Villabonako udal gobernuaren 2016rako aurrekontu proiektua aztertu ondoren, EH Bildu koalizioak hainbat zuzenketa proposamen biltzen dituen dokumentu bat osatu eta udalean sarrera eman dio. Hemen duzue dokumentu osoa irakurgai:

AMASA-VILLABONAKO EH BILDUK 2016KO AURREKONTU PROIEKTUARI AURKEZTUTAKO ZUZENKETAK

    SARRERA:

Amasa-Villabonako udal gobernuak aurkeztutako 2016. urterako aurrekontu proiektua sakonki aztertu ondoren, EH Bildu koaliziotik gure ustez aurrekontu hauek hobetzeko baliagarriak izango diren zuzenketa zerrenda bat osatzea erabaki dugu.

EH Bilduren udal taldearen helburua Amasa-Villabonako herritarren ongizatea bilatuko duten eta herriaren beharretara egokituko den udal kudeaketa egokia ahalbidetuko duen aurrekontuak onartzea da. Horretarako, gure herriak dituen beharrak eta lehentasunak kontuan izan behar dira ezinbestean eta azken urteetan EH Bildu koalizioak udal gobernuan izandako esperientziak, Amasa-Villabonak dituen beharrak identifikatzeko aukera eskaini digu.

Maiatzeko udal hauteskundeen ondoren, oposizio eraikitzaile eta eraginkorra egingo genuela adierazi genuen eta lan horretan dihardugu legegintzaldi hasieratik. Zentzu honetan 2016ko aurrekontu proiektuari zuzenketa zehatzak aurkeztuko dizkiogu dokumentu honetan, beti ere udal gobernuak aztertu eta kontuan izateko asmoarekin.

    ARRAZOI OROKORRAK:

Herritarren parte hartzerik gabeko aurrekontuak:

Udal gobernuak osatutako aurrekontu proiektua osatzeko garaian, herritarren parte hartzea erabat alboratu da. Nahigabez ikusi dugu azken urteetan gai honetan emandako aurrera urratsak bertan behera geratu direla:

    Herritarrei ez zaie proposamenak egiteko baliabiderik eskaini. Azken urteetan ez bezala, oraingoan ez da herritarrek ikusten dituzten beharrak jasotzeko inkesta publikorik egin.
    Ez da aurrekontu proiektuaren aurkezpen publikorik egin.
    Aurrekontu proiektua udal barruan geratu da, ez da interesa izan dezaketen herritarrek ikusi ahal izateko baliabiderik eskaini; ez da udaleko webgunean eskegi, ez Amavi aldizkarian eta sare sozialetan bere berririk eman…

EH Bildu koaliziotik, udal gobernuak herritarren ekarpenei ateak itxi izana salatzen dugu. Azken urteetako esperientziak erakutsi digu herritarrek kontuan hartzeko modukoak izaten diren proposamen interesgarriak egin dituztela eta gure ustez akats larria da honi muzin egitea. Jokabide honekin argi ikusi da EAJk zuzentzen duen udal gobernuak ez duela herritarren parte hartze aktiboan sinesten eta EAJren politika egiteko ereduan herritarren ekarpenak ez duela lekurik.

Villabona Lantzen-en aurkako epaiak erabat baldintzatutako aurrekontuak:

Duela aste batzuk Kale Berria 49, 51 eta 53ko bizilagunen eta Villabona Lantzen-en arteko epaiketaren sententzia irten da. Beran Villabona Lantzen-ek 527.455,60€ + kostak (23.000,00€ inguru) ordaindu beharko ditu, eta beste behin ere dirutza hau Villabonako udalaren kontura joango da, 2016ko aurrekontuak erabat baldintzatuz.

EH Bilduko kideok bizilagunek konpentsazio hori jasotzeko eskubide osoa dutela pentsatzen dugu eta honek beren etxebizitzek dituzten arazoak behin betiko konpontzeko balio izatea espero dugu.

2004an Villabona Lantzen S.A.ren sorrerarekin EAJren udal gobernuak hasitako hirigintza jardunak galera ekonomiko izugarriak soilik ekarri dizkio udalari. Gure ustez Villabona Lantzen-ek ez luke inoiz existitu behar. EAJren hirigintza ereduak udal aurrekontuak erabat murriztu ditu eta ondorioz, inbertsioak egiteko gaitasuna ere asko mugatu da.

Dokumentu honetan proposatzen ditugun partida aldaketak, partida bakoitzak gure ustez duen lehentasunen arabera osatu ditugu, jakitun izanik udalak aurtengoan dituen baliabide ekonomikoak sekula baino murritzagoak direla aipatutako aferaren ondorioz. Beraz, alde batera uztea proposatuko ditugun partida batzuk beharrezkoak direla onartu beharrean aurkitzen gara, baina egoera honetan lehentasunak markatzea ezinbestekoa da, zoritxarrez dena ezingo baita finantzatu.

Amasa-Villabonarako herri proiekturik gabeko aurrekontuak:

Zeintzuk dira 2016. urterako udal gobernuak ezartzen dituen lehentasunak? aurrekontu proiektua aztertu ondoren, ezinezkoa egiten zaigu galdera honi erantzun garbirik topatzea. Udal gobernu batek, edozein udal gobernuk, herri proiektu bat izatea ezinbestekoa da unean uneko inprobisazioan ez erotzeko eta martxan jartzen dituen politikak norabide batean kokatzeko, baina aurrekontu proiektu honetan nekez ikus daiteke zein den Villabonako EAJren herri proiektua. Ez da antzematen ez gai estrategikorik, ez proiektu esanguratsurik, ez eta etorkizunerako egitasmo aipagarririk ere, dagoeneko mahai gainean dagoena nolabait kudeatzen jarraitzeko aurrekontuak dira hauek, inolako etorkizunerako ikuspegi estrategikorik gabeak.

Pertsonak ez dira lehentasuna; gizarte larrialdi laguntzak babesgabe:

Aurrekontu proiektu honetan ez da kontuan hartzen GLLa (Gizarte Larrialdietarako Laguntza) jasotzeko eskubidea duten herritarren egoera. Azken urteetan bizi dugun krisi ekonomiko eta sozialaren eraginez, asko dira gizarte bazterketan erortzeko arriskuan dauden herritarrak eta egoera tamalgarri hori saihesten laguntzeko daude GLLak. Laguntza hau Eusko Jaurlaritzak bideratzen duen arren, azken urteetan nabarmen geratu da Jaurlaritzak eskaintzen dituen baliabide ekonomikoak ez direla nahikoak Amasa-Villabonan laguntza hauek jasotzeko eskatzen duten herritarren beharrei erantzuteko. Beraz, udal aurrekontuek diru partida bat jaso behar lukete herritar hauen biziraupen duina bermatzen duten GLLak urte osoan zehar eman ahal izateko. EH Bildun gai hau lehentasunezkotzat dugu, ezin dugu amasa billabonatar bakar bat ere gizarte bazterketan erortzen utzi. Zentzu honetan, guztiz beharrezkotzat jotzen dugu gai zehatz hau lantzeko mahai tekniko-politiko bat eratzea, guztion artean gai larri honek sortzen duen korapiloa askatzeko.

Murrizketa Ingurumen sailean:

XXI. mendean, mundu mailako krisi klimatikoa bizi dugun honetan, ingurumen kudeaketa egokia eta giza jardueren jasangarritasuna funtsezko gaiak dira edozein administrazio publikorentzat. Aurrekontu proiektu honetan ordea, ingurumen saila bigarren mailako sail modura kokatzen da, bertan lan egiten duen teknikariaren lan orduak %36an murriztea proposatzen baita. Sail honek duen lan karga aztertuta, murrizketa honek inolako justifikaziorik ez duela ondorioztatzen dugu eta beraz, inolako arrazoirik gabeko murrizketatzat hartzen dugu proposamen hau. Gainera, ez dugu ulertzen nola egin daitekeen lanpostu honen murrizketa udalean antolamendu egituraren azterketa, lanpostuen deskribapena eta organigrama funtzionalaren azterketa martxan dagoen honetan. Arinkeriaz hartutako erabaki politiko hau ezin da lehenetsi azterketa tekniko eta objektibo baten gainetik.

Gure ustez, esanguratsua da murrizketa sail honetan (eta ez beste inon) proposatu izana, beste behin nabarmen geratu da EAJrentzat ingurumena eta jasangarritasuna ez direla garrantzitsuak. Ez dugu besterik espero Euskal Herrian besteak beste AHTa eta erraustegia eraiki nahi dituen alderdi baten aldetik.

