Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeak mozio honen bidez, 2016an Gizarte-Larrialdi laguntzak (GLLak) behar dituzten herritarrei laguntza hau bermatu ahal izatea du helburu.

Laguntza hauen finantziazioa Eusko Jaurlaritzaren ardura da, baina azken urteetan Jaurlaritzak bideratutako diru kopurua ez da inondik inora herrian dugun beharrei erantzuteko nahikoa izan. Egoera horri aurre egin eta laguntza jasotzeko eskubidea duten herritarrei erantzun bat emateko, udalak diru kopuru bat bideratu behar izan du bere aurrekontuetatik. Beraz, udalak Eusko Jaurlaritzak finantziatu behar lukeena bere gain hartu behar izan du, eta EH Bilduko kideon ustez egoera honen aurrean Eusko Jaurlaritzari bere ardurak betetzea exijitu behar zaio.

2015. urtean hainbat herritarrek laguntza hau jasotzeko eskubidea izan arren, ezin izan zuten jaso finantziazio faltagatik, egindako gastua 93.627,48€-takoa izan baitzen, GLLen behar osoa 110.152,48€takoa izanik.

EAJ eta PSEk onartu berri dituzten 2016. urteko aurrekontuetan, 72.000€ soilik bideratzen dira Gizarte-Larrialdi laguntzetarako. Aurreko urteetako beharrak aztertuta, argi dago zifra hori ez dela nahikoa izango Amasa Villabonan laguntza horiek jasotzeko eskubidea duten herritarrei erantzuteko eta beraz, hainbat herritar gizarte bazterketan ez erortzeko beharrezkoa duten laguntza hau jaso gabe geratuko dira.

Gure ustez egoera hau guztiz onartezina da, azken finean pertsonek, herritarrek, bizitza duina izateko eskubideaz ari gara eta pobrezia egoeran dauden edota gizarte bazterketan erortzeko arriskua duten gizon emakumeek egoera hori gainditu ahal izateko administrazio publikoen laguntza ezinbestekoa dute. EH Bilduko kideok ez dugu onartuko amasa billabonatar bakar bat ere bazterrean uztea eta ez dugu herritar bakar bat kalean, etxebizitzarik gabe eta inolako diru sarrerarik gabe egoterik nahi, beraz, bere ardurak bete eta GLLak bermatzeko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari.