Laburrak

Beste urte batez, euskara ikasteko ikastaro edota kurtso aukera ezberdinen informazioa kaleratu dute Amasa Villabonako euskara zerbitzuak eta Zizurkilgo udalak, AEKko Andoaingo euskaltegiarekin elkarlanean. "Elige EUSKARA aukeratu" leloaren bidez, euskara ez dakitenek edo bere euskara maila hobetu nahi dutenek, ikastaroetan izena emateko urratsa eman dezaten, bultzada ematea da asmoa.

Hauek dira bi udalak banatzen ari diren eskuorrian agertzen diren aukera ezberdinak:

euskara1 

Urtero bezala, ikastaro edo kurtso hauetakoren batean izena ematen duenak, udalen diru laguntza jasotzeo aukera izango du. Laguntza ekonomikoei dagokienez, azken urteetako irizpide berberak mantendu dira: Gehienez matrikularen %75aren balioa ordainduko da eta 400 euroko topea izango da. Mintzalaguna egitasmoan parte hartu ezkero, laguntza ekonomikoa %10 igotzeko aukera izango da. Diru laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintzak ere mantendu egin dira: Villabona edo Zizurkilen erroldatuta egotea, klaseetako asistentzia gutxienez %85ekoa izatea, euskaltegiaren aldeko txostena aurkeztea eta matrikula ordainduta izatea.

Hona hemen bi udalek kaleratu duten eskuorriaren irudia:

Euskara2

 

EH Bilduk elkartasuna adierazi nahi dio saharar herriari eta bere askatasunaren alde borrokatzen duen erresistentzia mugimenduari.

Atzo ezagutu ziren Marokok Gdeim Izik kanpalekuan parte hartzeagatik preso dauden militante sahararrei ezarritako zigor handiak. Zigor gogorrenak 7 lagunei ezarri zaizkien biziarteko kartzela-zigorrak eta beste 13ri ezarritako 20-30 urteko zigorrak dira. Bi libre gelditu dira ezarritako 6 urteko zigorra dagoeneko gaindituta dutelako. Euskal Herrian ondo baino hobeto ezagutzen dugu justiziaren erabilera errepresio politikorako erabiltzea zer den. Ez dugu urrutira joan behar, oraintxe bertan mahai gainean dugu adibidez Altsasuko gazteen aurkako eskaera fiskal neurrigabea. Horrexegatik bere eskubideen alde borrokatzen duen Sahara bezalako herri batek horrelako eraso errepresiboak jasaten dituenean, gureak egiten ditugu beraien mina eta amorrazioa.

EH Bilduk sententzia eta zigor hauen aurrean zera adierazi nahi du:

Gure elkartasuna Saharar herriari eta bere askatasunaren alde borrokatzen diren militante guztiei. Zuekin gaude!
Marokok egindako epaiketa salatu nahi dugu, nazioarteko hainbat eta hainbat erakundeek egin duten bezala. Epaiketa fartsa bat izan da, sahararren erresistentziaren aurkako epaiketa politiko-errepresiboa.
Nazioarteko begiraleek esan bezala, irregulartasunez beteriko epaiketa izan da, zigor gogorrak bilatzen zuena soilik. Garbi dago saharar erresistentzia zigortzeko, ahultzeko eta txikitzeko sententzia bilatzen zutela marokoar agintariek. Gorrotoan oinarritutako eta izua zabaltzeko epaiketa bat izan da.
Epaiketan garbi gelditu da torturapean lortutako deklarazioak izan direla erabilitako froga bakarrak. Presoek ez zuten ezagutzen beraiei zegokien sumarioek zer jasotzen zuten. Metodo hau ezaguna egiten zaigu. Amnistia International, Human Rights Watch, Centro Robert F. kennedy, Acción de los Cristianos para la Abolición de la Tortura eta torturaren aurkako beste hainbat nazioarteko erakundek salatu zituzten tortura kasu argi hauek, guk gogor eta tinko salatzen ditugun moduan.
Konbentzituta gaude Saharak bere herriaren askatasuna lortuko duela, Euskal Herriak lortuko duen bezalaxe. Bidean horrelako eraso eta injustiziak sufritu beharko ditugu baina askatasun bide horretan bidelagunak izango gara, eta gure elkartasun politikoa eta laguntza eskaintzen jarraituko dugu beti.

Gora Sahara askatuta! Autodeterminazioa!

ELA, LAB eta Steilasek sektorekako lau greba egun eta orokor bat iragarri dituzte, Jaurlaritzak beraien aldarrikapenei ez dielako erantzun.

Hezkuntza publikoko lan arloan, ikasturte berria pasa den urteko ildo beretik hasi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gauzak horrela, irailaren 15ean hasi eta urtea bukatu arte egingo dituzten protesta ekintzen zerrenda zehaztu dute hezkuntza arloko hiru sindikatu nagusiek. Besteak beste, sektorekako lau greba egun (azaroan, ostegunero) eta abenduaren 12rako greba orokorra iragarri dituzte. Eta jai edo zubia ez den ostiraletan, elkarretaratzeak egingo dituzte. Bat egitera gonbidatu dituzte ikasle eta familiak.

Langileen ordezkariek benetako negoziazio prozesu bat eskatzen diote Jaurlaritzari. Izan ere, EAJ-PSE koalizio gobernuak hiru sindikatuok egindako aldarrikapenei ez diela benetako erantzunik eman salatu dute hiru sindikatuek.

Besteak beste, aldaketen zerrendan hezkuntzari dagokion inbertsioaren hazkundea eskatzen dute sindikatuek, eta horretarako datu hauek aurkeztu dituzte: Eusko Jaurlaritzaren inbertsioa hezkuntzan %3,7koa da; Europako Batasuneko batez bestekoa, berriz, %4,9koa denean. ELAko ordezkariak azaldu duenez, "Maila horretara iristeko 968 milioi gehiago bideratu beharko lituzke gobernuak. Eta Unescok %6ra arte igotzea gomendatu du".