Nazio eraikuntza baztertzen duten aurrekontuak:

Aurrekontu proiektu honetan, azken urteetan Amasa-Villabonako udalak Euskal Herriaren nazio eraikuntzan ekarpena egiten duten eragileei zuzendutako laguntzak ezabatuak izan dira. Zehazki, Udalbiltza eta Gaindegia erakundeek jasotzen zituzten diru-laguntzak ezabatu dira.

Gure ustez Udalbiltza erakundea, Euskal Herri osoa barnebiltzen duen nazio erakunde bakarra izanik, estrategikoa da gaurdanik etorkizuneko Euskal Herri askea egituratzen hasteko. Beraz, aurrekontu proiektu honetan Udalbiltzari ekarpen ekonomikorik ez egitea salatzen dugu.

Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia) ere ekarpen ekonomikorik gabe uzten dute aurrekontu hauek. Edozein naziok beharrezkoa du bere ekonomia eta garapen adierazleak sortu eta aztertuko dituen erakunde bat izatea, eta gaur gaurkoz Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartzen duen gisa honetako erakunde bakarra dugu Gaindegia. Beraz, gure ustez Gaindegiak burutzen duen lana estrategikoa da gure nazioarentzat.

EH Bilduko kideoi neurri hauek erabat ulertezinak egiten zaizkigu, eta are gehiago bere burua abertzaletzat duen alderdi batek osatutako proiektua denean.

    ZUZENKETAK:

Atal honetan Amasa-Villabonako EH Bilduko kideok hainbat zuzenketa aurkeztuko ditugu osoko bilkuran landu eta eztabaida daitezen.

3.1 Lehenik eta behin, zuzenketak egiteko baliabide ekonomikoak nondik aterako diren zehaztea dagokigu, proposatzen ditugun zuzenketa hauek egin ahal izateko beharrezkoa izango den dirua honako partida hauek behin behinean baztertuz sortuko dira:

    Biztanleriaren arreta zerbitzua (BAZ) -20.000€
    Eudel kuota  -1.600€
    Korrika  -500€
    Presoen senideei diru laguntza -7.000€
    Kontratu teknikoak -8.000€
    Sacemgo bulegoa -13.000€
    Kulturako diru laguntzak -58.000€
    Lizarragako bidea -113.103€
    Haur eskolako ateen norabidea -4.000€
    Kiroletako diru laguntzak -4.845€

1.- Biztanleriaren arreta zerbitzua sortzea ez dugu lehentasunezkoa ikusten momentu honetan, batetik lehentasun handiagoak badirelako, eta bestetik, Villabonako Udalaren antolamendu egituraren azterketa, lanpostuen deskribapena eta organigrama funtzionalaren proposamena dagoeneko esleituta eta martxan dagoelako. Azkena aipaturiko azterketa honek, aldaketak ekar ditzake udal gestio mailan, eta uste dugu, ez dela egokia BAZ-aren prozesuarekin hastea oraindik azterketa amaitu gabe dagoenean, ez dira bateragarriak. Gainera, herritarren harrera zerbitzu hau moldatzeak obra beharra ere ekarriko luke udaletxe honetara, argi baitago gaur egungo eraikuntza ez dagoela neurri horretako zerbitzu bat emateko egokitua. Hori horrela, BAZ-a sortzeko aholkularitza teknikorako aurreikusi diren 20.000€ beste gai batzuetara bideratzea proposatzen dugu.

2.- Eudel: Gure ustez, EAEko udalak biltzen dituen Euskadiko Udalen Elkartea-k eskaintzen dituen zerbitzuak eta erakunde honek orokorrean jorratzen duen lanak ez du gure udalarentzat interes berezirik. Ondorioz, udalak erakunde honi ekarpen ekonomikoa egitea ez da beharrezkoa eta diru hori aurreztu daitekeela uste dugu.

3.- Korrika 2017: 2016an ez da Korrikarik izango, bi urtez behin ospatzen den egitasmoa delako. Beraz, aurrekontu proiektu honetan aurreikusi diren 500€ak ezabatzea proposatzen dugu. 2017a izango da Korrika diruz laguntzeko urtea.

4.- Presoen senideei diru laguntza: 2015. urtean, Amasa-Villabonako preso politikoen kopurua murriztu zen, zazpi preso izatetik bost izatera igaro zelarik. Egoera hartan, diru laguntzetarako jarria zegoen diru kopurua birkalkulatu zen. Gaur egun, oraindik bost preso politiko ditu Amasa-Villabonako herriak Espainiar espetxeetan zehar dispertsaturik. Gure ustez, senideen bidaietarako diru laguntzetarako ekarpena birkalkulatu daiteke eta soberakina beste proiektu batzuetara bideratu, esate baterako presoen gizarteratzean laguntza eskaintzen duen Harrera taldera. Diru laguntza honen partida egokitzea proposatzen dugu, orotara  27.000€ aurreikustea proposatzen dugularik. Esan beharrik ez dago, etorkizun hurbil batean Espainiar estatuaren dispertsio politika ankerra desagertu eta diru laguntza hauen beharrik ez izatea dela gure nahia eta desioa.

5.- Kontratu teknikoak: Hirigintza sailean inbertsio gisa aurreikusten diren Kontratu teknikoen partida gutxitzea proposatzen dugu. Kasik obrarik ez bada planteatzen, ze kontratu tekniko eraman beharko da udaletik kanpo? ezer gutxi. Gure ustetan, 8.000€ murriztu daiteke inbertsio partida hau.

6.- Sacemgo bulegoa: Jakin badakigu, udal langileek egunerokoan beren lana kalitatez egin dezaten ahalik eta baliabiderik egokienak behar dituztela, horregatik Sacem pabilioian bulego bat hornitzea beharrezkoa ikusten dugun arren, 2016ko lehen aurrekontu hauetan (udal honen baliabide ekonomiko eskasak kontuan izanik) ez da lehentasunezko inbertsioa gure ustetan. Hau horrela, 13.000€ hauek beste gai batzuetara bideratzea proposatzen dugu.

7.- Kulturako diru laguntzak: Kultur departamenduan izan diren diru kopuruen mugimenduek, benetan kezkatu gaituzte eta udal gobernuaren aldetik ez dugu erantzun zehatzik jaso. Azken urteetako esperientziari eta lan zorrotzari bizkar eman dieten mugimendu arraroa ikusi dugu aurrekontu honetan. Horregatik, kultur diru laguntzen partida, 2015ean zegoen moduan uztea eskatzen dugu, hau da 58.000€ beste partidetara bideratzea, aurrerago zehaztuko dugun moduan.

8.- Lizarragako bidea: Amasako Lizarragara eta Sandra baserrietara doan bidean lur mugimenduen ondorioz sortutako arazoa konpondu beharrekotzat dugun arren, konponketak eskatzen duen diru kopuru handia ikusirik, iazko urtetik datorren beste proiektu bat lehenesten dugu. Beraz, 113.103€ horiek beste gai batetara bideratzea nahi genuke. Villabona Lantzeneko sententziaren ordainketa burututakoan, baliabide ekonomikoak izanez gero, lehentasunez egin beharreko obra izango dela iruditzen zaigu.

9.- Haur eskolako ateen norabidea: Urdanpileta eraikinean kokatzen den haur eskolako sarrerako atearen norabidea aldatzea, aurreztu daitekeen gastu bat dela uste dugu eta beraz, obra hau ere atzeratzea proposatzen dugu. Lehentasun handiagoa duten gaiak badirela ikusten dugu eta beraz, obra txiki horretara bideratutako 4.000€ak beste gai batzuetara bideratzea proposatzen dugu.

10.-Kiroletako diru laguntzak: Diru laguntza hauek izan duten igoera Santio jaietako diru laguntzetatik datorrela ulertuz, aldaketa zuzentzea eskatzen dugu. Beraz, 4.845€ kentzea proposatzen dugu, lehengora itzuliaz.

3.2. Proposatu ditugun aldaketa hauen bitartez lortutako baliabide ekonomikoekin, jarraian zerrendatzen ditugun inbertsio eta gastuak egitea proposatzen dugu:

1.- Gobernuz kanpoko erakunde bati zuzeneko diru laguntza: Azken urteetan egin den moduan GKE bat diruz laguntzea proposatzen dugu. Lehen diru laguntza deialdi publiko bidez egin eta 3000€ esleitzen ziren. 2013an berriz, gizarte politiken batzordeak hala adostuta, laguntza zuzen edo nominatibo gisa bideratzea erabaki zen, urtero gobernuz kanpoko erakunde ezberdin bati udal honen laguntza bideratuz. Udal honek lagundutako erakundeak konpromiso bat bete beharko du, laguntza jasotako urtea amaitzerako, lagundu den proiektuaren aurkezpena egitea Amasa-Villabonan.  Aurrekontu proiektu honetan ikusi dugu laguntza hau ez dela jaso, eta berriz ere 3.000€ aurreikusi daitezen proposatzen dugu. Honako partida biztanleriaren arreta zerbitzutik finantzatuko da.

2.- Udalbiltzari diru laguntza: Gure herriak berezko nortasuna eta ibilbide historiko luzea du. Herri gisa ezinbestekoa da barne garapen propioa sustatzea eta hura baliabidez hornitzea, kanpoko injerentzia guztiei aurre egin eta besteak beste hezkuntza sistema propioa eraikitzeko eta behar handia duten Euskal Herriko zonaldeen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko. Honenbestez, gure ustez ezinbestekoa da Amasa-Villabonatik erakunde honi gure ekarpena egitea, 3.000€ horretarako bideratuz. Honako partida biztanleriaren arreta zerbitzutik finantzatuko da.

3.- Harrera taldeari diru laguntza: Harrera taldearen helburua, espetxetik atera denari gizarteratzeko beharrezkoa den asistentzia admistratiboa, babes sozial eta ekonomikoan laguntzea, lan munduan integratuz, eta beharrezkoa den osasun arreta eskaintzea da. Gatazka politiko armatuak utzi dituen ondorioak konpontzea lehentasunezkoa gaia da herri honetan. “Bere presoak ahazten dituen herriak ez du etorkizunik” zioen poeta handiak eta ezinbestean, presoen birgizarteratzea lehentasunezkoa da, haien askatasuna gertatzen denean lagundu egin behar zaie, jokabide humanoa da hori. Amasa-Villabona preso politiko kopuru handia izan duen herria da, 2014ean esaterako 9 ziren preso politikoak gurean. Haien askatasunak herri bizikidetzan laguntzen du. Eta guk hura sustatu behar dugu. Bizikidetza eta gatazkarik gabeko egoerak erdietsi behar ditugu. Bizikidetza sustatu nahi dugu, herri honen errealitatea aintzat hartu behar dugu eta ez da ulertzen haien gizarteratze prozesuan ez laguntzea. Nazioartean egin diren ikerketa ugariek hura balioetsi dute. Bizikidetza Batzordea antolatu nahi bada nola ulertzen da izaera honetako entitateak ez laguntzea? Iazko moduan, 3.000€ Harrera taldeari bideratzea proposatzen dugu. Honako partida presoen diru laguntza partidaren zuzenketatik finantzatuko da.

4.-. Auzokonposta bultzatzea: Asko dira auzo konpostaren alde egin duten eta egiten jarraitu nahi duten herritarrak. Nola ez eman aukera hori egiteko birziklatze tasetan eragin positiboa badu? zero zabor herria izan nahi dugu?. Borondatea eta nahia badago, zergatik ez lagundu? Amasa-Villabonak zero zabor bidean emaitza oso onak erdietsi ditu. Jarraitu dezagun bide horretan. Auzokonposta guneak sustatzeko 2000€ bideratzea proposatzen dugu. Diru horrekin eta ingurumen sailaren bidez gune berri bat, dagoeneko martxan den gune baten handitzea edota herritarrei zuzendutako kontzientziazio edo informazio kanpaina bat bideratu daiteke.

Honako partida biztanleriaren arreta zerbitzutik finantzatuko da.

5.-TGIUZ kontratua (Ingurumen teknikaria) berriz ere teknikari honek aurreko legealdian zuen dedikazioa izan dezala proposatzen dugu. Sail honetan dagoen lan karga aztertuta, proposamen hau erabat justifikatua dela pentsatzen dugu. Aldaketa honek 5.500€ko gehikuntza, guztira 33.000€ suposatuko luke eta teknikariak astean 3 egunez Villabonako udalean lan egingo luke.

Honako partida biztanleriaren arreta zerbitzutik finantzatuko da.

6.- Gizarte larrialdi laguntzarako (GLL) finantziazioa: Laguntza hauek urte osoan zehar bermatzea oso garrantzitsua da guretzat eta horretarako aurrekontuetan behar horrek isla izan behar du. Iaz zeuden eskaerei aurre egin ahal izateko 23.000€ gehiagorekin hornitu behar izan zen GLLaren partida, guztira 95.000€ bideratu behar izan zirelarik. Beraz aurtengoan ere gehikuntza bat proposatzea ezinbestekoa dela ikusi dugu. Udalaren egoera ekonomiko eskasa dela eta, gutxienez 7.000€-ko gehikuntza proposatzen dugu. Jakitun gara ziurrenik diru kopuru hori ez dela nahikoa izango eta laguntza honek behar duen finantziazioa bermatzeko lan esparru espezifiko baten sorrera eskatzen dugu.

Honako partida biztanleriaren arreta zerbitzutik eta presoen diru laguntza partidaren zuzenketatik finantzatuko da.

7.- Larreako haur parke estaliaren proiektua egitea: Proiektu hau 2016an egikaritu ahal izateko 142.103€ bideratzea proposatzen dugu. Gure ustez proiektu hau gauzatzea inbertsioen ataleko lehentasuna da. Amasa-Villabonako herritarren aspaldiko eskaera eta gure herriaren behar ezaguna da herriko parke-gune baten estaltzea eta pasa den legealdian behar horri erantzuteko parke estalien lehiaketa publikoa egin zen. Gainera, prozesu parte hartzaile aitzindari bat egin zen eta lehiaketan garaile irten zen proiektua herritarren bozka zuzenaren bidez erabaki zen. Horrez gain, herriko ikastetxeetako haurrek ere aktiboki parte hartu zuten prozesu parte hartzaile aberats honetan. EH Bilduko kideon ustez, guzti honek proiektu hau lehentasunezkoa izatea dakar ezinbestean.

Jakitun gara guztira 200.000€ inguru beharko direla irabazle irten zen proiektua osotasunean burutzeko. Villabona Lantzen-eko sententziak agindutakoa ordaintzeko aurrekontuetan zehazten diren 527.455€ horiek baino gutxiago gastatzen bada, soberakina proiektu honetarako erabiliko litzateke.

Honako partida korrika, biztanleriaren arreta zerbitzua, Sacemgo bulegoa, Lizarragako bidearen obra, haur eskolako atearen aldaketa eta kontratu teknikoen partidako murrizketatik finantzatuko da.

8.- Oinkari dantza taldeari diru laguntza mantentzea: 1975az geroztik, dantza talde honek izugarrizko ekarpen sozial eta kulturala egin dio Amasa-Villabonako herriari. Gaur egun herriko eragile kultural garrantzitsua da dudarik gabe. Oinkari dantza eskola babestea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta horretarako iaz egin zen moduan urteko jardunerako diru laguntza zuzena edo nominatiboa berreskuratzea eskatzen dugu. Laguntza zuzen hau 15.000€koa litzakeelarik.

Honako partida kulturako diru laguntzen partidatik finantzatuko da.

9.- Santio jaietan eragileen diru laguntza mantentzea: Jai egitaraua osatzen duten ekintza ugariak antolatzeko eragileei bideratzen zitzaien diru laguntza publikoa ere berreskuratzea eskatzen dugu. Partida hau osatzeko, kultur eta kirol arloetako diru laguntzetatik 41.000€ko desbideraketa egitea proposatzen dugu.

Honako partida kulturako eta kiroletako diru laguntzen partidetatik finantzatuko da.

10.- Kultur ekintzetarako ekarpena mantentzea: Urtean zehar burutzen diren haur eta helduentzako kultur ekintza anitzetarako partidatik 4.600€ murriztea dakar udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuak. Honen aurrean, kultur diru laguntza partidatik 4.000€ bideratzea eskatzen dugu.

Honako partida kulturako diru laguntzen partidatik finantzatuko da.

11.- Gaindegia erakundeari laguntza mantentzea: Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia, informazio ekonomiko eta soziala nazio ikuspegiz biltzen, ikertzen eta ezagutzera ematen duen gizarte eragile bakarra da. Ondorioz, EH Bildutik Amasa-Villabonako udalak erakunde honi ekarpen ekonomiko bat bideratzea garrantzitsua dela pentsatzen dugu. Zehazki Gaindegiari 1.600€-ko diru laguntza ematea proposatzen dugu.

Honako partida Eudel erakundearen diru laguntzen partidatik finantzatuko da.