk mahai gainean jarritako testuaren zati handi bat konpartitzen zuela, bi pertsona hauekin egindakoa bidegabekeria handi bat dela eta kartzelan egotea injustua dela esan ondoren, abstenitu egingo zela esan zuen, bere alderdiko Pasaiko alkateak sinatutako testua babesteari uko eginez, eta Villabonako udalbatzak testua ez babestea ahalbidetuz. Beti bezala, Arija andreak PNVren esanetara jarraitzen du eta EH Bildurekin batera ezer ez bozkatzearen jokabide maltzurrari eusten dio. PNVri alfonbra gorria jarriz nahi duten guztia egiteko. 

Beraz, bozketa garaian berdinketa suertatu zen, testuak EH Bilduko 6 zinegotzien aldeko botoa, PNVko 6en kontrakoa eta PSEren ordezkari bakarraren abstentzioarekin. Berdinketa kasuetan Maite Izagirre alkateak du azken hitza, eta noski, bere botoa erabili zuen testua bertan behera uzteko.

6. EH Bilduren mozioa, espainiar estatuko Aurrekontu Egonkortasunaren legea indargabetzea eskatuz

EH Bilduren iniziatiba berri honen bidez, Amasa Villabonako Udalbatzak PPren gobernuak 2012. urtean onartutako legea indargabetzea eskatzea zen helburua eta oraingoan alderdi guztien arteko adostasuna lortu zen, mozioa aho batez onartuz. Hau da Udalbatzak onartutako mozioaren edukia:

AURREKONTU-EGONKORTASUNARI BURUZKO LEGEA INDARGABETZEA ETA UDALEN TOKIKO AUTONOMIAREN ERREIBINDIKAZIOA

MOZIOA

1 - Amasa Villabonako Udalak ez du onartzen Madrilgo Gobernuak 2012ko apirilaren 12an onartu eta aplikatu zuen Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren edukia.

2 -Amasa Villabonako Udalak Gobernuari eskatzen dio Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Legea indargabetzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzala premiaz eta lehenbailehen. Eta bat egiten du Madrilgo Udalarekin eta dozenaka euskal udalekin Estatu Espainolak toki-autonomia urratzen dielako.

3 - Amasa Villabonako Udaleko osoko bilkurak Mariano Rajoyren Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko Ministerioari galdegiten dio Madrileko Udalaren kontuak ikuskatzeari utz diezaiola, uste baitu udalerri horretako Tokiko Gobernuak, ezarritako gehieneko gastua gainditurik, uneoro bete dituela horrelako egoeretan bete beharreko legezko betebeharrak Ministerioak berak ezarritako metodologia jarraituz.

4 -Amasa Villabonako Udaleko osoko bilkurak Ekonomia Ministerioaren diskrezionaltasuna eta desberdintasun tratua salatzen ditu, zuzentzen zaion administrazioaren kolore politikoaren arabera, eta konparaziozko bidegabekerian jausten da antzeko aurrekontu egoeran dauden ehunka udalerriekiko, haien aurka ez baita antzeko neurririk hartu.

6 - Amasa Villabonako Udaleko osoko bilkurak tokiko autonomia errebindikatzen du eta udalen finantza-askatasuna europar tokiko kartak babesten dituen bi oinarrizko printzipio gisa.

7. EH Bilduren mozioa, Villlabonako udalak Gabonen testuinguruan jolas ez sexisten aldeko kanpaina jorratzeko

Mozio honen informazio guztia: http://ehbilduamasavillabona.eus/index.php?option=com_content&view=article&id=490&Itemid=146

PNVko ordezkariek mozioa berandu erregistratu izana leporatu zioten EH Bilduri eta Laborde zinegotziak aurtengo gabonetarako beranduegi izan zitekeen arren, hurrengo urterako baliagarria izango zela erantzun zien. Gai honetan adostasuna bilatu nahian, EH Bilduk malgu jokatzea erabaki zuen eta aurtengo gabonei begira, Udalak kanpaina xume eta erraz bat garatzea proposatu genuen. PNV eta PSEko ordezkariak ados zeudela adierazi zuten eta ondorioz, EH Bilduk mozioa erretiratu eta adostasun hori aktan jasotzeko eskatu zuen, Udal Gobernuak konpromezu hori beteko duen esperantzan.

8. Beste organoan jardueraren jarraipena

Ez zen interbentziorik egon.

9. Erreguak eta Galderak

Fleming ikastetxeko ordezkariek hartu zuten hitza:

Udaleko areto nagusia jendez gainezka zegoen eta hori ez da ohikoa izaten. Fleming herri ikastetxeko guraso andanak udalbatzara agertzeko erabakia hartu zuten eta bertan zen ikastetxeko zuzendaria bera ere. 

Izan ere, Fleming ikastetxeko ordezkari eta gurasoak oso kezkatuta daude bizi duten egoerarekin, eta eskolako funtzionamendu eta mantenimenduan udalak dituen ardurak behar bezala ez betetzea eta finantziazioan diskriminazioa pairatzea leporatzen diote Udal Gobernuari. Hitza hartu zuen gurasoen ordezkaria Ibon Ariznabarreta hezkuntza arloko zinegotziari zuzendu zitzaion eta azken hilabeteetan udalarekin izandako harremanen balorazio bat egin zuen. Guraso honen esanetan, udalak ez du batere jarrera egokia izan beraiekin eta askotan bilerak egiteko eskaeren aurrean erantzunik ere ez ematea leporatu zion Ariznabarreta jeltzaleari. Bestalde, Ariznabarreta jaunak bidalitako e-mail bat ere aipatu zuen, e-mail horretan udaleko hezkuntza arduradunak egin zuen proposamena astakeria hutsa zela salatuz. "Ez dakigu zer dagoen honen atzean, ezjakintasuna edo asmo maltzurrak" adierazi zuen hitza hartu zuen gurasoen ordezkariak.  

Flemingo ordezkariek txosten bat aurkeztu zuten udalean eta txosten horretan mantenimendua eta funtzionamendua behar bezala garatzeko, finantziazioan edota diru-iturrietan eskolak dituen gabeziak azaltzen dira modu oso zehatzean. Flemingo ordezkariek gai honetan udalak azken urteetan egindako gestioa gogor kritikatu zuten.

Hortaz gain, udalean Hezkuntza Batzordea sortzeko proposamena egiten da txostenean, Amasa Villabonako hezkuntza sektoreak eta ondorioz herriak berak dituen zenbait arazo eta erronken aurrean udalak erantzunkizuna duela eta ezin duela beste alde batera begiratu azaldu zuten Flemingo ordezkariek. Herrian bi eskola eredu izateak sortzen dituen bikoiztasunak, matrikulazioetan dauden desorekak, etorkinen integrazioaren problematikak, haur eskolako zenbait arazo... aipatu zituzten eta gai hauek jorratzeko Hezkuntza Batzorde baten beharra aldarrikatu zuten.

Betalde, Fleming eskolako eraikina Arratzainen, herritik aparte izateak sortzen dituen arazoak ere jarri zituzten mahai gainean. Nabarmena da eskola Arratzainen izateak zenbait traba eta arazo dakartzala berarekin eta haurrek eskolara igotzeko dituzten bi bideen egoera kaxkarra ere mahai gaineratu zuten. Honen harira, 2014an EH Bilduren udal gobernuak egindako txostena hor zegoela gogoratu zuten, txosten horretan hainbat proposamen jaso zirela gogoratuz. 

Ariznabarreta zinegotziaren erantzuna:

Hezkuntza zinegotziak azalpenak emateko ahalegina egin zuen eta behin eta berriro errepikatu zuen udalak ez duela nahikoa dirurik mahai gainean jarritako arazoak konpontzeko. Udalak duen aurrekontu eskasa jarri zuen aitzakia gisa eta azken hilabeteetan hainbat obra egiteko asmoarekin urratsak eman dituztela ere azaldu zuen. Araznabarretaren hitzek ordea, ez zuten inor konbentzitu eta udalbatzako ikusleen aulkietatik behin baino gehiagotan leporatu zitzaion, falta dena ez dela dirua, borondatea baizik. Ariznabarretak lehentasunak definitzeko eskatu zien Fleming eskolako ordezkariei eta dirua eskolako obra batean gastatu behar bazen, diru hori aurrekontuko zein beste diru partidatik kendu behar zen proposatzeko ere eskatu zien, Udal Gobernuak egin beharreko lana eskolako kideei ezarri nahian edo. Bide batez, Ariznabarretak erasoari ekin zion, aukera hau EH Bilduk aurreko legealdian egindako lana kritikatzeko baliatu nahian. Behin baino gehiagotan bere ardura gainetik kendu nahi izan zuen, bere gabeziak estaltzeko EH Bildu kritikatzeko komodina erabiliz eta azalpenak aurreko udal gobernuari eskatzeko esanaz. Flemingo ordezkariek aipatutako mugikortasunaren gainean 2014an egindako txostena ez zuela ezagutzen ere aipatu zuen, nahiz eta aurreko legealdian Ariznabarreta bera zinegotzia izan. Agian aurreko legealdian, bera oposizioan zegoenean, hilero egiten ziren hezkuntza batzordeetara agertu ere egiten ez zelako ez zuen txosten hori ezagutzen. Amaieran, epe motzean kontu hauek jorratzeko bilera bat egitea proposatu zuen Ariznabarretak eta bilera hori asteazkenean 13:30etan egitea adostu zen.  

EH Bilduren irakurketa:

Gure ustez, Fleming eskolako ordezkariek motibo ugari dituzte kezkatuta egoteko, gu ere arduratuta gaude gure herriko eskola publikoa pairatzen ari den egoerarekin eta erabat babesten ditugu, eta guztiz ados gaude udaleko elderdioi aurkeztutako txostenean eskolako gurasoek eta zuzendaritzak egiten dituzten planteamenduekin. Beste behin, hezkuntza alorrean ere, PNVk erakutsi duen gobernatzeko gaitasun eza ageri-agerian gelditu da.

Flemingo ordezkariek hezkuntza batzorde bat sortzea proposatu zuten, eta gu ados gaude horrekin baina esan beharra dago udalak dagoeneko baduela hezkuntza gaiak jorratzeko batzorde bat (Gazteria, Hezkuntza eta Kirola Udal Batzordea) eta Ariznabarreta jauna dela batzordeburua edo arduradun politikoa. Kontua da PNVko Udal Gobernuak eta Ariznabarreta jaunak batzorde hori paralizatuta eduki dutela, apenas bileraik egin gabe eta bildu den apurretan esklusiboki kirol gaiak jorratu direla, hezkuntzaz hitz egiteari muzin eginez. Kontua da hau ez dela salbusepen bat, PNVren gobernatzeko estiloa baizik, nabarmena da ez dutela inolako borondaterik izan herriaren alde gogor lan egiteko eta azken bi urte terdian euskara eta kultura batzordeak ere paralisira eraman dituztela, parte hartze batzordea 2015. urtetik bildu gabe dagoela eta Ingurumen batzordea desagertarazi egin dutela ikusi dugu. Nahiko adibide garbiak dira PNVko ordezkariek udal honetan lan egiteko erakutsi duten borondate eskasa ikustaratzeko.

Gaiari helduz, nabarmena da PNVk arazo bat daukala hezkuntza publikoarekin, bai nazio mailan eta baita gure herrian ere. EH Bildutik ordea, gure prestutasuna adierazi nahi dugu Fleming ikastetxeko zuzendaritzarekin eta gurasoekin elkatu, mahai gainean jarri dituzten arazoei irtenbideak bilatu eta ondoren udalean irtenbide horiek martxan jar daitezen ahalegin guztiak egiteko. Ez gara "Hezkuntza arloko" arazo partzialei buruz ari, esku hartean ditugunak herri osoari eta Amasa Villabonaren etorkizunari zuzen zuenean eragiten dien gai garrantzitsuak dira. Horrenbestez, etorkizunerako herri proiektua duen Udal arduratsu batentzat, lehentasunezko gaia izan behar luke. Zer nolako hezkuntza behar du Amasa Villabonak etorkizunerako? nola konpondu daitezke herrian bi eskola eredu izateak (itunpeko Ikastola eta eskola publikoa) dakartzan arazo edo trabak? Zer egin dezakegu Udaletik Hezkuntzako eragileekin elkarlanean, etorkinen integrazio egoki bat lortzeko? eta beste hainbat galderari erantzunak topatzea, ez da nolanahiko erronka. Guk ez ditugu gure ardura edo erantzunkizunak gainetik kenduko eta herritarren ordezkariak garen heinean, prest eta gogotsu gaude zeregin honetan ere buru belarri lan egiteko.