Laburrak

EH Bilduk elkartasuna adierazi nahi dio saharar herriari eta bere askatasunaren alde borrokatzen duen erresistentzia mugimenduari.

Atzo ezagutu ziren Marokok Gdeim Izik kanpalekuan parte hartzeagatik preso dauden militante sahararrei ezarritako zigor handiak. Zigor gogorrenak 7 lagunei ezarri zaizkien biziarteko kartzela-zigorrak eta beste 13ri ezarritako 20-30 urteko zigorrak dira. Bi libre gelditu dira ezarritako 6 urteko zigorra dagoeneko gaindituta dutelako. Euskal Herrian ondo baino hobeto ezagutzen dugu justiziaren erabilera errepresio politikorako erabiltzea zer den. Ez dugu urrutira joan behar, oraintxe bertan mahai gainean dugu adibidez Altsasuko gazteen aurkako eskaera fiskal neurrigabea. Horrexegatik bere eskubideen alde borrokatzen duen Sahara bezalako herri batek horrelako eraso errepresiboak jasaten dituenean, gureak egiten ditugu beraien mina eta amorrazioa.

EH Bilduk sententzia eta zigor hauen aurrean zera adierazi nahi du:

Gure elkartasuna Saharar herriari eta bere askatasunaren alde borrokatzen diren militante guztiei. Zuekin gaude!
Marokok egindako epaiketa salatu nahi dugu, nazioarteko hainbat eta hainbat erakundeek egin duten bezala. Epaiketa fartsa bat izan da, sahararren erresistentziaren aurkako epaiketa politiko-errepresiboa.
Nazioarteko begiraleek esan bezala, irregulartasunez beteriko epaiketa izan da, zigor gogorrak bilatzen zuena soilik. Garbi dago saharar erresistentzia zigortzeko, ahultzeko eta txikitzeko sententzia bilatzen zutela marokoar agintariek. Gorrotoan oinarritutako eta izua zabaltzeko epaiketa bat izan da.
Epaiketan garbi gelditu da torturapean lortutako deklarazioak izan direla erabilitako froga bakarrak. Presoek ez zuten ezagutzen beraiei zegokien sumarioek zer jasotzen zuten. Metodo hau ezaguna egiten zaigu. Amnistia International, Human Rights Watch, Centro Robert F. kennedy, Acción de los Cristianos para la Abolición de la Tortura eta torturaren aurkako beste hainbat nazioarteko erakundek salatu zituzten tortura kasu argi hauek, guk gogor eta tinko salatzen ditugun moduan.
Konbentzituta gaude Saharak bere herriaren askatasuna lortuko duela, Euskal Herriak lortuko duen bezalaxe. Bidean horrelako eraso eta injustiziak sufritu beharko ditugu baina askatasun bide horretan bidelagunak izango gara, eta gure elkartasun politikoa eta laguntza eskaintzen jarraituko dugu beti.

Gora Sahara askatuta! Autodeterminazioa!

Pasa den asteartean abiatu zuten greba Iruran kokatuta dagoen Euskal Forging lantegiko langileek. Enpresako lan hitzarmena berritu gabe dute 2015etik eta pasa den urteko urrian hasi zituzten negoziazioek ez dute emaitza onik izan. Lantegi honetan guztira 43 langile ari dira lanean.

Euskal Forgingen haize errotetarako eraztunak egiten dituzte eta enpresak 48 langileko beste lantegi bat du Sestaon. Langileen ordezkariek 2016ko urrian hasi zituzten negoziazioak enpresa jabeekin eta orain arte ez dute inolako adostasunik lortu. 2015eko abendutik hitzarmenik gabe aurkitzen dira, guztira 500 egunetik gora! Langileek eskatzen dituzten hobekuntzak hiru multzotan banatu dituzte: soldaten igoera, ezgaitasun egoeran daudenentzako baldintza hobeak eta hobekuntza sozialak hitzarmena bera egonkortzeko. ELA sindikatuko ordezkaria den Leire Gallegok azpimarratu duenez, "soldata igoeran jarri dute enpresa jabeek eragozpen gehien, ez dituzte igoera horiek kontsolidatu nahi".

Greba mugagabera jotzea erabaki dute langileek eta pasa den asteartetik borrokaldi fase batean murgildu dira. Aipatzekoa da langileek aho batez hartu zutela grebara joateko erabakia. Egun hauetan mobilizazioak egiten ari dira Irurako lantegi aurrean eta manifestazioak goizetan Katategi industriagunean, modu horretan enpresaren jabeak berriz ere negoziatzera behartu nahi dituzte.


Amasa Villabonako EH Bildutik elkartasun eta babes mezua helarazi nahi diegu borrokan ari diren Euskal Forging-eko langileei, bai Irurakoei eta baita Sestaokoei ere. Ez da inondik inora onargarria lan hitzarmenik gabe 500 egunetik gora egotea eta ondorioz guztiz logikoa ikusten dugu langileek hartu duten greba eta mobilizazioak egiteko erabakia. Langileek mahai gainean jarri dituzten eskakizunak bidezkoak direla eta enpresa jabeek ez negoziatzeko hartu duten jarrera berriz, guztiz salagarria dela uste dugu. Lan baldintza hobeak borroka eta negoziazioen bidez lortu izan dira ia beti eta normalean enpresa jabeek ez dute ezer "oparitzen", beraz animoak eta indarrak eman nahi dizkiegu langileei, borrokaren bidez lortuko duzue!. Azkenik, negoziazio mahaian esertzeko eta langileen eskakizunak kontuan hartzeko deia luzatzen diegu enpresa jabeei.

Eredu fiskal justuaren alde egiten du EH Bilduk, klase ertain eta langileak arinduko dituena eta enpresa eta fortuna handietan pisua jarriko duena

Zerga erreformarako bere proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk pasa den uztailaren 13an Gasteizen egindako agerraldian. Bertan Leire Pinedo zerga politikarako idazkaria, Kike Fernandez de Pinedo Arabako batzarkidea, Arantza Urkaregi Bizkaiko batzarkidea eta Xabier Olano Gipuzkoako batzarkidea izan ziren. Leire Pinedok azpimarratu zuenez, “eredu fiskal justua nahi dugu, klase ertain eta langileak arinduko dituena eta enpresa eta aberastasun handietan pisua jarriko duena. Era horretara, gure ongizatearen eta zerbitzu publikoen pisua ez da soilik gure bizkar gainean egongo, eta orain arte ia ekarpenik egiten ez duten horiek gizartearekiko duten erantzukizuna bete beharko dute”.

Pinedoren hitzetan, proposamen guztiz irekia da aurkeztutakoa. Izan ere, zerga politikaren inguruko eztabaida gardena egin nahi du EH Bilduk herri honetako eragile ezberdinekin. Hain justu, gaur aurkeztutako proposamena esku artean dute jada eragile sindikalek, sozialek, enpresarialek eta politikoek. “Alderdietako zuzendaritzek patronalarekin gela ezkutuetan egindako akordioekin amaitu behar da, eta gutako bakoitzak beren proposamenak aurkeztu ahal izango dituen debate garden bat gauzatu behar da”, nabarmendu zuen Leire Pinedok.

EH Bilduren proposamenak hiru ardatz nagusiren erreforma jasotzen du: Sozietateen Zerga, Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko Zerga eta iruzurraren aurkako borroka.

Sozietateen Zerga: Dagokiena ez ordaintzeko enpresa handiek eskura dituzten zulo edo dedukzioak kendu nahi ditu EH Bilduk. Izan ere, gaur egun enpresa handiek %2 eta %7aren artean ordaintzen dute, nahiz eta beraien tipoa %26koa izan. Era horretara, egiazko tipoa, egiten duten ekarpen erreala, ezarritako tipoetara ahalik eta gehien hurbiltzea da helburua. “Gure asmoa ez da gure ehun enpresarialari eta produktiborari kalte egitea, kontrakoa, bultzatu nahi dugu. Ez dugu exijitzen gehiago ordaintzea, baizik eta dagokiena ordaintzea, gutako bakoitzak egiten dugun moduan”, azpimarratu zuen Pinedok
Aberastasun eta Fortuna Handien Gaineko Zerga: Gipuzkoan ezarritako zergak instituzio eta Europako herri askotan goraipamenak jaso dituela esan zuen Pinedok. Zerga honek herritarren %1ari baino ez dio eragingo, hau da, aberatsenei. “Zentzuduna dela iruditzen zaigu”.
Zerga iruzurraren aurkako borroka: Hainbat neurri proposatzen ditu EH Bilduk. Besteak beste, ikuskaritzetarako baliabide gehiago jartzea eta iruzurraren eta elusioaren aurkako behatokia sortzea. Adituek diotenez, EAEn bakarrik iruzurra 2.500 milioi euro baino gehiagoko da. Iruzur hori enpresa eta fortuna handiek eragiten dute batez ere, euskal ogasunek duela astebete publiko egindako zerrendetan agerian geratu zen bezala. Iruzur horretako dirua berreskuratzeak ehunka milioiko ekarpena suposatuko luke altxortegi publikoarentzat.
PFEZ. Errenta altuenentzako bakarrik proposatzen dugu tipoa aldatzea, 49tik 50era.

EH Bilduko zerga politikorako idazkariak azpimarratu zuenez, “langile klaseari ez liokee eragingo erreforma honek. Aitzitik, gehien duten herritarrak eta irabazi handienak dituzten enpresak izango dira dagokien ekarpena egitera behartuta egongo direnak eta, era horretara, diru-bilketa nabarmen handituz”.

Amaitzeko, EAJk eta PSEk aukeratu beharko dutela adierazi zuen Pinedok. “PPrekin eta eskuineko beren politikekin bat egin huts egin duen eredu fiskala berriro ezartzeko; edota gehiengo sozialarekin, sindikalarekin eta politikoarekin eredu berri progresiboago, ekitatibo eta justua adostu”.

 

EH Bilduk PSEri dei egin dio autogobernua eguneratzeko ponentzian erabakitze eskubidea aldarrikatzen duen gehiengo politikoarekin bat egiteko.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi berriak Espainia nazioen nazioa dela onartuz azken boladan egin dituen adierazpenen harira, Maddalen Iriartek PSEri gogorarazi dio gaur Legebiltzarrean naziotasuna onartzeak erabakitze eskubidea onartzea dakarrela berez, eta dei egin dio autogobernua eguneratzeko ponentzian euskal jendartearen erabakitze eskubidea aldarrikatzen duen gehiengo politikoarekin bat egiteko, estatus politiko berria adostearren. “Nazio bat existitzen dela onartzen baduzue, halabeharrez onartu behar duzue bertako herritarrek izan behar duten erabakitzeko eskubidea”.

Hala ere, EH Bilduko bozeramaileak PSEren jokabidearekin ez duela konfiantzarik aitortu du, nazio kulturala bezalako eufemismoak erabiltzen dituelako “betiko jakobinismoa ezkutatzeko” eta “Legebiltzar honetan gehiengoak aldarrikatu dugunari muzin egiteko”. Horri jarraituz, PSEri gogorarazi dio haren alderdikideak UPN, PP, Vox eta Falangearekin batera atera direla manifestazioan Iruñean.

Marian Beitilarrangoitia EH Bilduk Madrilgo kongresuan duen diputatuak adierazi duenez, Rajoyren gobernuak onartutako gastu sabaiaren aurkako botoa emango dute EH Bilduko bi ordezkariek. “Madrilek erabakitzen duelako zenbat zorpetu gaitezkeen, eta ez du kontuan hartzen zein den aurre egin behar diogun egoera ekonomiko eta soziala”.

Diputatu subiranistak salatu du Espainiako Gobernuak zorpetzeko gero eta aukera txikiagoa uzten diela erkidegoei eta udalei. “Eta, hain justu, erkidegoak eta udalak dira inbertsio sozial handiena egiten ari direnak, gizarte kohesioa bermatu behar dutenak, tokian tokiko ehun produktiboa bultzatu behar dutenak, langabeziari aurre egiteko jarduera ekonomikoa lagundu behar dutenak eta gehien behar dutenei lagundu behar dietenak”.

Horren guztiaren aurrean, estatuak defizit osoa bere baitan hartzen duela agertu du Beitialarrangoitiak. “Defizita ordaintzea, politika sozialen aurretik jartzen du PPk”.

Rajoyren gobernuak onartutako gastu sabaia azken urteetako austeritate politiken jarraitzea dela esan du EH Bilduren diputatuak. “Defizitaren kontrola lehenesten dute eta ez diete aurre egiten bizi dugun errealitate sozialari”


PNVk berriz PPren gobernuaren gastu sabaiaren aldeko bozka ematea erabaki du

Jeltzaleek "koerentzia eta arduragatik" egingo dutela azaldu dute, "Euskadirentzat positiboa" izango dela argudiatuz. 2017ko estatuko aurrekontuen bozketan gertatu zen bezala, PNVrekin batera, Madrilgo kongresuko eskuineko beste alderdiek; UPN, Ciudadanos, Foro Asturias eta Coalición Canaria-k, babestuko dute PPk ezarriko duen gastu muga. Oraingoan jeltzaleen babesarekin, Rajoyren gobernuak 2018-2020 urteetarako defizitaren eta zor publikoaren helburuak finkatuko ditu, eta azken urteetako austeritate eta murrizketen politikekin jarraitu ahal izango dute popularrek.

PNVko talde parlamentariotik azaldu dutenez, "gastu sabaiak ez du balio politikorik" eta "neurri tekniko hutsa da". Soraya Sáenz de Santamaría espainiar gobernuaren presidenteordeak positiboki baloratu du PNVren erabakia eta "aurrera urratsa" bezala definitu du, hurrengo urteko estatuko aurrekontuei begira.

 

Bizi guztia lanean eman eta gero, ordaindua edo ez, kotizatuta edo ez, erretiroa hartzerako garaian pertsona guztiek duintasuna merezi dutela uste dute Tolosaldean sortu berri duten jubilatuen eta pentsiodunen elkarteko kideek. Gipuzkoa mailako Duintasuna elkartearen haritik sortutako taldea da eta beste hainbat herritan sortutako elkarteekin batera egiten dute lan, Gipuzkoako Adineko Elkarteen Plataformako kide ere badirelarik.

Pasa den ostegunean egin zuten elkartearen aurkezpena, Tolosan, eta euren helburu nagusiak lau direla adierazi zuten: adineko eskubideak defendatzea; herri zein lurralde mailan adinekoen beharrei buruzko azterlanak egitea; euren errealitatea ezagutarazteko azterlan horien berri ematea; eta adinekoen egoera hobetzeko hainbat talde zein plataformetan parte hartzea. Era berean,Gipuzkoako Foru Aldundiari Gipuzkoako Adinekoen Foru Kontseilua martxan jarri dezala eskatu diotela jakinarazi zuten, baina oraindik erantzunik jaso gabe jarraitzen dutela.
Pentsiodunen eta jubilatuen elkartearen barruan, emakumeek protagonismo berezia dute gainera, eta taldearen barruan emakume taldea ere badago. Horiek horrela hiru dira lantzen dituzten gaiak: pentsioak, menpekotasuna eta fiskalitatea.

Taldea irekia dela esan du Nekane Berriotxoak eta aurrerantzean hainbat ekintza antolatzeko asmoa dutela. Lehena hitzaldi bat izango da. Maiatzaren 31n izango da, 18:00etan, Tolosako kultur etxean, eta Bizkaiko taldeko kide batek eskainiko du. Ostegunero 17:00etan Emeterio Arrese kalean dagoen, zentro sozialeko hirugarren solairuan biltzen dira, eta elkartean parte hartu nahi dutenei bertaratzeko deia egin diete.

Duintasuna elkarteko kideak anitzak direla nabarmendu dute eta norbanakoekin batera daudela LAB, ELA eta ESK sindikatuak.

Datozen hilabete eta urteetan honakoak izango dira Tolosaldeko zein Gipuzkoako Duintasuna taldearen helburuen zerrenda:

Duintasuna:

Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea.
Eusko Jaurlaritzari pentsiodunen Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eguneratu dezala, baina Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren igoera bera erabilita, hau da, legeak ezarritako %8a aplikatuta.
Progretsibitatea: Fiskalitatea progresibo baten aldekoak dira, pertsona heldu eta pentsionisten eskubide guztiak bermatzeko, hala beste herritar ororenak.
Segurtasun sistema eta babes soziala:

Osasun babesaren eskubidea, publikoa, kalitatezkoa eta doakoa izatea. Berrordainketarik (Copago bezala ezagutzen dena) gabe.
Laguntza geriatrikoa oinarrizko osasun sarean ematea.
Etxebizitzak:

Egokitutakoak. Etxeak eta hauetarako sarbideak egokitzeko administrazio publikoaren laguntzak.
Pentsioak bertatik kudeatu:

Kotizazioak zaindu eta geroko kudeaketa behar bezala egiteko erarik egokiena bertatik egiten dena dela diote. «Hemen kotizatu dugu, hemen bizi gara eta hemen bermatu nahi ditugu gure pentsioak eta babes sozialaren sistema bat, gure gobernu propio batean oinarrituta». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lortutako 71.724 sinadura aurkeztu dizkiote jada, Eusko Jaurlaritzari Gizarte Segurantza sistema propioa eskatuz.
Parte hartzea:

Adinekoei dagozkien gaietan euren iritzia aintzat hartzeko eskubidea dutela diote.
Pertsona Heldu eta Pentsionisten Babes Sozialerako politika publikoek haien onespena izan behar dutela aldarrikatzen dute.


Amasa Villabonako EH Bildutik ongi etorria eman nahi diogu Duintasuna jubilatu eta pentsiodunen elkarteari eta Tolosaldean ere elkartea sortu izana albiste positibotzat hartzen dugu. Bat egiten dugu elkarte honek mahai gainean jarri dituen helburu eta eskaerekin (guzti-guztiekin gainera) eta jubilatu eta pentsiodunek merezi duten bizitza duina izateko ezinbesteko baldintzak direla uste dugu. Duintasuna elkarteak egin duen bezala, EH Bildutik ere Gipuzkoako Adinekoen Foru Kontseilua martxan jartzea eskatzen diogu PNV-PSOEk gobernatzen duten Diputazioari. 

 

Altsasuko gazteen auzian Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak egindako zigor eskerak erabat arbuiatzen ditu EH Bilduk. Erabateko astakeria da eskaera, neurrigabekoa, eta horren atzean interes  bakarra dagoela uste dugu, interes politikoa. Halaber, guzti honen oinarrian muntaia polizial, judizial eta mediatiko lotsagarri bat dago.

Normalizazioaren eta elkarbizitzaren aldeko bere apustua berresten du EH Bilduk. Zentzu horretan, kasu honi ematen ari zaion tratamendua norabide horretatik aldentzen dela salatzen dugu. Egoera oso larri eta onartezin baten aurrean gaude. Altsasuko hainbat gazteren aurka 50 urteko espetxe zigor eskaera egin du Fiskaltzak, “terrorismoarekin” lotutako hainbat delituengatik; benetako eskubide estatu batean gertaera hauek liskar gisa hartuko lirateke, baina Espainian eta Auzitegi Nazionalean ez dago inolako eskubiderik, ezta justiziarik ere, mendeku gosea besterik ez.
Fiskaltzaren eskaera neurrigabea pairatzen ari diren pertsonei babes eta elkartasuna agertzen die EH Bilduk, eta oraindik ere espetxeratuta dauden Altsasuko hiru gazteak berehala aske uztea eta buru gainean duten mehatxu judiziala amaitzea eskatzen du.

Aiztondoko Denbora Bankuak antolatuta mota guztietako tresnak eta zerbitzuak trukatzeko aukera izan zen igandean Villabonako Berdura plazan.

Azoka tradizionaletik harago doa truke azoka, tresna edp gauzez gain, zerbitzuak elkar-trukatzeko aukera ere eskaintzen baitu. Horrez gain, denbora bankuaren inguruko informazioa ere eskaini zuten bertan. Euskal mitologiari buruzko hitzaldia ere izan zen eta ondoren, mahai ingurua, bertaratutakoen duda eta hausnarketei leku emanez. Eguna borobiltzeko, truke-bazkaria egin zuten.

Aiurri-k argitaratutako bideoa: Truke Azoka Villabonan


Amasa Villabonako EH Bildutik horrelako iniziatibak babestu eta indartu nahi ditugu. Gaur egungo kontsumo eredu kapitalista basatiak, kontsumismo itsuak, gure planetaren eta giza espeziea beraren etorkizuna kolokan jartzen ari den honetan, tresna, produktu edota zerbitzuen elkartrukea bezalako eredu alternatiboak beharrezkoak direla sinesten dugu. Zentzu horretan, truke azoka honen bultzatzaileei gure errekonozimendua eta babesa eskeini nahi diegu.

PPk salbu, beste talde guztiek bat egin dute, arrazoi humanitarioak direla eta. Barne ministroari kritika egin diote gehienez bi hilabeteko bizi itxaropena duten presoak soilik askatu behar direla esateagatik, horrela jokatzea legalitate eta gizatasun printzipioak urratzea litzatekeelako.

EH Bilduren legez besteko proposamen baten haritik, Legebiltzarra preso eriak kaleratzearen alde agertu da, arrazoi humanitarioek eta duintasun pertsonalak hala eskatzen dutelako. Zehazki, “eskumena duten agintariei eskatu die indarrean dagoen estatuko legedia eta nazioarteko estandar zorrotzenak aintzat har ditzatela gaixotasun sendaezin oso larriak dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzea eta espetxetik ateratzea ahalbidetzeko, arrazoi humanitarioak eta duintasun pertsonala dela eta”.

Julen Arzuagak adierazpen horren garrantzia azpimarratu du, “Gobernu espainolaren espetxe politika aldatzeko borrokan funtsezkoa delako indarrak batzea eta indar horiek gero eta anitzagoak izatea; hortaz, gaurkoa aurrerapauso handia da, PP salbu, beste talde parlamentario guztiok, EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSE, alegia, kapazak izan garelako ados jartzeko eta gaixorik dauden presoak aske gera daitezela elkarrekin galdegiteko”. Arzuagaren irudiko, “gizartean dagoen adostasuna politikara ere ekartzea lortzen ari gara eta norabide horretan jarraitu behar dugu lanean, denon artean PP eta Gobernu espainolaren diskurtsoa eta jarduna defendaezinak eta sostengaezinak izan daitezela lortu arte”.

PPk salbu, gainerako alderdiek adostutako proposamenak jaso bezala, Legebiltzarrak Gobernu espainolari eta Espetxe Erakundeari gogorarazi die preso guztien “bizitza, segurtasun eta osasun eskubideak” babestu behar dituztela, eta, ildo horri jarraituz, eskatu du Espetxe Erakundearen Idazkaritzaren 3/2017 instrukzioa indargabetzea eta Barne ministroak adierazitako irizpidea zuzentzea. Izan ere, gehienez bi hilabeteko epean hil egingo diren presoak soilik askatzeko irizpideak “legalitate eta gizatasun printzipioak urratzen ditu eta halako erabakia ustez hartu beharko luketen medikuen printzipio deontologikoen kontra doa”.

Errauste plantaren eta espetxe berriaren aurka egindako martxara erruz batu zen jendea larunbatean Zubietan. Obretarako atondu dituzten orubeetan sartzea lortu zuten manifestariek.

Hiru zutabetan banatuta martxak abiatu ziren Zubietako plazatik mendi aldera; helburua errauste planta eta makrokartzela egiteko erabili nahi dituzten orubeetara heltzea zen, bi egitasmo horien kontra jende asko ari da mugitzen Gipuzkoa osoan. Ofizialki errauste plantaren lanak abian dira hilaren 10etik, eta martxarekin protesten oihartzuna ozendu egin nahi izan zuten aurka dauden herri mugimenduko taldeek. Erraustegiaren Kontrako Mugimenduak deituta, azpiegituraren kontrako aldarrikapen eguna izan zen atzo Zubietan, eta arratsaldean Gipuzkoa Zutik mugimenduko kideek hartu nahi izan zuten lekukoa martxarekin. Eta segida izan zuen deiak. Martxak jendetsuak izan ziren eta obretako orubeetara heldu ziren. «Biziaren alde» daudela oroitarazteko keinuak egin zituzten han; makina batzuk pintatu egin zituzten, eta egitasmoaren arabera aurki porlan izango diren orubeak, haziz bete zituzten: «Arbolak haz daitezen. Biziaren sinbolo». Batez ere, irudia lortu zuten: zinetan indartsua. Buzo zuriz eta ileordez mozorrotutako jende talde handi obrak egingo diren tokian: protestan. Kea sorrarazteko suziriak ere piztu zituzten, errauste plantatik irtengo den kea irudikatzen. Orube horien goiko aldean jende asko egon zen obretan sartu zirenei sostengua ematen; txaloak, oihuak eta irrintziak izan ziren.

Tentsio uneak ere izan ziren ertzainekin, baina bakanak. Hori bai; drone bat etenik gabe ibili zen jendea zelatatzen. Gipuzkoa Zutik mugimenduko eledun batek, oso pozik zeudela onartu zuen atzo Zubietan, dena amaitu zenean: «Gaurkoa, bere handitasunean eta bere txikitasunean garaipen bat izan da». Antzeko ekintza gehiago izan daitezkeela esan zuen: «Bidea ikasi dugu».

Martxak deigarriak izan ziren. Hiru zutabetan banatuta jendea, zidorretan, mendiz. Mozorrotuta, festa giroa lehenetsi nahi izan zuten antolatzaileek, eta jende askok egin zien kasu horretan. Adin askotako jendea batu zen. Ume eta adinekoak baziren tartean. Jende ezaguna ere bazen. Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkidea esaterako. Familia giroan joan zen martxara, eta lanak hasita badaude ere, gera daitezkeela nabarmendu zuen EH Bilduko kideak: «Iruzur galanta da», ohartarazi zuen. Gipuzkoan birziklatze tasa hobera ari dela aintzat hartuta, erraustearen aldeko hautuari ez dio zentzurik ikusten. «Bi motibo besterik ezin daitezke egon horren atzean: egoskorkeria, edo interes ekonomikoak». Hain zuzen ere, egitasmoaren inguruko urrats asko «ilunak» izan direla deitoratu zuen. Proiektua «oso hasieran» dagoela uste du, eta oraindik egon daitekeela modua gerarazteko.

Zutabeek bat egin zuten tokian, Iñaki Usabiaga. 81 urte, eta martxan parte hartu zuen: sasoiko. «Zoragarri atera da dena, oso ongi; gazteek zuhurtzia handiz antolatu dute». Ezin, hala ere, gaiak sorrarazten dion mingostasuna bazterrean utzi. Urte asko dira borrokan, eta periodikoa leitzean gaiaren inguruan ikusten dituen absentziek, esaterako, ernegazioa eragiten diote. Ozen adierazi nahi du: «Esplikatu ezinekoa da nola ez zaion estaldura handiagoa ematen gai honi». Behin martxa amaituta, Zubietan, bi andrazko buzo zuriak eranzten: Ana Egaña eta Lurdes Lizaso. «Zestoatik gatoz». Gipuzkoako udalerri horretan ere —zehazki herriko harrobian— hondakinak biltzeko azpiegitura bat ipintzea proposatu zuten lehengo legealdian, eta egitasmo horren harira, gaia gertukoa zaie. Hondakinen kudeaketa lehen lerroko gaitzat dute, eta errausteak ekar ditzakeen arriskuen berri badute. «Gu horren aurka gaude». Esperantza dute: gera daitekeela esan du Egañak. «Masa mugitu behar da. Masa mugitzen bada, kasu egin beharko dute erakundeek».

WhatsApp Image 2017 05 27 at 21 25 461

Erraustegia egin nahi duten gunerako martxaren irudia, jendea ahoa estaltzeko maskarekin joan zen.

Martxaren inguruko oihartzuna mundu zabalean hedatu nahi izan zuten antolatzaileek —ez alferrik, Resistzubieta traola hautatu zuten sare sozialetan zabaltzeko—, eta mundu berri baten alde eraldaketa prozesuetan ari diren elkarte eta mugimendu gehiago ere erakarri zituzten protestara. Gasteizko Errekaleor auzoko ordezkariak izan ziren, esaterako, martxan parte hartzen, Eleak mugimendukoak, Fracking Ez taldekoak, Tosu Bizirik-ekoak... Obretarako atondutako orubeetatik alde egin aurretik, horietan bi arrasto utzi zituzten: Ez onartu erraustegia dioen pankarta, eta Mozal legearen aurka egiteko erabiltzen den ikurra. Protesta egin zuten tartean, makrokartzelaren aurkako pankartak ere zabaldu zituzten han batu zirenek.

 

Arnaldo Otegik bilera egin zuen atzo Montevideon Javier Miranda Fronte Zabaleko presidentearekin eta berau osatzen duten indar politikoetako nazioarteko gaietarako arduradunekin. Besteak beste, EH Bildu eta Fronte Zabalaren arteko harremanez jardun zuten bilera horretan.

CARIFAko arduradunek (Fronte Zabalaren nazioarteko taldea) EH Bilduko koordinatzaile nagusi aukeratu izana txalotu eta zorionak eman dizkiote Arnaldo Otegiri. Buruzagi subiranistak, bere aldetik, Euskal Herriko ezker subiranismoan irekitako eztabaida prozesua azaldu die buruzagi uruguayarrei.

uruguay bilera

EH Bilduko ordezkarien eta Uruguay-ko Fronte Zabaleko nazioarteko taldearen arteko bileraren irudia

Arnaldo Otegiren arabera, “bere ezaugarri bereziak direla eta, Uruguayko Fronte Zabala EH Bilduren erreferenteetako bat da”. Nabarmendu duenez, “komunismotik, sozialdemokraziatik eta asanblearismotik kristau demokraziara doan esparru ideologikoko hainbat alderdik osatzen duten mugimendu politikoa da Fronte Zabala, eta aldi berean, alderdietan afiliaziorik ez duten militante propioak dituena”. Ildo horretan, egunero-egunero adostasunak lortzeko Fronte Zabala osatzen duten indar politiko eta independienteek egiten duten ahalegina goraipatu du buruzagi subiranistak. “Pluraltasuna euren izaeraren ezaugarrietako bat da, EH Bildurena bezala. Mantendu behar dugun altxorra da hori”, esan du. Otegik bi mugimendu politikoen arteko harremana indartzeko EH Bilduren nahia adierazi die Fronte Zabaleko arduradunei.
Topaketa Montevideoko Euskal Etxean:
Otegi Montevideoko Euskal Etxeko kideekin bildu zen gauez. Euskal Erria-k 105 urte betetzen ditu aurten eta munduko euskal etxerik zaharrenetako bat da. “Oso topaketa hunkigarria izan da. Azken hamarkadetako errapaso historikoa egin dugu”, esan du EH Bilduko kooordinatzaile nagusiak.
Agenda bete-betea:
Arnaldo Otegi Uruguayen dago egun hauetan Movimiento de Participacion Popularraren X. kongresuan parte hartzen. Indar politiko hau Fronte Zabala osatzen duenetako bat da eta mundu mailako bere militante ezagunena Pepe Mugica Uruguayko presidenteordea da.
Gaur Javier Miranda, Fronte Zabaleko presidentearekin bilduko da Arnaldo Otegi eta ondoren mundu mailan ezkerrak egin dezakeen borrokari buruz jardungo duen nazioarteko foroan hartuko du parte. Bertan parte hartuko dutenen artean daude Gabriela Rivadeneira, Ecuadorgo Asanblea Nazionaleko diputatua, David Cochehuanca, Boliviako kantziller ohia eta egun ALBAko idazkari politikoa dena eta Vanessa Aguiar, Brasilgo MST mugimenduko zuzendaritzako kidea.

EH Bilduk ekitaldia egin zuen pasa den larunbatean Donostiako Miramar jauregian. Bertan hainbat ordezkari instituzional elkartu ziren, presoen egoerari konponbidea eman behar zaiola aldarrikatzeko. Amasa Villabonako EH Bildutik udalean zinegotziak diren Nora Urbizu, Arantza Lopez, Peio Zelarain eta Xabat Laborde izan ziren bertan.

Ekitaldiaren laburpen bideoa: Bizikidetza eta bakea irabazteko, presorik gabeko Euskal Herria

Julen Arzuaga legebiltzarkideak eta Eneka Maiz Etxarriko alkateak euskaraz eta gaztelaniaz irakurritako adierazpena duzue hemen:

“BIZIKIDETZA ETA BAKEA IRABAZTEKO, PRESORIK GABEKO EUSKAL HERRIA”

Instituzio ezberdinetako ordezkari garen heinean, irmoki adierazten dugu, gatazka politiko oro, bide baketsu eta demokratikoetatik konpondu behar dela, herritarren borondatea beste mugarik gabe.

Gure herriarentzat askatasunean eta demokrazian oinarritutako etorkizuna nahi dugu. Baina azken 50 urte hauetan gatazka modu biolentoan azaleratu izan dela ere ba dakigu, eta kasu batzutan ondorio konponezinak izan dituela; baina oraindik ere indarrean dirauten beste ondorio batzuk konpondu ahal dira ez bait dira denak amaitu.

Euskal Herriak libre eta demokratikoki bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan behar du, gatazka biolentzia bidez adierazten zen garaiak gainditu behar dira, eta horretarako, aro latz hartako ondorioak konpontzea ezinbestekoa da. Beste modu batetara esanda, ziklo bat eta bere ondorioen itxiera gauzatu behar da, garai berriak bere indar guztiz ireki ahal izateko.

Hace pocos meses hicimos pública una propuesta a la sociedad vasca. Un documento denominado BAKERAKO EUSKAL KONPONBIDEA. Un plan de actuación resolutivo/ global que, de desarrollarse con éxito, nos colocaría en un escenario de paz justa, estable, en esa meta compartida de convivencia normalizada. Un plan de acción compuesto por 68 actuaciones para pasar de las palabras a los hechos. Para que sucedan cosas.
Un plan ordenado en cuatro ejes:
- Memoria y reparación a todas las víctimas
- Resolución de la situación de las personas presas y exiliadas
- Desmilitarización del territorio
- Desarme de ETA

Constatamos que las acciones referidas al desarme de ETA se han cumplido recientemente en un solo acto, podríamos decir que de la noche a la mañana. Constatamos que existiendo voluntad, se dan pasos resolutivos de calado. Y las y los cargos electos que hoy comparecemos aquí, mostramos nuestra voluntad de favorecer más pasos hacia la resolución.

Gatazkaren ondorioak konpondu ahal izateko, lehen urrats gisa, alde guztien borondatea, elkarrizketarako jarrera eta bide demokratikoetan sakontzeko asmo sendoa behar dugu. Munduan beste hainbat tokitan jorratzen ari diren bideetan bezala.

Azken urteetan biktimen aitortzan eta sortutako minaren onarpenean urratsak eman dira eta horretan kokatu gara herri honetako hautetsi eta instituzioak. Bide horretan sakontzen jarraitu beharko dugu, baina Aieteko adierazpenetik eta ETAk bere burua armagabetu berri duen honetan Espainiako Gobernuaren jarrera ez da aldatu.

Hala eta guztiz ere, Estatutaren itxikeria nabarmenen agertzen den puntua, gatazkaren ondorio pertsonalen atala da, presoak etxeratzeko bide ordenatu eta progresibo bati uko egitea hain zuzen ere. Gure herriaren bizikidetza eta bizitza politikoaren normalizazioak, preso, iheslari edo deportaturik gabeko Euskal Herria eskatzen du, besteak beste.

Efectivamente, denunciamos que no ha cambiado la actitud del gobierno español a la hora de avanzar. Denunciamos la cerrazón del Estado, su negativa a enfrentar una cuestión de emergencia: la situación de los presos y presas vascas. Porque la convivencia y la normalización de la vida política de nuestro pueblo reclama, entre otras cosas, una Euskal Herria sin personas presas, huídas o deportadas.

Queremos remarcar la prioridad de resolver las vulneraciones de derechos básicos que asisten a personas presas de motivación política. Primero, sin duda, con los que están en la situación de mayor emergencia por su estado de salud, por padecer enfermedades graves e incurables, porque la cárcel vulnera su integridad como personas. Porque la cárcel, incompatible con su enfermedad, les niega rotundamente la posibilidad de vivir con dignidad.

Rechazamos la voluntad expresada de apurar los últimos días del preso en la cárcel antes de que salgan para morir. Si es que la muerte no encuentra antes al preso en su celda, algo que según los informes médicos, en cualquier momento puede ocurrir. Esta sociedad no puede permitirse un desenlace luctuoso de ciudadanos/ ciudadanas vascas en prisión. No podemos afrontar la convivencia bajo semejante perspectiva.

Gaur egun oraindik, preso dauden pertsonen eta beren senideen sufrimendua areagotzen ari da. Mendekuan oinarritutako kartzela politikaren ondorioz, zigorrak luzatzeko ahaleginak egiten ari dira, kontrako norabidea urratu ordez. Euskal presoek, bide bat egiteko borondatea adierazi dute, legalitatea aintzat hartuz eta beraien eskubideen errespetutik abiatuz, denak etxera itzuli arteko ibilbidean.

Herri honetan bake eta bizikidetza atzeratzen duten oztopo guztiak gainditzen joatea presazkoa da eta preso eta ihesean dauden pertsonen gaia lehen mailakoa da. Salbuespeneko legeria bertan behera utziz, dispertsioarekin amaitu, preso gaixoak etxeratu, 70 urtetik gora dituzten presoak eta zigorren 2/3 bete dituztenak kaleratu ahal dira. Presoen beraiengan eta beraien senide eta lagunengan sortzen duen sufrimendu gehigarriarekin amaituz. Era berean, espainiako 7/2003 Lege Organikoa bertan behera uztea funtsezkoa da. Norabide honetan, Espainiar Epaitegien aldetik Kartzelaldia luzatzeko aplikatu diren Doktrina desberdinak ere bertan behera uztea ezinbestekoa da. Legediaren aplikazioa, transizio justiziaren ikuspegi zabalarekin bide berriak irekiaz egitea beharrezkoa da.

La política de dispersión y alejamiento castiga arbitrariamente a las personas presas y a sus familiares. Somete a estos últimos a la ruleta rusa de un siniestro en carretera, a una espada de Damocles del accidente en un viaje largo, duro, penoso. Un viaje que no tienen porqué enfrentar, ni en términos legales, mucho menos aún en términos humanos.

Una política arbitraria que impide un derecho básico cual es el de la vida familiar, mantener las relaciones privadas, así como la comunicación del preso con el exterior, con su pueblo, con su sociedad. Una política que no es compartida aquí ya por nadie, si no es movido por espíritu de venganza o de revancha. Una política rechazada cada vez por más sensibilidades políticas y sectores sociales más amplios. Seguiremos trabajando por ensanchar esos consensos, por ampliar acuerdos que acompañen a presos y familiares para acabar con esta política.

Asimismo, consideramos que se debe enfrentar un debate amplio en las instituciones para terminar con la legislación de excepción; para derogar la Ley Orgánica 7/2003 base del tratamiento especial a un colectivo específico; es indispensable apartar las doctrinas para prolongar el encarcelamiento, para negar el acceso a la libertad, derecho último de todo preso.

Euskal instituzioetatik, bake, bizikidetza eta berradiskidetze politiken inplementazioa eskatzeko garaia da, zauriak behar bezala istea ukatuz indarrean dauden alde bakarreko blokeoei aurre eginaz. Preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herria eraikitzeko garaia da.

Adierazpen hau babesten dugunok, euskal gizartearen gehiengoaren borondatea geure eginaz eta herritarren ordezkari politiko eta instituzionalak garen heinean, gure instituzioen legitimitate demokratikoa aldarrikatzen dugu, gure herriarentzat bake eta askatasuneko etorkizuna kudetzeko.

Gure konpromisoa tinkoa da, ziklo oso bat gainditu eta bizikidetza eta bakea lortzeko preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herriaren norabideak urratsak ematea.

Es hora de involucrarnos. Todos y todas.

Es hora de involucrar a las instituciones vascas en el acompañamiento a presos y familiares, en la implementación de políticas de paz, convivencia normalización, enfrentándose a bloqueos aún vigentes que niegan la posibilidad de poder cerrar, curar las heridas.

Los aquí presentes, en la medida en que somos representantes políticos e institucionales de la ciudadanía, queremos llevara a la práctica la voluntad de la mayoría de la sociedad vasca a fin de gestionar un futuro de paz y libertad para nuestro pueblo.

Nuestro compromiso es firme. Queremos dejar atrás dinámicas que son pasado para avanzar en la vía de una Euskal Herria sin personas presas y exiliadas.

 

Euskal Herrian, 2017ko maiatzaren 27an

Ramadama musulmanen hilabete santua da eta hilabete horretan zehar 30 eguneko baraualdia egiten dute fede hori dutenek. Behin eguzkia ezkutatuta baraua utzi egiten dute eta jan-edan oparoak egiten dituzte. Pasa den ostiral iluntzean, familia musulman batzuk afari berezia egin nahi izan zuten; modu irekian eta kalean (Villabonako Berdura Plazan) egiteko urratsa eman zuten. Beren kultura eta herrialdeetako janari tipikoak ezagutu eta dastatzeko aukera izan zen bertan.

Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatuak gaur egindako prentsaurrekoan aurkeztu du Donostien egingo den gailurra: “Europako ezkerraren gailurra izango dugu bertan”.

EH Bildu izango da Europako jardunaldion antolatzailea

GUE/NGL talde parlamentarioa osatzen duen Europako ezkerra Donostian elkartuko da ekainaren 5etik 8ra, besteak beste, Europako etorkizunaz eztabaidatzeko.

Ofizialki, STUDY DAYS bezala ezagunak diren Europako jardunaldi hauek Europako Parlamentuko ekitaldiak dira. Oraingoan, EH Bilduri dagokio jardunaldion antolakuntza.

Denera, 29 eurodiputatu eta Eurpako Parlamentuko ehundik gora langile eta aholkulari etorriko dira Donostiara. “Inoiz ez da horrenbeste jende eta eurodiputatu izan STUDY DAYS batzutan”, esan du Josu Juaristi eurodiputatuak.

Are gehiago, edizio hau Europako ezkerrak antolatu duen inoizko “irekiena” izango da. “STUDY DAYS-ak taldeari berari zuzenduak egon ohi dira, barrura begirakoak dira, eta beraz, eztabaidak eta tailerrak ate itxian egin ohi dira. Baina oraingoan, herritarrengana hurbildu nahian ateak ireki ditugu”, esan du Juaristik. Euskal Herriko gizarte eragile ugariri luzatu die gonbidapena GUE/NGL-ek.

Denera gaurkotasunari loturiko zortzi eztabaida eta tailer izango dira eta Euskal Herriko zein Europa mailako gizarte, ekonomia eta politika alorreko hainbat jendek hartuko parte bertan.

WhatsApp Image 2017 05 25 at 13.43.56

Donostian izango den europar ezkerraren gailurra iragartzeko kartela

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkie Hezkuntza Sailburuari eta Haurreskolak Partzuergoko gerenteari, onartezina delako langileak horrela tratatzea eta ordezkapenak egiteko zerrenda bat-batean eta soilik bi egunetarako irekitzea.

EH Bilduk Hezkuntza sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko gerentea Legebiltzarrean berehala ager daitezela eskatu du, haurreskoletan ordezkapenak egiteko zerrendaz egiten ari diren kudeaketa “lotsagarria eta onartezina” delako, Rebeka Uberak legebiltzarkideak salatu duenez. Sindikatuen eskariei muzin eginez, Partzuergoak ordezkoen zerrenda sei urtez itxita izan du, baina astelehenean bat-batean ireki zuen, izena emateko epea bi egunera mugatuta. Gainera, lanpostuak izen-ematearen hurrenkeraren arabera beteko dituela iragarri zenez, 500 lagun inguruk pasatu behar izan zuten gaua Partzuergoaren egoitzaren aurrean, Eibarren, izena ematen lehengo postuetan izateko.

consorcio haurreskolak

Iladak izugarriak izan ziren eta askok gaua ere bertan pasa behar izan zuten

“Gertatutakoa Partzuergoaren inprobisazioaren, aurreikuspen faltaren eta kudeaketa txarraren ondorio da”, kritikatu du Uberak. “Lotsagarria eta onartezina da langileak horrela tratatzea, begirune falta horrekin, hezkuntza sistemaren kalitatea ezin delako bermatu enpleguaren kalitatea ere bermaturik ez badago”. Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du “sindikatuek Partzuergoari ordezkoen zerrendak zabaltzeko galdegin diotela behin eta berriz, ordezkapenak egiteko hautagairik gabe geratzeko arriskua bistakoa zelako, azkenean Partzuergoaren kudeaketa txarragatik gertatu izan den moduan”.

EH Bilduk elkartasuna adierazi die kudeaketa penagarri honen ondorioz, Haureskolak Partzuergoaren egoitzen kanpoaldean sekulako iladak pairatu behar izan zituzten pertsona guztiei, egoera erabat bidegabea igaro behar izatea, onartezina eta salagarria da. 

 

Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkuran, Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak EAJ-PP akordioaren B aldea ipini du mahai gainean, euskal herritarrei ekarriko dizkien kalteak, eta Legebiltzarraren gehiengoak bat egin du salaketa horrekin.

EH Bilduren mozio bati jarraituz, Legebiltzarrak EAJk eta PPk Madrilen hitzartu dituzten Rajoyren aurrekontuak gaitzetsi ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrentzat kaltegarriak izango direla argudiatuta. EAJ-PP itunaren muina ezagutu bezain laster EH Bilduk ohartarazi zuen akordio horrek euskal jendarteari ekarriko dizkion kalteez, eta gaur Legebiltzarrak berak bere egin du salaketa hori.

Ustelkerian zeharo murgilduta dagoen alderdi eta gobernu baten aurrekontuak babestu ez ezik, oso ondorio larriak izango dituzten politika zehatzak ere babestu ditu EAJk, salatu du Larraitz Ugartek. “Aurrekontu horiek txarrak dira espainiar Estatuko langile klaseentzat eta txarrak dira euskal herritarrontzat, txarrak gure pentsioak geroz eta eskasagoak direlako, txarrak gure lan harremanetarako eta negoziazio kolektiboaren desaktibazioarengatik lan baldintzak okertu direlako, txarrak zerbitzu publikoaren desegitea dakartelako.... Aurrekontu horiek ez diote herri honetako errealitate sozioekonomikoari erantzuten, eta pentsioen kasuan, esaterako, nabarmen ikusten da hori”.

EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du EAJk PPrekin hitzartu dituen aurrekontuek, besteak beste, “Rajoyren austeritate politika eta murrizketak sendotuko dituztela, sektore publikoa eta zerbitzu publikoak desegiten jarraitzeko; lan erreformak ekarri duen prekarietateari eta langileen erosteko ahalmenaren jaitsierari segida emango die eta pentsioek lotsagarriak izaten jarraituko dute; EAJ horren guztiaren konplize bihurtu da PPri eman dion babesarekin”.

Esan bezala, Gasteizko Legebiltzarrak EAJren babesa jasoko duen PPren aurrekontuak gaitzesi ditu, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSEren aldeko botoekin. Berriz ere EAJ PPrekin bakarrik geratu da, argi utziz eskuineko bi alderdi hauek gauza asko dituztela amankomunean eta diru publikoa nora eta zertarako bideratu behar den erabakitzeko orduan oso erraz jartzen direla ados

Herritar talde bat gaurtik (ekainak 14) eta ekainaren 21 bitartean GOSE GREBA egingo du erraustegiaren aurka Donostiako Easo Plazan. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ekimen honi bere babesa eman dio eta deitzaileek hala eskatuta, gaur arratsaldeko 19:00etarako bertara gerturatzeko deia egin du babes hori bertan adierazteko helburuarekin.

Gose greban parte hartuko duten herritarrek egitarau berezia antolatu dute:

- Ekainak 14, asteazkena: 17:00etan Easo Plaza apaintzeko deia: pankartak, banderolak…
- Ekainak 14, asteazkena: 19:00etan gose grebaren hasiera.
- Ekainak 14, asteazkena, 19:00etan hitzaldia. Hizlaria: José Luis Paulín (OEIT-GEISeko medikua). Gaia: Errausketa eta Osasuna. Hitzaldia gaztelaniaz.
- Ekainak 15, osteguna: 19:00etan hitzaldia. Hizlariak: Pello Zubiria eta Joxe Mari Irazusta. Gaia: Zubietako erraustegiaren aurkako borroka eta alternatibaren eraikuntza. 
- Ekainak 17, larunbata: 12:00etan. ERRAUSKETAREN AURKAKO GIZA KATEA. Easo plazatik Gipuzkoako Plazara.
- Ekainak 18, igandea: 17:00etan Easo Plazan, “Munduko Dantzak” ikuskizuna. Haur, gazte, edonorentzako dantza saio parte hartzailea.
Bideo emanaldiak:
Ekainak 14, asteazkena: Ziztadak
Ekainak 15, osteguna: The Yes Men Fix the World (euskarazko azpidatziekin)
Ekainak 16, ostirala: La fête est finie (euskarazko azpidatziekin)
Ekainak 17, larunbata: Gure lurra gure etorkizuna
Ekainak 19, astelehena: Gasland (euskarazko azpidatziekin)

 

erraustegia gose greba kartela

Erraustegiaren aurkako herri mugimendutik zabaldu duten kartela


Amasa Villabonako EH Bilduk bere babesa adierazten dio Zubietako erraustegiaren aurkako herri-ekimen berri honi. Hainbat komunikabidek estali edo isilarazi nahian ari badira ere, erraustegiaren aurkako mugimendua indartzen ari da Gipuzkoa osoan eta herri presio antolatu horrek erakutsi duen indarrarekin, oso agerian geratzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundian agintzen duten PNV eta PSOEk kutsakorra eta osasunarentzat kaltegarria izango den erraustegia kosta hala kosta inposatu nahi dutela, Gipuzkoako herritarren gehiengoaren iritziaren kontra. Egoera honetan, mobilizazioekin tinko jarraitzea da erraustegia gelditzeko dagoen modu bakarra, eta oraindik garaiz gaudela pentsatzen dugu. Beraz, erraustegiaren aurkako herri mugimenduak egingo dituen deialdi ezberdinetan parte hartzeko deia luzatzen diegu gure herriko gizon emakumen guzti-guztiei. Erraustegia gelditzea ere, gure esku dago! 

Pasa den larunbat goizean, Onddo Gazte Asanbladako hainbat gazte Oria ibaiaren ertzeetan murgildu eta bertan pilatuta zegoen zaborra kentzen aritu ziren. Ibai ertzean zabor eta zikinkeria ugarirekin egin zuten topo (plastikoak, burniak, gurpil zaharrak...) eta garbiketa lan handia egin behar izan zuten. Hala ere irrifartsu eta pozik ikusi genituen gazteak, ondo egindako lanarekin harro. Izan ere, ekintza honen bidez zaborra ibai ertzetik ateratzeaz gain, herritarrak kontzientziatzea zen helburua, oraindik ere ibaiarekiko begirune gutxi dagoelako eta askok babestu beharreko inguru natural gisa ikusi beharrean, edozer bota daitekeen estolda bezala ikusten dutelako. Ekimen hau Gazte Asanbladaren urteurreneko ekimenen artean kokatzen da.


EH Bildutik beti babestuko ditugu horrelako ekintzak, gure ingurune naturalari erabateko errespetua zor diogu eta Oria ibaia eta bere ibaiertza ere babestu eta zaindu beharreko espazio naturalak dira. Azken hamarkadetan ibaiko kutsadura asko murriztu den arren, oraindik praktika desegoki ugari izaten dira (adibidez ibai ertzak plastikoz eta jendeak botatako zikinkeriaz beteta egoten jarraitzen dute) eta horri aurre egiteko kontzientziazio lanarekin jarraitu behar da. Beraz, guztiz bat egiten dugu Onddo Gazte Asanbladak aurrera eramandako iniziatiba honekin eta bere helburuekin.  

Behar Zana pilota eskolan 2017-2018 ikasturterako izena emateko epea zabalik da. Ekainaren 23a izango da azken eguna. Jarraian eskainiko diren modalitateak eta informazio zabalagoa:

Taldeak finkatu gabe dauden arren (matrikularen ondoren zehazten dira) egunak erabakita daude.

Eskeiniko diren modalitateak joko garbia, eskua eta pala izango dira eta Amasa eta Villabonako frontoiak erabiliko dira.

Datorren ikasturterako entrenamendu egunak honakoak izango dira:
- 4. maila bitarteko haurrak: Astelehenetan eta asteazkenetan.
- 5. eta 6. mailakoak: Astearte eta ostegunetan.
- Matrikulazioa 16 urtekoei ere irekia dago, pilotari federatuei zein palan hastapenak egin nahi dituzten emakumeei.
- Nesken pala saioak: Astearte, ostegun eta ostiraletan.
- Joko garbikoen entrenuak: Astearte eta ostegunetan.

Informazio gehiago nahi izanez gero (kuotak, egutegia, ordutegiak etab), bi bide luzatu dituzte:
-E-maila: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it..
-Telefonoa: 600375352 edo 688685982.

Pasa den astean Villabonako Kale Berrian bizi den bizilagun batek Papelera del Oria enpresak egindako isurketa baten bideo bat zintzilikatu zuen sare sozialetan eta ordu gutxitan izugarri zabaldu zen herritarren artean. Bideoak milaka ikustaldi izan zituen eta alarma piztu zen herritar askoren artean.

Hori dela eta, Eguzki talde ekologistak gertakari honen inguruko oharra kaleratu zuen: 

"Oria ibaian isurketa bat izan da Asteasu erreka Oriara isurtzen den lekuan, Zizurkil eta Amasa-Villabona artean. Guk astea aurrera joan ahala jakin badugu ere, isurketa astelehenean gertatu zen. Jakin dugunez, isurketa kaltzio karbonatozkoa (CaCO3) izan da zeina gai oso ohikoa den paper fabriketan, papera leundu eta sendotasuna emateko. Gai arriskutsua gerta daiteke, beti ere kontzentrazioaren arabera, eta kasu honetan ez dirudi arrainik hil duenik.

Jakin orduko, harremanetan jarri gara Ura Agentzia eta beste zenbait instituzioekin. Egun ziurtatzeko moduan gaude Oriako paper fabrikatik egin dela isurketa, dirudienez balbula batek huts egin dielako. Ikusgarria izan bada ere, zorionez ez dirudi gertakari oso larria izan denik. Hala ere, Eguzkikook adi jarraituko dugu gaia zertan bukatzen den jakiteko eta egoerak hala eskatuko balu, beharrezko neurriak martxan jartzea eskatzeko.

Dena dela, gertakari honek argi uzten du, enpresa hau eta bere gisakoak, hau da, aspaldian eraikitakoak eta gai kutsakorrak egunerokotasunean behar dituztenak, ez dutela behar bezalako azpiegiturarik halako arazoei (enpresaren bertsioaren arabera) aurre egiteko. Horregatik enpresari berari halako egoerak edo larriagoak errepika ez daitezen beharrezko neurriak lehenbailehen hartzea eskatzen diogu. Ura Agentziari berriz, fauna eta landarediaren, hala nola, ura nahiz ibaien kalitatea bermatzeko, egoera bertsuan dauden enpresa edo lantegiei beharrezko prebentzio neurriak eskatzea exijitzen diogu.

Bukatzeko, herritarrei ere, halako gertakarien aurrean ahalik eta azkarren abisua emateko eskatzen diogu. Isurketa gertatzen den unean laginak hartzen ez badira, kasu askotan, oso zaila izaten baita arduraduna nor izan den jakitea. Horretarako 112 telefonora, Ertzaintzara (Ingurumen sail bat dauka), udaltzain edo talde ekologistongana jo dezakete."


EH Bilduko kideok bideoa argitaratu bezain pronto izan genuen isurketa horren berri eta gertakariaren inguruko informazioa bildu beharra zegoela erabaki genuen. Irudietan ikusten zen isurketa inola ere larria ez zela jakin genuenean, gaia bere horretan uztea erabaki genuen. Hala ere, Eguzkik bere oharrean aipatu duen bezalaxe, edozein herritarrek horrelako gertakariak (edo ingurumenean kalteak eragin ditzakeen edozein gertakari) ikusi edo antzematen baditu, salatu eta informatzea eskatzen diogu. Oria ibaira botatako isurketa kasu honetan, Kale Berriko herritar aski ezagun honek bideoan grabatu eta publikatzeko eman duen urratsa txalotu nahi dugu. Gure ingurumena kutsatua izan ez dadin, herritarrok adi egotea eta salatzea da berme bakarra.

Gai honekin lotuta, badakigu Zizurkileko ibaiaren aldean dagoen Papelera del Oria S.A. enpresaren jarduerak sortzen duen kiratsa dela eta, herritar askok udalari neurriak hartzeko eskaera egin diotela beste behin ere. EH Bildutik informazioa bildu dugu eta arazoa identifikatuta dago. Badakigu zerk sortzen duen Villabona eta Zizurkilgo zonalde zabalak hartzen dituen kirats hori: Papelera enpresaren araztegiak edo depuradorak. Kontua da ez dela batere erraza kirats horren kontrako neurri eraginkorrak hartzea, araztegia ezinbesteko azpiegitura bat baita. Hala ere, gaiari jarraipen estua egingo diogu eta arazo honi irtenbide eraginkor bat bilatzeko lanean jarraituko dugu. 

 

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: