Amasa Villabonako EH Bilduko Udal-Taldeak ekimen berri bat abiatu du aste honetan; Udalen autonomiari eta udalek dituzten konpetentziei kalte izugarria egiten dien "Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoa" salatzea, Espainiar Gobernuari legea indargabetzeko eskaera ofiziala egitea, eta guztiz bidegabea den lege honen ondorioak pairatu dituzten udalei elkartasuna adieraztea, dira EH Bilduren iniziatiba honen helburu nagusiak. Horretarako, pasa den asteartean, abenduak 5, udaleko idazkaritzan Mozio bat aurkeztu zuten gure zinegotziek, datorren abenduaren 18an izango den udaleko Osoko Bilkuran aurkeztu, eztabaidatu eta bozkatua izan dadin. 

Gure ustez, garrantzitsua da Amasa Villabonako udala ere, Madrilgo gobernutik PPk inposatu digun lege honen aurka, argi eta garbi eta ofizialki posizionatzea. Lege hau guztiz murriztailea eta neoliberala da, herritarren ongizatearen eta udalerriek dituzten beharren gainetik jartzen baitu defizit sakrosantua.

Hau da Amasa Villabonako EH Bilduko udal-taldeak aurkeztu duen Mozioaren eduki osoa:

AURREKONTU-EGONKORTASUNARI BURUZKO LEGEA INDARGABETZEA

Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legearen aplikazioa eta haren garapenak ezartzen dituen mugak Tokiko Erakundeen, beren eskumenen eta erakunde horiek izatearen aurkako zuzeneko erasoak dira eta udalgintzari oso kolpe gogorra eragiten diote. Lege horrek izaera bir-zentralizatzaile nabarmena du, herritarren zerbitzura dauden administrazioen funtzionamendua murriztu eta mugatu egiten du neurri handi batean, eta udal asko eskuak lotuta eta herritarren premia larrienei erantzuteko ahalmenik gabe geratzen dira.

Lege horren aplikazioa guztiz desberdina da toki-korporazioek erregistratzeko garaian jasotzen duten tratuari dagokionez; izan ere, toki-korporazioek beti aurrekontu-orekan aurkeztu behar dute, baina autonomia-erkidegoetako eta estatuko administrazioei defizit fiskalak aurkeztea ahalbidetzen zaie, eta, beraz, jarduteko marjina handiagoa dute. Azken batean, Lege horrek ezarritako eta Lege horretatik eratorritako betebeharrek egiaztatzen dute Toki Erakundeak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izanik, Estatu Espainolaren egiturazko krisi-egoera ordaintzen ari direla sistema publikoaren kaltetan eta finantza-sektorearen eta eliteen interesen mesedetan argi eta garbi.

Hortaz, bir-zentralizazio politiken eta muturreko herstura ekonomikoko politiketatik eratorritako murrizketa sistematikoen aurrean, ezinbestekoa da, alde batetik, arau-autonomia eta arau-ahalmen handiagoa ematea udalei, eta, bestetik, udalak ez behartzea kutxan superabitak metatzera inbertitzeko gaitasunik izan gabe, edo superabit horiek zorra amortizatzeko erabiltzera behartzea. Toki Erakundeek gizarte-kohesioa bermatzeko, tokiko produkzio-sarea sendotzeko, langabezia murriztuko duen ekonomia-jarduera sortzeko eta okerren igarotzen ari direnei laguntzeko behar baitituzte baliabide horiek.

Europako herrialde guztietan aldaketa instituzionalak, eta, batez ere, gobernuaren toki-mailari dagozkionak toki-autonomia indartzera bideratuta daude; aitzitik, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legea kontrako norabidean bideratuta dago.

Adierazitako guztiagatik, Amasa Villabonako Udalak honako hau erabaki du:

1.- Amasa Villabonako Udalak ez du onartzen Madrilgo Gobernuak 2012ko apirilaren 12an onartu eta aplikatu zuen Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren edukia.

2.- Amasa Villabonako Udalak, espainiar Gobernuari Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Legea indargabetzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzala eskatzen dio, premiaz eta lehenbailehen. Gure udalak bat egiten du eta elkartasuna adierazten die Madrilgo udalari eta baita espainiar Estatuak toki-autonomia urratu dien Hego Euskal Herriko udalei ere.


Amasa Villabonan, 2017ko abenduaren 5ean