Langileen behin-behinekotasuna ere salatzen dute ordezkari sindikalek. Batez beste, %40 da behin-behinekotasuna hezkuntza publikoan. Baina alde nabarmenak daude sektoreka. Adibidez, irakasleen %38 behin-behineko beharginak dira, eta sukalde eta garbiketan dabiltzanen artean, berriz, %63 daude egoera horretan. Gainera, azken arlo horretako langile gehienak 55 urtetik gorakoak dira.

Hezkuntza

Hezkuntza pubilkoko langileen eskubideak hobetzeko, sindikatuen protesta Donostian

Oraingoz, irakasleentzako proposamena soilik egin du Hezkuntza Sailak: 3.000 lanpostu, lau urtean, aurtengo lan eskaintza publikoak jasotako 740ak barnean hartuta. Sindikatuek eskaintza hori ez dela inola ere nahikoa izango erantzun dute: "Eskaintza horrekin, lau urte horietan egongo diren erretiroak ere ez dira ordezkatuko. Beraz, behin-behinekotasun tasa gaur egungoa edo handiagoa izango litzateke", azaldu dute.

Hezkuntza publikoko Haur Eskolen kasua ere mahai gainean dago. "EAEn matrikulazioak behera egiten ari dira, garestia delako. Gainera 0 eta 2 urte arteko doako hezkuntza publikoa behar beharrezkoa dugu" adierazi dute sindikatuek.

LOMCE eta Heziberri: Beste behin ELA, LAB eta Steilas erreforma hauen aurka agertu dira argi eta garbi. Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma bertan behera uzteko eta euskal hezkuntza sistema arautuko duen legedi berria osatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Eta balizko lege berri horren osaketan sindikatuen, hezkuntza eragileen eta herritarren iritzia kontuan hartzeko. "Eredu berri horrek alde batera utzi behar du hezkuntzaren merkantilizazioa eta bere oinarriak gizarte kohesioa, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna eta hezkidetza izan behar lukete" adierazi dute langileen gehiengoa ordezkatzen duten hiru sindikatuetatik.

 

Eredu fiskal justuaren alde egiten du EH Bilduk, klase ertain eta langileak arinduko dituena eta enpresa eta fortuna handietan pisua jarriko duena

Zerga erreformarako bere proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk pasa den uztailaren 13an Gasteizen egindako agerraldian. Bertan Leire Pinedo zerga politikarako idazkaria, Kike Fernandez de Pinedo Arabako batzarkidea, Arantza Urkaregi Bizkaiko batzarkidea eta Xabier Olano Gipuzkoako batzarkidea izan ziren. Leire Pinedok azpimarratu zuenez, “eredu fiskal justua nahi dugu, klase ertain eta langileak arinduko dituena eta enpresa eta aberastasun handietan pisua jarriko duena. Era horretara, gure ongizatearen eta zerbitzu publikoen pisua ez da soilik gure bizkar gainean egongo, eta orain arte ia ekarpenik egiten ez duten horiek gizartearekiko duten erantzukizuna bete beharko dute”.

Pinedoren hitzetan, proposamen guztiz irekia da aurkeztutakoa. Izan ere, zerga politikaren inguruko eztabaida gardena egin nahi du EH Bilduk herri honetako eragile ezberdinekin. Hain justu, gaur aurkeztutako proposamena esku artean dute jada eragile sindikalek, sozialek, enpresarialek eta politikoek. “Alderdietako zuzendaritzek patronalarekin gela ezkutuetan egindako akordioekin amaitu behar da, eta gutako bakoitzak beren proposamenak aurkeztu ahal izango dituen debate garden bat gauzatu behar da”, nabarmendu zuen Leire Pinedok.

EH Bilduren proposamenak hiru ardatz nagusiren erreforma jasotzen du: Sozietateen Zerga, Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko Zerga eta iruzurraren aurkako borroka.

Sozietateen Zerga: Dagokiena ez ordaintzeko enpresa handiek eskura dituzten zulo edo dedukzioak kendu nahi ditu EH Bilduk. Izan ere, gaur egun enpresa handiek %2 eta %7aren artean ordaintzen dute, nahiz eta beraien tipoa %26koa izan. Era horretara, egiazko tipoa, egiten duten ekarpen erreala, ezarritako tipoetara ahalik eta gehien hurbiltzea da helburua. “Gure asmoa ez da gure ehun enpresarialari eta produktiborari kalte egitea, kontrakoa, bultzatu nahi dugu. Ez dugu exijitzen gehiago ordaintzea, baizik eta dagokiena ordaintzea, gutako bakoitzak egiten dugun moduan”, azpimarratu zuen Pinedok
Aberastasun eta Fortuna Handien Gaineko Zerga: Gipuzkoan ezarritako zergak instituzio eta Europako herri askotan goraipamenak jaso dituela esan zuen Pinedok. Zerga honek herritarren %1ari baino ez dio eragingo, hau da, aberatsenei. “Zentzuduna dela iruditzen zaigu”.
Zerga iruzurraren aurkako borroka: Hainbat neurri proposatzen ditu EH Bilduk. Besteak beste, ikuskaritzetarako baliabide gehiago jartzea eta iruzurraren eta elusioaren aurkako behatokia sortzea. Adituek diotenez, EAEn bakarrik iruzurra 2.500 milioi euro baino gehiagoko da. Iruzur hori enpresa eta fortuna handiek eragiten dute batez ere, euskal ogasunek duela astebete publiko egindako zerrendetan agerian geratu zen bezala. Iruzur horretako dirua berreskuratzeak ehunka milioiko ekarpena suposatuko luke altxortegi publikoarentzat.
PFEZ. Errenta altuenentzako bakarrik proposatzen dugu tipoa aldatzea, 49tik 50era.

EH Bilduko zerga politikorako idazkariak azpimarratu zuenez, “langile klaseari ez liokee eragingo erreforma honek. Aitzitik, gehien duten herritarrak eta irabazi handienak dituzten enpresak izango dira dagokien ekarpena egitera behartuta egongo direnak eta, era horretara, diru-bilketa nabarmen handituz”.

Amaitzeko, EAJk eta PSEk aukeratu beharko dutela adierazi zuen Pinedok. “PPrekin eta eskuineko beren politikekin bat egin huts egin duen eredu fiskala berriro ezartzeko; edota gehiengo sozialarekin, sindikalarekin eta politikoarekin eredu berri progresiboago, ekitatibo eta justua adostu”.

 

Urtero bezala, Amasa Villabonako udaleko kultur sailak, ikasturte berrirako ikastaro ezberdinak antolatu ditu herritarrentzat. Izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 7tik 21era eta udaletxeko kultur saileko bulegora jo beharko da. Udaleko webgunean ikastaroak ordaintzeko sistema aldatu dela iragartzen da: "Ordainketa sistema aldatu egin da: Izena ematerakoan kontu korrontearen 24 digitoak ekarri behar dira."

Hauek dira aurtengoan izango diren ikastaro ezberdinak:

• EGUR LANKETA. 90 orduko ikastaroa.

Irakaslea: Jon Iñaki Ormazabal.
Taldeak: Astelehena, 15:30-18:30. Osteguna, 09:30-12:00 edo 15:30-18:30.
Sacemgo lantegian. Hasiera: Urriaren 2an.
Prezioa: 232 euro Villabonan erroldatuentzat / 327 euro gainerako guztientzat.

• ZAHARBERRITZEA ETA ARTE APLIKATUAK. 90 orduko ikastaroa.

Altzarien zaharberritzea eta esku-lanak oro har.
Irakaslea: Oihana Insausti.
Astelehena, 17:00-20:00.
Sacemgo lantegian. Hasiera: Urriaren 2an.
Prezioa: 196 euro Villabonan erroldatuentzat / 307 euro gainerako guztientzat.

• PINTURA HELDUENTZAT. 60 orduko ikastaroa.

Irakaslea: Urkiri Salaberria.
Taldeak: Asteazkena, 17:30-19:30. Osteguna, 18:30-20:30.
Larrea auzoa, 20. Hasiera: Urriaren 4an.
Prezioa: 131 euro Villabonan erroldatuentzat / 199 euro gainerako guztientzat.

• PINTURA HAURRENTZAT. 30 orduko ikastaroa.

Irakaslea: Urkiri Salaberria.
Taldeak: Astelehena 17:30-18:30 (4-7 urte). Astelehena, 18:30-19:30 (8-11 urte). Osteguna 17:30-18:30 (8-11 urte).
Larrea auzoa, 20. Hasiera: Urriaren 2an.
Prezioa: 91 euro Villabonan erroldatuentzat / 120 euro gainerako guztientzat.

* Taldea osatzeko gutxieneko ikasle kopurua osatzen ez bada, taldea bertan behera utz dezake Udalak.

* Izen-ematea: Kultur saileko bulegoan, irailaren 7tik 21ra, 09:00etatik 12:00etara bitartean.
Info gehiago: 943 691 655 / This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it..

Anima zaitzezte eta izena eman!


EH Bilduren iritzia:

Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldetik, aurtengo kultur ikastaroen eskaintza hau murritzegia dela pentsatzen dugu. Eskaintzen diren lau ikastaroak inola ere gutxietsi gabe (erabat errespetatzen eta babesten ditugun ikastaroak dira) nabarmena da aurtengoan, aurreko hainbat urtetan ez bezala, ez dela ikastaro berriak eskaintzeko ahaleginik egin. Azken urte luzetan udalak udazkeneko kultur ikastaro laburrak antolatu ditu herriko sortzaile edo artista ezberdinekin elkarlanean (argazkigintza, serigrafia, sukaldaritza, bitxigintza, tornua...) eta aurtengoan hori ez egitea erabaki du udal gobernuak. EH Bilduko udal taldean ez dugu erabaki hau inondik inora konpartitzen. Izan ere, udazkeneko ikastaro hauetako batzuk gutxienez, herritarren parte hartze zabala izatea lortzen zuten eta urtez urte balorazio oso positiboak jasotzen zituzten. Beraz, udazkeneko ikastaro guzti guztiak bertan behera uztea ulertezina egiten zaigu. 

Gure ustez, honako hau PNVko hainbat zinegotzik behin eta berriz erakusten duten axolakabekeriaren beste adibide argi bat da. Kasu honetan, Mertxe Garmendia kultur zinegotzia da erabaki honen arduradun politikoa. Agian billabonatarra ez izateak, herriko kultur ikastaroei garrantzirik ez ematea eragin dio baina gure ustez hori ez da aitzakia onargarria.

Ikastaroen ezabatzea ez da udaleko kultur sailean ikusi dugun arazo bakarra, adibidez udaleko kultur batzordea ia ez da biltzen eta erabaki ia guztiak inorrekin kontsultatu gabe, aldebakarrez eta inolako azalpenik eman gabe hartzen ditu Garmendia andreak. Gure iritziz nabarmen geratzen ari da PNVren gobernuaretzat kulturak ez duela garrantzi nahikorik bertan serio lan egin eta behar den denbora inbertitzeko. Nahiago dute saila ia paralisi egoera batean edukitzea, herriko beste ordezkari politikoekin, kultur eragileekin edota herritarrekin eztabaidatuz eta adostuz, kultur politika txukun bat garatzea baino.

 

Marian Beitilarrangoitia EH Bilduk Madrilgo kongresuan duen diputatuak adierazi duenez, Rajoyren gobernuak onartutako gastu sabaiaren aurkako botoa emango dute EH Bilduko bi ordezkariek. “Madrilek erabakitzen duelako zenbat zorpetu gaitezkeen, eta ez du kontuan hartzen zein den aurre egin behar diogun egoera ekonomiko eta soziala”.

Diputatu subiranistak salatu du Espainiako Gobernuak zorpetzeko gero eta aukera txikiagoa uzten diela erkidegoei eta udalei. “Eta, hain justu, erkidegoak eta udalak dira inbertsio sozial handiena egiten ari direnak, gizarte kohesioa bermatu behar dutenak, tokian tokiko ehun produktiboa bultzatu behar dutenak, langabeziari aurre egiteko jarduera ekonomikoa lagundu behar dutenak eta gehien behar dutenei lagundu behar dietenak”.

Horren guztiaren aurrean, estatuak defizit osoa bere baitan hartzen duela agertu du Beitialarrangoitiak. “Defizita ordaintzea, politika sozialen aurretik jartzen du PPk”.

Rajoyren gobernuak onartutako gastu sabaia azken urteetako austeritate politiken jarraitzea dela esan du EH Bilduren diputatuak. “Defizitaren kontrola lehenesten dute eta ez diete aurre egiten bizi dugun errealitate sozialari”


PNVk berriz PPren gobernuaren gastu sabaiaren aldeko bozka ematea erabaki du

Jeltzaleek "koerentzia eta arduragatik" egingo dutela azaldu dute, "Euskadirentzat positiboa" izango dela argudiatuz. 2017ko estatuko aurrekontuen bozketan gertatu zen bezala, PNVrekin batera, Madrilgo kongresuko eskuineko beste alderdiek; UPN, Ciudadanos, Foro Asturias eta Coalición Canaria-k, babestuko dute PPk ezarriko duen gastu muga. Oraingoan jeltzaleen babesarekin, Rajoyren gobernuak 2018-2020 urteetarako defizitaren eta zor publikoaren helburuak finkatuko ditu, eta azken urteetako austeritate eta murrizketen politikekin jarraitu ahal izango dute popularrek.

PNVko talde parlamentariotik azaldu dutenez, "gastu sabaiak ez du balio politikorik" eta "neurri tekniko hutsa da". Soraya Sáenz de Santamaría espainiar gobernuaren presidenteordeak positiboki baloratu du PNVren erabakia eta "aurrera urratsa" bezala definitu du, hurrengo urteko estatuko aurrekontuei begira.

 

Behar Zana pilota eskolak antolatutako pilota ikastaroak irailaren 18an hasiko dira.

Ekaineko izen-ematean inor gogoz geratu bazen, oraindik bada izena emateko aukera joko garbian, eskuz edo palaz aritzeko:

- Aurrebenjaminek (2010-11) eta benjaminek (2008-09) astelehen eta asteazkenetan izango dituzte entrenamendu saioak.

Ume kopuru handiak izena eman duenez, maila horietan taldekatze ezberdinak egongo dira eta talde homogeneotan arituko dira.

- Alebinek (2006-2007) astearte eta ostegunetan entrenatuko dute.

- Joko garbiak astearte eta ostegunetan izango du tartea eta palaz neskek ere beraien pilota saioak izango dituzte.

- Federatu mailakoek (infantil, kadete, jubenil eta nagusiek) entrenamendu bereziak izango dituzte. Maila horietako pilotariren batek Behar Zanan izena eman nahiko balu telefonoz edo emailez jarri beharko luke harremanetan.

Larunbat goizetan ere pilota saio libre eta irekiak eskainiko dira Amasako pilotalekuan.

GURASOEN BILERA: Gurasoei zuzendutako ikasturte hasierako bilera irailaren 14an ostegunez izango da 19:30ean Bear Zana pilotalekuan bertan.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, Behar Zana taldeko kideekin jarri behar da harremanetan:

Emailez: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Telefonoz: 600375352 // 688685982

Altsasuko gazteen auzian Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak egindako zigor eskerak erabat arbuiatzen ditu EH Bilduk. Erabateko astakeria da eskaera, neurrigabekoa, eta horren atzean interes  bakarra dagoela uste dugu, interes politikoa. Halaber, guzti honen oinarrian muntaia polizial, judizial eta mediatiko lotsagarri bat dago.

Normalizazioaren eta elkarbizitzaren aldeko bere apustua berresten du EH Bilduk. Zentzu horretan, kasu honi ematen ari zaion tratamendua norabide horretatik aldentzen dela salatzen dugu. Egoera oso larri eta onartezin baten aurrean gaude. Altsasuko hainbat gazteren aurka 50 urteko espetxe zigor eskaera egin du Fiskaltzak, “terrorismoarekin” lotutako hainbat delituengatik; benetako eskubide estatu batean gertaera hauek liskar gisa hartuko lirateke, baina Espainian eta Auzitegi Nazionalean ez dago inolako eskubiderik, ezta justiziarik ere, mendeku gosea besterik ez.
Fiskaltzaren eskaera neurrigabea pairatzen ari diren pertsonei babes eta elkartasuna agertzen die EH Bilduk, eta oraindik ere espetxeratuta dauden Altsasuko hiru gazteak berehala aske uztea eta buru gainean duten mehatxu judiziala amaitzea eskatzen du.

Intxaurrondoko ikastolan matrikulatu dute Sara Majarenasen alaba eta hilaren 7an hasiko da ikasturte berria, baina bai Sara Majarenasek bai Izarrek Acobendasen (Madril) jarraitzen dute, harrera-zentroan. “Izar ikastolara!” ozen aldarrikatu zuten pasa den igandean milaka lagunek Donostian izan zen mobilizazioan. EH Bilduko kideak bertan izan ginen eta Sara Majarenas presoak bere alaba Izarrekin batera kalean egon behar luketela aldarrikatu genuen.

Izarrekin Sara Etxera plataformako bozeramaile Araitz Zubimendik kritikatu zuenez, Madrilgo ikastetxe batean eskolatzera behartuko dute Izar, “berea ez den hizkuntza batean” eta nahiz eta “familiarteko loturak zein lotura sozial eta kulturalak Donostian dituen”. Irailaren 7an bertan beste mobilizazio bat egingo dela iragarri zuten "Izarrekin" plataformatik.

0903 sara izar

Mobilizazio amaierako irudia San Telmo plazan

Kontxi Ibarreta Izarren amonak adierazi zuenez, Sarak apenas jaso duen baimenik: “Hamabi orduko sei egun baino ez dizkiote eman uda guztian. Epailearen autoak dio bigarren gradua duela hirugarren graduko ezaugarriekin, baina Sarak ez ditu izan hirugarren graduko abantailak”. Alaba psikologikoki gaizki ikusten duela eta zigorra behingoz amaitzeko ordua dela dio Ibarretak. “Itxaropena dut, epaileak iritziz aldatu eta Izar irailaren 7an Intxaurrondoko ikastolan hasiko den itxaropena”.

 

PPk salbu, beste talde guztiek bat egin dute, arrazoi humanitarioak direla eta. Barne ministroari kritika egin diote gehienez bi hilabeteko bizi itxaropena duten presoak soilik askatu behar direla esateagatik, horrela jokatzea legalitate eta gizatasun printzipioak urratzea litzatekeelako.

EH Bilduren legez besteko proposamen baten haritik, Legebiltzarra preso eriak kaleratzearen alde agertu da, arrazoi humanitarioek eta duintasun pertsonalak hala eskatzen dutelako. Zehazki, “eskumena duten agintariei eskatu die indarrean dagoen estatuko legedia eta nazioarteko estandar zorrotzenak aintzat har ditzatela gaixotasun sendaezin oso larriak dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzea eta espetxetik ateratzea ahalbidetzeko, arrazoi humanitarioak eta duintasun pertsonala dela eta”.

Julen Arzuagak adierazpen horren garrantzia azpimarratu du, “Gobernu espainolaren espetxe politika aldatzeko borrokan funtsezkoa delako indarrak batzea eta indar horiek gero eta anitzagoak izatea; hortaz, gaurkoa aurrerapauso handia da, PP salbu, beste talde parlamentario guztiok, EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSE, alegia, kapazak izan garelako ados jartzeko eta gaixorik dauden presoak aske gera daitezela elkarrekin galdegiteko”. Arzuagaren irudiko, “gizartean dagoen adostasuna politikara ere ekartzea lortzen ari gara eta norabide horretan jarraitu behar dugu lanean, denon artean PP eta Gobernu espainolaren diskurtsoa eta jarduna defendaezinak eta sostengaezinak izan daitezela lortu arte”.

PPk salbu, gainerako alderdiek adostutako proposamenak jaso bezala, Legebiltzarrak Gobernu espainolari eta Espetxe Erakundeari gogorarazi die preso guztien “bizitza, segurtasun eta osasun eskubideak” babestu behar dituztela, eta, ildo horri jarraituz, eskatu du Espetxe Erakundearen Idazkaritzaren 3/2017 instrukzioa indargabetzea eta Barne ministroak adierazitako irizpidea zuzentzea. Izan ere, gehienez bi hilabeteko epean hil egingo diren presoak soilik askatzeko irizpideak “legalitate eta gizatasun printzipioak urratzen ditu eta halako erabakia ustez hartu beharko luketen medikuen printzipio deontologikoen kontra doa”.

Pasa den asteazkenean Gurtel ustelkeria kasu ezagunari buruz egindako plenoan, Oskar Matute EH Bilduk Madrilgo kongresuan duen ordezkariak argi eta garbi hitz egin zion espainiar gobernuko presidenteari, hau da bi minutu eskasean Matutek (gaztelaniaz, kongresuak euskara erabiltzea galarazten duelako) egindako hitzartzea:

"Gaur Rajoy jauna, zure alderdiaren ustelkeria auzi eta afera guztiak gogoratuko nizkizuke baina bi egun beharko nituzke eta bi minutu baino ez ditut. Bi egun beharko nituzke zure sei urteko agintaldiko ustelkeria guztia zerrendatzeko.

Ustelkeria zure alderdikideek jasotako gainsoldatak dira, diru beltza, B kontabilitatea eta sakeleko telefonotik botatako “Luis se fuerte” hori.

Ustelkeria da zure alderdia Gürteleko trajeekin janztea eta zuk barkamenik ez eskatzea, ezta plasmazko telebista bidez ere.

Ustelkeria dira Punica-ko zure morroiak, %3-ko komisioak eta kapitalen zuriketa.

Ustelkeria da Catalunya operazioa, espioitza sarea eta funts publikotik ordaindutako katalan herriaren aurkako gerra zikina.

Ustelkeria da Bankia eta Caja Madriden espoliazioa.

Ustelkeria da guk ez jakitea zuek agintzen duzuen Espainia Berlangaren filme batean bizi den ala El Padrinoren beste batean bizi den.

Ustelkeria da Genova kalean disko gogorrak mailukadekin desagerraraztea eta zure diruzaintzako paperak birringailuan txikitzea.

Ustelkeria da Alderdi Popularra talde kriminala izatetik gertuago egotea alderdi politiko izatetik baino.

Ustelkeria da mafian bezala, zuen burua babesteko darabilzuen isiltasuna."

 

BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=HcPA6lNfvGk

 

 

Arnaldo Otegik bilera egin zuen atzo Montevideon Javier Miranda Fronte Zabaleko presidentearekin eta berau osatzen duten indar politikoetako nazioarteko gaietarako arduradunekin. Besteak beste, EH Bildu eta Fronte Zabalaren arteko harremanez jardun zuten bilera horretan.

CARIFAko arduradunek (Fronte Zabalaren nazioarteko taldea) EH Bilduko koordinatzaile nagusi aukeratu izana txalotu eta zorionak eman dizkiote Arnaldo Otegiri. Buruzagi subiranistak, bere aldetik, Euskal Herriko ezker subiranismoan irekitako eztabaida prozesua azaldu die buruzagi uruguayarrei.

uruguay bilera

EH Bilduko ordezkarien eta Uruguay-ko Fronte Zabaleko nazioarteko taldearen arteko bileraren irudia

Arnaldo Otegiren arabera, “bere ezaugarri bereziak direla eta, Uruguayko Fronte Zabala EH Bilduren erreferenteetako bat da”. Nabarmendu duenez, “komunismotik, sozialdemokraziatik eta asanblearismotik kristau demokraziara doan esparru ideologikoko hainbat alderdik osatzen duten mugimendu politikoa da Fronte Zabala, eta aldi berean, alderdietan afiliaziorik ez duten militante propioak dituena”. Ildo horretan, egunero-egunero adostasunak lortzeko Fronte Zabala osatzen duten indar politiko eta independienteek egiten duten ahalegina goraipatu du buruzagi subiranistak. “Pluraltasuna euren izaeraren ezaugarrietako bat da, EH Bildurena bezala. Mantendu behar dugun altxorra da hori”, esan du. Otegik bi mugimendu politikoen arteko harremana indartzeko EH Bilduren nahia adierazi die Fronte Zabaleko arduradunei.
Topaketa Montevideoko Euskal Etxean:
Otegi Montevideoko Euskal Etxeko kideekin bildu zen gauez. Euskal Erria-k 105 urte betetzen ditu aurten eta munduko euskal etxerik zaharrenetako bat da. “Oso topaketa hunkigarria izan da. Azken hamarkadetako errapaso historikoa egin dugu”, esan du EH Bilduko kooordinatzaile nagusiak.
Agenda bete-betea:
Arnaldo Otegi Uruguayen dago egun hauetan Movimiento de Participacion Popularraren X. kongresuan parte hartzen. Indar politiko hau Fronte Zabala osatzen duenetako bat da eta mundu mailako bere militante ezagunena Pepe Mugica Uruguayko presidenteordea da.
Gaur Javier Miranda, Fronte Zabaleko presidentearekin bilduko da Arnaldo Otegi eta ondoren mundu mailan ezkerrak egin dezakeen borrokari buruz jardungo duen nazioarteko foroan hartuko du parte. Bertan parte hartuko dutenen artean daude Gabriela Rivadeneira, Ecuadorgo Asanblea Nazionaleko diputatua, David Cochehuanca, Boliviako kantziller ohia eta egun ALBAko idazkari politikoa dena eta Vanessa Aguiar, Brasilgo MST mugimenduko zuzendaritzako kidea.

Sestaoko La Naval ontziola Hartzekodunen konkurtsoan sartuko dela eta, Maddalen Iriarte, EH Bildu Eusko Legebiltzarrean duen bozemaileak ontziolako langile eta euren senideei elkartasuna adierazi die.

la naval U4057636061kaG U40668385203XoH 624x385El Correo ElCorreo

Sestaoko La Naval enpresako langileen protesta atzo

Ildo horretan, Iriartek euskal industriaren eta arriskuan dauden milaka lanpostuen defentsan elkarrekin esku hartuta jardun dezatela dei egin gainontzeko alderdi politikoei. Izan ere, uda honetan industria enpresa esanguratsu ugari izan dira arrazoi ezberdinak direla medio, enpleguak suntsituko dituztela iragarri dutenak, besteak beste, ehunka langile dituzten Fagor CNA eta CEL enpresak.  

“Gure herriak ezin du bere industria galdu gure ekonomia eta gure seme-alaben etorkizuna arriskuan jarriz”, esan du bozemaile subiranistak.

Iriartek adierazi duenez, ahalegin berezia egin behar da inbertsio teknologikoan. “Europak Barne Produktu Gordinaren %3 inbertitzea eskatzen duen bitartean hemen %1,84 inbertitzen da soilik”, esan du. EH Bilduko bozemaileak industriari, industria txiki eta ertainari bereziki, “laguntza osoa” eman diezaiela eskatu die euskal erakundeei. “EH Bildu beti izango da hor”, adierazi du.

 

Ramadama musulmanen hilabete santua da eta hilabete horretan zehar 30 eguneko baraualdia egiten dute fede hori dutenek. Behin eguzkia ezkutatuta baraua utzi egiten dute eta jan-edan oparoak egiten dituzte. Pasa den ostiral iluntzean, familia musulman batzuk afari berezia egin nahi izan zuten; modu irekian eta kalean (Villabonako Berdura Plazan) egiteko urratsa eman zuten. Beren kultura eta herrialdeetako janari tipikoak ezagutu eta dastatzeko aukera izan zen bertan.

Greenpeace erakundeak salatutakoaren arabera urriaren 19tik gaurdaino 312 “lehergailu” kontenedore bidali dira Bilboko Portutik Saudi Arabiara. Informazio honen aurrean EH Bildu eta Podemosen batzarkide taldeek Bizkaiko Batzar Nagusietan Arauz besteko proposamen bateratua aurkeztuko dute Portu Agintaritzari eta Espainiar Gobernuari Europar Parlamentuak Arabia Saudirentzat eskatu zuen blokeoa bete dezaten eta giza eskubideak errespetatzen ez dituzten herrialdeetara armen bidalketa erabat etetea eskatuz.

EH Bilduk gogorarazi nahi du 2016ko urrian Europar Parlamentuak ebazpen bat onartu zuela Europar Batasunari eskatuz Arabia Saudiren kontrako arma-blokeoa, Yemenen gertatzen ari diren nazioarteko giza eskubideen urraketak guztiz aztertzen diren arte. Espainiar Gobernuari eskatzen diogu ez dezala entzungorrarena egiten jarraitu eta material hauen bidalketaren bitartez ez dadila izan Yemenen gertatzen ari diren hilketen konplizea. Greenpeacek egindako deialdiarekin bat egiten dugu eta Euskal Administrazioei eskatzen diegu berandu baino lehen arma bidalketa izugarri hauen aurka azaltzea. Gogora dezagun NBEn arabera jada 10.000 hildako baino gehiago izan direla Yemenen eta 3 milioi pertsona baino gehiago lekualdatu direla gerratik ihes eginez.

Apirilean beste proposamen bat aurkeztu zuen EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Portuan armen ontziratzea laguntzeko lanak egiteari uko egiteagatik suhiltzaileari irekitako diziplina espedientea erretiratzea eskatuz. Kasu horretan Arabia Saudirantz 4.000 tona bonba bidali ziren. EH Bilduk agintariei eskatzen die lehenbailehen neurriak hartzea giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien (gerrako krimenak barne) konplize izateari uzteko.

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkie Hezkuntza Sailburuari eta Haurreskolak Partzuergoko gerenteari, onartezina delako langileak horrela tratatzea eta ordezkapenak egiteko zerrenda bat-batean eta soilik bi egunetarako irekitzea.

EH Bilduk Hezkuntza sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko gerentea Legebiltzarrean berehala ager daitezela eskatu du, haurreskoletan ordezkapenak egiteko zerrendaz egiten ari diren kudeaketa “lotsagarria eta onartezina” delako, Rebeka Uberak legebiltzarkideak salatu duenez. Sindikatuen eskariei muzin eginez, Partzuergoak ordezkoen zerrenda sei urtez itxita izan du, baina astelehenean bat-batean ireki zuen, izena emateko epea bi egunera mugatuta. Gainera, lanpostuak izen-ematearen hurrenkeraren arabera beteko dituela iragarri zenez, 500 lagun inguruk pasatu behar izan zuten gaua Partzuergoaren egoitzaren aurrean, Eibarren, izena ematen lehengo postuetan izateko.

consorcio haurreskolak

Iladak izugarriak izan ziren eta askok gaua ere bertan pasa behar izan zuten

“Gertatutakoa Partzuergoaren inprobisazioaren, aurreikuspen faltaren eta kudeaketa txarraren ondorio da”, kritikatu du Uberak. “Lotsagarria eta onartezina da langileak horrela tratatzea, begirune falta horrekin, hezkuntza sistemaren kalitatea ezin delako bermatu enpleguaren kalitatea ere bermaturik ez badago”. Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du “sindikatuek Partzuergoari ordezkoen zerrendak zabaltzeko galdegin diotela behin eta berriz, ordezkapenak egiteko hautagairik gabe geratzeko arriskua bistakoa zelako, azkenean Partzuergoaren kudeaketa txarragatik gertatu izan den moduan”.

EH Bilduk elkartasuna adierazi die kudeaketa penagarri honen ondorioz, Haureskolak Partzuergoaren egoitzen kanpoaldean sekulako iladak pairatu behar izan zituzten pertsona guztiei, egoera erabat bidegabea igaro behar izatea, onartezina eta salagarria da. 

 

Ehunka herritar bildu ziren pasa den asteazkenean Donostiako Alde zaharreko kaleetan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Aingura kofradiarekin elkarlanean deitutako protesta mobilizazioan. Udaberriko beste ekintza ikusgarrian Gipuzkoa Zutikeko ekintzaileek erabilitako buzo zuriak jantzirik, Alde Zaharreko kaleak zeharkatu zituzten errausketaren kalteak salatzen. "Errausketari ez!" eta "osasuna bai!" ohiuen artean, hainbat hizkuntzatan idatzitako informazio orriak banatu zituzten antolatzaileek. 
Hasieran Bulebarretik pasatzea aurreikusi zen arren, agintariek debekatu egin zuten ibilbide hura. Ordainetan, errausketaren aurkako ekintzaileek aukera hobea izan zuten Aste Nagusiko ekitaldiek erakarritako euskaldunei bezala turista eta atzerritarrei erraustegiaren berri emateko. Gainera, Bulebarreko McDonalds-en aurrean parodia ikusgarria burutu zen, PNV-PSEk inposatu nahi duten Zubietako erraustegiaren ondorioz "zombie" bilakatutako herritarrak irudikatuz.

Ikusten denez, errausketaren aurkako mugimenduak indartsu jarraitzen du Gipuzkoan, eta EH Bildutik gure babesa adierazi nahi diogu mugimendu herritar eta zabal honi. Guk gure esku dagoen guztia egingo dugu Zubietako erraustegia gelditzeko, baina kaleak betetzea izango da helburu hori lortzeko berme bakarra. Lortuko dugu!

Herritar talde bat gaurtik (ekainak 14) eta ekainaren 21 bitartean GOSE GREBA egingo du erraustegiaren aurka Donostiako Easo Plazan. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ekimen honi bere babesa eman dio eta deitzaileek hala eskatuta, gaur arratsaldeko 19:00etarako bertara gerturatzeko deia egin du babes hori bertan adierazteko helburuarekin.

Gose greban parte hartuko duten herritarrek egitarau berezia antolatu dute:

- Ekainak 14, asteazkena: 17:00etan Easo Plaza apaintzeko deia: pankartak, banderolak…
- Ekainak 14, asteazkena: 19:00etan gose grebaren hasiera.
- Ekainak 14, asteazkena, 19:00etan hitzaldia. Hizlaria: José Luis Paulín (OEIT-GEISeko medikua). Gaia: Errausketa eta Osasuna. Hitzaldia gaztelaniaz.
- Ekainak 15, osteguna: 19:00etan hitzaldia. Hizlariak: Pello Zubiria eta Joxe Mari Irazusta. Gaia: Zubietako erraustegiaren aurkako borroka eta alternatibaren eraikuntza. 
- Ekainak 17, larunbata: 12:00etan. ERRAUSKETAREN AURKAKO GIZA KATEA. Easo plazatik Gipuzkoako Plazara.
- Ekainak 18, igandea: 17:00etan Easo Plazan, “Munduko Dantzak” ikuskizuna. Haur, gazte, edonorentzako dantza saio parte hartzailea.
Bideo emanaldiak:
Ekainak 14, asteazkena: Ziztadak
Ekainak 15, osteguna: The Yes Men Fix the World (euskarazko azpidatziekin)
Ekainak 16, ostirala: La fête est finie (euskarazko azpidatziekin)
Ekainak 17, larunbata: Gure lurra gure etorkizuna
Ekainak 19, astelehena: Gasland (euskarazko azpidatziekin)

 

erraustegia gose greba kartela

Erraustegiaren aurkako herri mugimendutik zabaldu duten kartela


Amasa Villabonako EH Bilduk bere babesa adierazten dio Zubietako erraustegiaren aurkako herri-ekimen berri honi. Hainbat komunikabidek estali edo isilarazi nahian ari badira ere, erraustegiaren aurkako mugimendua indartzen ari da Gipuzkoa osoan eta herri presio antolatu horrek erakutsi duen indarrarekin, oso agerian geratzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundian agintzen duten PNV eta PSOEk kutsakorra eta osasunarentzat kaltegarria izango den erraustegia kosta hala kosta inposatu nahi dutela, Gipuzkoako herritarren gehiengoaren iritziaren kontra. Egoera honetan, mobilizazioekin tinko jarraitzea da erraustegia gelditzeko dagoen modu bakarra, eta oraindik garaiz gaudela pentsatzen dugu. Beraz, erraustegiaren aurkako herri mugimenduak egingo dituen deialdi ezberdinetan parte hartzeko deia luzatzen diegu gure herriko gizon emakumen guzti-guztiei. Erraustegia gelditzea ere, gure esku dago! 

Garoñako zentral nuklear zaharkituta behin betiko ateak itxiko dituelako Araba zoriondu ostean, EH Bilduk epe laburreko etorkizunari begira zentralaren berehalako eraispena exijitu du. Horrela dago jasota herrialdeko instituzio nagusietan aurkeztu duen mozio batean. Bertan, Espainiar Gobernuari zein zentral nuklearraren enpresa jabeei exijitzen die besterik gabe eta inolako luzamendurik gabe abiarazi dezatela zentral nuklearra eraisteko prozedura burokratiko eta teknikoa. Izan ere, hamar urtez luzatu daiteke prozedura hori.

“Badira lau urte zentrala ez dagoela funtzionamenduan eta horregatik, gure ustez, eraispen prozedura ezin da denboran luzatu. Bere garaian guk aurkeztutako ekimen bat babes oso zabala izan zuen instituzioetan eta berrartzeko unea dela uste dugu. Bertan, prozesua berme guztiekin egiten dela ziurtatuko duen instituzio arteko batzorde bat martxan jartzea eskatzen zen. Batzorde hori osatzeko unea heldu da, berehala, egoera gainditu ahal izateko”, nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak, Kike Fdez de Pinedok.

2013an onartu zen ekimen hori eta nazioarteko segurtasunezko nuklearraren adituen partehartzea ere planteatzen zen. Itxiera eta eraispena ez ezik, zonaldearen berraktibazio ekonomikorako horrelako esperientziak partekatzea ere ezinbestekoa ikusten zen. Era berean, EH Bilduren ustez, batzorde horrek prozesuaren fase guztietan informazio nahikoa izan behar du segurtasuna bermatzeko asmoz. Halaber, osasuna, segurtasuna, polizia, komunikazio, ingurumen edo hezkuntza arloko ekimenak koordinatzeko balio izan behar du batzorde horrek.

Azkenik, EH Bilduko bozeramaileak Arabar gizartea zoriondu nahi izan du urte luzeotan, batzuetan bateko eta besteko instituzio nagusien utzikeriaren gainetik, Garoñako zentral nuklearra ixtearen aldeko borrokan erakutsitako adoreagatik eta egindako lan eredugarriagatik. Hainbat eta hainbat eragilek, gizarte mugimenduk, toki erakundek eta herritar xumek garatutako dinamika zabal eta etengabe barik ez baitzen lortuko Garoñako zentral nuklearra ixtea.

ZORIONAK.GAROÑA

EH Bilduk argitaratutako kartela.

Behar Zana pilota eskolan 2017-2018 ikasturterako izena emateko epea zabalik da. Ekainaren 23a izango da azken eguna. Jarraian eskainiko diren modalitateak eta informazio zabalagoa:

Taldeak finkatu gabe dauden arren (matrikularen ondoren zehazten dira) egunak erabakita daude.

Eskeiniko diren modalitateak joko garbia, eskua eta pala izango dira eta Amasa eta Villabonako frontoiak erabiliko dira.

Datorren ikasturterako entrenamendu egunak honakoak izango dira:
- 4. maila bitarteko haurrak: Astelehenetan eta asteazkenetan.
- 5. eta 6. mailakoak: Astearte eta ostegunetan.
- Matrikulazioa 16 urtekoei ere irekia dago, pilotari federatuei zein palan hastapenak egin nahi dituzten emakumeei.
- Nesken pala saioak: Astearte, ostegun eta ostiraletan.
- Joko garbikoen entrenuak: Astearte eta ostegunetan.

Informazio gehiago nahi izanez gero (kuotak, egutegia, ordutegiak etab), bi bide luzatu dituzte:
-E-maila: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it..
-Telefonoa: 600375352 edo 688685982.

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: