Laburrak

Gasteizko legebiltzarrean EH Bilduren ordezkari nagusiak diren Jasone Agirre, Maddalen Iriarte eta Miren Larrion oso kritiko azaldu dira Iñigo Urkulluk zuzendutako PNV-PSEren Eusko Jaurlaritzarekin. EH Bilduko bozeramaileen ustez, legealdiko lehenengo urtea aukera galduen urtea izan da, Urkulluren xedea jada ez delako Europan euskal nazioa eraikitzea, Espainian autonomia moldatzea baizik. EH Bilduk, dena den, akordio integrala eskaini du berriz ere Estatuarekiko egungo harreman eredua gainditzeko eta herritarren ongizatea bermatzeko.

EH Bilduk duela urtebeteko hauteskunde kanpainan herri akordio zabal eta aurrerakoia eskaini zuela gogora ekarri ostean, tamalez PNVk  PP eta PSErekiko aliantza zaharren aldeko apustu egin duela salatu dute, “eta horrek Europa aurreratutik urrundu eta Espainia zaharkitura hurbiltzen gaitu”. Maddalen Iriarte, Miren Larrion eta Jasone Agirreren iritziz, “Jaurlaritzak kaskarkeria kudeatzen du, ez du anbiziorik, errealismoa etsipenarekin nahasten du eta herri ikuspegi estrategikoa falta zaio; hori emaitza logikoa da bere aliatuak PSE eta PP baldin badira, betikoa betikoekin egiten badu”.

Iriartek salatu duenez, “bidaide horiekin eta PPren politikak bere eginez, Urkullu eta PNV Espainian ainguratzen ari dira arlo politikoan, ekonomikoan eta sozialean. Euren helburua ez da, dagoeneko, euskal nazioa Europan eta herri aurreratuenen pare, baizik eta autonomia Espainian, eta hori oso larria da, ondorioak, ekonomikoak eta mota guztietakoak, herritarrak pairatzen ari direlako”.

DPzHw66XcAAUJZy

Jasone Agirre, Maddalen Iriarte eta Miren Larrion, legebiltzarrean eskaini zuten prentsaurrekoan

Horri jarraituz, Miren Larrionek azpimarratu du Urkullu ez dela gai euskal gizartearen zati garrantzitsuekin, legebiltzarreko 2. eta 3. indarrekin, akordioetara iristeko, baina bai tematzen dela, ordea, alderdi unionistekin adosten, PP eta PSErekin, hemen gutxiengo direnekin. Horren haritik, erantsi du, “mundu mailan herri askok aurrera egiten duten bitartean, betikoa betikoekin egiteak atzean gelditzea dakar, eta hori da hemen gertatzen ari dena”.

Ohartarazi duenez, atzerapausoak nabarmenak izaten ari dira hezkuntzan eta osasunean, non kalitatea izugarri jaitsi den murrizketen ondorioz; enpleguan, soldatek azken lau urteotan behera egin baitute etengabe; industrian, arlo horretan funtsezkoa den ikerketan eta garapenean egiten den inbertsioa etengabe jatsi baita, urtez urte, Urkullu Lehendakaritzara heldu zenetik. “Inbertsio horrek estrategikoa izan beharko luke Jaurlaritzan, baina parametro espainoletara hurbiltzen ari gara Europako batez bestekotik urruntzen ari garen bitartean. Euskal gizarteak ahalmen eta gaitasuna du Europako onenen artean egoteko, baina horretarako ezin dugu betikoekin betikoa egin”.

“Legealdiko lehenengo urtea, beraz, alferrik joan zaigu”, ondorioztatu du Jasone Agirrek, baina, hala eta guztiz ere, PNV eta Podemosi egindako eskaintza integrala berretsi du “hori delako herri honek duen bide eta aukera bakarra jendearen ongizatea eta autogobernua bermatzeko”. Agirreren irudiko, “borondatea baldin badago, denbora dago oraindik akatsak zuzentzeko eta Jaurlaritzaren politika ekonomiko eta sozialak norabide egokian jartzeko”.

Autogobernuari dagokionean akordioak lortzearen garrantzia azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, betiere Estatu espainolarekin dugun harreman eredua aldatzeko. “Harreman eredu berria behar dugu, berdinen artekoa, Urkulluk nahi duena esan dezakeelako, baina egungo ereduari ezin zaio aldebikotasuna deitu. Giltza Madrilek dauka, eta akordioak betetzen dira Gobernu espainolak hala nahi badu bakarrik, bere baldintzak jarrita. Hori ez da aldebikotasuna, xantaia baizik; hori harreman toxikoa da, ezinbestean aldatu beharrekoa”.

 

Pasa den ekainaren 17ko Kongresuan militanteen bozka zuzenaren bidez aukeratuak izan zirenetik, EH Bilduko idazkari sektorial guztiak lehen aldiz elkartu dira. Hurrengo hilabete eta urteetan EH Bilduk egingo dituen politika sektorialak zehazten hastea izan da bilkura honen helburua.

Urriaren 7an Gasteizen izandako EH Bilduren Konferentzia Politikoan aurkeztu zen bezala, EH Bilduk Euskal Errepublika eratzearen aldeko lana abiatu du iada. Errepublika horrek herritarren gehiengoaren beharrei erantzungo dien gizarte ongizate sistema sortzeko helburua izango du. Horrenbestez, errepublika sozial eta demokratikoa eraikitzea aldarrikatzen dugu, bertan bizi direnak zaintzeko gai izango dena.

Gaurtik hasita, errepublika horren zutabeak izango diren proiektuak lantzen hasiko dira 20 idazkaritzak. Gaur egungo markuetatik egingarriak eta errealistak izango diren proposamen zehatzak eginez joango dira idazkaritzak helburu horiek gauzatzen eta, jakina, herritarren bizitza kalitatea hobetzea eta herri eta gizarte bezala nahi dugun etorkizun duina eraikitzea izango dute helburu.

Era berean, EH Bilduk Euskal Errepublikaren oinarriak izango diren oinarrizko tresna eta egiturak definitzeko prozesua abian jarri duela iragartzen du. Gure eredu sozialaren oinarriak izango diren tresnen izaera zehazteko lan mardulari ekin diogu.

Gizarte segurtasuneko sistema publikoaz ari gara. Arreta berezia jarriko diogu pentsioen sistemari, finantza sistema propioari, gizarte babesari, lan harremanen esparru propioari, administrazio publikoari eta etorkizuneko osasun eta hezkuntza sistemei. Horiek guztiak sakon aztertu behar ditugu, aldaketak praktikan ezarri behar izango direnean prestatuak egon gaitezen.

