Amasa Villabonako herritarrek ondo dakiten bezala, duela 3 hilabete inguru hasi ziren Oria ibaia bideratzeko obrak Zizurkil eta Villabona batzen dituen Zubimusu zubiaren inguruan. Obra honen bidez, ibaiaren zabalera handitu eta  Villabonako herri-guneak duen uholde arriskua asko murriztuko da eta beraz, honakoa interes publiko ukaezina duen obra garrantzitsua da. Hori horrela izanda, EH Bildutik oso argi utzi nahi dugu ez dugula obra honen martxa oztopatu edo geldiarazteko inolako borondaterik, alderantziz, obrak ahalik eta azkarren bukatzea nahi genuke, obra hauek hainbat herritarri eta bereziki inguruko negozioei sortzen dizkien eragozpenak amaitu daitezen.

Bide batez, Ur Agentziak guztiz ezinbestekoa den obra hau egin zezan pasa den legealdian EH Bilduk gidatutako udal gobernuak (Zizurkilgo udalarekin elkarlanean) egindako esfortzua azpimarratu nahi genuke.

Obra honetan, uholde arriskua murrizteko ibaiaren ubidea zabaltzeaz gain, ibaiaren ondoko Villabonako zonaldean hainbat aldaketa egingo dira:  Zubimusu zubiaren eraberritzea, Villabonan Ula-ko etxeak bezala ezagutzen diren etxeen eta ibaiaren artean dagoen kalearen urbanizazio berria eta zubiak kalearekin izango duen lotura espazioaren eraberritzea (Albisu kirol dendaren eta Agirrebengoa-Ayerdi hortz klinikaren aurrealdeko espazioaren urbanizazioa). Lan hauek urbanizazio proiektu baten bidez definitzen dira eta beraz, udaleko hirigintza sailean urbanizazio proiektu bat egon beharko litzateke. Proiektu horretan aipatutako zonaldean zein interbentzio egingo diren eta zonaldea zehatz-mehatz nola geratuko den definituta geratuko litzateke.

EH Bildutik, obra horren inguruko informazioa eskatu genion Iban Agirre alkateari eta honek gai hau otsaileko hirigintza batzordeko gai-zerrendan txertatu zuen. Batzorde horretan Agirrek ez zuen ez urbanizazio proiekturik eta ezta inolako dokumentaziorik ere aurkeztu, ahoz azaldu zuen zonaldea “oso ondo” geratuko zela eta bera pertsonalki ari zela urbanizazio horretan egingo zena definitzen (barandilak aukeratzen etab.)

Beraz, batzordetik pasa ondoren berdinetan jarraitzen genuen, EH Bildutik eskatzen genuen informazioa ez zaigu helarazi. Hau ikusita, hirigintza sailean urbanizazio proiektua eskatu genuen eta txundituta geratu ginen bertan inolako proiekturik ez zegoela ohartu ginenean. Udaleko hirigintza sailean ez dago martxan dagoen urbanizazio lan horren inolako dokumentaziorik, ez espedienterik, ez proiekturik eta ezta obra honek indarrean dagoen udal araudia betetzen duela ziurtatzen duen txosten teknikorik ere, nola da posible? Udaletxe arduratsu edo serio batean gauzak ez dira horrela egiten.

Bestalde, Amasa Villabonako EH Bildutik gaur gaurkoz, obra hauen inguruko inolako informaziorik ez dugula salatu nahi dugu. Oso larria iruditzen zaigu gure herriko espazio esanguratsu bati eragingo dion obra hau martxan dagoen une honetan (eta lanak nahiko aurreratuta izanik), ez udaleko hirigintza sailak eta ezta udaleko oposizio politikoak ere, inolako informaziorik ez izatea. Zertara dator sekretismo edo ilunkeria hau? zerbait al dago ezkutatzeko?

Guk gure herriko eremu horretan zer egiten ari den jakin ahal izatea eskatzen dugu soilik eta oposizio lana oztoporik gabe egin ahal izatea exijitzen dugu. Gure herrian egiten ari diren obren informazioa eskuragarri izatea gure eskubidea da eta udal gobernuari gu ere herritarren ordezkariak garela gogorarazi nahi diogu. Udal gobernuaren jardunaren kontrola egiteko gaude udalean lanean eta horretan ari gara buru belarri, baina oraingo honetan oposizio eta kontrol lan hori garatzeko orduan, gardentasun falta eta oztopoak topatu ditugula salatu beharrean gaude.

Egoera honen aurrean, pasa den martxoaren 7an, alkateari informazio eskaera ofizial bat egin eta udalean erregistratzea erabaki genuen, modu horretan erantzuna izango genuen esperantzan, baina ez dugu inolako erantzunik jaso. Iban Agirre alkatearekin hitz egin dugu eta bere erantzuna informazio osoa hirigintza sailean dagoela izan da. Hirigintza sailera jo dugu eta bertan ez dago urbanizazio lan hauen proiekturik.

Iban Agirrek legegintzaldi hasieran egindako elkarrizketetan behin eta berriz errepikatu zuen oposizioarekin hitz egin, oposizioari hitza eman eta alderdien arteko elkarlana bilatuko zuela, ba kasu honetan oposizioari eta zehatzago EH Bilduko hautetsioi informazioa ezkutatu zaigu. Gainera, alkatearen jokabidea erabat pertsonalista izan da, ez da normala herriko espazio bat urbanizatu behar denean alkateak soilik jakitea bertan zer egingo den, normala al da era berean urbanizazio horren xehetasunak (zein barandila jarri etab.) alkateak berak pertsonalki eta zuzenean aukeratzea? Ulertezina egiten zaigu hirigintza alorrean inolako formaziorik izan gabe, hirigintza saileko langile eta teknikarien lanari eta aholkuei uko egin, eta alkateak urbanizazioaren zehazte lanak bere gain hartzea. Gure ustez jokamolde honek axolagabekeria handia erakusten du.

Hau izango al da Villabonako EAJk gidatzen duen udal gobernuaren lan estiloa? oposizioari udal gobernuaren jardunaren jarraipena egitea zailtzea? udaleko langile eta teknikariekin ezertarako ez kontatzea? obrak proiekturik gabe egiten uztea? obretan zer eta nola egin behar den alkateak edo udal gobernuak bakarrik jakitea?

Gure ustez portaera hau guztiz onartezina da, eta udal gobernuari jokabide trakets eta arduragabe hauekin amaitzea eskatzen diogu.