Pasa den asteartean Diario Vasco egunkarian argitaratutako albistean, EAJ eta PSEren aldeko botoekin onartu berri diren aurrekontuen apologia egin nahi izan zuen EAJk, ulertzekoa da talde politiko batek bere proiektuak jendarteratu eta saldu nahi izana, baina horretarako denak ez du balio.

Aipatutako albistean, EAJk aurtengo aurrekontuak baldintzatuta daudela aitortzen du, baina arrazoia azaltzeko garaian “Tolosako epaitegiak Villabonako udala zigortu duelako” esaten dute, EAJk bere erantzukizuna onartu behar ez izateko benetako arrazoia ezkutatuz, eta Tolosako epaitegia gaiztoaren paperean jarriz. Zergatik ezkutatu nahi dute 500.000€tik gorako zigor hori nondik datorren? Argi dago EAJk ez duela Villabona Lantzen enpresa aipatu ere egin nahi, 2004an EAJren ekimenez sortutako enpresa honek Malkar plazako obraren ardura hartu zuenetik, sekulako odolustea eragin diolako udalari eta bistan denez EAJk ez du berak bultzatutako hirigintza ereduaren porrota onartu nahi.

EAJk kaleratutako oharrarekin jarraituz, “ingurumen sailak diru partida garrantzitsua” izango duela diote jeltzaleek, edukiontziak erosteko. Baina aurrekontuetan sail honetan murrizketa egin dutela eta murrizketa hau ezabatzeko EH Bilduk proposatutako zuzenketaren aurka bozkatu zutela ez dute aipatzen. Ondoren sail honetatik egingo diren Herri Baratzen eta Amasamendiko Kudeaketa Planaren proiektuak aipatzen dira, biak ala biak EH Bilduren udal gobernuak martxan jarritakoak, baina noski, xehetasun hau ez da aipatu ere egiten.

Hirigintza alorrari dagokionez, Lizarraga baserrirako errepidearen konponketa da EAJren proiektu izarra. Konponketa hau goiz edo berandu egin beharrekoa dela onartuta ere, honako obra hau aitzaki gisa erabili da Larreako parke estaliaren proiektua aurten ez egiteko. EH Bilduko kideon ustez herriaren interes orokorrari begiratuz gero, nabarmena da Larreako parke estaliaren proiektuak garrantzi handiagoa duela bide horren konponketak baino. Bestalde, Haur-eskolan “obrak” egingo direla dio EAJk, zehazki zein obra izango den esan gabe. Guk esango dugu “obra” hori zer den: haur eskolako atearen norabidea aldatzea (atea barru aldera ireki beharrean, barrutik kanpora aldera irekitzea), dirudienez “obra” hau garrantzitsua, aipagarria eta hedabideetan jasotzeko modukoa da EAJrentzat.

Ondoren datorrenak aho bete hortz utzi gaitu, DVn argitaratutako albistean aurrekontu hauek partaidetza handiagoa izan dutela (son más participativos) diote jeltzaleek. Nola esan dezakete hori aurtengoan (aurreko urteetan ez bezala) herritarren proposamenak jasotzeko bide guztiak (inkestak, web orrian proposamenak jasotzeko gunea…) ezabatu direnean eta aurrekontu proiektua herritarren aurrean aurkeztu ere egin ez denean? honekin zinismo izugarria erakutsi dute Villabonako EAJkoek.

Baina hau ez da dena, jarraian datu ikusgarri bat argitaratzen baita albistean: elkarteei emateko diru-laguntzak %234an igo dira aurrekontu hauen bidez! dudarik gabe egundoko datua litzateke, gezur borobila ez balitz. Ez dezatela jendea engaina, aurtengo aurrekontuetan 2015ekoekin alderatuta, ez da euro bakar bat ere gehiago izango herriko elkarteen diru-laguntzetarako. Honako hau EAJkoek maisuki egin duten marketin operazio bat da, udaleko sailetan zehar barreiaturik zeuden diru laguntzetarako dirua, poltsa bakar batera desbideratu dute, ondoren diru laguntzetarako partida %234a igo dutela esan ahal izateko. Baina zer uste zuten? oposizioan gauden hautetsiak ez ginela ohartuko? tranpa eta manipulazio saiakera maltzur honen aurrean isilik geratuko ginela?

Oso larria iruditzen zaigu, gure udalean agintea duen alderdia tamainako maltzurkeriaz jokatzen aritzea, lotsarik gabe gezurrak jaurtitzeak begi bistan uzten du EAJrentzat bere ekinbidea saltzeko edozerk balio duela, marketinak eta herritarren aurrean ongi geratzeak soilik axola diela. Jokabide hau benetan penagarria iruditzen zaigu eta honen aurrean azalpen publiko bat ematea exijitzen diogu Ivan Agirre alkateari.