PNV-PSEren Foru Gobernuak Gipuzkoarako osatu duen Aurrekontu Proiektua oso kaltegarria da gipuzkoarrontzat, eta ez du balio enplegu duina sortzeko, ezta herritarrek behar dituzten gizarte zerbitzu duinak eskaintzeko ere. 2018ko Aurrekontu proiektuak ez ditu asetzen beraz, ezta urrunetik ere, gipuzkoarron beharrak. Horregatik, EH Bilduk aurrekontuei osoko zuzenketa egitea erabaki du. Horretaz gain, 85 zuzenketa partzial aurkeztuko ditu, guztira, 58 milioi euro ukitzen dituztenak. Zuzenketa proposamen hauek bereziki, gizarte politikak eta ekonomiaren sustapena indartzera bideratuta daude.

Xabier Olano EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, Gipuzkoan behar handiak daudenean ezin da ulertu, are gutxiago onartu, Gipuzkoako Aurrekontu propioa 18,6 milioitan soilik igotzea eta Madrili ordaindu beharreko kupoa 104,2 milioi igotzea. Aurreko urteko datuekin alderatuta, Aurrekontu propioa %2 igoko da; Udalen Fondoa %4 eta Eusko Jaurlaritzari egiten zaioen ekarpena, %6. Aldiz, Estatuari ordaindu beharreko kupoa % 42 igoko da! Aurreko urteko 246,9 milioiren ordez Espainiari 351 milioi ordaindu behar izateak, dirutza hori Gipuzkoan ezin inbertitzea dakar. Dirutza hori oso ondo etorriko litzateke politika sozialak hobetzeko edo ekonomia sustapenean inbertitzeko.

“Etsipenez ikusten dugu, beste urte batez ere, Foru Gobernu honentzat Gizarte Politika ez dela lehentasuna eta atzera pausu nabarmenak daudela. Horregatik proposatzen dugu departamentu horrek aurreko legealdian lortu zuen inbertsio maila berreskuratzea datozen bi urteetan, zehazki, Aurrekontu Orokorraren % 49,39a izatea. Datorren urterako gehikuntza horri esker,hainbat hobekuntza finantzatu ahal izango dira, adibidez, Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuan Aldundiak egin dituen murrizketak (3 milioi) edo adinekoen egoitzetako 200 plaza berrien irekiera.

xabier olano bildu gipuzkoa efe foto960

Xabier Olano EH Bilduko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Era berean, ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko ahalegina motz gelditzen da, eta datorren urterako Aurrekontu proiektuan baliabideak izoztu egiten dira. Horregatik, EH Bildutik zuzenketa partzialen bitartez, 2,4 milioi euro gehiago eta beste 700.000 euro enpresa txikiak, ertainak eta mikroenpresak laguntzeko bideratzea eskatu dugu.

Horrekin batera, zerga iruzurraren aurkako borrokan baliabide pertsonal gehiago jarri behar direla azpimarratu du Xabier Olanok, eta horretarako milioi bat euroko gehikuntza proposatu du. Era berean, ingurumena, elikadura burujabetza eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin du EH Bilduk bere zuzenketa partzialetan eta adostasun garrantzitsuetara iristeko borondatea duela erakutsi du.

 

Ibon Iparragirre euskal presoaren egoera okertu egin dela salatu dute Kalera Kalera ekimeneko kideek Tolosako epaitegi aurrean egindako elkarretaratzean: "Azken azterketa medikuaren bidez jakin dugu Ibon hilzorian dagoela, eta edozein gorabeherak heriotza eragin diezaiokeela".

Era berean, Auzitegi Nazionaleko forentse medikuaren eta epailearen jarrera salatu dute: "Epaileak Alcala espetxeko medikuaren gainean jartzen du Ibon askatzeko ardura, eta epaileak ez du bere erantzukizuna betetzen. Badakite Ibon azkeneko egunak bizitzen ari dela, baina hala ere, ez dute har dezaketen erabaki zuzen eta gizalegezko bakarra hartzen: gizatasun printzipioa aplikatuz, Ibon kaleratzea". Azkenik, besarkada "sentikor" bana bidali diete bere senitartekoei, eta antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

adfhajhj

Elkarretaratze amaieran Ibon Iparragirre askatzearen aldeko manifestua irakurri zen. Iturria: ataria.eus

Ibonen bizitza hari batetik zintzilik dago

Metafora gordin bezain argigarriarekin definitu zuen presoaren egoera haren anaia Gotzon Iparragirrek. Eta inork ez daki zenbaterainoko lodiera duen hari horrek. Ezta medikuek ere. «Bizi-diagnostikoa ezin dela egin esan zuten uztailean egin zioten ikuskatzean. Ezin da jakin bi urte iraungo duen edo bi egun barru infekzio bat harrapatuko duen eta hori izango den amaiera». Presoak berak badaki hil-bizian dela; hotz jakinarazi zion forentseak. «Badakizu berriro gaixotuz gero hil egingo zarela, ezta?».

Hiesa du Iparragirrek, eta, azken analisien arabera (irailaren 15ekoak) hogei defentsa ditu soilik. Osasuntsu dagoen pertsona baten gorputzak 724 eta 1.154 defentsa artean ditu. «Azken urtean 50 bat defentsa izan ditu, baina astebete erietxean eman zuen maiatzean eta ekainean, pneumonia batengatik, eta jaitsi egin zaizkio», azaldu du Gotzon Iparragirrek. «Edozein infekzio, katarro txiki bat, zauri bat...»

Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohia Martuteneko espetxean sartu zuten pasa den astelehenean, trafiko istilu baten harira Gipuzkoako Auzitegiak ezarritako bi urte eta erdiko zigorra betetzeko. Iker Rokandio Pasaiako udaleko idazkari izandakoari ere, zigor berbera ezarri zioten.

Amasa Villabonako EH Bilduk bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die Amaia Agirregabiria eta Iker Rokandiori. Sinetsita gaude bere jardun publikoan herritarrei laguntzeko borondate osoa izan zutela orduan, eta irizpide bera izan zutela beti beren ekintza publiko eta instituzional guztietan. Beraz, inori kalterik eragin ez zion trafiko arau-hauste bati lotutako liskar batenagatik bi pertsona kartzelatzea, neurrigabekeria galanta iruditzen zaigu.   

Lehenbailehen Amaia eta Iker berriz kalean ikustea espero dugu. Animo eta eutsi! 

Gipuzkoako Batzar Nagusietan izandako batzordean, EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok zerga erreforma fiskal serioa abiatzea eta Ekarpen Legea gaurkotzea eskatu dizkio Markel Olano PNVko diputatu nagusiari. PNVk bi neurri horiek aspaldi agindu zituen arren, huts egin du bietan, eta ez du bete ez bata eta ez bestea. Xabier Olanok ohartarazi duenez, EAJ-PSEren Foru Gobernuak bi konpromiso horiek betetzen ez dituen bitartean, langileen gaineko presio fiskalak gora jarraitzen du eta Gipuzkoak 100 milioi euro inguru galtzen ditu urtero.

20171013 103214

Gipuzkoako Batzar Nagusietako fiskalitatearen batzordea

Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak Finantzen Euskal Kontseiluaren azken datuen irakurketa zehatza egin du, eta diru-bilketaren azterketan, zergaz-zergako analisia egitearen garrantzia azpimarratu du. Horren arabera, argi ikusten da gaur egungo ereduarekin zerga zama handiena langileen bizkar geratzen dela. Izan ere, Gipuzkoako herritarrek PFEZ bitartez egiten duten ekarpena diru-sarreren %37a suposatzen du, eta kontsumitzaileena, BEZAren bitartez, %44a. Aldiz, Sozietateen (enpresen) Irabazien gaineko Zerga diru-bilketaren % 6,5a besterik ez da. Gainera, Finantzen Euskal Kontseiluak egindako aurreikuspenen arabera, datorren urtean PFEZ eta BEZA %2,5 eta % 7,4 igoko dira, baina Sozietateen Zerga, %0,7 besterik ez.

Beraz, EH Bilduren iritziz, horrek argi erakusten du erreforma fiskal serio bat egiten ez den bitartean, diru-bilketaren gehiengo oso handia langileen bizkar jarraituko dutela kargatzen; zama gero eta handiagoa izango da langileentzat eta arinagoa, enpresentzat. Gipuzkoa orekatuagoa nahi badugu, etekinak lortzen dituzten enpresek ekarpen handiagoa egin behar diote gizarteari. Horregatik, EH Bilduk zerga sistema aldatu beharra dagoela azpimarratzen du, progresibitatea, justizia eta ekitatearen pritzipioetan oinarritutako erreforma integral bat.

Horretaz gain, Ekarpen Legea ere aipatu eta jorratu da Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Gogoratu behar da, Markel Olanok berak agindu zuela Ekarpen Legea gaurkotzeko konpromisoa. Joan den urteko abendurako jarri zuen epemuga, baina ez du hitza bete eta egoerak berdin-berdin jarraitzen du. Horrek, kalte ekonomiko handia suposatzen du Gipuzkoarako, izan ere, koefiziente horizontalak berdin jarraitzen duen bitartean, gure Herrialdeak 100 milioi euro inguru galtzen ditu urtero.

 

Maider Otamendi EH Bilduko legebiltzarkidek Osasun sailburuari gogorarazi dio bai pribatizazioa, bai autokontzertazioa eskuinaren betiko neurri zaharrak direla, eta horrek ez duela arazoa konpontzen, herritarren arteko desberdintasunak handiatzea dakarrelako.

Maider Otamendi EH Bilduko legebiltzarkidea, Darpon osasun sailburuari azalpenak eskatzen

EH Bilduk Osakidetzan itxarote zerrendak laburtzeko Osasun Sailaren plana kritikatzen du, planak “neurri interesgarri batzuk” jasotzen dituen arren, funtsezko proposamenak ez direlako batere onargarriak. Zehazki, autokontzertazioa eta pribatizazioa aipatu behar ditugu, eta gogorarazi nahi dugu bi neurri horiek erakutsi dutela ez dutela ezertarako balio. Osakidetzak autokontzertazioa proposatu du osasun zentroetan arratsaldeko txandak indartzeko; hau da, langileek euren ordutegitik kanpo lan egin dezatela, aparteko ordu-extra gisa. Proposamen horren aurrean EH Bilduko Otamendik, Darpon sailburuaren burutazio hori "peonadak" proposatzea dela salatu du. Arratsaldeko txandak indartu nahi izanez gero, lanpostu berriak sortu behar dira, oinarrian dagoen arazo larria, benetako arazoa, pertsonal falta nabarmena delako.

EH Bilduren iritziz, gaixoak sistema publikotik sare pribatura bideratzea ez da itxarote zerrendak laburtzeko bidea. Horren haritik, gogora ekarri nahi dugu Osakidetzako zerbitzu-buru batzuek, itxarote zerrendak kudeatzeko ardura dutenek, alegia, arratsaldez klinika pribatuetan lan egiten dutela. Osasun sailburuak aurkeztu duen planak ez du ezer aipatzen profesional horiei buruz eta sortzen den galdera automatikoa hauxe da: Nolatan gera daiteke zerrenda horien antolaketa profesional horien esku, ondoren beraiek izango badira gaixoak euren klinika pribatuetara deribatuko dituztenak?.

EH Bilduk argi du Kataluniako autonomia bertan behera uztea eskatzea bateraezina dela Jaurlaritzan goi kargua izatearekin.

EH Bilduren iritziz, oso larria da gaur goizean Euskadi Irratian Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Kabinete zuzendari Andoni Unzaluk egin dituen adierazpenak, Konstituzio espainolaren 155. artikulua Katalunian aplikatzearen alde eta, beraz, hango autonomia bertan behera uztearen alde agertu baita. Bere hitzak hain larriak izanik, EH Bilduk Unzalu berehala kargutik ken dezatela exijitzen die Urkullu lehendakariari eta Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuari. Unai Urruzunok adierazi duenez, Unzalu bera da kargu hori betetzeko moduan ez dagoela erakutsi duena.

EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, “Jaurlaritzako goi mailako kargu batek ezin du 155. artikuluaren aplikazioa eskatu, hori bateraezina delako Lakuako Gobernuak Kataluniarekiko erakutsi behar duen posizio politikoarekin. Ondorioz, lehenik eta behin lehendakariari, eta gero Retortillo sailburuari, dagokie Unzalu kargutik kentzea. Erabaki automatikoa izan behar da, eta horixe da Legebiltzarrean eskatuko dieguna”.

 

Hautsak harrotzen jarraitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebusen Buruntzaldeko zerbitzua aldatzeko egin duen aurreproiektuak (Amasa Villabonari ere eragingo dio aldaketa horrek); nola harrotzen, gainera. Oposizioko alderdiak EH Bildu eta Ahal Dugu), eragiten dien herrietako udalak, ehunka erabiltzaile, zerbitzu hori ematen duten garraio enpresetako langileak eta sindikatuak… Guztiak aurrez aurre ditu PNV eta PSEren Foru gobernuak.

UGT sindikatuak duela bi aste ohartarazi zuen proposamenak lan gatazka iturri izateko tankera zuela, eta halaxe gertatu da. Garayar, Areizaga eta TSST enpresetako langileek, ELA, LAB eta UGT sindikatuen babesarekin, “murrizketen kontra” elkarretaratzera deitu dute datorren asteazkenerako. Donostian, Julio Caro Baroja plazan egingo dute protesta, 11:00etan hasita.

Etor dakiekeenaren beldur dira langileak. “Uste baino askoz larriagoak dira planteaturiko aldaketak zein murrizketak”, adierazi zuten joan den astean Hernaniko udaletxean egin zuten agerraldian. “Kostuen gutxitzean eta zerbitzuaren oreka ekonomikoan oinarriturik, egun eskaintzen diren hainbat zerbitzu kendu edota izugarri murriztu” nahi izatea leporatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari. “Badirudi batzuei ahaztu egiten zaiela zerbitzu publiko batez ari garela hizketan, eta, beraz, gizartearen interes orokorra interes ekonomikoaren gainetik jarri behar dela”. Aldundia, ordea, kontrako norabidean ari delakoan daude. Gidariek hiru datu jarri zituzten mahai gainean: lehenengoa, hazten ari dela aurreproiektuak eragiten dion eremuko biztanle kopurua; bigarrena, autobus zerbitzu publikoaren erabilera handitzen ari dela eremu horretan (2015ean baino 130.864 bidaia gehiago egin ziren iaz); eta hirugarrena, Euskal Autonomia Erkidegoan Gipuzkoa dela autoa gehien erabiltzen den lurraldea. Arrazoi horiengatik, langileek adierazi zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoa “indartu” egin beharko lukeela eta “ez murriztu”.

Aldaketen ondorioak, erabiltzaileek ez ezik, langileek eurek ere jasango dituztela uste dute, gainera. “Langileok pairatuko ditugu murrizketa horiek modu bortitzenean” adierazi zuten autobus gidariek agerraldian. “Zerbitzuak kentzean, gutako asko sobera egongo gara, eta litekeena da 30 langilek baino gehiagok lanpostua galtzea”. Zerbitzua hiru enpresaren artean ematen dutenez, ezinezkoa zaie zehaztea aldundiaren proposamenak eragiten dien langileen kopuru zehatza. “Baina ehun bat lagun izango ginateke, gutxi gorabehera”. Hortaz, aurreikusten dute lanpostuen herenak inguru arriskuan leudekeela. Gainera, salatu zuten aurreproiektuak jasotzen dituen neurriek gidarien “lan erritmoak handitzea eta atsedenaldiak laburtzea” eragingo luketela, eta “lan istripuen arriskua izugarri handituko” litzatekeela. “Badirudi ahaztu egiten zaiela pertsonak garela eta pertsonak garraiatzen ditugula, eta tamaina horretako murrizketek zerbitzuaren kalitateari kaltea besterik ez diotela ekarriko”.

Horiek horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak mahai gainean jarri dituen aldaketak herritarrentzat zein langileentzat “onartezinak” direla iritzita, borrokarako deia egin zieten autobusetako lankideei, eta datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioetarako babesa eskatu zieten herritarrei eta erakundeei. Buruntzaldeko eta Tolosaldeko erabiltzaileei esku orriak banatzen ari dira egunotan, foru aldundiaren asmoen eta haien ondorioen berri emateko.

 

Zerga ereduaren inguruan akordiorik ez izatea eta indar politiko, sindikal eta sozialen artean elkarrizketarik ere ez abiatu izana salatu du EH Bilduk. Egoera larria dela adierazi du Leire Pinedo legebiltzarkideak eta zerga politikarako EH Bilduren idazkariak. “EAJk eta PSEk egin duten kudeaketa negargarriaren eta gaitasun faltaren ondorioa da egoera hau. Herritarrek ez dute zertan ordaindu behar alderdi hauek dituzten barne lehiak ez eta akordiorako daukaten gaitasun eza ere”.

Duela 5 hilabete, eztabaida publikoa irekitzea proposatu zuen EH Bilduk eta  eskaera hori bera egin du beste behin Leire Pinedok. Bakoitzak bere proposamenak aurkeztu ahal izatea eta guztiok jendaurrean bere burua definitzea ziren proposamen horien helburu nagusiak. “Gure proposamena eragile sindikalei, sozialei eta politikoei bidali genien, eztabaida irekitzeko asmoarekin. Eztabaida irekitzeko keinu txikiena ere ez dugu jaso EAJtik eta PSEtik”, agertu du.

Pinedoren hitzetan, hiru herrialdeetako gobernuek eta Eusko Jaurlaritzak, eta gobernu horiek sustengatzen dituztenek, porrot egin dute. Era berean, elkarrizketarako eta akordioak lotzeko EH Bilduren prestutasuna azaldu du. “Eztabaidarako eta akordioak lotzeko prest gaude, baldin eta gehiengo sozialaren eta langileen onurarako bada, enpresei dagokien ekarpena egitea eskatzen bazaie eta, era horretara, kalitatezko zerbitzu publikoak izatea laguntzen badugu. Itxura batean EAJk egin nahi duen eran enpresei zergak jaitsi nahi bazaizkie herritarrok gehiago ordaindu behar izateko, EH Bilduk ez dio inolaz ere horri babesik emango”.

Euskal Finantzen Kontseilua

Euskal Finantzen Kontseiluaren inguruan izan diren irregulartasunak aipatu ditu Eneko Maioz EUDELeko zuzendaritzako kideak, eta EAJk eta PSEk gune partekatuak beren intereserako erabiltzen dituztela salatu du. Azaldu duenez, astelehenean jaso zuen asteazken arratsaldeko bilerarako gai-ordena eta ez dago batere argi zerga ereduaz eztabaidatuko duten edo ez. Gainera, EH Bilduko ordezkariari ez zaio dokumentazio osagarririk bideratu.

“Finantzen Euskal Kontseilua de facto bertan behera geratu dela uste dugu. Aspiazu sailburuak eta EAJk egindako kudeaketa negargarria, partidista eta irregularra salatu beharrean gara. EUDELen bidez ordezkatzen ditugun udalak babes faltan daude, eta egoera hau ezin dugu ontzat eman”, adierazi du Maiozek.

EH Bilduk gogor salatzen du Alfredo Remirezen espetxeratzea eta bere berehalako askatasuna exijitzen du. Espainiar estatuko "justizia", PPren gobernuaren esanetara, disidentzia politikoaren adierazpen askatasunaren kontrako tresna errepresibo gisa jokatzen ari da, garai bateko zentsura berriz ere ezarriz eta gizarte honetako sektore kritikoak isilarazi eta beldurtzeko helburuarekin. Gure ustez, hau erabat antidemokratikoa izateaz gain, onartezina da.

Julen Arzuaga EH Bilduko kideak komunikabideen aurrean egindako balorazioan, Gasteizko Legebiltzarrean izandako eztabaidaren emaitzak azpimarratu zituen: “albiste ona da PP ez beste talde guztiek bat egitea kartzelaratze honen neurrigabekeria salatzean, adierazpen askatasunaren defentsan eta terrorismoaren gorazarre delituak definitzen dituen Zigor Kodearen artikulua aldatzeko eskaeran”.

EH Bilduk pasa den ostiral arratsaldean Amurrion Alfredo Remirez (@erreharria) espetxeratzearen aurka egin zen manifestazio jendetsuan parte hartu zuen. Remirez larunbatean eraman zuten Basauriko kartzelara, Auzitegi Nazionalak “sare sozialetan terrorismoaren gorazarre egitea” egotzita kondenatuta, baina, Julen Arzuagak salatu zuenez, “delitu tipo horren eskutik, funtsezkoak diren eskubideak urratzen ari dira, hala nola, adierazpen askatasuna eta askatasun ideologikoa”.

jarraia146737

Alfredo Remirez bere lagun eta senideei agurtzen, ostiralean Amurrion egindako manifestazioaren ostean

Hori dela eta, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu zuen irailean, Legebiltzarra Remirez pairatzen ari den bidegabekeriaren aurka ager zedin. Zuzenketak egiteko epea amaituta, gainerako talde politikoek egindako ekarpenak ikusita, Arzuagaren iritziz “albiste ona da PP ez beste talde guztiok bat egitea adierazpen askatasuna eta ideologikoa defendatzeko, legeak aplikatu beharreko garaiaren errealitate sozialaren arabera interpretatu daitezela eskatzeko, iritzi soilak emateagatiko kartzelaratzeak salatzeko, zigorrak proportzionalak izan daitezela galdegiteko eta Zigor Kodearen 578. artikulua (terrorismoaren gorazarreari eta biktimen umiliazioari buruzkoa) aldatzea eskatzeko, betiere interpretazio arbitrario eta neurrigabeak saiheste aldera, adierazpen, iritzi eta pentsamendu askatasunekin bateraezinak liratekeenak, alegia”.

Finean, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu zuenez, adostasuna ia erabatekoa da Amurrioko gaztearen kartzelaratzearen aurka. “Sintonia handia dago bizikidetzaren alde, bai eta Remirez eta haren sendiari babes eta elkartasuna adierazteko ere, kartzelak eragingo dien sufrimendua dela eta”.

 

Europako Parlamentuan presoen urruntzearen gaia jorratu da eta gehiengoak urruntzzea salatzea erabaki du «haien senitartekoei ezarritako zigor gehigarria» delako. Gainera, Europar Batasuneko kide diren estatuei eskatu die gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan «haien zigorrak berriro aztertzeko aukera aintzat hartzeko».

Europako estatuen kartzelen egoera eta baldintzen inguruko Bergeron txostena izenekoa onartu du parlamentuak, eta han, EH Bilduk proposaturik, agertzen dira presoen urruntzeari eta larriki gaixo diren presoei buruzko aipamenak. EH Bilduko eurodiputatu Josu Juaristik «oso albiste ontzat» jo du bozketaren emaitza. Onartutakoa ez da txosten legegilea, eta, hortaz, ez da estatuek derrigorrean bete beharrekoa, baina lehenengo urratsa da Europan presoen giza eskubideak arautzeko bidean. Txostena alde handiz onartu da Estrasburgoko parlamentuan egin den bozketan: 474 boto alde, eta soilik 109 aurka.

EAJ-PSEren Foru Gobernuak gaur aurkeztu duen 2018ko Aurrekontu Proiektua oso kaltegarria da Gipuzkoarako, bereziki Herrialdeak 104 milioi euro gehiago eman beharko dizkiolako Espainiako Gobernuari, PNVk eta PPk Kupoaren inguruan hartutako akordioaren ondorioz. Aldundiak aurten jaso dituen 4.868 milioi eurotik, 351 milioiko ekarpena egin beharko dio Estatuari, iaz baino % 42,2 gehiago. Igoera hori oso kezkagarria da eta oso kaltegarria herritarron interesetarako, milioi horiek politika sozialetan edota Gipuzkoaren ekonomia sustapenean inbertitu beharrean, Madrilek eramango dituelako Urkullu eta Rajoyren arteko akordioari esker.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok azaldu duenez, sakonki aztertu behar da gaur Foru Gobernuak aurkeztu duen Aurrekontu Proiektua, baina lehenengo irakurketa orokorra eginez, oso deigarriak diren adierazleak daude. Lehenik eta behin, PNV eta PPren arteko Kupoaren akordioak Gipuzkoako herritarrengan izango dituen ondorio kaltegarriez ohartarazi du. Izan ere, 2017ko datuekin alderatuta, aurrekontu propioa %2 igo da, Udalen Fondoa % 4, Eusko Jaurlaritzari egiten zaion ekarpena %6 eta, aldiz, Estatuari ematen zaion Kupoa %42,2ko igoera desproportzionatua izan du.

“Kupoaren akordioak Estatu espainolarekiko menpekotasun harremana ontzat ematen du. Eta gainera, kostea gero eta handiagoa da herritarrentzat. PNVk erabaki beharko du zer nahi duen: Edo akordioak egin hemengo herritarren kontra aritzen diren eta 155. Artikulua babesten duten alderdiekin (PP eta PSE) edo erabakitze eskubidearen aldeko aurrekontu sozialak eta demokratikoak adostu EH Bildurekin. Estatuari Kupoa %42 igoz nekez bultza daiteke erabakitze eskubidea”, azpimarratu du Xabier Olanok.

Kupoaren zifra larriaz gain, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du diru-bilketaren inguruko datuak ere kezkagarriak direla. Izan ere, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga (% 36) eta Balio Erantziaren Gaineko Zerga (% 41) dira diru-bilketaren zutabe nagusiak. Aldiz, Sozietateen Zergak % 6,24 besterik ez du jasotzen, eta Aberastasuna eta Fortuna Handien Gaineko Zergak % 1,48, iaz baino 7 milioi gutxiago. Horrek esan nahi du zama langileen bizkar areagotzen dela, aberatsenen ekarpena arinduz.

PNVk eta PSEk behin eta berriro erakutsi dute Gizarte Politika ez dela bere lehentasuna eta, oraingo honetan, berretsi egin dute. Ez da egia Gizarte Politikako Departamentuak inoiz baino pisu handiagoa duela aurrekontuetan, diputatu nagusiak esan duen bezala. Kudeaketarako aurrekontuaren % 47,48 bideratuko zaio aurten, hau da, 2012an (% 47,56), 2013an (% 48,10), 2014ean (% 48,76%) eta 2015ean (% 48,02) baino gutxiago. Datuek erakusten dute ongizate sistema indarra eta pisu erlatiboa galtzen ari dela Gipuzkoan PNV-PSEren politikei esker. Horrekin batera, azpimarratzekoa da ekonomia sustapenera bideratzen diren inbertsioak izoztuta daudela, % 0,19 besterik ez baitira igotzen.

Beraz, EH Bilduren ustez, PNV-PSEk 2018rako aurkeztutako Aurrekontu Proiektuak ez die herritarren beharrei erantzuten. Bide horretatik, Estatuari ordaintzen diogun Kupoa nabarmen igoz, nekez aurreratu dezakegu erabakitzen eskubidearen garapenean.

 

EH Bilduk Gipuzkoako Garraio Agintaritzari eskatuko dio aurrera pausuak eman ditzala MUGI txartela hobetzeko. Koalizioak beharrezkoa ikusten du 2018rako tarifetan neurri batzuk hartzea garraio publikoaren sarea erakargarriagoa egiteko. Horregatik, hainbat proposamen eramango ditu Agintaritzaren hurrengo bilerara. Hobekuntzen artean, adibidez, doakotasuna eskatzen da 6 urte arteko umeentzat; hilabetean 51 bidai baino gehiago egiten dutenentzat eta ibilgailu-aldaketak egin behar dituzten erabiltzaileentzat. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko txartelen desoreka orekatzea eskatu du EH Bilduk.

Resultado de imagen de jon albizu bildu gipuzkoa

Jon Albizu EH Bilduko batzarkideak aurkeztu zuen Mugi txartela hobertzeko proposamena

Gipuzkoan, 2013an, Garraio Agintaritza osatzen duten administrazio publikoek Mugi txartela sortu zuten, garraio publikoari bultzada emateko helburuarekin. Aurtengo legealdian, baina, Foru Aldundiak ez du aurrera pausorik eman, eta ez du neurririk hartu garraio publikoaren erabilera handitzeko. Izan ere, tarifa laua Foru Gobernuaren programan neurri izar bezala agertu arren, ez dute horri buruz hitzik esan. Eta ez hori bakarrik, Diputazioaren kudeaketa kaxkarraren ondorioz, gaur egun, MUGI txartel anonimoa duten gipuzkoarrek beste lurraldeetako erabiltzaileek baino gehiago ordaindu behar dute Gipuzkoan.

Horregatik, EH Bilduko ordezkariek proposamen bat eramango dute Garraio Agintaritzaren hurrengo bilerara, ondoko proposamenekin:

- Doako ibilgailu-aldaketak: Gaur egun, MUGIko erabiltzaileek, garraiobide merkeenaren tarifaren % 25 ordaintzen dute ibilgailu-aldaketetan. Hori lortzea aurrerapausoa izan zela aitortuta ere, 2018an ibilgailu-aldaketak debaldekoak izatea lortu beharko genuke.

- Doako garraio publikoa, 6 urte bete arte: Euskotrenek, 2017an, erabaki zuen umeek -6 urte baino gutxiagokoek- tarifarik ez ordaintzea; Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren barruan dauden gainerako garraioek (Lurraldebus eta udal autobusek), ordea, ebatzi zuten 5 urte baino gutxiagokoek soilik ez ordaintzea. Horrek ez dauka ez hanka ez bururik. Agintaritzako garraio guztiek baldintza berberak ipintzea lortu behar dugu.

- Azkeneko bidaiaren doakotasuna: Zenbat eta bidaia gehiago egin, orduan eta tarifa merkeagoa ordaintzea da Mugi txartelaren ezaugarrietako bat. Hori horrela, baldin eta bidaiariak, hilean, 51 bidaia egiten baditu, % 90eko hobaria izan dezake. Aldiz, guk %100eko hobaria proposatzen dugu.

- Euskal Autonomia Erkidegoko txartelen arteko desoreka kentzea: Mugi txartel anonimoa erabiltzen duten gipuzkoarrek bizkaitar eta arabarrek baino prezio garestiagoa ordaintzen dute Gipuzkoan autobusa eta trena erabiltzeagatik. Hori ez da onargarria.

 

EH Bilduk proposamen berri bat aurkeztu du Legebiltzarrean, Jaurlaritzak euskal kirol federazioei babes osoa eman diezaien nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko egin beharreko gestioak burutzeko.

Euskal kirol selekzioen ofizialtasunari bultzada eman nahian, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du kirol federazio guztiei babes osoa emateko nazioarteko lehiaketetan parte hartu ahal izateko behar diren gestioak egiteko orduan. Rebeka Ubera legebiltzarkideak gogora ekarri du Jaurlaritzak eskatutako txosten juridiko batek argi utzi zuela 2014an euskal selekzioak ofizialak direla eta nazioarteko txapelketetan parte har dezaketela, baldin eta nazioarteko federazioek (izaera pribatua duten heinean) onartzen badute. Hala, zegozkion tramiteak beteta, Herri Kiroletako Federazioa nazioartean aritzen da egun, eta Euskal Herriko Surf Federazioa ere ofiziala izan zen bere egunean, ondorio guztiekin.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, Legebiltzarrak zein Jaurlaritzak euskal federazioen alboan egon behar dute nazioartean egin beharreko urratsak eraginkorrak izan daitezen. Hori da eskatzen duguna, baina ez da nahikoa; euskal selekzio ofizialen aldeko aldarrikapena herritarren artean ere zabaldu behar da, eta horretarako proposatu dugu Jaurlaritzak gestioak egitea 2018ko uda bukatu aurretik Estaturik gabeko nazioen arteko futbol txapelketa bat antolatzeko. Gizonezkoen futbolak duen ikusgarritasuna baliatu dezakegu euskal selekzioen ofizialtasunaren alde eta, zalantzarik gabe, Eskozia, Gales, Ipar Irlanda edota Katalunia bezalako selekzioekin lehiatzea urrats garrantzitsua litzateke. Hori baino lehen, urtea amaitu aurretik, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldarrikapen festa antolatzea ere eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari.

Futbol Federazioko presidentearen agerraldi eskaera

Halaber, jakinda aurten gizonezkoen futbol selekzioak ez duela gabonetako ohiko partida jokatuko, Rebeka Uberak Euskadiko Federazioko presidentearen agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, bertan azaltzeko zein urrats eman duen nazioartean ofizialki aritzeko. “Euskal selekzioen gaia ez da futbolari eta gizonezkoen futbolari dagokion kontu esklusiboa, baina, egiari zor, agerikoa da gizonezkoen futbolak gizartean duen oihartzuna eta eragina gainerako kirolek baino handiagoa dela; horregatik, garrantzi berezia ematen diogu Futbol Federazioak egiten duen hausnarketari”.

euskal

Ofizialtasunaren aldarria egin zuen futboleko Euskal selekzioak 2007an Venezuelan jokatutako partiduan

 

EH Bilduk lehendakariaren agerraldia eskatu du. Jaurlaritzak eskura dituen baliabide guztiak erabili behar ditu katalanen erabaki demokratikoa, igandean adierazi zutena, errespetatua izan dadin.

EH Bilduk Urkullu lehendakariaren presazko agerraldia eskatuko duela iragarri du gaur, Legebiltzarrean azal dezan zein urratsak emango dituen Kataluniaren erabaki demokratikoa defendatzeko. Maddalen Iriarteren aburuz, “Jaurlaritzak inakziotik akziora pasatu behar du; Espainiak, Europak eta mundu osoak jakin behar dute gatazka honetan Jaurlaritza Kataluniaren alboan dagoela, bere aldarrikapenekin bat eginik, eta ez duela inolako konponbiderik ontzat emango kataluniarren borondate demokratikoa aintzat hartzen eta onartzen ez badu”. Finean, zehaztu du Iriartek, “lehendakariari eskatzen diogu Generalitaten alboan jar dadila, eskura dituen baliabide guztiak erabil ditzala Kataluniako herriak pasa den igandean adierazi zuen borondate demokratikoa errespetarazteko”.

EH Bilduko bozeramailearen iritziz, Lakuako Gobernua katalanen ondoan jarri behar da, zalantza izpirik gabe, Katalunian gertatzen ari denak eragin zuzena duelako Euskal Herrian. “Kataluniaren nazio eskubideak defendatzea Euskal Herriaren nazio eskubideak defendatzea da; ondorioz, Urkullu busti egin behar da, irtenbide baten bila. Bistakoa da txio batean etsipena eta kezka adieraztea ez dela nahikoa, lehendakari bati gehiago eskatu behar zaiola”.

Espainiako erregeak bart egindako agerraldiari dagokionez, Iriartek “Kataluniaren aurkako gerra deklaraziotzat” hartu du, nahiz eta “funtsean erregearen hitzaldiak ez zuen berri handirik ekarri”. Izan ere, “Estatuko botereek betiko leloan –Espainia bakarra, handia eta askea– ainguraturik jarraitzen dute eta Felipe VI.ak berretsi du Estatutik ezin dugula bestelakorik espero, mehatxuak, errepresioa eta gure nazio eskubideen ukapena bakarrik”.

Aurtengoan azaroaren 19an burutuko da Bizilagunak programako ekimenik ezagunena eta bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu.

"Begira ingurura! Herrialde desberdinetako hainbat lagun ikusiko dituzu Villabonako kaleetan barrena … Galdetu al diozu inoiz zure buruari zerk ekarri dituen hona, zer bizipen eta inpresio duten hemengo bizitzari buruz? Edo agian, zu zeu etorkina zara eta ez duzu sekulan bertako inor ezagutu eta lagunik izateko aukerarik izan, edo herrialde honi buruz gehiago jakiteko gogoa duzu" testua zabaldu dute Bizilagunak-eko bultzatzaileek.

Bertako familia eta pertsonak, atzerritik etorritakoekin, bazkari batean biltzen dituen egitasmoa da Bizilagunak. Azaroaren 19an, ordu biak inguru, bazkari bakoitzean, bertako familia bat, familia etorkin bat eta dinamizatzaile bat bilduko dira bi familietako baten etxean.

2012tik Euskal Herrian milaka lagunek parte hartu dute Bizilagunak proiektuan. Aurten zuk ere bizi dezakezu esperientzia hori. Bertakoa edo kanpotik etorritakoa izanik, hemen bizi bazara familia, bikote, pisukide edo lagunekin, eta zure herri edo hiriko jende berria ezagutu nahi baduzu, animatu eta parte hartu!.

Ekimenean parte hartzeko, aurrez eman behar da izena:

This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. Telf: 660792398

Aduna, Alkiza, Amasa Villabona, Zizurkil, Asteasu eta Larraul minbiziaren aurka elkartu dira eta Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearekin bat egin dute aste osoko egitaraua prestatzeko.

CArtel Modificado23Minbizia gizakiaren lehen heriotza kausa da Euskal Herrian. Azken datuen arabera, hildakoen %32 minbiziak jota hiltzen da. Emakumeen kasuan bularrekoa da gehien ematen dena, gizonezkoen kasuan prostatakoa eta biak batuz gero hesteetakoa. Aipatzekoa da azken urteotan biriketako minbiziak gorakada handia egin duelaGizartearen zahartzea eta bizi ohiturak dira egoera honen erantzule nagusiak.

Hori dela eta, 2014an Gipuzkoa herriz herri zeharkatzea erabaki zuen Minbiziaren Aurkako Elkarteak bi helburu nagusirekin: gaixotasun hau jasaten dutenei eta bere familiakoei bakarrik ez daudela adieraztea; eta bestetik gaixotasuna gutxitzeko asmoz, bizi ohitura osasungarriak sustatzea herritarren artean. Elkartearen hirugarren ardatza, ikerketa bultzatzea da. Horregatik, azken urteetan Gipuzkoako elkartetik urtero kalitatezko ikerketa onkologikoa finantzatzeko bekak eskaintzen dira. 

Ikerketa, prebentzioa eta laguntza oinarri direlarik, aurreko urtean Tolosako Udalari testigua hartu ondoren, Aiztondo bailaran prestatu dute Aiztondo martxan minbiziaren aurkako eguna. Maider Sierra, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak aipatu duenez, "herriak girotzeko eta minbizia duten pertsonak eta familiei bakarrik ez daudela adierazteko hainbat ekitaldi antolatu ditugu bi astetan zehar".

Ikastetxeetan minbiziaren prebentzioaren inguruko lana hasi dute Aiztondon eta urriaren 7ra arte, ohitura osasungarriak bultzatzen jardungo dute lehen hezkuntzatik batxilergo bitarteko ikasleekin. Hitzaldiak, ikastaroak eta sukaldaritza saioak izango dira egun hauetan eta urriko lehen larunbat horretan, Aiztondoko herrietatik ibilaldiak abiatuko dira Zizurkilgo Joxe Arregi plazan guztiak elkartzeko. Pedro Mari Otaño ikastetxean 8 urtetik gorakoentzat kirol ekintzak egingo dira. Handik Villabonara joango dira eta kirol jarduerak egingo dira herriko puntu ezberdinetan.

Datorren urtean Minbiziaren aurkako martxan ekimena Zarauzko herriak antolatuko du eta urriaren 7an Villabonako plazan jasoko du testigua. Aiztondoko udal ordezkarien izenean Pili Legarra Asteasuko alkateak hitz egin du: "Garrantzitsua da gure gizarteari hain latz eragiten dion gaixotasun honi aurre egiteko horrelako ekimenak antolatzea eta udaletatik parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak".

IRAILAK 26, ASTEARTEA

18:30. Adunako kultur etxean, Minbizia familian sartzen denean... noiz eskatu laguntza? hitzaldia izango da Lara Franco eta Itxaso Uribieetxeberria psikologoen eskutik. Sarera librea da baina aurrez eman behar da izena 943 65 21 43 telefonoan.

IRAILAK 27, ASTEAZKENA

19:00. Asteasuko udaletxeko areto nagusian. Minbizia, bizitzaren gaixotasuna? hitzaldia emango dute. Sarrera librea da eta izen emateko 943 65 21 43 telefonora hots egin beharko da.

URRIAK 3, ASTEARTEA

19:00-22:00. Amasa-Villabonako Behar Zana elkartean sukaldaritza ikastaroa Javi Rivero sukaldaria eta Maider Sierra psikologoaren parte hartzearekin: Osasuna erosketak egitetik hasten da. 15 euroko prezioa izango du eta ikastaroan erabiliko diren produktuak erosi eta ekintzak sortzen dituen gastuak estaliko dira. Izen emateak 943652143 telefonoan.

URRIAK 4, ASTEAZKENA

18:30. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean. Etxeko txikiekin fruta eta barazkiak jaten tailerra emango da. Guraso eta haurrei zuzendurikoa izango da eta gosari eta merienda dibertigarri eta osasungarriak sortzen lagunduko dute. .

URRIAK 5, OSTEGUNA

18:30. Amasa-Villabonako Berdura plazan. Ondo jan, ondo bizi show cooking ekimena. Izen emateak 943 65 21 43 telefonoan. Tratamendu onkologikoek liseriketa aparatuan sor ditzakete eragozpenak gutxitzeko ideiak emango dituzte.

URRIAK 7, LARUNBATA: MINBIZIAREN KONTRAKO EGUNA ZIZURKIL ETA VILLABONAN

09:30 - 11:00. Zizurkilgo Pedro Mari Otaño ikastetxean 8 urtetik gorakoentzat kirol ekintzak.

09:30. Larraul, Asteasu, Alkiza, Zizurkil gora eta Adunatik ibilaldiak abiatuko dira denak Joxe Arregi plazan batzeko.

11:10. Zizurkilgo plazan harrera egingo zaie martxei, erraldoiak bertan direla. Handik kalejiran joango dira Villabonara.

12:00. Zarauzko herriari testigua pasako zaio, 2018ko martxa antolatu dezan.

12:15. Zumba, spining... ekintzak Villabonako puntu ezberdinetan.


Amasa Villabonako EH Bildutik, nola ez, bat egiten dugu antolatu diren ekimen guztiekin eta gure babes osoa agertu nahi diogu minbiziaren kontrako Gipuzkoako elkarteari eta bertan lanean ari diren gizon eta emakume guztiei. Guztiok dugu lagun, senide edo gertukoren bat gaitz krudel honen ondorioz sufritzen ari dena edo zoritxarrez gaitzak hil duena eta minbiziari aurre egiteko prebentzioan eta ikerketan sakontzea behar beharrezkoa dela pentsatzen dugu.

Beraz, herritar guztiei dei egiten diegu antolatu diren ekintza edo ekimenetan parte har dezaten. 


EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioaren bilera deitu dezala, udalen ekarpenak jaso ahal izateko 2018ko aurrekontuei begira. Diputazioak hilabete honetan aurrekontuaren aurreproiektua Batzar Nagusietan erregistratu behar duen arren, herriek ez dute oraindik diru-laguntzei buruzko asmoen berririk ere izan. EH Bilduk bere kezka adierazi du, are gehiago kontutan izanda udalek jasotzen dituzten diru-laguntzek %60tik gorako murrizketa jaso dutela azken bi urteetan.

Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioak garatu beharreko jardueren artean, 2017ko urtarrilaren 17ko Foru Dekretuan zehazten denez, honako hau dugu: “Herritarren partaidetzaren alorrean Foru Aldundiak onartu nahi dituen eta zehazki udaletarako eta gainerako toki entitateetarako diren diru laguntzen oinarrizko ildoak ezagutzea eta horien berri ematea”. Hau horrela izanik, eta Aldundiak 2018ko aurrekontuak aurkeztear dagoen arren, Espazioan parte hartzen duten udalek, oraindik, ez dute aurrekontuaren berririk izan, ezta zehazki udaletarako eta gainerako toki entitateetarako diren diru laguntzen partidei buruzko asmoen berririk ere. Urteko Foru Araurik garrantzitsuena den aurrekontuen proiektuan, beraz, Aldundiak ez du udalen parte hartzea ahalbideratu, horretarako sortutako markoa ofizialki egon arren.

Gabezia horri gehitu behar diogu Aldundiak ez duela “2018. urteko aurrekontu irekiak” proiektua Erakunde arteko Espaziora eraman; beraz, udalek partaidetza sustatzeko eratutako erakunde honek ezin izan du dinamika parte-hartzaile honetan inongo proposamenik egin.

Hori dela eta, EH Bilduk Espazio orokorra presaz deitzeko eskaera egin dio Foru Aldundiari. Orereta eta Zeraingo udaletako ordezkariek, Espazio exekutiboko kide gisa, eskaera hori erregistratu dute gaur ofizialki Gipuzkoako Diputazioan.

Greba egunak irailaren 25etik 29ra izango dira. LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, enpresak langile bat kaleratu du bajan egoteagatik. Kaleratze hau enpresaren aldetik soilik lehen urrats bat izatea eta horrek bajan egon daitezkeen langileen lanpostuak arriskuan egotea ekar dezakeela uste dute sindikatuek.. 

Irailaren 14an egin zuen LAB eta ELAk osatutako enpresa batzordeak bilera eta bertan erabaki zuten kaleratutako langilea berriz ere hartzeko mobilizazioak egitea.

Enpresa batzordeak dio onartezina dela enpresak nahi bezala eta libreki langileak bidaltzeko aukera izatea. Era berean, borrokatzea garrantzitsua dela diote, bai kaleratze honengatik eta baita lantegiko lanpostuak bermatzeko ere.


EH Bildutik bat egiten dugu aldarrikapen hauekin eta enpresako arduradunei sindikatuen bidez langileek egiten dituzten eskaerak entzun eta kontuan hartzea eskatzen diegu, kaleratutako langilea birkontratatuz eta bajan dauden pertsonen lanpostuak mantenduko dituztela bermatuz. 

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: