Laburrak

Mikel Otero EH Bilduko legbiltzarkideak salatu du CO2-aren isuriak gora egin dutela eta 2012ko kopuruetara itzuli direla. Honako datua, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen politikaren porrotaren isla da, bere iritziz. Dioenez, Klima Aldaketaren Lege Aurreproiektuak uko egiten dio trantsizio energetikoaren bidean Europak jarritako helburuak lortzeari.

Mikel Otero (EH Bildu)

Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolaren autokonplazentziazko diskurtsoaren gainetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan berotegi efektuko gasen isuria jaitsi beharrean, igo egin da, jakinarazi du Mikel Oterok Legebiltzarrean. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, 2017an, datu ofizialak ezagutzen diren azken urtean, (http://es.eustat.eus/elementos/ele0009000/Evolucion_de_las_emisiones_totales_de_gases_de_efecto_invernadero_por_pais_CA_de_Euskadi_Ano_base_Kioto/tbl0009060_c.html) CO2 isuria %5,5 igo zen, 2016ko datuekin alderatuta, azken 15 urteotan izandako eboluziorik okerrena, hain zuzen. Zehazki, berotegi efektuko gasen isuria 2016koa baino milioi bat tona altuagoa izan zen eta, guztira, 20 milioitik gora jarri zen, 2012az geroztik gertatzen ez zen zerbait. “Bost urte atzera egin dugu”, ondorioztatu du Oterok, eta datu horiek ezkutatzen saiatzea egotzi dio Arriola sailburuari.

Oterok adierazi duenez, klima aldaketaren arloan erreferentzia den 1990. urteaz geroztik Europak CO2 isuriak %25 murriztu ditu, baina EAEn murrizketa %6,2koa baino ez da izan. Horren haritik, erantsi du, Jaurlaritzak propaganda egin arren, datu objektiboek “erakusten dute Europan atzean gaudela, azken postuetan, ez garela inondik inora aitzindariak”. Beraz, “Lakuak arlo horretan egin dituen politika eta planek emaitza txarrak izan badituzte, bistakoa da diseinua ez zela egokia, eta orain lantzen ari den Klima Aldaketaren Legea plan eta politika berberetan oinarritzen badu, porrota ziurtaturik dago”.

Horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Ingurumen sailburuak Klima Aldaketaren Lege Aurreproiektuan 2030 eta 2050erako ezarri dituen helburuak oso urrun geratzen direla Europak jarri dituenetatik, iragan martxoan Legebiltzarrean bertan Euskal Energia Ituna egiteko EH Bildurekin hitzartu zirenetatik eta, baita ere, Arriolaren beraren alderdiaren Gobernuak Madrilen Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Lege Aurreproiektuan jaso dituenetatik.

 

 

ARGIAko lantaldeak Donostiako epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin du asteazken goizean.

Bi ertzainek egindako hizkuntz eskubideen urraketa batez informatzeagatik, hedabide honetako Lander Arbelaitz kazetariaren aurkako salaketa jarri dute eta asteazken honetan auzi horrekin lotuta lehen aldiz joan behar izan du Arbelaitzek deklaratzera.

Donostiako epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzea

“Informatzen jarraituko dugu, kazetaritza ez da delitua” idatzita zeukan pankartarekin elkarretaratzea egin dute ARGIAko lankideek Donostiako Egia auzoan dagoen epaitegiaren aurrean. Ez dira bakarrik egon, hainbat kazetarik, eragilek eta herritarrek egin dute bat elkarretaratzearekin, 50 lagunetik gorako taldea osatuz.

Auzi honen konponbide justu bakarra epaiketarik ez egitea dela adierazi du Mikel Garciak Argia-ko lantaldearen izenean.

Epaitegiaren atarian izan dira ARGIAri babesa adierazten Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendi, Eleak-Libre mugimenduko Joseba Alvarez eta Zigor Etxaburua euskaltzalea, besteak beste.

“Utzi ARGIA bakean” eta “Euskal Herrian euskaraz” bezalako aldarrikapenak egin ondoren, epaitegira sartu aurretik, Arbelaitzek eskerrak eman dizkie euren babesa adierazi duten 400 pertsona eta eragileei. Sostengu hori jaso izana “ohore bat” dela azaldu du kazetari donostiarrak. Horiekin batera, asteazken goizetik sare sozialen bidez hamaika erabiltzailek ere elkartasuna adierazi diote Arbelaitzi eta ARGIAri. 

Elkartasun bideo hau zabaldu da gaur sarean: https://www.youtube.com/watch?time_continue=43&v=b7_u6qUIgcs


EH Bildutik ere, gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu ARGIA astekariko lantalde osoari eta bereziki Lander Arbelaitz kazetariari. Kalean, espazio publikoan gertatutakoaz informatu ahal izatea da kazetaritza libre baten eta adierazpen askatasunaren oinarrietako bat eta Ertzain hauek jarritako salaketa eskubide horien kontra doa zuzenean. Ondorioz, gaur kazetari batek hedabide batean informatze hutsagatik epaitegira deklaratzera joan behar izatea onartezina eta salatu beharrekoa iruditzen zaigu.

Kazetaritza ez da delitua!

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, Nekane Murga sailburuak sinesgarritasuna galdu du Lan Eskaintza Publikoari buruzko barne ikerketa zuzentzeko, aurreko oposizio batean filtrazioen gaian "jakinaren gainean" zegoela publiko egin eta gero.

Rebeka Ubera (EH Bildu) Gasteizko legebiltzarrean

EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak eskandalagarritzat jo du egun Osasun sailburua denak, Nekane Murgak, aurreko Lan Eskaintza Publiko (LEP) batean naturaltasunez onartu izana Osakidetzan azterketak filtratzen direla pertsona zehatz batzuek plaza lor dezaten. “Ez lehendakariak ez Murgak berak ezin dute pentsatu hemen ez dela ezer gertatu, gaur ezagutu dugun audio batek erakusten duelako aurreko LEP batean egungo sailburua filtrazioen jakinaren gainean zegoela eta ontzat ematen zituela ohiko sistemaren baitan. Hori ezagutu ostean, Murgak ez du sinesgarritasunik Osakidetzaren barne ikerketa zuzentzeko eta irregulartasunak argitzeko”.

Uberak eldiario.es egunkari digitalak argitara emandako audioa aipatu du, Osakidetzak eginiko barne ikerketaren grabazioak jasotzen dituena, alegia. Audio horrek agerian uzten du Nekane Murgak ondo zekiela aurreko oposizioetan ere azterketak filtratzen zirela, hala azaldu baitu orain ikertzen ari den lan eskaintza publikoan Kardiologia arloko epaimahaia osatu duten doktoreetariko batek.

Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak interpelazioa egingo dio ostiralean Kontroleko Plenoan Osasun sailburuari, eta salatuko du Osakidetzaren barne ikerketa zuzentzeko ardura Belen Greaves jeltzalearen eskuetan jarri izana, “horrek horrelako kasu batean ezinbestekoak diren independentzia eta neutraltasun politikoaren printzipio guztiak urratzen dituelako”. Uberaren esanetan, “lehendakaria eta bere gobernua iseka egiten ari zaizkio euskal gizarteari; Greaves EAJko Euskadi Buru Batzarreko idazkaria izan da eta ezinezkoa da bera orain neutrala izatea, bere alderdiak Osakidetzan egin duen kudeaketa politikoa ezbaian jartzen duen ikerketa bat egiten ari denean. Inork ez zukeen onartuko Gürtel auzian ikerketa Marotoren esku uztea”.

Uberaren aburuz, argitara ateratzen ari den informazio guztiak agerian uzten du ez Osakidetzak ez Osasun Sailak inoiz ez dutela nahi izan jendeak oposizioen egia osoa ezagutzea. “Garden eta zorrotz jokatu dutela behin eta berriz esan duten arren, gertatu denak frogatzen du hori ez dela horrela izan. Horretaz jabetzeko aski da ikustea epaileak dokumentazioa osorik bidaltzeko eskatu behar izan diola Osakidetzari, lehenengo momentuan epaitegira igorritako informazioan atal garrantzitsuak falta zirelako, Murgari buruzko grabazioa, esaterako”.

 

 

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak hamabostean behin elkarretaratzea burutzeko asmoa azaldu zuen.

Larunbat eguerdian 150 herritar inguru elkartu ziren Tolosako Trianguloa plazan. Mobilizazioa TOPAk deitu zuen, eta osasun publikoaren aldeko elkarteko kideek bi larunbatetik behin elkartzeko asmoa azaldu zuten. Hori egiteko hiru arrazoi aipatu zituzten elkarretaratzearen amaieran. Ondoren, ordezkari politikoei elkarrekin lan egitea exijitu zieten, "norabide berean, eta eskatu dezatela justiziaz Tolosaldeko herritarroi tokatzen zaiguna, kaltetuak denok gara eta, ideologia batekoak zein bestekoak izan".

Tolosan elkartzeko lehen arrazoia Tolosako alkateari euren haserrea eta errealitatea erakusteko nahia izan zela adierazi zuten TOPAko kideek: "Errealitate hori oso desberdina da konparatzen baldin badugu alkateari txostenetan eta bulegoetan erakusten dioten errealitatearekin. Erakutsiko diogu zer errealitate bizi eta jasan dugun azken 8 urte hauetan, arreta eskasa jasotzen ari garelako Asuncion-ekin hitzarmen publiko-pribatua sinatu zutenetik".

"Tolosako alkateari gure haserrea eta errealitatea erakutsi nahi diogu"Pasa den larunbatean Tolosan egindako elkarretaratzearen irudia

Mobilizazioa egiteko bigarren arrazoi bezalako honakoa aipatu zuten: "Garbi utzi nahi diogu kexa edo protesta honen bidez, norbanako kexa askorik ez dagoela, baina ez pozik eta gustura gaudelako jasotzen dugun arretarekin, baizik eta gutako asko ez garelako ausartzen kexa jartzera".

Azkenik, gauzak konpontzeko prestutasuna azaldu zuten: "Hemen bildu gara, gutako bakoitzak lagundu egin nahi duelako 8 urte hauetan jasan dugun arazo hau konpontzen; gutako bakoitzak bere alea jarri nahi duelako. Izan ere, hemen ez du nork bere konponbidea bilatu behar. Ez, hemen, auzi honetan, konponbideak kolektiboa izan behar du, bakoitzak bere aletxoa jarrita".

Beste behin azpimarratu nahi izan zuten Gipuzkoako beste eskualdeek dutena bakarrik eskatzen dutela: "ekitatea, haiek adina ordaintzen dugu eta". Ondorioz, zera exijitu zuten: "Ordain dezatela behingoz Tolosaldeari zor diotena, ordaindu dezatela 35 urte hauetan pilatu den zorra, zor hori, gainera, urtetik urtera handitzen ari da batere ekitatiboa ez den hitzarmen bidegabe hori sinatu zutenetik".

Tolosaldeko EH Bilduko alkate, zinegotzi eta kide ugari hurbildu ziren elkarretaratzera, EH Bilduk TOPA-k egiten dituen aldarrikapenekin bat egiten duela erakusteko eta beste behin Tolosaldeak ospitale publiko bat behar eta merezi duela adierazteko. Tartean zen Arantza Lopez ere, Amasa-Villabonako EH Bilduko zinegotzia. 

 

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du EITBn erredaktoreen karrera profesionala sustatzea eta ardura postuak banatzerakoan irizpide profesionalak bakarrik aintzat hartzea, gardentasuna eta aukera berdintasuna independentziaren bermea baitira hedabide publiko batean.

Jasone Agirre (EH Bildu) Gasteizko legebiltzarrean

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak aho batez eskatu dio EITBko zuzendaritzari informazio zehatza eman diezaiola haren albistegien independentzia eta pluraltasuna bermatzeko eta erredaktoreen karrera profesionala sustatzeko eman dituen urratsei buruz. Legebiltzarrak helburu horiek lortzeko proposamen zehatza egiteko eskatu zion duela urtebete, 2018ko maiatzaren 31n, EITBko zuzendariari, gaur egun ildo editoriala erabakitzen duten karguak izendatzeko erabiltzen duen sistemak, konfiantza pertsonalaren araberakoak, ez independentzia ez aniztasuna bermatzen ez dituelakoan. EAJ eta PSE horren kontra agertu ziren orduan; gaur, aldiz, independentzia eta pluraltasuna ziurtatu beharra onartu dute eta, inplizituki, aitortu dute gaur EITBk ez duela ez bata ez bestea bermatzen.

EITBko zuzendaritzari Legebiltzarrak duela urtebete emaniko agindua ez betetzea leporatu ostean, Jasone Agirrek gogorarazi du gaur EITBn “ardura guztiak atzamarrez banatzen” direla, konfiantza pertsonalaren arabera, eta hori bateraezina dela albistegien independentziarekin. Horretarako, azpimarratu du, ezinbestekoa da bertako erredaktoreen karrera profesionala sustatzea, “albistegien egunerokoa erabakitzen dutenak irizpide profesionalen arabera soilik hautatzeko, gardentasunez eta aukera berdintasunez”. Izan ere, “gardentasuna eta aukera berdintasuna komunikabide publiko baten independentziaren bermea dira” eta, beraz, karrera profesionala sustatzea da “EITBk hartu beharreko lehen neurria, kalitatezko komunikabide publikoa izan gura badu, eta ez Jaurlaritzaren komunikabidea; bertako profesionalak libre izan behar dira, independenteak, eta euren karrera profesionala ezin liteke zuzendaritzaren konfiantzaren menpekoa izan”.

 

 

Lehenik eta behin gure samina adierazi nahi diegu Christchurcheko erasoetan hilik edo zauriturik izan diren herritarrei eta haien familiei. Horrekin batera gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Zeelanda Berriko herritarrei eta komunitate islamikoari une larri hauetan.

Giza eskubideetan eta demokrazian oinarritutako gizarte ereduan sinesten du EH Bilduk, eta horren alde lan egiten du eta borrokatzen du egunero, Euskal Herrian eta mundu zabalean harremanak dituen herrialde guztietan. Mundu osoan gertatutako giza eskubideen eta oinarrizko printzipio demokratikoen aurkako eraso guztiak salatzen ditugu.

Christchurchen gertatutako erasoa mundu mailan ematen ari den xenofobia eta islamofobia olatuaren adibide lazgarria da. Eskuin muturreko politiken homologazioaren ondorio, errentagarritasun politikoaren truke, komunitate minorizatuen diskriminazio eta kriminalizazioa dakarrena. Islamofobia, antisemitismoa, homofobia eta transfobia, xenofobia eta arrazismoa bultzatzen dituzten politiken ondorio da eraso hau.

Hauen guztien aurrean EH Bilduk herri eta pertsona guztien askatasunaren alde lan egiteko konpromisoa berresten du.

Iker Casanovak EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari utzikeriaz aritzea egotzi dio. “Oposizioak hartu behar izan du lidergoa saltoki handien irekitzea eta handitzea arautzeko eta merkataritza txikiaren apokalipsia saihesteko”.

Donostialdean, Bidasoaldean eta Ezkerraldean bereziki saltoki handiak ireki edota handitzeko martxan dauden proiektuek “merkataritza txikiaren apokalipsia” ekar dezaketela ohartarazi du EH Bilduk gaur Legebiltzarrean, eta, arrisku horrekin arduratuta, bide eman dio saltoki handiak ireki eta handitzea arautzen eta mugatzen duen lege proposamen bati, oposizioko beste bi taldeekin batera. Helburua, finean, merkataritza txikiaren jarduera babestea da, azpimarratu du Iker Casanovak.

Iker Casanova Gasteizko legebiltzarrean merkataritza txikia babesteko lege proposamena aurkezten

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, EH Bildu planteatzen ari den legeak “segurtasun juridiko osoa dauka europar epaitegien legedia eta jurisprudentzia aintzat hartzen duelako” eta dendari txikien etengabeko eskari bati erantzuten dio. Horren ildotik, Casanovak sektorean ordena jarri beharra aldarrikatu du, ez delako onargarria instituzioek mota guztietako abantailak eta erraztasunak ematea konpainia handiei merkatari txikien kaltetan, horrek ehunka dendaren etorkizuna arriskuan jartzen baitu.

Auzitegi Gorenak –adierazi du Casanovak– bertan behera utzi zituen 2015ean merkataritza arloa arautzen zuen Lurraldeko Plan Sektorialean jasotako mugak eta, geroztik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago saltoki handiak irekitzeko edo handitzeko mugarik, baina, legebiltzarkideak zehaztu duenez, ez legalki ezinezkoa delako, interes orokorra lehenestearren, baizik eta EAJ-PSE Gobernuak horretarako eta merkataritza txikia babesteko behar ziren urratsak eman ez dituelako. Hori dela eta, Casanovak utzikeriaz aritzea leporatu dio Jaurlaritzari. Oposizioak hartu behar izan du ekimena horregatik, sektorean ordena jarriko duen legea sustatzeko. “Tarte honetan, 2015etik, EAJ eta PSEk erabateko ezgaitasuna erakutsi dute, ez dira kapazak izan saltoki handien erregulazioan euren zabarkeriaren ondorioz zeuden gabeziak konpontzeko”. Eta are okerrago, 2015az geroztik bi alderdi horiek erraztasun guztiak eman dituzte saltoki handiak irekitzeko hainbat udaletan, Donostia eta Hondarribikoetan kasu.

Hau da Gipuzkoako Errausketaren Kontrako Mugimenduak kaleratu duen oharra:

ERRAUSKETAK KLIMA ERE ONDATZEN DU

Nola egongo ote da mundua eta nola Euskal Herria 2051. urtean? Klimaren berotzeak munduan zabalduko duen hondamendi handiarekin, nola biziko dira gure ondorengoak? Nolako airea arnastuko dute? Zer jan eta edango dute, zein gaixotasun sufrituko dituzte 2051. urtean? Nolako zerbitzu sozialak? Nork eta zein baliabiderekin zainduko ditu gaixoak, zaharrak, umeak…

Klima aldaketari erremedioa jartzeaz hitz egiteko Change The Change biltzar hau antolatzeak erakusten du larrialdi egoera batean bizi garela. Aurpegi askoko zibilizazio krisi batean bizi gara XXI. mende hasieran: krisi ekonomikoa, krisi sozial ugari, krisi politikoak, erregaiak eta baliabideak urritzearen krisiak, krisi humanitarioak… eta denak daude lotuta eredu sozial eta ekonomiko oker baten ondorioekin. Krisi guztiok larriagotuko ditu klimaren beroketak, behin eta berriro munduko jakintsuak ohartarazten digutenez.

Donostiara Change The Changera etorri zareten jendeok: jakin ezazue hemen, Euskal Herrian, Gipuzkoan, Donostian, agintariak oso gaizki ari direla egiten gauzak, klimaren aldaketa erremediatzeko adituek aipatzen dituzten neurrien justu alderantzizkoak ari direla hartzen gure agintariak, herritarren egungo egoera eta etorkizunekoa baztertu eta botere ekonomiko handiei ‘business-as-usual’ (beti bezala funtzionatzen) jarraitzen lagunduz.

Errausketaren kontrako mugimenduko hainbat kidek Donostian egindako agerraldia

Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Elkarteko agintariek itsu-itsuan laguntzen dituzte klimarentzako kaltegarriak diren proiektuak, bideragarritasun ekonomikorik eta sozialik edukiko ez dutenak: Abiadura Handiko Trena, erraustegiak, lurraren artifizializazio masiboa, Donostian bertan lurpeko trenbide berri bat…

Errausketaren Aurkako Mugimenduan biltzen garen herritar eta elkarteek behin eta berriro erakutsi dugu Errauste Plantak kaltegarriak direla gizakien osasunerako, Europak lehenetsi duen Ekonomia Zirkularra eragozten dutela, milaka tona CO2 aireratzen dituztela alferrik atmosferara… eta hondakinak aprobetxatzeko alternatiba hobe eta merkeagoak badaudela, Europan bezala hementxe bertan ere ikusten ditugu.

Baina gure agintariek ez dute entzun nahi. Begiratu Donostia hiri polit honi: bere barruan dauka pozoia. Hemendik 5 km-tara milaka tona hondakin erretzen ditu Añorga-Rezolako porlan fabrikak agintariek baimena 2008an emanda. Eta beste 5 km urrunago Zubietako erraustegi berria ari dira eraikitzen. Añorgako Rezola baldin bada EAEn C02 gehien isurtzen duten industrietako bat, Zubietako erraustegia ere klima kaltetzen dutenen zerrendan gehituko da.

Oraindik garaiz gaude Gipuzkoako bigarren erraustegi hau gelditzeko. Donostialdea oso ingurune kutsatua baldin bada, ezin digute hemengo herritarroi pozoi gehiago zabaldu erraustegi berri batekin.

Obra berriarekin gure diru publikoak hipotekatuta geratuko dira 2051 arte, noiz eta klimaren aldaketak mundu osoan ekarriko dituen kalteei aurre egiteko inbertsio eta diru publiko asko beharko diren urteetan.

Ongi etorriak mundu osotik Change The Change biltzarrera zatoztenoi. Ez utzi EAE, Gipuzkoa eta Donostiako agintariek ‘green-washing’ merkea egiten, eskatu benetako konpromisoa herritarren eta Lurra planetaren etorkizunarekin, exijitu klimaren aldaketa okerragotzen duten proiektuak baztertzea.

Rossano Ercolini Zero Waste mugimenduko lider eta Goldman Saridunak esan duen bezala, agintariok: EZ ERRE GURE ETORKIZUNA.

 

EH Bilduk gogora dakar lege bat hitzartu duela gaur bertan Gobernuko alderdiekin eta hauek PPrekin bat egin dutela pentsioak hobetzea ekarriko zuen koalizioaren proposamen baten kontra. PPk EH Bildurekin batera bozkatu dituen ekimenak halako zazpi bozkatu ditu PNV eta PSErekin.

PNVk EH Bildu-PP ustezko pintza salatu du gaur enegarrenez, baina, Iker Casanovak adierazi duenez, Ortuzarren alderdiak “hobe luke barregarri geratzeari uztea”. Horixe eskatu dio EH Bilduko legebiltzarkideak, “irrigarria delako sinestezina den tesi bat defendatzea eta, gainera, objektiboki faltsuak diren datuak erabiltzea horretarako”. Izan ere, zenbaki objektiboek erakusten dute legealdian zehar PPk bozkatu dituen EH Bilduren ekimenak halako zazpi bozkatu dituela PNV eta PSErekin, hain justu EH Bilduren aurka. Hori da benetan Legebiltzarrean dagoen pintza, PNV-PSE-PP hirukoak osatzen dutena. Gaur bertan horren azken adibidea izan dugu, hirurek bat egin dutelako pentsioak hobetzea ekarriko zuen Nerea Kortajarenaren proposamena atzera botatzeko.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea

Casanovak berretsi du, hortaz, PNVk hobe lukeela “barregarri geratzeari uztea” eta, horri jarraituz, “euskal herritarren inteligentzia politikoa ez iraintzeko” eskatu dio. “EH Bilduk eta PPk akordio bat dugun tesia hain da burugabea ezen inork ez duen sinesten, EH Bildu harresirik sendoena izan delako beti PPk ordezkatzen duenari aurre egiteko. PNVrengatik balitz, aldiz, Rajoyk presidentea izaten jarraituko luke eta Maroto Gasteizko alkatea litzateke oraindik”. Casanovaren iritziz, “gobernatzeko arazoak baldin baditu, EAJk akordioak bilatzeari ekin beharko lioke, horrelako argudio arin eta zentzugabeak erabilita oposizioari eraso egin ordez”.

PNVren akusazioen zentzugabekeria are handiagoa da gainera kontuan hartzen bada gaur bertan EH Bilduk lege bat, Kultura Ondareari buruzkoa, hitzartu duela EAJ eta PSErekin. Eta oposizioak merkataritzari buruz aurrera atera duen proposamenari dagokionez, “inoiz ezin daiteke Gobernuaren jarduna oztopatzeko saiotzat har, lege bat onartzeaz ari garelako, eta legebiltzar batean ezer ez dago hori baino eraikitzaileagorik”.

 

 

Euskal Herria Bilduren giza eskubideen idazkaritzak 100 neurriko katalogo bat osatu eta publikoki proposatu du gaur.

Honen bidez azaldu nahi dugu, gure ustez, Euskal Administrazio publikoak nola kudeatu beharko lukeen etorkizuneko espetxe politika, behin eskumena eskualdatzen dela, zigorraren exekuzioaren kudeaketari biraketa bat emanez.

Dokumentuaren aurkezpenean, Julen Arzuaga eta Larraitz Ugartek jakinarazi dutenez, dokumentua ez dago itxia eta ekarpenak egiteko espazioak eta epeak zabalduko dira datozen asteetan.

DOKUMENTUA OSORIK: http://ehbildu.eus/images/Beste_espetxe_politika_baterantz_EUS.pdf

EH Bilduk ekinbide legegilea aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean: EAEko Legebiltzarrak Espainiako Gorte Nagusietan lege aldaketa bat eska dezala proposatzen du EH Bilduko legebiltzarreko taldeak. Rebeka Ubera legebiltzarkideak aurkeztu du publikoki proposamena eta beste alderdi politiko guztiei helarazi zaie.

Eutanasia Espainiako Zigor Kodean zigortuta ez egotea bilatzen du koalizio abertzaleak, baina hori aldatzea Espainiako Gorteen eskumena da eta ondorioz, legebiltzar gisa bertara jotzea proposatu du Rebeka Uberak. Beraz, alderdi baten ekinbidea beharrean, araudi aldaketa hori (eutanasiaren despenalizazioa) Eusko Legebiltzarrak eska dezala planteatu du.

Aurkeztutako proposamenak hiru puntu nagusi ditu. Lehenik eta behin, Zigor Kodearen 143.4 artikulua aldatzea, eutanasian laguntzen duen pertsona zigortua izan ez dadin. Bigarrenik, Espainiako Gobernuari eskatzen dio eutanasia arautzeko legea bidera dezala, ekinbide legegilea Espainiako Gorteetan onartu eta sei hilabeteko epean. Azkenik, Espainiako araudi hori onartu bitartean, bideak abiaraziko dira Eusko Legebiltzarraren proposamena aplikatzeko.

Rebeka Ubera, Gasteizko legebiltzarrean EH Bilduren proposamena aurkezten

Rebeka Uberak gogorarazi du Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi gehienek eutanasia arautzearen alde egin dutela Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. PP izan da alde agertu ez den bakarra. EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez gehiengoaren aldeko jarrera horrek erraztu beharko luke proposamena aurrera ateratzea eta tramitatzea.

Tramitea ohiko ekinbide legegile baten modukoa litzateke. Eusko Jaurlaritzak irizpena aurkeztu beharko luke, eta gero Eusko Legebiltzarrean lege moduan garatuko litzateke. Onartuz gero Espainiako Gorteetara bidaliko lukete, Eusko Legebiltzarraren izenean.

 

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak aurkeztutako lege proposamena onartzen bada, enpresek bi aldiz pentsatuko dute produkzioa kanpora eramateko garaian, hala eginez gero, 10 urteetan jasotako laguntza publikoak itzuli beharko lituzketelako.

Iker Casanovak lege proposamena aurkeztu du gaur Legebiltzarrean enpresen deslokalizazioari aurre egiteko neurriei buruz. Azaldu duenez, helburua enpresen deslokalizazioa eragoztea da, enplegua babesteko, konpainiek lurraldearekiko izan behar duten erantzukizuna eta konpromisoa indartuta. EH Bilduk proposatu duen legearen arabera, instituzioek deslokalizazio kasu baten aurrean dagoela egiaztatuz gero, enpresak azken 10 urteotan jasotako diru-laguntza publiko guztiak itzuli beharko lituzke. Casanovaren hitzetan, “hala, enpresek bi aldiz pentsatuko dute euren produkzioa kanpora eraman aurretik; diru-laguntza publikoak jasotzearekin batera enpresek lurraldearekiko konpromiso bat hartu behar dute, laguntza horiek ezin baitira erabili epe laburreko operazio espekulatiboak egiteko”.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea lege proposamen hau komunikabideei aurkezten

Legebiltzarkideak azpimarratu du ekimen honen bitartez EH Bilduk “legedian dagoen hutsune bat bete” nahi duela, enpresen deslokalizazioa arazo bat delako eta administrazioek tresna gehiago behar dituztelako fenomeno horri aurre egiteko. Azaldu duenez, Bizkaiak helburu horrekin onartu zuen foru arau bat 2007an, baina Erkidego mailan ez dago parekorik. Hori dela eta, EH Bilduk beharrezkotzat jo du EAE osoa barne hartuko duen legea onartzea.

Casanovak deslokalizazioen ondorio latzez ohartarazi du, eta gogora ekarri du General Electric-en kasua, Ortuellan 134 lanpostu galtzea ekarri zuena. Halaber, azaldu du Bizkaiko Aldundiak 2007ko foru araua baliatu zuela Incoesa eta Siban enpresei diru-laguntzak itzul zitzatela eskatzeko, eta “Siban-en kasuan deslokalizazioa neutralizatzea lortu zuen horrela”. Azken kasu honek, erantsi du Casanovak, frogatzen du EH Bilduk proposatzen duena bezalako legeak eraginkorrak direla.

Legebiltzarkideak, azkenik, EH Bilduren ekoizpen legegilea nabarmendu du, “Jaurlaritzaren pasibotasunarekin kontrastatzen duena”. Izan ere, “gaurkoarekin sei dira azken bolada honetan proposatu ditugun legeak: kontratu publikoetan klausula sozialak txertatzeko, euskara ikastearen doakotasuna bermatzeko, indarkeria matxista kasuetan zaintza partekatua eragozteko, ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko eta merkataritza gune handi gehiagoren irekiera mugatzeko”.

 

Herri askea, bidezkoa eta demokratikoa eraiki nahi dugu, herritar guztiei eskubide eta askatasun guztiak bermatuko dizkiena, herritar klasearen interesak eta gizarte ongizatea babestuko dituena.

Horregatik, EH Bilduk konpromiso hauek hartzen ditu:

Euskal gizarteari dagokion autodeterminazio eskubidea egikaritzea defendatzea, konponbide demokratiko gisa euskal gizartearen gehiengo zabal batek babesten duen erreferendum baten bitartez.

Espainiako estatuak eta bere alderdiek gure autogobernuaren eta bere tresnen aurka egiten dituzten arazoen aurrean defendatzea. Oraindik eskuz aldatu ez diren eskumen guztien transferentzia exijituko dugu, negoziaziaziorik eta trukean ezer eman gabe, EAEko eta Nafarroako gizartearen eskubideak ez direlako negoziatzen, bete egiten dira.

(EAEko eta Nafarroako gizartearen gehiengoaren borondatea errespetatuta), Espainiako eskuinak geratzeko konpromisoa hartzen dugu, inboluzio demokratikoari, birzentralizaziorari eta Eskuinarekin akordiorik ez egiteko konpromisoa hartzen dugu, eta euskal herritarren eskubideak eta askatasunak defendatzen dituzten euskal alderdiei zabaltzen diegu gure konpromisoa.

Euskal presoen eskubideak defendatzeko konpromisoa hartzen dugu, sakabanaketarekin eta salbuespeneko neurri guztiekin amaituz eta guztiak etxean egoteko lan eginez.

Askatasunen defentsa, 78ko Errejimenari aurre egiteko, Errejimenetik eratortzen diren errepresio politiko eta soziala eta askatasunen murrizketari aurre eginez. Indar polizialen inpunitatearekin, epaiketa politikoekin eta epaileen eta epaitegien mendekuarekin amaituz, ustelkeria sistematikoarekin amaituz eta elite ekonomikoen eta IBX35-aren interesei aurre eginez, beren Erregearen eta Erret Etxearen aurrean gure izaera errebeldea adieraziz.

Herritar klasearen eskubideen babesa eta defentsa, hauen bizitzak hobetzeko eta duintzeko ekimena hartuz. 1.080 euroko gutxieneko pentsioak exijitzeko eta KPIra legez egokitzeko konpromisoa hartzen dugu; prekarietatearekin amaitzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta lan harremanetarako euskal esparrua defendatuz.

Egiturazko indarkeria matxistarekin amaitzeko lan egingo dugunaren konpromisoa hartzen dugu, Espainiako Justiziak erasotzaileei eskaintzen dien babesari aurre eginez, eta lan eremuan, arlo sozialean eta ekonomikoan egiazko berdintasuna sustatzeko neurriak bultzatuz.

PSOEk eta PPk bultzatutako lege antisozialak bertan behera uzteko konpromisoa hartzen dugu: lan erreformak, pentsioen erreformak, mozal legea, LOMCE, 135 eta 155 artikuluak, Egonkortasun Legea.

Erabateko gardentasunarekin aritzeko konpromisoa hartzen dugu, erabat zabaldua dagoen ustelkeriari aurre eginez. Jatorria edozein dela ere, kasu guztiak salatu eta erantzukizunak eskatuko ditugu. Ustelkeriagatik zigortutako alderdiek diru-laguntza publikorik ez jasotzea proposatuko dugu.

Euskal Errepublika defendatuko dugu, herritar orok bere eskubideak babestuak izango dituen etorkizun librea, demokratikoa eta bidezkoa eraikitzeko berme gisa.

 

 

Datorren otsailaren 27an Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zenetik 43. urte beteko dira eta EH Bilduko ordezkaritza saharar lurraldeetan izan da urteurren honen ospakizunetan parte hartzen. Beti bezala, EH Bilduk bere elkartasun internazionalista helarazi nahi izan dio kolonialismoa eta zapalkuntza pairatzen jarraitzen duen saharar herriari. Bestek beste, Unai Urruzuno legebiltzarkidea, Lorena Lopez de Lacalle Arabako EH Bilduko ordezkaria eta Arantza Urkaregi Bizkaiko batzarkidea izan dira saharar lurraldeetan.

EH Bilduko ordezkaritza Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren urteurreneko ospakizunetan

Lotsagarria da XXI. mendean oraindik Marokoar estatuak martxan duen errepresio eta zapalkuntza estrategiaren aurrean (okupazioa, eskubide zapalketa ikaragarriak, atxiloketa politikoak, desagerketak, lotsaren harresia etab.) komunitate internazionalak (NBE, Europar Batasuna...) mantentzen duen jarrera axolagabea.

Saharar Errepublikak duen autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aldarrikatzen dugu, bada garaia kolonizazioarekin bukatzeko. Zentzu horretan, nazioarteko zuzenbidean jasotako jurisprudentzia betez, saharar herriari hitza eman eta erreferendum bat antolatzen laguntzeko eskaera egiten diegu Europar Batasunari eta Nazio Batuen Erakundeari.

Kolonialismoarekin amaitu! Sahara askatu!

 

 

 

Euskaltelen kontrola Euskal Herritik kanpo geratu izana gaitzetsi du EH Bilduko legebiltzarkide taldeak.

Zegonak ez zukeen Euskaltelen kontrola eskuratuko eta enpresaren erabakiguneak ez leudeke arriskuan, Lakua eta Kutxabank desinbertsio prozesu batean sartu ezean. EH Bilduk ekimen sorta iragarri du Lakuak esku hartzeko. “Gobernu serioek enpresa estrategikoak babesten dituzte”.

Zegona inbertsio funts britainiarrak Euskaltelen kontrola eskuratu izana hain da larria eta arriskutsua euskal ekonomiarentzat, ezen EH Bilduk Legebiltzarrak Jaurlaritzaren jokaera gaitzestea proposatu baitu, “Urkullu buru duen Gobernuaren utzikeriak, arduragabekeriak eta inakzioak ahalbidetu dutelako Zegonaren operazioa”, Iker Casanovak salatu duenez. “EH Bilduk zortzi aldiz ekarri du gaia Parlamentura eta lehen momentutik ohartarazi zuen gerora errealitate bilakatu den arriskuaz, eta Jaurlaritzak bere lana arduraz egin balu, gaur Zegonak ez luke Euskaltelen kontrola izango eta inork ez luke hitz egingo enpresaren egoitza eta erabakiguneak Euskal Herritik kanpora eramateko arriskuaz. Patronalak berak ohartarazi du euskal ekonomiari sekulako kaltea egingo liokeen arrisku horretaz eta, are gehiago, berretsi du EH Bilduk behin eta berriz egin duen salaketa, alegia, Jaurlaritzak eta Kutxabankek Euskaltelen burutu duten desinbertsio prozesua dagoela afera honen jatorrian”.

zegona

 

Horri jarraituz, Casanovak gogor kritikatu du Euskaltel auzian Lakuako eledun Josu Erkorekak emandako erantzuna. “Benetan larria eta penagarria da, eta euskal herritar guztiak kezkatu beharko lituzke, Urkulluren Gobernuak eskaintzen duen konponbide bakarra izatea adi egotea eta begira jarraitzea, inolako neurririk proposatzeko kapaza izan gabe, eta hori Jaurlaritza bera denean hein handi batean Zegonaren operazioaren errudun nagusietariko bat, bere garaian Euskaltelen zituen akzioak saldu zituelako eta gero, konpainiaren kontrola Euskal Herrian mantentze aldera, akzioak berriz erosteari uko egin diolako EH Bilduk hala proposatu duenean. Gobernu serio batek bere herriko enpresa estrategikoak defendatzen ditu eta, Jaurlaritzak hala egiten ez badu, ondorioztatu behar dugu ez gaudela gobernu serio baten aurrean”.

Hori dela eta, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztuko du Legebiltzarrak EAJ-PSE Gobernuaren kudeaketa arduragabea gaitzetsi dezan eta Lakuari neurri zehatzak hartzeko –Euskaltelen akzioak erosteko– eska diezaion, Zegonaren operazioaren ondorio kaltegarriak ezerezean uzteko. Zehazki, Casanovak azken urteotako desinbertsio prozesua irauli beharra aldarrikatu du. “Jaurlaritzak, Kutxanbankek zein azken honen jabe diren hiru Banku Fundazioek estrategikoak diren enpresetan inbertsio politika esanguratsu eta iraunkorra garatu behar dute enpresa horien lurraldearekiko atxikimendua eta erabakimena bertan dagoela ziurtatzeko eta eredu produktibo propio sendo, osasuntsu eta jasangarria garatzeko”.

Halaber, legez besteko proposamenetik harago, EH Bilduk kontuak eskatuko dizkie Legebiltzarrean Urkullu lehendakariari eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuari, eta Euskaltel, Kutxabank eta Kutxa, Vital zein BBKren fundazioetako presidenteen agerraldiak ere galdegingo ditu.

 

Kontratazio publikoetan 1.200 euroko soldatak bermatzea gutxieneko baldintza da kalitatezko enplegua sustatzeko, Urkulluren Gobernua ordea, prekarietatearen sortzaile bilakatu da eta, are okerrago, uko egiten dio joera zuzentzeari.

EH Bilduk kontratazio publikoetan klausula sozialak arautzeko lege proposamena aurkeztu zuen urtarrilean, Administrazio Publikoa kalitatezko enpleguaren sortzaile izan zedin, baina Jaurlaritza berau tramitatzearen aurka agertu da gaur. Finean, Urkullu buru duen Gobernuak kontratazio publikoa prekarietatea areagotzeko erabiltzen jarraitzeko borondatea adierazi du erabaki horrekin.

Larraitz Ugarte (EH Bildu) Gasteizko Legebiltzarrean gai honi buruzko azalpenak ematen

EH Bilduk proposatzen duen legeak ekarriko luke, besteak beste, kontratazio publiko guztietan 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea, onartezina delako Administrazioak ontzat ematea hark kontratatutako enpresa askotako langileek baldintza guztiz prekarioetan aritu behar izatea. Kalitatezko enplegua sortu eta sustatu beharrean, euskal administrazioak prekarietatearen sustatzaile bilakatu dira, azpikontratazioa kostuak murrizteko erabiltzen baitute, eta beti langileen lepotik. Hori da hain justu EH Bilduren lege proposamenak zuzendu nahi duena, langile horien guztien lan baldintzak Jaurlaritzaren ardura ere badirelako.

Jaurlaritzaren iritziak iritzi, EH Bilduk lege proposamena eramango du Legebiltzarreko Osoko Bilkurara, PNVk eta PSEk tramitera onartuko dutelako esperoan, tramitazioak izan ditzaketen zalantzak uxatzeko eta legearen edukiak adosteko aukera eman dezakeelako.

 

Maddalen Iriartek kexa formala helarazi dio Legebiltzarreko Mahaiari PPko legebiltzarkideek atzo Arzuagaren berbaldia eragotzi zutelako oihu eta irainen artean.

“Zigorgabetasuna nahi dutenei aurre egitea obligazio demokratikoa da eta Mahaiak Arzuaga babestu behar du atzodanik jasotzen ari den irain eta mehatxuen aurrean”.

EH Bilduk protesta formala helarazi dio Legebiltzarreko Mahaiari, Estatuaren biktimak aitortzeko legearen eztabaidan atzo “Julen Arzuagak jasan behar izan zuena onartezina delako”, Maddalen Iriartek salatu duenez. “Hitza hartu eta berehala, PPko legebiltzarkideak keinuka altxatu eta normaltasunez jarraitzea galarazi zioten oihu eta irainen artean, Legebiltzarreko presidentearen inakzioa baliatuta”. Bada, “Mahaiari dagokio orain, PPren jokabidea dela eta, Erregelamenduan aurreikusitako zehapen neurriak hartzea, eta hala eskatu diogu”.

PPk gonbidatuta, Ganbaran izan ziren Jusapol sindikatu polizialaren ordezkarien aurkako zehapen neurriak ere eskatu ditu EH Bilduk, “haien mehatxu eta mespretxu keinuak nabarmenak izan zirelako hasieratik eta eztabaida politikoa eragotzi zutelako”. Halaber, azaldu du Iriartek, “Mahaiak babes eta elkartasuna adierazi behar dio Arzuagari atzodanik sare sozialen bidez etengabe jasotzen ari den irain eta mehatxuak ezin direlako onartu parlamentu batean”.

PPko legebiltzarkideak Julen Arzuagaren auka oldartuta

EH Bilduko bozeramailearen iritziz, “Estatuaren biktimak umiliatzen dituztenei, krimen izugarriak egin dituzten polizia eta guardia zibilen zigorgabetasuna nahi eta eskatzen dutenei, aurre egitea obligazio demokratikoa da, eta horixe da Julen Arzuagak egin zuena. Jusapol bezalako elkarteei tinkotasun osoz esan behar zaie Estatuaren biktimek ere, gainerako guztiek bezala, egia osoa, justizia eta erreparazioa merezi eta behar dutela, eta penagarria da atzo onartu zen legea bide horretan motz geratzea. Hala ere, argi izan dezatela guztiek EH Bildu tematurik dagoela bide horretan eta lanean jarraituko duela biktima horiei ere justizia eta erreparazio osoa eman arte”.

 

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Osasun sailburuak ezin dio karguari eutsi fiskalak oposizioetan delitu zantzuak aurkitu ostean. “Darponek berak dimisioa eman ezean, Urkulluk kargutik kendu beharko du”. EH Bilduk ikerketa batzordea eskatu du berriz Legebiltzarrean.

EAEko fiskalburuak sekretuak ezagutarazteko delitu zantzuak aurkitu ditu Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan eta, hori horrela, Jon Darpon Osasun sailburuak dimisioa eman behar du berehala, Rebeka Uberaren iritziz. “Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoa iruzur handia, sekulako maula izan da azterketak egin zituzten milaka pertsonentzat ez ezik, gizarte osoarentzat ere, eta horren arduradun politiko nagusia Osasun sailburua da. Orain arte, Darpon ezkutatu egin da Osakidetzako zuzendari ohiaren dimisioaren eta Giza Baliabideetako zuzendari ohiaren kargu-uztearen atzean, baina hori amaitu zaio. Bada garaia dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko eta dimisioa emateko, eta egiten ez badu, lehendakariak izan beharko du kargutik kenduko duena. Jaurlaritzak mezu argia helarazi behar dio gizarteari, zintzotasun eta garbitasunaren mezua, hain zuzen ere. Argi utzi behar du praktika ustelak ordaintzen direla, eta hori bateraezina da Darponek sailburu karguari eustearekin”.

Rebeka Ubera (EH Bildu) Gasteizko legebiltzarrean

EH Bilduk salatu duenez, irregulartasunen jatorria EAJren Giza Baliabideetako politika ereduan dago. “Eredu opakua da, lagunkerian eta klientelismoan oinarritzen dena, eta urte askoren buruan argitara atera eta azaleratu da. Osakidetzako oposizioetan gizartea iruzur handi baten biktima izan da, eta PNVk azalpenak eman behar ditu orain”. Horri jarraituz, Uberak ezinbestekotzat jo du Legebiltzarrean ikerketa batzordea sortzea, Osakidetzako lan eskaintza publikoan gertatu diren irregulartasunak argitzeko eta ardura politikoak garbitzeko. EH Bilduk gaur bertan erroldatu du eskari hori eta Uberak gainerako taldeen babesa jasotzea espero du. “Aurrekoan PNV, PSE eta PPk atzera bota zuten ikerketa batzordea sortzeko proposamena, baina oraingoan berdin ez jokatzea espero dut, fiskalaren txostena ezagutu ostean inork ez lukeelako ulertuko”.

Halaber, lan eskaintza publikoen eredu berriaren oinarriak ipini behar dituen lantalde parlamentarioa aktibatzearen garrantzia azpimarratu du Uberak, “oposizioetan gardentasuna eta aukera berdintasuna bermatzeko”.

Kontratazio publikoetan 1.200 euroko soldatak bermatzea gutxieneko baldintza da kalitatezko enplegua sustatzeko, azpimarratu du EH Bilduk.

EH Bilduk kontratazio publikoetan klausula sozialak arautzeko lege proposamena jarri du gaur mahai gainean Legebiltzarrean Administrazioaren kontratazio guztietan lan baldintza duinak bermatzeko. Larraitz Ugartek azpimarratu duenez, Jaurlaritza ezin da izan prekarietatea areagotzen duena, berari kalitatezko enplegua sortu eta sustatzea baitagokio. Hala ere, EAJ eta PSE gobernukideek eta PPk EH Bilduren proposamena tramitatzearen aurkako boza eman dute eta, Ugartek salatu bezala, prekarietatea sustatzen jarraitzeko borondatea agertu dute finean.

Legebiltzarkideak azaldu duenez, EH Bilduren lege proposamenak kontratazio publiko guztietan 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea planteatzen du, gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, datu ekonomikoak eta bizi maila kontuan hartuta, horixe delako “gutxieneko duintasuna bermatzeko soldata”.

Imagen relacionadaLarraitz Ugarte EH Bilduren proposamena defendatzen Gasteizko legebiltzarrean

Ugartek gogora ekarri du 55.000 pertsonak lan egiten dutela, zuzenean edo zeharka, administrazio publikoentzat eta, horren ildotik, erantsi du administrazioen ardura dela enpresa pribatuek ezartzen dituzten lan baldintzak eta diru publikoarekin ordaintzen dituzten soldatak zaindu eta arautzea. “Ez dugu bi erritmotako administrazio bat nahi, administrazio bat non funtzionarioen lan baldintzak errespetatzen diren eta, paraleloan, pribatizatutako administrazio bat non lan baldintzak prekarioak diren eta horren aurrean Jaurlaritzak muzin egiten duen”.

 

PNV-PSEren koalizioak gidatutako Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu duen Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, “Open minded governance for your future” (euskaraz “gogo irekiko gobernantza zure etorkizunarentzat”) izeneko jardunaldia egiten ari dira Donostiako Tabakaleran. Ekitaldia hasi baino lehen hainbat langilek protesta egin dute eraikinaren barruan.

Hainbat langilek Tabakalerako sarrera nagusiko eskaileretan protesta egin dute (argazkia: Bitartekariak Martxan).

Hainbat langilek Tabakaleraren sarrera nagusiko eskaileretan eserialdia egin dute astelehen honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan antolatu duen jardunaldia hasi aurretik.

Horietako askok euren suhiltzaile uniformea zeukaten jantzita eta Iñaki Igerategi euskal preso ohiari bere lanpostura itzultzeko eskubidea urratu diotela salatu dute.

Bertan ziren Tabakalerako Ubik sorkuntza-liburutegiko bitartekariak ere. Bi hilabete daramatzate greban euren lan-baldintzetan zenbait hobekuntza eskatuz eta lan-gatazka hori ez konpontzearen erruz, zentro kulturaleko liburutegia itxita dago greba hasi zenetik.

Langileekin batera, hainbat ordezkari sindikal ere egon dira protesta ekintzan, ELA, LAB eta CCOO sindikatuen banderekin.

Ubikeko bitartekariek sare sozialetan salatu dutenez, jardunaldirako izena emana zuten arren ez diete sartzen utzi eta Ertzaintza bidali dute protesta egiten ari ziren lekura.


EH Bildutik gure elkartasun eta babes osoa eskaini nahi diegu lan baldintza duinen alde borrokatzen ari diren Tabakalerako Ubik sorkuntza-liburutegiko bitartekariei (bi hilabete daramatzate greban) eta Iñaki Igerategi lankidearen lanerako eskubidea defendatzen ari diren suhiltzaileei. Animo eta eutsi gogor!

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko PNV eta PSEko politikarien jarrera arduragabe, oztopatzaile eta zapaltzailea salatzen dugu. Aldundiaren ardurapeko zerbitzu publikoetan ematen ari diren lan gatazken aurrean beste alde batera begiratzen ari dira, ostrukarena egiten, Aldundiak zer ikusirik izango ez balu bezala. Lotsagarria da Aldundiko arduradun politikoek zerbitzu publikoetako langileen lan-baldintzen aferan erakusten ari diren axolagabekeria. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariei, lan gatazka hauek konponbidean jartzeko helburuarekin, langileekin biltzeko, soluzioak proposatzeko eta bere ardurei heltzeko eskaera egiten diegu.  

 

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: